Arantzak iradokita, Aramaioko bi elizatetara bisita gaurkoan. Eta oso gustura. Elizatea, eliza baten inguruan dagoen auzoa edo baserri multzoa da. Euskal Herriko udal egituraren oinarrizko unitatea zen eta erabakiak hartzeko herriko elizaren atarian auzokide guztiak biltzetik zetorkion izena. (aramaio.eus)
Kale nagusitik gora, eliza ederraren aurretik pasa gara; eliza nagusia den San Martinen omenezko eraikina. Garaiko moda jarraituz eliza neoklasikoa da. (aramaio.eus). Aurrerago Santa Ana ermita, egun Aramaioko udalarena dena, gotzaitegiaren donazioari esker. Gabon jaien aurretik hasi ziren lanak egiten eta dagoeneko amaituta dago eta itxura berria du ermitak. (goiena.eus)
Uribarrirantz abiatu gara, aldapan gora gustura hartzen da gerizpean joatea. Ikuspegi ederraz gozatuz eta lagunekin solasean, konturatu orduko elizaren parera heldu gara. Inguru ederra, lasaia, etxe dotoreak…
Zer esan Aixolaz? Eguzki begi, eta handik ikusten den paisaiari so, ezin ase! Horko mendi-jira… belardiak, baratzak, lorak, baserriak… Nonbaiten aipatu da Aramaio Suiza txikia dela, ikusgarria etxetik gertu daukagun txokoa! Liluratuta utzi gaitu Aixolak, eta patxada handiagoaz bueltatzeko gogoa ere adierazi da. Beraz, topatuko dugu aitzakia! Eskerrik asko, Arantza, zure auzoa eta jaiotetxea erakusteagatik.
INFORMAZIO OSAGARRIA
https://aramaio.eus/aramaio-ezagutu/garai-historikoak/
https://aramaio.eus/aramaio-ezagutu/elizateak/
https://turismoa.euskadi.eus/eu/top-bidaiak/aramaio-dastatu-ezazu-euskal-suitza/aa30-12378/eu/