Eguen zuri, primerako eguraldia, umorea… eta bagoaz, kuadrillan, Zigarrolako balkoirantz.
Abiatu, eta bidean, jada agertu dira lehen mozorroak, baita lehen algarak ere!
Bidean, ikusmira ederra, gozamena. Tontortxora heldu eta zelako aldaketa! Aisialdirako toki atsegina, liburu bat hartuta, etxeko txikitxoekin, lagunekin… Izango du estimazioa txoko horrek. Masta luzea, baina ikurriña faltan bota dugu; ea belarra etorri aurretik norbaitek jartzen duen. Arbolaren itzala ere eskertuko dugu martxotik aurrera… Gune berri horren lanak oraindik osatu gabe, beraz, inaugurazioaren ostean bueltatu behar.
Eta eszenatoki paregabe horretan mozorroak motxiletatik at. Hori bai mozorro eta umore festa!
Zer bide hartu etxerako bueltan? Etorritakoa baino Aranguren baserriaren ingurura heltzen dena nahiago, horrela, gaurko ibilbidea zirkularra egin dugu. Pinudia, hariztia… ibilbide bariatua, Mojategiko instalazioak ikusteko aukera polita…
Aranguren, eskumara, baserri ederra, eguzki-begi. Goiza polita, hasieran fresko samarra, bukaerarako, aldiz, arropa soberan. Goialdean sortutako lagunarteko berezia gogoratzean, guztiok irribarre zabalaz etxera!