Albiste hau Goienan argitaratu zen 2021-07-09an.
Inaziotar Bidearen lehen etapa eginda agurtu du ikasturtea Sasoibidek; pandemia urtea izan arren, 64 irteera egin dituzte eta 974 herritarrek hartu dute parte horietan. Antolatzaileak «oso pozik» daude, hasierako kezkak uxatuta, izan duten harrerarekin.
Ikasturte hasieran beldur zirela onartu du Margari Gorrotxategik, ekimenaren antolatzaileetako batek. «Ez genekien ze neurri egongo ziren indarrean, zer egiteko aukera izango genuen, eta partaideetako askok esan ziguten ez zutela parte hartuko, beldurragatik. Bestetik, denbora askoan ezin izan gara Arrasatetik irten eta kopuru txikietan antolatu behar izan dugu, neurriak errespetatuz. Beraz, buruhauste handiak eduki ditugu astero bi irteera antolatzeko, baina emaitza ikusita, merezi izan du», gaineratu du.
Esandako moduan, 974 lagun mugitu dituzte ikasturte osoan –872 emakume eta 102 gizonezko–. «Iazko urtearekin alderatuta, kopuru hori hazi egin da». Hasieran, eguenetan bakarrik egiten zituzten irteerak, baina iaz bigarren saio bat gehitu zuten, eguaztenetakoa, «zenbait partaidek» horretarako eskaera egin zielako. «Beraz, eguaztenetan 30 irteera egin ditugu eta eguenetan, 33. Bestalde, lilatoian ere hartu genuen parte, aurten norberak bere herrian eta oinez egiteko aukera eskaintzen zutelako; hala, 64 irteera, guztira», nabarmendu du Gorrotxategik.
Oro har, 55 urtetik gorakoei zuzendutako ekimena da, baina, gehienbat, 69 eta 74 artekoek hartzen dute parte. «Hala ere, 80 urtetik gorako hiru pertsona ditugu, eta 55 urtetik beherako bat ere etorri izan da. Izan ere, prest egonez gero, adina ez da arazoa guretzat».
Irteerak, harremanak, kultura…
Paseoen bitartez, etxetik irten, harreman sozialak handitu eta alde fisikoa lantzea izan zen Sasoibideren helburua, 2018an sortu zutenean, eta gaur egun ere horretan dihardute. «Osakidetzako erizain bat etortzen zaigu elikadura arloko aholku batzuk ematera, TAFYDeko ikasleak ere izan ditugu lagun, arlo fisikoa lantzeko, eta Udaleko Kirol teknikariarekin ere saio bat egin dugu. Halaber, arnasketa, indarra, oreka eta erresistentzia lantzeko ariketak ere egin izan ditugu, baita bastoiak erabiltzen ikasteko saioak ere», dio Gorrotxategik. Horrez gain, kulturalki aberasteko ere balio die partaideei, Arrasateko historia eta kultura ere ezagutzen dutelako. «Arrasate gehiago ezagutaraztea eta Arrasateren balioak aintzat hartzea ere bada helburuetako bat. Alde horretatik, ekimen osatua da gurea, arlo asko lantzen ditugulako».
«Denon ekimena izan behar da»
Datorren ikasturtera begira gogotsu daude, eta «ezinbesteko» ikusten dute irteerak egiten jarraitzea. Dena den, arazo txiki bat dutela aitortu du Gorrotxategik. «Lorea eta biok gara guztia antolatzen dugunak, baina gura dugu ekimena guztiona izatea, ez gurea bakarrik. Beraz, zabaldu egin gura dugu datorren urtera begira. Ikusten dugu ekimenak oso harrera ona daukala, baina ez genuke nahi, inoiz Lorea eta ni falta bagara, bertan behera geratzerik. Bloga ere sortu dugu, irteeren isla izateko, eta badakigu jakin zenbaitetan norberaren irteerak prestatzeko erreferentziatzat hartu izan dela. Beraz, horretan ere jarraitzeko asmoa dugu. Horretarako, jende gehiagoren laguntza beharko genukeen irteeren diseinuan, gidatzean eta bestelako gauzetan ere».
Bestalde, Udalaren babesa jasotzen jarraitzeaz gain, nolabaiteko egitura sortzea nahiko lukete. «Gipuzkoako zenbait herritan egiten den antzera, pasiera horien antolaketan beste elkarte edota erakunde batzuk parte hartzea gura dugu, hala nola, SUDC, Besaide, Arrasateko OSI, ikastetxeak eta abar. Topagune hori Udalaren ‘aterkipean’ izateak beste sendotasun bat emango lioke, egonkortasuna».
Datorren ikasturtean, gehiago
Laster hasiko dira ikasturte berrirako prestatzen eta antolatzen. Izan ere, dagoeneko askotariko irteerak dituzte buruan, oraindik egiteke dituztenak. «Badirudi osasun egoera hobea izango dela datorren ikasturterako, eta gustatuko litzaiguke, Arrasatez gain, inguruko herriak ere hobeto ezagutu ahal izatea: Oñati, Bergara, Aretxabaleta, Eskoriatza, Elorrio, Durango eta abar». Horrez gain, pandemiagatik eten behar izan zituzten hainbat irteera ere egin gura dituzte: Gasteizko katedrala eta inguruak eta Hondarribia, esaterako.
Izena eman beharrik ez
Gorrotxategik nabarmendu duenez, ez da izenik eman behar Sasoibidek antolatutako irteeretan parte hartzeko. «Inongo konpromiso barik parte har daiteke. Lekua eta ordua zein den zabaltzen dugu eta gura duena ager dadila. Normalean, Biteri plazan elkartu ohi gara. Bukaeran, salda bat ere hartzen dugu, elkarrizketak eta harremanak aberasteko, eta hori ere polita da».
Zertarako balio dizu zuri Sasoibidek?
Marije Etxebarria, partaidea: «Izugarrizko aurkikuntza izan da niretzat Sasoibide»
«2018an jakin izan nuen Sasoibideren berri, Goienan irakurrita, baina garai hartan lanean nengoen oraindik. Gero, 2019an erretiroa hartu nuen eta irteeretan parte hartzen hasi nintzen. Oso gustura ibiltzen naiz eta ikasturte hau apur bat arraroa izan den arren, askotariko irteerak egin ahal izan ditugu. Jende asko ezagutzeko eta harreman berriak egiteko aukera eman dit Sasoibidek eta hori oso inportantea da niretzat. Ignaziotar Bidearen etapa asko gustatu zitzaidan eta egun borobila izan zen, ikasturteari bukaera emateko. Oso giro ona daukagu taldean eta bereziki eskertzekoa da Margariren eta Lorearen lan bikaina. Izugarrizko aurkikuntza izan da niretzat Sasoibide. Inongo zalantzarik barik, parte hartzen jarraituko dut eta, ahal dudan heinean, laguntzen».
Loli Balanzategi, partaidea: «Leku berriak eta jende berria ezagutzeko aukera ematen dit»
«2018an, lagun batek esan zidan Sasoibide ekimenaren bitartez irteerak egiteko aukera geneukala, eta dagoeneko hiru urte dira, ia hasieratik ari bainaiz parte hartzen. Pandemia dela eta, bisita gidatuak faltan igarri ditut aurten, baina oso gustura aritu naiz. Ignaziotar Bidearen etapa bat egitea ederra izan da, ikasturtea behar bezala borobiltzeko. Leku berriak ezagutzeko aukera eskaintzeaz gain, jende berria ezagutzeko eta harremanak sendotzeko aukera ere ematen dit ekimenak. Datorren urtera begira, parte hartzen jarraitzeko asmoa daukat. Bestalde, Loreak eta Margarik hamarreko lana egiten dute eta eskerrak eman gura dizkiet egiten duten guztiagatik. Segi dezatela horrela».