2020/2021 ikasturte hasiera: Etxezarretara!

2020-10-15

Sasoibide lagunak ikusteko irrikaz, eguraldi iluna, hotza eta euritsua izan arren, 10:00etan Biterira hurbildu gara.

Biterin, asko poztu gaitu lagunak ikusteak, berriz elkartzeak. Naiara Korkuera ere etorri zaigu; oso ongi ezagutzen du Etxezarreta eta bertan gauzatuko den Udalaren proiektua, beraz, gaurkoan gure gidaria izango da. Musukoaz eta gure arteko distantzia zainduz, Etxezarretarantz abiatu gara. Naiarak, Naturtzaindiako partaidea izanik, proiektuan esku-hartze zuzena izan du, eta bidean zehar, azalpen interesgarriak eskaini dizkigu. Eta guk, eguraldi hobeaz berriz ere bueltatuko garela pentsatuz bukatu dugu.

Etxezarreta izeneko parkea Arrasateko kanpoaldean dago, oinezkoen pasealekuaren ondoan. Arrasate Oñatirekin eta Bergararekin lotzen du, Deba ibaiaren bazterrean, inguruko errekaldeko baso natural bakarrenetakoa da, eta oso preziatua.

2018ko azaroan Arrasateko Udalak, Besaide mendizale elkartearekin eta Naturtzaindiarekin elkarlanean, Etxezarreta eremuko 83 hektarea erosi zituen hango zuhaitz eta landareriaren kontserbaziorako babes eremua hedatzeko asmoarekin, Gipuzkoako harizti zabalena sortuko dela aurreikusiaz. Etxezarreta naturagunea ezagutzeko eguna 2019ko urriaren 13a, eta gaur, urtebetera, berriz ere sasoibide taldea bueltatu da.

Aurreko bisitarekin alderatuta, belarra eta sasiak hazita, ezin lorategian aurrera egin. Ea, udazken koloreaz gozatzeko egunetan murgildu aurretik, eremuan behar duen garbiketa egiten den. Adi-adi zainduko dugu!

Lorategiaren edertasunaz hunkituta, zuhaitz, arbola horien tamainaz, dotoretasunaz, azalaren goxotasunaz, bere babesa sentituz, bake-bakean etxerantz.

Eskerrik asko hurbildu zareten guztioi, eta bereziki Naiarari.

INFORMAZIO OSAGARRIA:

https://ahotsak.eus/arrasate/pasarteak/arr-039-004/

https://ahotsak.eus/arrasate/pasarteak/arr-039-005/

https://ahotsak.eus/arrasate/pasarteak/arr-039-010/

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *