2020-2-26
Gaur, Jone Bergaretxe lagun dugula, Uribarrirantz abiatu gara. Giro fresko eta bustiaz. Uribe baserri parean, larrak estalitako zubia, Aramaio erreka pasatzeko zeuden lauretatik gelditzen den bakarra. Eta zubi hori zutik mantentzearen aldeko ekimenaren berri izan dugu.
Uribarriko eliza 1309koa, eta imajineri ona omen du. Kanpandorrea beranduagokoa da. Gertu dagoen «santutxua» eliza baino lehenago eraikia eta, bertako Itxaropeneko Andra Maria irudi bitxia bezain polita. Ongi zaindutako espazioa, ez dira falta ez lorak ez eta piztutako kandelak ere.
Alecopetik aurrera, Markulete poligonoan, Arrasateko harribitxi bat erakutsi digu Jonek: 1779ko teileriaren (teileixa) aztarna sendoa. Ikusgarria!! Ahozabal utzi gaitu. Kalitate handiko teilak omen ziren bertan eginikoak: material ona eta baita diseinua ere, bere kurbadurak urari bidea errazten ziona. Teilok zigilua zeramaten, eta, horri esker, Arrasateko parrokiako teilatuan egindako berritze lanetan identifikatu dira, baserrietan eta beste teilatu batzuetan ere bai.
Aurrera, Ibarretako Gurutzetaraino. Haien parean, Barrenatxo errota jaustear, egoera negargarrian. Aspaldi, zaindu beharreko ondarea izendatuta egon arren, denboraren haginkada zorrotzetatik libratuko ote da? Barrenatxo garaian garaiko premietara egokitu izan dute, hala nola: 1440an burdinola, Bañez Artazubiagarena. 1740an, han, trinkotutako marmola sortzen zen (Kobate eta Aramaioko materialaz). 1800an, zerrategia. 1900 hasiera aldera, okre pintura ekoizten hasi ziren (Kobateko materialaz). 1925an, pentsu biltegia. Geroztik, kamineru/bidezainen erreminta gordeleku. Errota zeneko bi errotarriak jakineko tokian daude, horrez gain, anteperaren (malatoa) sarrera eta irteerako arkuak bereziak omen, eta eraikinarekin batera, errekuperatzea helburu.
1464an, oinaztarrek Bañez Barrenatxon erahil zuten. Doña Sancha Ozaetakoak, alarguna, haserre bizian, negar egin zuen bere bakardadea eta seme-alaben zurztasunagatik. Mendekua aldarrikatu zuen, eta garaiko ohituren arabera, bere senarraren hileta-elizkizunean ondorengoa abestu zuen:
«Oñetako lur jabill ikara
Lau aragiok beran bezala,
Martín Bañez Ibarretan ill dala…
Artuko dot esku batean gazia
Bestean suzi iraxegia
Erreko dot Aramayo guztia”
Zenbat historia, zenbat datu… zein aberasgarria izan den Jonekin egindako ibilbidea. Arrasateko ondarea baloratzeko ezinbestekoa da ezagutzea, horretarako lagungarria izan da gaurkoa ere. Beraz, gure esker beroenak Joneri.
Santutxu Santutxu
Teileria
Informazio gehigarria:
. https://www.baserrisarea.com/ondare-historikoa/7822/463-ibarreta-baserria.
. http://www.aranzadi.eus/wp-content/files_mf/13896051351201DVTelleixa.pdf
. http://www.aranzadi.eus/wp-content/files_mf/13896048631201DVTejerias.pdf
. BERGARETXE, Jone. Uribarri: Auzo baten historia. Arrasate: Udala, 2007 ISBN 84-933299-2-4