2019 / 2020 ikasturte hasiera: Mojategira eta Aspace ezagutzera!

2019-11-7

Biterin giro ederra, lagun artekoa; aurpegi berriak ere bai, pozgarria guztiontzat. Ongi etorriak, laztan goxoak, aspaldiko…; eta ibiltzeari ekin aurretik, kide batek eskatuta utzi gaituzten Rosi eta Joxerrarentzat, txalo borobil eta hunkigarria. Gugan zaudete.

Mojategi baserritik aurrera, bide ezaguna. Eguzkia keinuka, aterkiak soberan. Ondokoarekin kontu kontari, aldaparik igarri ere ez. Aurrera Aspaceko egoitzara heldu arte. Han, Iñigo, Carmen eta Ana gure zain.

Aspaceren egoitza ederra da eta bi espazio bereiziak ditu. Bata, Eguneko Zentroa non 34 erabiltzailek eta 8 monitorek diharduten; goizari ekiten diote zumezko otarrak egiten, taldeka elkarri lagunduaz. Mantentzeko gimnasia gero; eguerdian bazkariaren inguruan, mahaiak jarri, jaso, atsedena hartu eta 15:00ak inguruan eguneko saio aberatsena, debatea. Gaiak, guztion interesekoak, orain pil-pìlean hauteskundeak, hautagaiak, bozka emateko prozedura… Interes berezia lege aldaketaren ostean, bozkatzeko eskubidea eskuratu baitute.

Bestea, egoitza, hanbizi dira zenbait erabiltzaile. Ardura eta lan banaketa, bakoitzaren gaitasunen araberakoa, beti ere autonomia sustatuz, eta ondorioz, autoestima indartuz. Banakako bizi plana dute eta helburuak honakoak: ongizate emozionala eta fisikoa (dieta…); ongizate materiala (mugikortasuna errazteko… behar diren tresnak); garapen pertsonala, gizartearekin harremanak, partaidetza; ikastea, beren eskubideak ezagutzea, beren desioak… Laburbilduz, normalidadea!

Harrituta, hunkituta eskertu ditugu jasotako azalpenak. Zoriontzekoa da ikusi duguna eta, ekindako bidean lagun izateko sasoibide taldean boluntarioak sortu dira. Bejondeiela!

Eta Arizmendi Ikastolako Sukaldaritzako ikasleek prestatu duten salda goxoa dastatu, eta berriketalditxoa egiteko aukerarekin amaitu dugu. Hor ere, bi lagun egiteko aukera, Jannat (Pakistan) eta Valeria (S. Petesburgo) ikasleak.

Eskerrik asko gurekin izan zareten guztioi!

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *