Umorearen dibanean

Komikia. Gauld. Literatura.

Umore fina du Tom Gauld komikigile eskoziarrak. Oraingoan, bere En la cocina con Kafka bikaina eta gero, La venganza de los bibliotecarios (Penguin Random Houseko Salamandra Graphic, 2022, Carlos Mayorrek itzulia) obra dakart hizpide. Pandemia garaiko tira komikoen bilduma honetan, besteak beste The Guardian egunkariko edota New Yorker aldizkariko kazetari-marrazkilaria da Gauld, literaturaren bueltako aktoreak batu dira: idazleak, editoreak, irakurleak… Erreferentzia freskoz josia, sormen prozesua eta irakurtzearen plazera bikain jasotzen ditu, bueltan-bueltan dagoen postureo barregarriaz trufatzearekin batera.

Txiste bat dakarkizuet ausaz hartua. Imajinatu, zinema estudio erraldoi baten erdian, kromarako tela berde baten parean, bakarda osoan aktorea dago. Urrunetik, zuzendariak, megafonoz ondorengoa diotso: “El estudio no acaba de decidir si quiere una adaptación de Austen o de Tolkien, así que de momento tú pon cara de sorpresa y luego, ya si eso, añadimos o un pretendiente o un árbol encantado”.

Atsegina, tarteka zorrotza, barrea eragiten duena, literatura maite dugunontzako une ederrak opari ditzakeen komiki tira sorta. Marrazkiak eta koloreak ere asko-asko gustatu zaikit, bereziki nola tartekatzen dituen definizio gabeko pertsonen silueta beltzak eta aurpegia nahiz bestelako elementuak definituta dituztenak. Efektu polita sortzen du. Zeharo gomendagarria.