Categories
Sailkatu gabea

Belardia.

Burokrazia. Atmosfera. Ezponda.

Atzo ertzainak izan genituen baserri auzoan, uste bat baieztatuz. XX. mendeko ideologia garailea burokrazia da. Kafkari harridura eragin zion arau-amaraun bera, bere lan bat horrek eragindako durduzadura eta egonezinari eskaini ziolarik: Gaztelua, bera hil ostean 1926an amaigabe argitaratua. Burokraziaren utopia da, nire ustez, arau bera aplikatzea testuinguru guztiz ezberdinetan, 22.000 biztanleko herrian eta 20 biztanleko baserri auzoan. √Ďabarduren etsai, erdibideko pausoen maitale. Konfesio txiki bat, nire kontraesanen baratzean guilty pleasure handienetakoa da Arrasateko burokraziaren tenplu aratzera, BAZera, joatea. Inprimaki lizunkeria da oro berton.

Atzoko gertakizunera bueltatuz, beti da argigarria boterearen bozeramaleekin hitz egitea, afana eta ezaxola adierazten baitute batera esaldi bakoitzean. Polizia ona eta txarra, hori bai betiereko bikotea. Ate joka dugun udaberria ebatsi ziguten argi urdinez baserri atarian egotea gaztigatuz eta komisaldegira itzuli mehatxu doinuan. Zenbat gauza borratu gura dituzten borrekin, horra ofizioa (eta, zoritxarrez, gehiegirentzat afizioa).

Gaur ukiezin zaigun mendira itzuli nahiko nuke zentzumenen lasaigarri, letren leihotik ihes eginda. Eta zer hobe horretarako, Pello Lizarralderen eskutik Larrepetetiten xerkan joatea baino: Abelek ahotik gutxira ikusi du bere hatsaren lurrin zuria gau argitsuan aienatzen. Muinoa jaisten hasi berria da, eta orain ez dago ikusmira eragozten dion zuhaitzik. Beste isurialdean esne urtsuaren tonua ematen dio ilargiak mendi hegal zabalari, margulagoa gailur aldean, biziagoa erdi aldeko harkaitzetan, apartsuagoa erreka zulora hurbildu ahala.

Nahiko nuke niretzat Lizarralderen prosa, hori edertasuna apaingarri alferrekoei uko eginik. Gutxik du natura atmosfera bat hala deskribatzeko ahala, belardi, baso, erreka-zulo bertan egongo bazina lez sentiaraztekoa. Eta ez da amaitzen hor idazle nafartuaren gaitasuna, berea baita (buruz nabil) nire iritziz Elurbustia liburuan euskarazko industria poligono baten deskribapenik nabarmenena. Larrepetit obrak, 2002ko Euskadi Saria lortu zuen berak, kritikaren alabantzak ere eskuratu zituen. Andolin Eguskitzak 2002an Egunkarian ondorengoa zioen liburua goraipatuz:  Kontaera honetan pertsonaien ibilerak baitu munta, harat-honatak, barrutik sentitu beldurra eta pertsonaien arteko elkarrenganako mesfindatza-konfidantza Eta naturaren begiratu zehatza. Eta benetan esan behar dut Lizarraldek aparatu egin duena, itu-ituan jo. Ez dakit hortik segitzeko aukerarik ote duen, baina bidezidor horretatik egin duen sarraldia ederra izan dela esan egin behar da. Zorionak. Harkaitz Canok Correon, ostera, ondorengoa: Une bakoitzeko egoeraz jabetu gaitezen beharrezkoak diren mugimendu, begiraden norabide, usain eta argi tonuak emanak zaizkigu. Protagonisten arnasa sentitzen dugu: aire korronteak, egurrezko zoruaren zarata, ateen azpietako argi-lerroa, belarraren usaina. Guztia dago gure zentzu lokartuak atezuan mantentzen dituen estridentziarik gabeko mihise eder baten zerbitzura.

Itzul gaitezen belardira Lizarralderen eskutik: Goi mendietatik heldu den haizea entzutean berantetsi du Abelek. Bidean atzera egin beharrean, ezponda belartsua igan eta belardira irten da. Lasterbideak egiten dituen azken bihurguneak ikusteko moduan egon da. Gero ezponda ertzeraino jaitsi da, gaztainondo lerro bateraino, eta kokoriko jarri da.

Ez dakigu nor diren Larrepetit eleberriko Abel eta Joxe, morroi gaztea bata, ijito zaharra bestea, baina biak dira iheslari bizimoduz batek daki zergatik. Gure bihotz konfinatuek, nahi dute, haiek arrakasta izatea beraien askatasun xedean guk ametsetan lorratzak segi ditzagun.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude