Elkanoren misterioa

misteRioa. Getaria. Iribar

Ikaragarri goza ohi ditut itsas-giroko narrazioak. Berben koloreak, esaldien musikak eta isipilu-joko diren kontakizunek beti harrapatu naute. Horregatik, akaso, irentsi dut Kepa Iribarren 72 ordu (Erein, 2022) nobela.

Egilearen lehen lana da eta merituzkoa deritzot egin duen ahalegina. Narratzaile gisa izan ditzakeen hutsuneak aise estaltzen baititu Getaria eta itsasoaren ezagutzarekin, istorio bat kontatzeko borondate irmoarekin eta narratzailearen askotariko ikuspuntu jokoarekin.

Euskal jatorriko ikertzaile pribatu Aitor herberehetarra kontratatu du Getariako Udalak Elkanoren eskuizkribu inedito bat zaintzeko Elkanoren lehorreratzearen antzespen-ikuskizunaren testuinguruan. Tartean, aktore ezagun bati eginiko mehatxuek alertan jarriko dute Ertzaintza bera ere.

Niri ez zait askorik interesatu lehorreratzeari buruzko zera guztia, une batzuetan askotxo zela iruditu zait, baina atzera-kontatzeak dakarren tentsioak, narrazio teknika egokiak eta Getariari buruzko detaile sorta interesgarriak harrapatu naute. Amaiera bondtarrak berak ere asetu nau, bai horixe.

Espero dut aurrerago ere edukiko dugula aukera Iribarren lan gehiago irakurtzeko, itsas-zale eta misterio-zale garenon interesgarri.