Kasu irekia

Naparra. Alonso. Memoria.

Jon Alonsok bere izenez kale bat izendatzea merezi du. Ez etorbide arranditsurik, ondo jaten den jatetxez, auzoko tabernaz eta denda txikiz hornitua den kale dotorea. Liburu denda batekin? Jakina. Bere literaturak merezi du. Bere jarrerak merezi du. Naparra kasu irekia, Elkar 2020, ikerketa liburuak merezi du.

Jose Miguel Etxeberria Alvarez “Naparra” gazte iruindarra protagonista den bi krimen kontatzen ditu liburuan Alonsok. Lehena, Naparra militantearen beraren bahiketa eta desagerpena. Bigarrena, berrogei urtean honen familiak bizi izan duen kalbarioa. Oso ondo egiten du idazleak bi krimenak bereizten, batak ez dezan bestea jan. Sortu den mina, oraindik egunero kasua argitzen ez den bitartean sortzen den mina, gutxietsi ez dadin.

Alonsok lau urtez ikertu du kasua. Etxeberria Alvarez eta biak belaunaldikide izanik Iruñea grisean abiatutako haurtzaroa, eskola konpartitua, iraultza gosea, denborak urratutako amets handiak. Orrialde bidean bada denetik: frankismo bukaerako Iruñearen erretratu ederra, belaunaldi oso baten erradiografia zintzo eta era berean amultsua, Naparraren konpromisoaren eboluzioaren analisi zehatza, giro politikoaren deskribapena, Estatuen estolderiaren kiratsa, (in)justiziaren itsukeria, familia baten bakardadea, hemengo erakundeen kamutsa biktima batzuekiko, polizia ororen izaera zakurtia, desagerpena den krimen lazgarri horri buruzko gogoeta eta abar. Hau guztia zintzo, paraje hauetan oso arraroa den honestitatez, bustiz, akats propioei iskin egin gabe. Irakurri paragrafo hau, horrren adibide aparta da:

Zerbaitek pena ematen badit, liburu honen gaia dela-eta, Naparra kasuak ni baino idazle hobea eduki ez izana da. Hau bezalako lurralde batean sartzea puntu kardinalik gabeko oihan sarri batean sartzea bezalakoa da, non bat erraz desorientatzen eta emozionalki ezdeus sentitzen baita aurkitzen duena eta aurkitzen duenaren ondorioak kudeatzeko.

Oso apala da Jon. Dokumentazio lan eskerga egin du. Hamaika elkarrizketa. Lan erraldoia da eta inplikatu den moduan inplikatu gabe ezinezkoa dena. Bihotzez idatzi du eta liburu honengatik jaso duen Tene Mugika saria erabat merezi du.

Niri bi atalak gustatu zaizkit, asko. Ikasi dut trantsizio deritzon epealdi horretan gazte ameslari zirenei buruz gehiago. Komando Autonomoei buruz baita ere. Errefuxiatuen bizitzari buruz zertzelada interesgarriak aurkitu ditut lerro artean. Baina, era berean, hain da handia Etxeberria Alvarez sendiaren duintasuna “oso goian” amaitzen dela liburua. Kemenak eta duintasunak aurre egiten diote injustiziari.

Pasa dira berrogei urte Naparra desagarrerazi zutenetik. Denbora luzeegia da. Liburuan gogorarazten den moduan, ez dadin delitu bat preskribatu komeni da ekimen judiziala hartzea noizean behin eta urratsak eman. Liburu honek gure gizarteari gogorarazten dio lanak ditugula egiteke eta ezin ditugula hainbat min artxibatu, egia, erreparazioa, justizia eta berriro ez errepikatzearen bermea eduki arte.

Jon Alonso kalera itzuli naiz mentalki. UNESCOk dio tentuz jokatzeko izendegitan norbanakoen izenak jartzeko tenorean. Ados, uler dezaket hori. Baina, erakunderen batek ulertzekotan Alonsok liburu honetan egin duen lanaren garrantzia hori Nazio Batuen Erakundea da. Lan hau irakurrita ulertuko duzue zergatik. Izan ere, ez dakit herri honetan memoria iluntasunetik argitara ekartzen lanean diharduten lanaren garrantziaz, erakundeek albo batera utzi duten lana bide batez, jabetu garen.