Indiana Alonso

Saiakera. Literatura. Arkeologia.

1998 urrun hartan Arrasate gori zegoen. Lizarra-Garazi garaietan distentsio uneak bizi izan ziren Euskal Herri osoan zehar baina guk, galiar herrixken maneran, bero-bero genuen udala urte bete lehenago egoniko zentsura mozioa zela eta. Udaletxe hartan bertan, zer den eguneroko bizitzaren indarra, udal gazteria sailak antolatutako ipuin ikastaro labur batean izena eman nuen eta nor izango irakasle eta Alonso. Hark deskubritu zizkidan egile hegoamerikar ugari, tartean Monterroso edota Cortazar, eta baita idazle hasi-berri gisa nituen hainbat beldur kendu ere: laburraren zale izatea ez da txarra.

Ordutik Alonsok idatzitako guztia ez bada gehiena gutxienez irakurri dut eta blog honetan eginiko iruzkin bi ditut lekuko, oker ez banago, Hodei berdeak eta Naparra: kasu irekia liburuei buruzkoak. Gaurkoan baina hirugarren liburu bat dakart, 2001 urteko Juan Zelaia saiakera saria irabazi zuen Agur Darwin eta beste arkeologia batzuk lana (Pamiela, 2001). Zazpi saiakera laburrek osatzen dute obra eta haria egilearen jarrera eta literatura dira, Euskal Herriarekiko duen kezkaz batera. Hasten da ikerketa genetikoek ekar dezaketen errotikako giza aldaketari buruz, Scaciaren obra baten aitzakian patuan senidetuko ditu Nafarroa eta Sizilia, Borgesen ipuin batean oinarrituta arakatuko du munduko hiritarren falazian eta traidoreen patuan, txakolinarekin (ene zenbat euri egin duen hogei urtean) sinbolismoz bustiko ditu orrialdeak eta ondoren hainbat erremedio eta senda-belar errezetatuko dizkigu psikiatraren dibanean eseri aurretik. Pieza solteak izateko testuinguru bati lotuegi, denborak ematen duen perspektibaz are interesgarriago egiten dira.

Hainbat paragrafo besoan tatuatzeko modukoak dira. Nik hau aukeratuko dut nire ezker besorako: Baina nago euskal idazleak askoz gehiago eskertuko lukeela herrarik eta korromiorik gabeko kritika serio pixka bat; sektak eta adiskide-bezeroen taldetxoak ez izatea hainbat erabaki garrantzizkoen guneak; eta, batez ere -batez ere-, euskal gizarteak -uler bedi euskal gizarteko eragile nagusienek- bere baitan argitzea idazlerik nahi ote duen, eta zer nolakoak eta zertarako. Agian horrela jakingo, asmatuko genuke zer eta nola egin behar dugun (127 or.)

Vazquez Montalbanen saiakera baten pistan jarri nau ere liburuak, erosi dudana eta aurki irenstea espero dudana duen itxura ederragatik. Eskerrik asko Jon, ez baita kritika serioa izango nirea, baina bai izan nintzen eta naizen idazle horren eskertza eta aitortza zintzoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude