Pedro Páramo Lizarrerrian

Antoñana. Karlismoa. Lurra.

Ez da goxoa jateko, lur zaporea du. Hala kontatu zidan behin azkonarra probatu duen batek haren haragiari buruz galdetu nionean. Guri momentuz jatea otu ez zaizkigun proteinak dira azkonarrarenak, baina nork daki biharko egunean zer jatea otuko zaigun ahuakateak egun duen urre prezioa diamantezko bilakatzen duenean.

Pedro Páramo aipatu dut izenburuan eta badu azalpena. Juan Rulforen nobela bikain-bikain-bikain horren oihartzuna aurkitu dudalako gutxien espero nuenean, ezjakintasunagatik gehiago ebidenteagatik baino, gero jakin dudan bezala, Pablo Antoñanaren liburu batean.

Aipatu dut blog honetan Pablo Antoñana idazle handia eta merezia du bigarren obra baten iruzkina. Izan ere, Retrato cruento (Pamiela 1996, nahiz eta obrak 1977 nobela motz Navarra saria irabazi) liburu bikaina da. Bertan kontatzen du 1876ko Bigarren Gerra Karlistatik 1936 altxamendu faxistara (Hirugarren Gerra Karlista Euskal Herriko eremu batzuetan) doan haria, bortxaz eta krudeltasunez betea. Etxe baten gainbehera da, mendeku eta Kristori eskainitako odol artean bertako jabeak galduta daudenak hara eta hona. Gobernuko tropen biolentzia, emakumeen aurkako jazarpena, nagusi eta morroien arteko harremana. Morroiak etxekoak dira. Etxea da haria, eta indarkeria, kapituluz kapitulu egiten diren denbora jauzietan mantentzen den zera bakarra.

Begiradan, narrazio herrikoi ilunean, nabaritu diot nik Rulforen lur zaporea. Azkonar lerroak dira hauek, XX. mende zeritzon erauntsi industrialak ezabatu aurreko munduaren aztarnak. Nabari zaie hori nafarroako ager vasconumeko idazleei, kolore nabar eta horiztatan mugitu izan direnei estilo lehor, zuzen eta zakarra. Kontuz, ez bainabil itsusia denik esaten, badaezpada ere.

Bestalde, mendeku eta mendeku artean gako gehiago ematen du liburu honek erreketeen ibilerak ulertzeko batxilergoko testuliburuek baino. Errepublika zer izan zen eta norentzat. Apaizen pisua. Tropen moral falta. Karlismoaren garaipena eta era berean amaiera. Tramak ere badu tentsioa: Godot itxurako Sanchez kapitainaren zain diren gizonak, odol usaina, gerra baten erditzea.

Bukaera gisa, Pedró Paramo bezala liburuko familia protagonistako kide diren Arrizibitatarrak espektroak dira egungo begietan. Baina izan ziren eta badiraute, Landa herrien hustutzearen kausa ere badira jauntxoak eta jauntxokeriak. Nafarroako herri txikietan abandonatutako etxe askoren hormatako zipriztinak dira, odolez batetako kalizekin topa egin osteko arrastoak. Gure historia da, hortik gatoz. Azkonarrak gauez aditu dituenak badaki ze izugarria den haien oihua, haur jaioberrien lanturuak dirudite iluntasunean. Auskalo zer ikusi duten animaliok horren oihu doilorrarekin eztarria urratzeko.

Indiana Alonso

Saiakera. Literatura. Arkeologia.

1998 urrun hartan Arrasate gori zegoen. Lizarra-Garazi garaietan distentsio uneak bizi izan ziren Euskal Herri osoan zehar baina guk, galiar herrixken maneran, bero-bero genuen udala urte bete lehenago egoniko zentsura mozioa zela eta. Udaletxe hartan bertan, zer den eguneroko bizitzaren indarra, udal gazteria sailak antolatutako ipuin ikastaro labur batean izena eman nuen eta nor izango irakasle eta Alonso. Hark deskubritu zizkidan egile hegoamerikar ugari, tartean Monterroso edota Cortazar, eta baita idazle hasi-berri gisa nituen hainbat beldur kendu ere: laburraren zale izatea ez da txarra.

Ordutik Alonsok idatzitako guztia ez bada gehiena gutxienez irakurri dut eta blog honetan eginiko iruzkin bi ditut lekuko, oker ez banago, Hodei berdeak eta Naparra: kasu irekia liburuei buruzkoak. Gaurkoan baina hirugarren liburu bat dakart, 2001 urteko Juan Zelaia saiakera saria irabazi zuen Agur Darwin eta beste arkeologia batzuk lana (Pamiela, 2001). Zazpi saiakera laburrek osatzen dute obra eta haria egilearen jarrera eta literatura dira, Euskal Herriarekiko duen kezkaz batera. Hasten da ikerketa genetikoek ekar dezaketen errotikako giza aldaketari buruz, Scaciaren obra baten aitzakian patuan senidetuko ditu Nafarroa eta Sizilia, Borgesen ipuin batean oinarrituta arakatuko du munduko hiritarren falazian eta traidoreen patuan, txakolinarekin (ene zenbat euri egin duen hogei urtean) sinbolismoz bustiko ditu orrialdeak eta ondoren hainbat erremedio eta senda-belar errezetatuko dizkigu psikiatraren dibanean eseri aurretik. Pieza solteak izateko testuinguru bati lotuegi, denborak ematen duen perspektibaz are interesgarriago egiten dira.

Hainbat paragrafo besoan tatuatzeko modukoak dira. Nik hau aukeratuko dut nire ezker besorako: Baina nago euskal idazleak askoz gehiago eskertuko lukeela herrarik eta korromiorik gabeko kritika serio pixka bat; sektak eta adiskide-bezeroen taldetxoak ez izatea hainbat erabaki garrantzizkoen guneak; eta, batez ere -batez ere-, euskal gizarteak -uler bedi euskal gizarteko eragile nagusienek- bere baitan argitzea idazlerik nahi ote duen, eta zer nolakoak eta zertarako. Agian horrela jakingo, asmatuko genuke zer eta nola egin behar dugun (127 or.)

Vazquez Montalbanen saiakera baten pistan jarri nau ere liburuak, erosi dudana eta aurki irenstea espero dudana duen itxura ederragatik. Eskerrik asko Jon, ez baita kritika serioa izango nirea, baina bai izan nintzen eta naizen idazle horren eskertza eta aitortza zintzoa.

Andrezaharraren xerra

London. Esteban. Irakurle taldeak.

(2021eko azaroaren 5ean, Guy Fawksen egunean, Puntuan argitaratutako testua)

Oinatz Bengoetxeari buruzko albisteren bat entzuten badut irratian, penatu egiten naiz. Ez dut inoiz eduki pilotari gogokoenen artean, estimuan bai, baina pentsatze hutsa hemeretzigarren hau bere azken denboraldia izan litekeela profesionaletan etsigarria zait. Bat bere belaunaldiko kirolariak bezain zaharra baita, eta, akaso, bakarrik akaso, tristurak izan dezake zerikusia Jack London idazlearen Xerra baten truke ipuin ederraz akordatzearekin. Bertan, Tom King boxeolariaren azken lehia kontatzen da, eta gizonen zahartzaroari buruzko narrazio bikainenetakoa iruditzen zait, Hemingwayren Agurea eta itsasoa baino ilun eta gordinagoa.

Gizonen zahartzaroa diot orain arte, ez bada gaitzespenerako, ez kasualitatez ikusezin bilakatu baita literaturan andreen udazkena. Euskaldunok, gutxienez, Mari Luz Estebanen Andrezaharraren manifestua irakurtzeko zortea badugu, 2019koa. Bertan, Estebanek hiru zatitan banatutako liburuaren lehenengo atalean kontatzen du zer zen beretzat haurtzaroan emakume zaharra izatea; bigarrenean, nola zeharkatzen duen adinak gorputza; eta hirugarrenean, zahartze on baterako manifestua jaulkitzen du, feminismoz blaitua eta lerroz lerro aberatsa. Izenburutik bertatik neskazahar berba itsusiari buelta eman eta makina bat emakumeri ispilua eta adorea eman die manifestuak.

Azken hau ez diot alferrik. Aretxabaletako irakurle taldean aztertu genuen liburua urrian. Niretzako esperientzia bikaina izan zen hainbat emakumeren iritzia entzutea liburuari buruz, zahartzeari buruz, genituen eta ditugun erreferentziei buruz. Etxera joan eta berriro hartu nuen liburua, xerrari zaporerik ez hartzearen errua haragiak ez, batzuetan ahoak berak duelako. Begiradak, hobeto esanda, du zerikusia hemen. Nirea ez nuen aski landua, bistan da. Horregatik da ederra irakurketa bera beste lagun batzuekin konpartitzea; gidari on bat edukitzea, guk badugu, eta kideei entzutea. Oso gauza sinplea da inbentoa: borobila, hitza, errespetua, begirunea. Zahartzeko baino ontzeko modu bat.

Nafarroa bazkalondoan

Historia. Folklorea. Bidador.

Euskal bazkalondo ezagunena Joxe Austin Arrietarena bada ere, eguardiz sabela bete osteko abeste kontuetan ezin uka euskaldunon artean Nafarroa gaitzat duten abestiek duten sona. Leteren Nafarroa Arragoa, Valenciaren Navarra tiene cadenas, Berri Txarraken Maravillas edo Kojon Prietoren bilbainada patxaranaren lagunik onenak dira.

Bada bazkalostean abestu nahi ez duenik, aieru txarreko jendea hamarretik bederatzi, eta horientzat da Nabarrikadas. Historia y folclore de Navarra (Pamiela, 2020) liburua. Izan ere, anekdota mihi puntan nahi duenarentzat elkarrizketaz jabetzeko, harrobi agortezina da Joxemiel Bidadorri eginiko hilosteko omenaldi ere baden lan hau.

Bi zatitan bananatutako liburua da. Batetik berrogeita hamar artikulu inguru daude, duela hamarkada bi Noticias de Navarra egunkarian idatzitakoak, eta bertan Nafar historiaren hainbat pasarte kontatzen dira. Bestetik, folklorearekin lotutako beste hainbat bitxikeria, niretzat lehenengo artikuluak bezain finak ez direnak. Giputz honentzat, dena den, oso interesgarriak dira Erriberako jeltzaleen pasarteak, Ollo bailarako fazerien kontuak, nire kutunenak, eta beste hamaika idazle-apat-mediku-militar kontu.

Pertsonalki nahiago dut Bidadorren euskarazko prosa landua Klasiko bitxi, arrunt klasiko obran ageri dena, non baita jasotzen diren bere gogoeta zorrotzak. Badu jakina horrelakorik obra honek, Diario de Navarra y el euskara artikulua marku batean jartzeko modukoa da, baina beste artikulu askotan dibulgazio lan hutsa da. Hori ezin baitzaio ukatu Bidadorri, paper eta agiri zaharretan murgiltzeko zaletasuna handik guri pieza ederrak ekartzeko.

Pena ez dituztela edizioan artikulu originalen errata txiki batzuk konpondu. Baina, horrek ez du halaber emaitza iluntzen. Asisko Urmenetaren marrazki politez lagunduta ageri dira testuetarik asko eta horrek ere laguntzen du gozamenean. Irakurle, bazkalondoan abestea gustatu edo ez, ez duzu damurik hartuko liburu hau esku artean edukita.

Ugarte izeneko herri batean

Atxaga. Bost hamarkada. Zirkulua.

Bernardo Atxagaren Etxeak eta hilobiak, Pamiela 2019, lanak herri baten azken bost hamarkadak kontatzen ditu. Hobe esanda, herri batean bizi den pertsona multzo baten azken bost hamarkadak. Izan ere, lehen istorioan ezik, apenas gertatzen den Ugarten kokatuta kontakizuneko pasarterik. Hori izan liteke akaso landa girotik hirira joan diren askoren ezaugarri bereizgarrietako bat, ez naiz ausartzen idazlearena denik baina ez litzateke arraroa hala balitz, presente dela jaioterria bertan egon ez arren.

Nobelaren egiturak Holteko trilogia gogorazi dit, herri baten garapena kontatzea elkarrekin harremanduta dauden pertsonaia ezberdinak dantzan jarriz. Horrela kapituluek kronologikoki aurrera egin ahala pertsonaia batzuen garapenaren berri dugu eta, zeharka bada ere, protagonista izan diren beste pertsonaiei buruzko galderaren bat edo beste ebaztearen kontsolamendua lortu. Pabeko kolegio esklusiboa, Valdesalce, El Pardo, Baiona, izenik ez duen euskal hiriburua edota Austin Texas dira liburuko trama garatzen den antzokietako batzuk. Uste dut idazlearen lorpen handia dela espazio hauen deskribapen ona, bereziki nabarmenduko nituzkeelarik Valdesalce eta Baiona deskribapenean. Ikaragarri ona da Gaztelako artzain giroaren deskribapena, gurera etorritako hamaika gizon emakumeren haurtzaroa eta euskaraz horrenbeste kontatu ez dena Andaluzia edo Extremadurako pasarteekin alderatuz.

Ipuin moduan funtzionatuko lukete pasarteek ere, bereziki Antoinen atalak, Atxaga artista da mendekugintzan eta ekidinezina egin zait Pitzadura bat elur izoztuan ipuinaz oroitzea eta From fat to fitek. Azken honi zentzua aurkitu arren, turbokapitalismo amerikarrak gugan utzi duen arrasto kultural sakona eta gure psikean duen eragina, apur bat arraroa egin zait istorioan. Izan ere, telebistako pasarte bat honela sartzea bitxia zait liburuaren amaiera aldera aurretik beste eragin batzuk, demagun espainiar nazionalismoaren adibideak sar litezkeela hor, ekidin direnean.

Gai mamitsu asko aletzen dira. Eliza giroko abusuak eta homosexualitatearen errepresioa, laguntasuna, tragedia, mendekua, aktibismo politikoa, eritasuna, herri txiki batetako inbidiak eta era berean dagoen fraternitatea, sustraiekiko ihesa, tortura, maitasuna… Pertsonaia gogoangarriak ere badira batzuk, Eliseo, Celso eta Garazi kasu. Bakoitzak bere ukitua du, lehenak obsesioa, bigarrenak sinpatia zelta eta hirugarrenak gaztaroaren klaribidentzia.

Bestalde, idazkera elegantea du, idazleak duen ofizioaren adierazgarri. Akaso naturaltzat jotzen dugu hori eta ez da behar beste apreziatzen. Erraz irtetzen zaiola dirudi landuaren landuaz eta erraz irteten dela dirudienak eskas ohi du errekonizemendua.

Bukatzeko eta mamira itzuliz, azken orrialdean, protagonista den bikietako batek ihes egiten dio bere iraganari. Ihes egiten dio oro har herriari eta ihes bere militantzia politikoari. Herrixkara iritsi eta, plazan sartu orduko, hitz-ardaila eta algarak sentitu zituen, festa-ospakizun batean zegoen jendearen hotsa. Jatetxeko errotulu gorria piztuta zegoen. Bat-bagean jabetu zen: irailaren 23a zen, cena de excombatientes. Berarekin kartzelan egondako jendeea zegoen jatetxean. Aurreneko joera hurbiltzekoa izan zen, eta pausu batzuk ere eman zituen harantz; baina atzera egin eta korrika segitu zuen etxea aldera.

Ez dakit egileak zergatik iherarazi duen pertsonaia. Akaso ez dagoelako iraganeko borrokatan zer ospaturik. Edo lizuna zaiolako egun festa egitea horri buruz. Baina korri eginarazten dio Luisi afariaren kontrako norantzan. Luis, gajoa, bere herrira itzuli ezin eta hiritik arnasa hartzeko herrixkara korrika joan behar den gizona.