Carvalho Euskadin

Vazquez Montalban. Alonso. Maitasuna.

Polita izan da Jon Alonsoren Euskal Karma (Susa, 2003) eta Carvalho Euskadin (Susa, 2023) nobelak denbora tarte laburrean irakurri ahal izatea. Izan ere, iruditzen zait, Alonsok egile katalanari dion aprezioa nolabait borobiltzen duela azken lan honek -aprezioa diot ez delako debozioa, Euskal Karma irakurrita ondo uler litekeen moduan-, zeina jada ageri den kexu tartean ezkutaturik 2003ko liburuan.

Pepe Carvalho eta Enekoitz Ramirez, bi detektibe ikoniko ogitarteko formako trama duen nobela batean, bi hari osagarri eta bi garai politiko: milurte hasiera eta ETAren ondoreneko Euskal Herria. Kanpo begirada gure herriarengan eta herriaren erraiak ezagutzen dituen Lambas. Finean omenaldi bat da maitasunez betea genero beltzari, pertsonaia borobilak dituena -Sanchez Godin eta Guadalupe Agirre dira nire gustukoenak, Uriarte gutxietsi gabe-, eta gizarteari eginiko erradiografia zehatz eta zorrotzak.

Asko gozatu dut irakurketa eta, gainera, egilearen esfortzua goraipatu nahi dut: ahalegintzen baita Montalbanen estiloa garatzen eta, aldi berean, trama literario handiago baten parte bihurtu ahal izan du ahalegin hori. Chapeau.

Bukatzeko, kontu bitxi bi. Batetik, deigarria da 2023ko bi nafar egileren lanetan -Carvalho Euskadin eta Ura ez baita beti gardena- zein garrantzia eduki duen Uxue Barkosen Aldaketaren Gobernuko gertakizunak, tramaren elementu garrantzitsu baitira. Bestetik, adjektibo berri bat gehitu dut nire katalogora eta hori Alonsori zor diot: hanseatiko. Hemendik aurrera prestatu begirada hanseatikoa zuen bezalako esaldiak irakurtzeko.

Beltzaren zale zaretenok gozatuko duzue irakurketa.

Euskal karma

Alonso. Literatura. Olgetan-benetan.

Ez dakit Jon Alonsoren Euskal karma (Susa, 2001) obra ulertu dudan edo, kontrara, ondoegi dakidan autoreak zer nahi zuen. Ez dakit haririk ote duen edota kontestaziorik ez duen hitzen Ebro ibaia den, bere isuri indartsuan denaren jabe egiten dena. Bat nator Igor Estankonak hemen esan zuenarekin. Gure letretan ohikoa ez den uholdea da lan hau eta, uholdeen antzera, erabatekoa da eta ordena agerikorik gabea.

Irakurketa bakoitzean txoko ezkutu bat agerian uzten dizun idazlana da eta uste dut beste noizbait berriro ere esku artean edukiko dudala.

Kanon literarioa, frantziskotarrak, idaztearen ezintasuna, itzultzailearen ajeak, Carvalhorekiko -Vazquez Montalbanekiko- kontu kitatzeak… Alonsoren obran zehar parte garrantzitsu diren elementuak ageri dira hemen dilindan ezizezko protagonista izenen eta trama kiribilduen arbola adar artean.

Eta, denaren gainetik, ziurtasun bat: ez dago gure letratan Jon Alonsok bezain trebe iraintzen duenik eta paragrafo hau dakart froga gisa:

Ugatzak esplikatu zion ezer ez nekien xelebrea nintzela, arlotea, hankabiko afrus eta mozoloa, funtsean fraideek, eurogero ibili ohi nintzela profitaturik, pergutadan sarturiko zozoa, mokoroa frekuenteki bildu zale, makarra, golos, putaner eta ardankoia, adimenez urri eta bizioz luze, ahul, mengel, mendrea eta, finean, ezertarako arriskurik sortzen ez zuen zomorroidea.

Delikatesen hutsa.

Gaztelu baltza

Amaiur. Alonso. Hilbeltza.

Amayur gaztelu baltz ori

—berreun gudari oro sumin—

zaintzen zattuben zaldun onak

Naparra-aldez egin dabe zin

Pettiren ahotsean irakurtzen dut Lauaxetaren olerkia. Eta behin, duela dezente, sasi-arkeologo -alegia, erdipurdiko belartxar kentzaile- izan nintzen gazteluko indusketatan. Horra Amaiurko gazteluarekin eduki dudan hartu-emana. Badut orain beste helduleku bat, kasu honetan, zelulosa pastaz eginikoa, gaztelua baino gehiago hari buruzko kondaira (eta historia) protagonista duen liburua.

Sasoiko dator Jon Alonso 2022ko udazken-negu honetan, Baztanek bizi duen oparotasun sortzaileari gorazarre eginaz. Batetik Amaiurreko gazteluko gudutik milurte erdia pasa deneko ekimen sorta dela eta bestetik Hilbeltzako iturri odoltsu nekaezina, hauen abaroan dakar Alonsok Amaiur bat urtero (Hilbeltza, 2022) nobela beltz, fresko eta zirikatzailea.

Film handi bat ari dira grabatzen, euskal kultura miserableak artean ezagutu gabeko superprodukzioa, eta ustekabeko heriotza batek astindu ditu bai filmeko partaideak bai Baztango herritarrak. Narratzaile gisa pertsonaiak txandakatuz, bakoitzari dagokion ahotsa, hizkera eta erregistroa maisuki definituz -harrigarria da Alonsok duen hizkuntzaren domeinua- dinbi eta danba astintzen ditu gure lur triste honen leihatilak amaraun denak kendu arte. Baskoniako historia bat? Dinbi. Nafarkeria pedantea? Danba. Patria telesaila? Dinbi. Ustelkeria disimulatzeko mezenasgoa? Danba. Polizia torturatzaile birziklatuak? Dinbi. Eta horrela irakurtaldia arina, gozagarria eta gogoangarria egin arte.

Blog hau inoiz irakurri baduzue badakizue Alonso zalea naizena. Baina ez nuen espero hain ondo pasako nuekin irakurtzen. Bejondeiela berari eta berau argitaratu duten Hilbeltzakoei, besteak beste Gorka Arrese bera ere berreskuratu baitute lehen irakurle gisa.

Indiana Alonso

Saiakera. Literatura. Arkeologia.

1998 urrun hartan Arrasate gori zegoen. Lizarra-Garazi garaietan distentsio uneak bizi izan ziren Euskal Herri osoan zehar baina guk, galiar herrixken maneran, bero-bero genuen udala urte bete lehenago egoniko zentsura mozioa zela eta. Udaletxe hartan bertan, zer den eguneroko bizitzaren indarra, udal gazteria sailak antolatutako ipuin ikastaro labur batean izena eman nuen eta nor izango irakasle eta Alonso. Hark deskubritu zizkidan egile hegoamerikar ugari, tartean Monterroso edota Cortazar, eta baita idazle hasi-berri gisa nituen hainbat beldur kendu ere: laburraren zale izatea ez da txarra.

Ordutik Alonsok idatzitako guztia ez bada gehiena gutxienez irakurri dut eta blog honetan eginiko iruzkin bi ditut lekuko, oker ez banago, Hodei berdeak eta Naparra: kasu irekia liburuei buruzkoak. Gaurkoan baina hirugarren liburu bat dakart, 2001 urteko Juan Zelaia saiakera saria irabazi zuen Agur Darwin eta beste arkeologia batzuk lana (Pamiela, 2001). Zazpi saiakera laburrek osatzen dute obra eta haria egilearen jarrera eta literatura dira, Euskal Herriarekiko duen kezkaz batera. Hasten da ikerketa genetikoek ekar dezaketen errotikako giza aldaketari buruz, Scaciaren obra baten aitzakian patuan senidetuko ditu Nafarroa eta Sizilia, Borgesen ipuin batean oinarrituta arakatuko du munduko hiritarren falazian eta traidoreen patuan, txakolinarekin (ene zenbat euri egin duen hogei urtean) sinbolismoz bustiko ditu orrialdeak eta ondoren hainbat erremedio eta senda-belar errezetatuko dizkigu psikiatraren dibanean eseri aurretik. Pieza solteak izateko testuinguru bati lotuegi, denborak ematen duen perspektibaz are interesgarriago egiten dira.

Hainbat paragrafo besoan tatuatzeko modukoak dira. Nik hau aukeratuko dut nire ezker besorako: Baina nago euskal idazleak askoz gehiago eskertuko lukeela herrarik eta korromiorik gabeko kritika serio pixka bat; sektak eta adiskide-bezeroen taldetxoak ez izatea hainbat erabaki garrantzizkoen guneak; eta, batez ere -batez ere-, euskal gizarteak -uler bedi euskal gizarteko eragile nagusienek- bere baitan argitzea idazlerik nahi ote duen, eta zer nolakoak eta zertarako. Agian horrela jakingo, asmatuko genuke zer eta nola egin behar dugun (127 or.)

Vazquez Montalbanen saiakera baten pistan jarri nau ere liburuak, erosi dudana eta aurki irenstea espero dudana duen itxura ederragatik. Eskerrik asko Jon, ez baita kritika serioa izango nirea, baina bai izan nintzen eta naizen idazle horren eskertza eta aitortza zintzoa.

Itxaropen kolorea

Antifrankistak. Nafarroa. Alonso

Jon Alonsoren Hodei berdeak (Susa, 2003) nobela (?) hau Naparra: kasu irekia irakurri ostean hartu izanak hobeto laguntzen dit ulertzen Alonsoren gaitasun handien katalogoa. Blog honetan bertan lore ugari eskaini izan dizkiot egileari eta ez dut uste beraz hortan gehiegi sakondu beharra dagoenik, baina obra honetan bere narratzaile eta ikertzaile bertuteak erakusten ditu.

Has gaitezen liburuaren egituratik, izan ere, ez da ohikoa euskal literaturan halakorik. Joseba Jaka bekaren magalean idatzi zituen lerrook Alonsok eta bi ahotsetan kontaturiko istorio honetan narratzaile bat beka baten aitzakian nobela ari da idazten eta bestea, bere lehengusua dena, ikerketa historikoa. Bi ahotsak txirikordatzen dira eta honela muga lausoa ezartzen du Alonsok fikzioa eta historiaren artean, pertsonaia errealak eta asmaturikoak nahastuz besteak beste.

Narratzaile fina da idazle iruindarra. Har dezagun 279. orrialdeko paragrafo hau adibide gisa: Ia inor ez dabil kalean. Goiz da, eta euriaren promesa ez da ibiltariak animatzeko akuilurik onena. Hodei berunkarek kontzientzia txar batek adina pisatzen dute. Sabelean dauzkan tximeletek barrenak gardosten dizkion su dantza itxurako bat hasi dute, orain, hitz egingo balu, hodeiek iragartzen duten trumoiaren orroa bezala izango zen, ez halabeharrez ozena, baina bai askatzailea; zainak atezutik askatuko zituzten berbak izango ziren, itomena arinduko zioten ukendua. Hau formari buruzko adibidea da baina edukian ere ez da besamotza Alonso, urrutira joan gabe, aparta egin baitzait Irurtzungo Bi Aizpe arrokatan ezarritako ikurrina ezarpen klandestinoaren kontakizuna. Inguruabar tekniko konplexuak bikain eta sinesgarri narratzen ditu. Edota, beste itsaso baten ertzean, Uruguaien Hego Konoko diktadura odoltsuen bezperatan lanean ari diren CIAko agenteen ibilerak.

Historialari gisa ere badu bere mamia egileak. EAJren borroka antifrankistaren narrazioa egiten du gerraondotik hasita, mosaikoa osatuz Iruñeko irabazle nahiz galtzaileen bizitzen zipriztinekin. Ondoren Beroiz familia ardatz hartuta 1962ko Municheko “kontubernioa”, alderdiko erbesteratu zahar-ekintzaile gazteen arteko konponezinak, bonbak jartzea, hautu gisa zilegi jo zuen EGI hura, Eusko Bazterraren praxia, Artajo eta Asurmendiren heriotza, OPUSen sorrera, Urmeneta eta euskaltzaletasuna, CIA edo CESIDen infiltrazio susmoak erresistentzia antifrankistan… Hainbat hipotesi uzten ditu lerro artean Alonsok, ulertu nahi duenak uler dezan.

Zeharo gomendagarria gure herriaren iragan hurbila Iruñetik ulertzeko, egileak gure historiari buruz uzten dizkigun hausnarketa interesgarriez pentsatzeko (Euskal Herria tablero handiago baten pieza besterik ez da) eta irakurriz gozatzeko.

United colors of Black

Alonso. Nobel beltza. Saiakera.

Batzuetan liburu egokia iristen zaizu une aproposean. Orduan, mendeak eta segundua gurutzatzen diren unean, dena borobiltzen da. Zure susmo batzuk betetzen dira, oker batzuk agerian geratu eta mundua ikus dezakezu betaurreko aproposekin. Halako zerbait pasatu zait niri Jon Alonsoren Beltzaren koloreak (Susa, 2016) liburuarekin.

Zergatik ez dudan lehenago bere berri izan? Batek daki, itsasoa goldatzen arituko nintzen akaso. Kontua da irakurri dudala eta benetan gozatu dut bertan esaten direnekin. Izan ere, modu sinple baina eraginkorrean, gaiaz irakurri eta pentsatu duenaren autoritatez baina akademizismotan erori gabe, nobela beltzaren disertazio bikaina egiten du Alonsok. Hasiera batean 2015eko Hilbeltza ziklorako hitzaldi zena ondoren osatutakoa da liburua, egileak berak orriotan aitortzen duenaren arabera. Bertan, generoaren sorreratik abiatuta, Hammett, Chandler, McCoy eta enparauek osatutako lehen belaunalditik, ondorengo Highsmith edo Lew Archerreraino. Lantzen du ere generoak europartzeko izan dituen arazoak eta nola ikusi den literatura genero honetan gizartearen bilakaera poliziarekiko pertzepzioan. Horri esker dakit, besteak beste, Hondar Ahoak sariduna polizia sozialdemokrataren genero beltz aroan kokatzen dela eta deskribatzen du zergatik egiten zaigun zenbaitzuri sinesgaitz Ertzainek gazte eta sindikalistak jipoitzen dituzten egunotan polizia dezente bat dagoena sinestea. Barrenak behar baitira gero horrelako polizia baten parte izanda zuzenbidezko estatuaren alde zaudena esateko. Ojo, eta ez nabil esaten ondo egina ez dagoenik telesaila. Badaezpada ere.

Liburua motza eta irakurtzeko atsegina da, pasarteka antolatua eta zuzeneko zita eta erreferentzia ugareriduna bai nobeletatik bai elkarrizketetatik hartuak. Literaturari buruzko komentario bikainak ere uzten ditu ogi apurren antzera, maitemindu nauen hau modukoak (75 or):

Kritikari batzuek, ordea, sinesgarritasun ezaren zigorra inarrosten dute oraindik, Camilleriren Uraren forma nobelarena bezalako premisetatik urruntzen diren proposamen literarioak epaitu behar dituztenean. Euren eskema ideologikoetan sartzen dena sinesteko gauza ez, eta “sinesteko” gogo gutxi, nonbait. Hau da, konturatuta edo konturatu gabe, kritika ideologikoa egiten ari dira, gehienetan, sinesgarritasunaren mamua paseatzera ateratzen dutenean.

Amen.

Edukiontziak

Alonso. Lambas. Euskaltzaindia.

Gipuzkoako hiri hondakin biltze sistemen inguruko gatazka etorkizunean nola ikusiko dutenari buruz pentsatzen dut maiz. Bergarako historiako manifestazio handienak. Bandera bat zikintzat dutenek balkoia hondakin poltsez apaintzea. Zaborra ateratzea beti emazte nahiz seme-alaben esku delegatu duten gizonen bat-bateko interesa gaiarekiko. “Noiz jango dugu arraina?” galdera airean. Arrasate Garbi taldea, Alex de la Iglesiak behiala asmaturiko Limpia Madrid taldearen arrastoan. Lehen bai lehen.

Jon Alonsok berriro ere atera zuen kalera Enekoitz Ramirez Lambas ikertzaile, preso ohi, lapur ohi, arte saltzaile ohi eta bon vivanta kalera mandatua betetzera Hiri hondakin solidoak (Txalaparta, 2015) nobelan. Euskaltzaindia mehatxatzen ari diren mezu anonimo batzuen ikerketatik abiatuta gogoeta sakona egingo du Alonsok hizkuntzak duen gehiegizko arautzeari buruz, unibertsitateari egurra banatuko dio sendo eta Txillardegiri omenaldi xumea egin berak Azkue hil omen zuen susmoaren eldarnioari tiraka.

Jakina, ikerketa erraza zirudiena korapilatuko da eta korapilo horretan harrapatu Euskaltzain historikoen imitatzaileak, kazetari freelanceak, katedradun ilun eta anbiziodunak, Europako diru laguntza eta ikerketek puztutako puxika, Kataluniako independentistak, kolore askotako poliziak, prostitutak, lapurrak… Batzuetan iruditu zait gogoeta nahiak jaten duela istorioa, baina hain dira interesgarriak eginiko gogoeta batzuk ez diola erasaten gozamenari. Izan ere, Alonsok hel diezaioke Bartzelonak gentrifikazioari eta gero Akademiako diru kontuen izaera opakoari eta airoso atera. Liburu arras gomendagarria da.

Bereziki gozagarriak Lambasen Etxauriko etxeko komuneko apalategia ardatz duten pasarteak, irakurgai une ederren ahalbidetzaile da altzaria, eta Kataluniako jatetxeei buruzko pasarteak. Gozamenari, plazerari, eginiko monumentua iruditzen zait. Ederra oso.

Bukatzeko, nire egiten dudan pasartea, Lambas Bartzelonako literatura beltzean espezializatutako dendan sartzen denekoa:

Apalategiko materiala ikuskatu nuen. Hainbat liburu aukeratu eta sal-mahaian ipini nituen. Ongi etorriko ziren komuneko apalean, sendotasuna emateko.

-Le Carré gustatzen, e?

Panamako sastrea irakurri nuen 96an; fantasmada hutsa zela uste izan nuen, harik eta, 7 urte geroako Irakeko inbasioa etorri zen arte. Orduan konturatu nintzen zeresan handiko idazlea dela.

Duda aire batek harrapatu ninduen.

-Ordea, nobela beltzean espezializatutako liburu-denda batean… Le Carrérena nobela beltza da, zinez?

-Jakina. Nobela beltzak kolore guztietakoak izan litezke.

Kasu irekia

Naparra. Alonso. Memoria.

Jon Alonsok bere izenez kale bat izendatzea merezi du. Ez etorbide arranditsurik, ondo jaten den jatetxez, auzoko tabernaz eta denda txikiz hornitua den kale dotorea. Liburu denda batekin? Jakina. Bere literaturak merezi du. Bere jarrerak merezi du. Naparra kasu irekia, Elkar 2020, ikerketa liburuak merezi du.

Jose Miguel Etxeberria Alvarez “Naparra” gazte iruindarra protagonista den bi krimen kontatzen ditu liburuan Alonsok. Lehena, Naparra militantearen beraren bahiketa eta desagerpena. Bigarrena, berrogei urtean honen familiak bizi izan duen kalbarioa. Oso ondo egiten du idazleak bi krimenak bereizten, batak ez dezan bestea jan. Sortu den mina, oraindik egunero kasua argitzen ez den bitartean sortzen den mina, gutxietsi ez dadin.

Alonsok lau urtez ikertu du kasua. Etxeberria Alvarez eta biak belaunaldikide izanik Iruñea grisean abiatutako haurtzaroa, eskola konpartitua, iraultza gosea, denborak urratutako amets handiak. Orrialde bidean bada denetik: frankismo bukaerako Iruñearen erretratu ederra, belaunaldi oso baten erradiografia zintzo eta era berean amultsua, Naparraren konpromisoaren eboluzioaren analisi zehatza, giro politikoaren deskribapena, Estatuen estolderiaren kiratsa, (in)justiziaren itsukeria, familia baten bakardadea, hemengo erakundeen kamutsa biktima batzuekiko, polizia ororen izaera zakurtia, desagerpena den krimen lazgarri horri buruzko gogoeta eta abar. Hau guztia zintzo, paraje hauetan oso arraroa den honestitatez, bustiz, akats propioei iskin egin gabe. Irakurri paragrafo hau, horrren adibide aparta da:

Zerbaitek pena ematen badit, liburu honen gaia dela-eta, Naparra kasuak ni baino idazle hobea eduki ez izana da. Hau bezalako lurralde batean sartzea puntu kardinalik gabeko oihan sarri batean sartzea bezalakoa da, non bat erraz desorientatzen eta emozionalki ezdeus sentitzen baita aurkitzen duena eta aurkitzen duenaren ondorioak kudeatzeko.

Oso apala da Jon. Dokumentazio lan eskerga egin du. Hamaika elkarrizketa. Lan erraldoia da eta inplikatu den moduan inplikatu gabe ezinezkoa dena. Bihotzez idatzi du eta liburu honengatik jaso duen Tene Mugika saria erabat merezi du.

Niri bi atalak gustatu zaizkit, asko. Ikasi dut trantsizio deritzon epealdi horretan gazte ameslari zirenei buruz gehiago. Komando Autonomoei buruz baita ere. Errefuxiatuen bizitzari buruz zertzelada interesgarriak aurkitu ditut lerro artean. Baina, era berean, hain da handia Etxeberria Alvarez sendiaren duintasuna “oso goian” amaitzen dela liburua. Kemenak eta duintasunak aurre egiten diote injustiziari.

Pasa dira berrogei urte Naparra desagarrerazi zutenetik. Denbora luzeegia da. Liburuan gogorarazten den moduan, ez dadin delitu bat preskribatu komeni da ekimen judiziala hartzea noizean behin eta urratsak eman. Liburu honek gure gizarteari gogorarazten dio lanak ditugula egiteke eta ezin ditugula hainbat min artxibatu, egia, erreparazioa, justizia eta berriro ez errepikatzearen bermea eduki arte.

Jon Alonso kalera itzuli naiz mentalki. UNESCOk dio tentuz jokatzeko izendegitan norbanakoen izenak jartzeko tenorean. Ados, uler dezaket hori. Baina, erakunderen batek ulertzekotan Alonsok liburu honetan egin duen lanaren garrantzia hori Nazio Batuen Erakundea da. Lan hau irakurrita ulertuko duzue zergatik. Izan ere, ez dakit herri honetan memoria iluntasunetik argitara ekartzen lanean diharduten lanaren garrantziaz, erakundeek albo batera utzi duten lana bide batez, jabetu garen.