Bitxia da zementua deitzeko beste izena, porlana, ingelesezko Portland horretatik datorrena. XIX. mendeko amaiera eta XX. mendeko hasiera artean martxan ipini ziren oso ezagunak diren Lemoako lantegia, Olatzagutiakoa edo Añorgakoa.
Azken honekin lotuta, gaur egun Rezola Museoa martxan dago, eta bertan MHHH dokumentalaren emanaldia izan dugu pasa den ostegunean. Añorga Kultur eta Kirol Elkartea-k antolatu zituen proiekzioa eta solasaldia, aurten euren 100. urteurrena ospatzen ari direlarik. Mendeurrenaz gain, hilabete honetan bertan Hiritar Merezimenduaren domina jaso dute Donostiako Udalaren eskutik.
Ekitaldi berean Bidegin elkartearekin bat egin zuten, Izaskun Andonegi eta taldekideak sarituak izan direlako. Bidelagunen zoriona nirea ere bada, pozik hartu nuen albistea. Izan ere, osteguneko solasaldian azpimarratu genuen zein garrantzitsua den publiko orokorrarentzat dolua zer den jakitea, ez garela porlanezkoak jabetzea. Nola jorratu behar dugun, noiz eskatu behar dugun laguntza, eta zein lan ikaragarri handia egiten ari diren Izaskun, taldekideak eta ataka latz hauetatik igaro eta orain beste pertsona batzuei laguntzen ari den jende guztia.
(Bitxikeria moduan, pasa den eguenean, urtarrilaren 27an, dokumentalaren bi pase egon ziren. Bata 19:00etan, Añorgan, eta beste bat 20:30etan non eta Ourensen! Azaroan han egin genuen aurkezpenaren ostean etorri da bigarren hau, Padre Feijóo zineklubean izandakoa, Club Alpino Ourensán elkarteran eskutik. Egun berean bi leku ezberdinetan emanaldi bana izatea sekula ez zaigu gertatu, gainera hemen eta EHtik kanpo aldi berean, ez MHHHekin, ezta AH edo SBrekin ere).
Zorionak Añorga KKE beraz, bi arrazoi handirengatik. Zorionak Bidegin lagun maiteak. Gora bizitza!
Herri hau Ilustrazioa, Elhuyar anaiak eta Karlistaldiekin lotu dezakegu. Niretzat Bergara Maite eta Josean, Marijo eta Ander, Lourdes, Mabel eta Eli dira. Baita Benita, Itziar, Mertxe, Lamberto, Karmen, Donato, Arantza, Gaztelu eta Eusebio ere.
Hiru ekitaldien sorta bat antolatu du bertako udalak, bata bestearen atzetik, azken aste honetan. Doluaren gaia ardatz hartuta izan da, Seminarixoa areto dotorean: Larunbatean “Eresia” antzezlana aurkeztu zuen Oier Zuñigak, Eneko Gil eta Belen Cruz aktoreekin batera. “Lurra arin bekizu, ama” esaldiak osatzen du izenburua, eta hileta-kanta hau dantza eta antzerkiaren bidez gorpuzten dute eszenatokian, dolua adierazteko era hibridoan. Interesgarria…
Asteartean Eider Otxoa bidelagunak eta biok eskaini genuen hitzaldi bat doluen zirrikituei buruz. Formatua hibridoa izan zen, pantaila erabili genuenez bideo tarte labur batzuekin. Hain zuzen ere, Eider protagonista moduan agertzen zen “Aulki Hutsak”-etik ateratako pasarteak tartekatu genituen bion arteko elkarrizketan. Doluei buruzko trilogiako beste bi dokumentaletatik ere aukeratu genituen zati batzuk, “S(u/a)minetik bakera” eta “Mendian hil. Hirian hil”-etik alegia. Eta ederra izan zen zelan txirikordatu ahal izan genituen gaiak batetik bestera. Izan ere, hitz egin dezagun heriotzaz, doluaz, minbiziaz, Alzheimerraz, suidioaz, zainketa aringarrietaz, eutanasiaz… Eta, Euskal Herrikoak izanda, goazen hitz egitera indarkeria politikoaz (terrorismoaz) ere.
Eiderri eskertu behar diot agendan lekua egin izanaz martitzeneko hitzaldira etorri ahal izateko, Danel Goikolearen agurraren egunean. Eskertu halaber nirekin batera hain saio txukuna egiteagatik, eta azken puntu arantzadun hura naturaltasun horregaz aritu izanagatik. Sandra Carrasco publikoaren artean izan genuen, baita beste hainbat bidelagun ere (Idurre, Mada, Izan, Ainhoa, Idoia…). Bizia eta dotorea izan zen solasaldia.
Eta asteazkenean, MHHH dokumentalaren txanda izan zen. Bergara zen gelditzen zitzaigun Debagoieneko azken herria, eta publikoak erantzun zuen. Seminarixoa bete genuen, murrizketa koronabirikoekin. Halaber, esan behar dut herri gutxitan aurkeztu ahal izan dugula trilogiako hirurak, bertan bezala. Baita ere bertako Oroilore tanatorioak diruz lagundu zigula proiektua aurrera ateratzeko.
“Ez dakigu inoiz bizitzan zer daukagun aurrean, baina beti egongo da beste gailur bat zure zain”. Izaskun Andonegi.
50 urte egitea arrazoi sendoa da zerrendako egiteke dituzun kontuetaz arduratzeko. Pandemia baten erdian ere. Esate baterako amestutako bidaietaz. Adibidez, New Yorkera etxekoekin hegan egin eta egonaldi zoragarria igarotzea, iazko azaroaren azken astea eta abenduko lehenengoaren artean.
Manhattango beheko aldea (Lower Manhattan) da bisitatzeko gune nagusi horietakoa. Bertan dago Finantza Barrutia, Wall Street, One World Trade Center dorre berria eta Brooklyn Bridge zubiarekin. Baita 70 Pine Street, 40 Wall Street, Manhattan Municipal Building (udaletxea) eta Woolworth Building eraikin dotoreak ere, XX. mendeko hasieran egindakoak. Uhartearen hegoaldeko muturrean beste bi leku interesgarriak ditugu: Battery Park, Ellis Island gomendagarrira eta Askatasun Estatuara joateko ferriak hartzen diren lekua, alde batetik. Eta bestetik amerindiarren museo nazionala.
Baina zeru-harraskarietara itzulita, adin bat daukagunok hutsune handi baten presentzia nabarituko dugu: Hiriaren ikonoetako bat zirenena, duela 20 urte suntsitu zituzten etxe orratzena. Dorre Bikiak 1973ko apirilaren 4an eraiki zituzten, munduko eraikinik garaienak izan zirelarik. 2001eko irailaren 11an, ondo gogoan ditugun moduan, erasotu zituzten bi hegazkinak euren kontra talka eginez. 2.600 pertsona baino gehiago erail zituen modu anker horretan Al-Qaedak, historiako pasarte beltzen artean beltzenetarikoa. Dolu kolektiborik handienetarikoa.
Art Spiegelman komikigile newyorktarra ezaguna da, batik bat, “Maus” izeneko liburuagatik. Bertan kontatzen du bere familia juduaren istorioa, baita orokorrean historiako beste pasarte beltza izan zen Holokaustoarena ere. Eleberri grafikoen artean ospetsuenetarikoa da, eta laster euskarazko bertsioa edukitzeko aukera izango dugu, Julen Gabiriak aurreratu digunez berriki.
Spiegelmanek, halaber, “In the Shadow of No Towers” argitaratu zuen 2004an, sarraskitik 3 urtetara. Bistan da barneko deabruak exorzizatzeko bideak ugari direla, literatura da bat, musika izan daiteke beste bat, zinema, beste arte batzuk… Baina doluak landu behar dira, hala pertsonalak nola kolektiboak. Izan atentatu batengatik, minbiziagatik edo koronabirusagatik. Eta sarritan zeuk landutakoak beste bati lagungarria suertatu dakioke.
Ez, ezer ez da betiko. Pertsonak, lekuak. Gu geu. Agur ondo esatean datza doluaren prozesua egiteak. Azken urte bi hauetan koronabirusaren pandemiak baldintzatu ditu doluak eta gu geu baldintzatu gaitu. Kutsatze, ospitaleratze eta hiltzearen olatuekin batera, osasun mentalaren asalduren olatuak ere badatoz. 2020ko udaberri hartatik bertatik hasi gara horretaz ohartzen: depresioa, antsietatea, angustia, estresa, deliriuma, fobiak eta abar.
Gabonen hasieran, MHHH dokumentalaren proiekzio pribatu oso berezia egin genuen Bilbon, urteko azkena izan zena. Betirako zerbitzua Eusko Jaurlaritzak abian ipini zuen izurritearen hastapenetan, eta ordutik ia urte biko ibilbide honetan ehundaka senide lagundu dituzte dolu pandemikoaren bide zail hauetatik. Hain zuzen ere, norabide berean lan egiten duen Izaskun Andonegi izan nuen lagun proiekzio eta solasaldian. Agintzari elkarteak antolatu zuen topaketa, eta talde ederra batu ginen Deustuan, euren egoitzan (ikus argazkia). Egun hartan jakin genuen Betirako ere ez dela betiko izango, haienak egin duela. Beste zeregin batzuetara egokituko dira hemendik aurrera. Biba zuek!
Gabonak ere amaitu dira, eta egun hauetan irakurri dut artikulu oso interesgarria Gonzalo Britoren eskutik, errukiaren kontzeptua balioztatzen duena buruko osasuna babesteko pandemia luze honetan; “Compassion protects mental health and social safeness during the COVID-19 pandemic”. Hilabete hauetan jende askok ikasi duen beste kontzeptu hori, erresilientzia, errukiaren bidez indartu dezakegu izan ere. Hala geure buruarenganako nola besteenganako gupida lantzea zein garrantzitsua den ere ikasi dugu garai luze honetan.
Izaskun Andonegi bidelagunak berak eskaintzen digu otsailean eta martxoan zehar errukia lantzeko tailer on-line bat, gazteleraz, Compassion Cultivation Training izena duena ingelesez, CCT. Batzuk irrikaz izena eman dugu, zinez merezi izango duelakoan. Hemen gonbitea (info eta izen ematea).
Abenduan urte bat bete du “Mendian hil. Hirian hil” dokumentalak. Mendi Film zinemaldian Bilbon aurkeztu genuenetik, 2020ko abenduan, 80 emanalditik gora egin dugu. Debagoienean sortutako pelikula izanik, bertan eskualdean egin genituen lehenengo proiekzioak. Gogoratzen eta omentzen ditugun pertsonen artean Mikel Crespo egoteak zerikusi handia zeukan Arrasaten eta Aretxabaletan jasotako erantzun beroarekin, ez dago zalantzarik horretan. Haren familia aurkezpen batean baino gehiagotan egon izan zen hasiera hartan, eta 2020an ezinezkoa izan bazen ere, 2021eko ekainean “Bizir Eguna” aurrera ateratzea lortu zuten lagunek eta senideek pandemiaren erdian, Kurtzebarri ingurune ederretan.
Orain arte, proiekzio osteko solasaldietan behin baino gehiagotan atera den puntua oraintxe aipatutakoa da: Aretxabaletan bezala, gai izatea gogoratzeko, omentzeko eta, aldi berean, bizitza ospatzeko. Horixe da pelikula honen mezu nagusietakoa. Gainera, Cresporen koadrillaren kasuan, bereziki pozgarria da 20-25 urteko jendeak heriotzaren aurrean horrela jokatzea. Pozgarria da zinez.
Badakizuenez, Arteman Komunikazioarekin egindako hirugarren lana da hau, doluaren prozesuei buruzkoa. Aurreko bi proiektuetan ere ibilitako Josu Txintxurreta izan dut bidelagun, orain ezagutu dudan Eider Ballinarekin batera. Eurek egin dute pantailan isaltzen den ikus-entzunezko magia. Niretzat, behintzat, oraindik magia baita.
Musikari dagokionez, soinu-bandak aipamen berezia merezi du, Eñaut Zubizarreta prototxelistak propio egindakoa. 2021eko otsailean argitaratu zituen bertan entzuten diren sei abestiak, Gernikako Forbidden Colours diskoetxearekin. Interneten topatuko duzue diskoa.
Ibilbide honetan, Gipuzkoa izan da, alde handiz, gehien bisitatutako lurraldea hamabi hilabete hauetan. Emanaldien erdia bertan egin dugu, egondako udalerri guztien erdia gipuzkoarrak dira. Eskualde guztietan egon gara gainera, dagoeneko. Bizirik dago mendizaletasuna bertan, baita hizkuntza ere. Gogoratzeko moduko solasaldiak izan ditugu, denen artean Ordizikoa azpimarratuko nuke, baita Donostiko hura ere, Principe zinemetan egin genuena. Zarauzkoa oso berezia izan zen, bizi naizen herria izateaz gain, bertakoa zelako dokumentala eskaini diodan pertsona.
Nafarroan, Iruñeaz aparte, Bortzirietan bi herritan egon gara, Lesakan eta Arantzan. Lehendabizikoak, arlo pertsonalean, esanahi handia izan zuen. Izan ere, aita, ama, amatxi eta abueloa bertan lurperatuta ditut. Hiriburuan, bestela, Mendi Tourra guztiz arrakastasuagoa izan zen. Bi saio eskaini genituen arratsalde berean, eta bigarrena bikoitza izan zen, bi aretotan sartu behar izan zenez jendea. Itzela. Borobiltzeko, Izaban udako emanaldi ederra izan genuen, aire librean. Eta bertan errepikatuko dugu abenduan, mendi zinemaldi batean.
Bizkaian, Bilbon estreinatu ostean, Golem zinemetan egon zen kateleran astebetez, Alondegian. Bestela, Durangaldea izan da eskualderik ibiliena, diferentzia handiz. Bertan Zaldibar, Iurreta eta Mallabian egon gara, eta laugarren udalerria Berriz izan da, hilabete honetan.
Araban, Gasteiz eta Aramaioz gain, Aiaraldeko bi udalerri nagusietan egon izan gara, Amurrio eta Laudion. Eiderren herrian arrakasta erabatekoa izan zen, harrera ezin hobea. Gasteizko Mendi Tourra ere jendetsua eta bizipozgarria suertatu zen.
Hain zuzen ere, nabarmentzekoa da Mendi Filma eta gero Aitor Elduaien eta taldeak egiten duten lan fina, Tourrarekin. 10 saiotan egon gara eurekin, eta antolakuntzaren aldetik eta trasmititzen duten guztiarekin benetako plazerra izan da. Oso eskertuta.
Euskal Herritik kanpora ere irten izan gara, lehenengoa apirilean Burgosen. Bigarrena, modu birtualean, Brasilgo Mostra Filmes de Montanha jaialdian izan zen, irailean. Azaroaren hasieran, on-line izan ginen Mallorcatik antolatzen duten “Dando vida a la muerte” jaialdian, era presentzialean hemen Gipuzkoan egon ginelarik.
Azaroan, azkenik, Katalunian egon ginen Torelló Mountain Film Festival-eko sekzio ofizialean, Estatu mailan mendi zinemaldirik beteranoena dena (aurtengoa 39. Edizioa izan da). Bilbokoarekin batera, festibal nagusietakoa ere bada. Galizian ere, Lugo, Allariz eta Ourensen proiektatu dugu dokumentala asteburu luze batean, eta mendizaletasuna han ere indartsu dagoela ikusi dut.
Debagoienean, bi herri handi gelditzen zaigu bisitatzeko. Abenduan Oñatin egon gara, azkenean, beste plaza eder bat izan da. Eta Bergaran, 2022ko hasieran emango dugu, heriotzaren inguruan prestatzen ari diren jardunaldi interesgarri batzuetan txertaturik. Datorren urtean aurtengo erritmoarekin ez garela ibiliko bistan da, baina orain arte izan ez garen toki batzuetan izatea da erronka. Pandemiak baldintzatu gaitu neurri handi batean aurten, zaila da jakitea zer datorren, baina esperantzara kondenatuak gaude.
Amaitzeko, erantzunik gabeko galdera batekin gero arte esango dizuet. Izan ere, behin baino gehiagotan egin didaten galdera da: “Hurrrengorik?”. Zeozer badago, baina momentuz hortxe lagako dugu.
2005 inguruan izan zen, blog bat sortu genuen Maiderrek eta biok ezkonbidaian, Kurdistan eta Turkia aldean bizi izandakoa kontatzen. Garai hartan abiatu nuen lehenengo blog pertsonala, Igor Leturiak zirikatuta. Lau urte neraman Arrasateko ospitalean lanean, eta Goiena-ren komunitatean sartu nintzen, Patxi Lurra ezizenarekin eta “Ahuntzaren Eguerdiko Doministikua” izenburuarekin.
Hortik Bilboko beste blog komunitate batera lekualdatu nintzen, izen berdinak mantenduta. Garai hartakoa izan zen Pello jaio osteko bizipenak umore klabean kontatu nituen post sorta, “Aita berri euskaldun baten memoriak” izenburupean.
Azken 10 urteotan “Osatzetik arintzera” izeneko blogean aritzen naiz, Arinduz elkarteko webgune matxuratutik Goiena-ra bueltan ekarri nauena.