Getxon bidelagunak

Getxo Zurekin‘ izan zen ‘Zarautz Herri Zaintzailea’ sortzeko eredu nagusietakoa, Gasteizko ‘Vivir con Voz Propia‘ eta ‘Santurtzi Hiri Zaintzailea‘-rekin batera. 2018ko hasiera hartan horko proiektua ezagutzea izan zen azken bultzada hemen abiatzeko.

Naomi Hasson irlandarra da komunitate errukitsu bizkaitarraren burua, eta aspaldian ezagutu ginen, Arrasate aldean, bera ‘Saiatu’ egitasmoa aurrera ateratzen ari zenean. Ordutik bidelagunak gara eta hainbat saltsatan gabiltza elkarrekin.

Besteak beste, trilogiako hiru aleak programatu ditu Getxon, heriotzaz pedagogia egiteko eta errukia lantzeko testuinguru honetan. “Aulki Hutsak” duela 4 urte proiektatu zuten, lehenengo urratsak ematen ari zirenean. 2019ko irailean “S(u/a)minetik bakera”-rekin ausardia puntua izan zuen Naomik, Euskal Herrian pairatutako indarkeriei buruz hitz egitea oraindik deserosoa delako. Irlandan ere badakite suminaz eta saminaz.

Pasa den ostegunean “Mendian hil. Hirian hil” azkenaren txanda izan zen. Publikoan Monika Fernandez bidelaguna egon zen, Maria mediku egoiliar leondarra etortzera animatu zuena, Bilbon berarekin lan egiten duena. Egia esan jende gaztea ere hurbildu zen Erromoko kultur etxera aurrekoan. Etorkin magrebtar talde bat lehenengo lerroan, adibidez. Hauek ere badakite doluei buruz, migratzaile guztien moduan, are gehiago baldintza latz horietan datozenak. (Kausalitatez, “Aita Mari” dokumentala aste honetan bertan ikus-entzunahal izan dut).

Aretoan lehengusua ere egon zen, ondoko herrian bizi da, asko poztu nintzen bera ikusteaz. Haren amak, neure izebak, doluak zer diren azaldu zidan lehenengo pertsona izan zen. Haren aita, neure osaba, ez nuen ezagutu izan ordea. Hegazkin istripu batean hil zen, bera txikia zenean, eta gertaera hark txiki-txikitatik piztu zidan heriotzaren inguruko kontzientzia. Zorionez, etxean gurasoek kontu garrantzitsu hauei buruz naturaltasunez hitz egiten ziguten. Bide honetan nagoen lekuan nago honengatik guztiagatik, neurri handi batean.

Karunabirusa

Pandemiaren lehenengo urtea amaitzen ari zenean, 2020ko abenduan izan genuen Gasteizen jardunaldi suspergarria. Ekitaldi gutxi egiten ziren aurrez aurre, eta animatu ginen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 10 komunitate errukitsu edo zaintzaleetatik topaketa bat egiteko, on-line konektatu genuelarik Ingalaterra, Portugal eta Txileko jendearekin, sinergia hauetan ere mugitzen dena.

Horietako pertsona batzuk, pisu handiko erreferenteak dira. Gonzalo Brito bezala. Interes handiko hitzaldia eman zigun Txile aldetik, eta hitz jolas hau egin zuen hasteko, post honen izenburura ekarri dudana. Izan ere, Karuna hitzak, sanskritoz, errukia esan nahi du. Begitu zein abiapuntu polita.

Sufrimenduaren aurrean, batzuetan saihestu dezakegu, eta beste batzuetan arindu. Errukitik egin dezakegu, motibazio enpatikotik ekintzara pasatuz. Gonzalok kontzeptu garrantzitsu bat transmititu zigun, errukia entrenatu daitekeela. Neuronek plastizitatea daukatelako. Eta pasa den hilabetean hil den Thich Nhat Hanh maisuaren hitzak ekarri zizkigun. Era berean, sozioplastizitatea dugu, pobrezia eta aberastasunaren artean. Gero eta murritzagoa, bestalde, biodibertsitatearen galeragatik.

Erruki instintiboa oso murritza da, esaten zigun Britok, zeure zirkulu hurbila bakarrik hartzen duelako barne. Zirkulua zabaltzea da erronka, etsaiak edo hain ondo moldatzen ez garen pertsona horiek barne. Eragile eraldatzaileak behar ditugu, eredu moduan.

Apunteen artean, errukia lehiaren beste muturrean dagoela jaso nuen. Gu besteen kontra baino, gu besteei esker. Gu garela beste batzuk izan direlako, alegia.

Paul Gilberten eredu ebolutiboan hiru sistema mota daude, eta hiruren artean oreka modukoa topatu behar dugu: Sistema urdina dugu alde batetik, lorpenarena. Desioak eragiten du, progresatzea edo aurreratzea, eta dopaminarekin lotuta dago. Bestetik, sistema gorria dugu, mehatxuarena. Adrenalina eta kortisolarekin lotuta eta antsietatea, sumina eta nazkarekin. Hirugarrena, sistema berdea da, bakearena. Oxitozina eta opiazeoekin harremanetan, poza, segurtasuna, babesa, konfiantza eta zainketarekin.

Eta horrela, 2020ko abendutik 2022ko otsailera egingo dugu salto. Izaskun Andonegiren eskutik duela 3 aste ekin nion errukia lantzeko entrenamenduari, berak gidatutako ikastaroan. Hiru urrats eman ditugu orain arte, beste bost ditugu aurretik.

Bai, ederra izango litzateke errukia kutsatzea koronabirusarekin bezain erraza izango balitz.

Betirako

Ez, ezer ez da betiko. Pertsonak, lekuak. Gu geu. Agur ondo esatean datza doluaren prozesua egiteak. Azken urte bi hauetan koronabirusaren pandemiak baldintzatu ditu doluak eta gu geu baldintzatu gaitu. Kutsatze, ospitaleratze eta hiltzearen olatuekin batera, osasun mentalaren asalduren olatuak ere badatoz. 2020ko udaberri hartatik bertatik hasi gara horretaz ohartzen: depresioa, antsietatea, angustia, estresa, deliriuma, fobiak eta abar.

Gabonen hasieran, MHHH dokumentalaren proiekzio pribatu oso berezia egin genuen Bilbon, urteko azkena izan zena. Betirako zerbitzua Eusko Jaurlaritzak abian ipini zuen izurritearen hastapenetan, eta ordutik ia urte biko ibilbide honetan ehundaka senide lagundu dituzte dolu pandemikoaren bide zail hauetatik. Hain zuzen ere, norabide berean lan egiten duen Izaskun Andonegi izan nuen lagun proiekzio eta solasaldian. Agintzari elkarteak antolatu zuen topaketa, eta talde ederra batu ginen Deustuan, euren egoitzan (ikus argazkia). Egun hartan jakin genuen Betirako ere ez dela betiko izango, haienak egin duela. Beste zeregin batzuetara egokituko dira hemendik aurrera. Biba zuek!

Gabonak ere amaitu dira, eta egun hauetan irakurri dut artikulu oso interesgarria Gonzalo Britoren eskutik, errukiaren kontzeptua balioztatzen duena buruko osasuna babesteko pandemia luze honetan; “Compassion protects mental health and social safeness during the COVID-19 pandemic”. Hilabete hauetan jende askok ikasi duen beste kontzeptu hori, erresilientzia, errukiaren bidez indartu dezakegu izan ere. Hala geure buruarenganako nola besteenganako gupida lantzea zein garrantzitsua den ere ikasi dugu garai luze honetan.

Izaskun Andonegi bidelagunak berak eskaintzen digu otsailean eta martxoan zehar errukia lantzeko tailer on-line bat, gazteleraz, Compassion Cultivation Training izena duena ingelesez, CCT. Batzuk irrikaz izena eman dugu, zinez merezi izango duelakoan. Hemen gonbitea (info eta izen ematea).

Urteari ondo ekiteko modu bikaina.