Bizitza eman heriotzari

Ground Zero Memorial. New York.

Badatoz azaroko egun seinalatuak, “honi” buruz hitz egiteko aproposak. Domu Santu, Santu Guztiena, Hilena. Azaroaren 1 eta 2a. Aurten ere badator Dando vida a la muerte jaialdia, Mallorcatik abiatu zutena eta Penintsulako toki askotan zehar antolatzen dutena. Besteak beste Orion, Donostian eta Getxon topatuko dituzue ekitaldiak Euskal Herrian, oso nabarmentzekoa da Hil baino lehen nahi dut… ekimena, oso sinbolikoa bezain sinplea den ideia baten oinarrituta: Horma batean esaldi bat idaztea bizitza honetan egin nahiko zenuen hori islatzen. Honetaz gain, Death Kafeak, hitzaldiak eta beste hainbat proposamen topatu ditzakezue goiko linkean 2022ko jaialdian parte hartzeko.

Jaialdiaren bezperetan, beste testuinguru batean, beste tabu handi bati egingo diogu aurre Orion, hurrengo asteartean. Heriotza erailketa baten bidez datorrenean, deitu indarkeria politikoa edo terrorismoa, nahiago duzun moduan. Dolu horiek ere hor daude, hainbatek urteekin ere ezin izan dituzte gainditu.

Beldurrak eragozten digu doluan daudenengana hurbiltzea. Zer esanik ez pertsona hori “gure tribukoa” ez denean. Izua ematen digu begietara begiratzeak, barruan zerbait mugitzeak. Baina burua eta bihotzaren arteko norgehiagoka horretan, bizitzak batzuetan aukerak ekartzen dizkigu. Jesus Valle ekarri zidan kontsultara, adibidez, eta zuekin konpartitu nahi dut audio hau, haren alargunaren ahotsarekin. Nola etorri ziren Burgos aldetik Gipuzkoara, Aian zelan pasatu zituzten 9 urte, eta gero nola amaitu ziren Arrasateko koartelean. Igarotako beldurraz hitz egiten digu Angelak, baina ahotsean baretasuna nabarituko duzue. Suminen arrastorik ez. Are gehiago, esker ona topatuko duzue, ezagututako bizilagunengatik, bide zail hartan lagundu zietenak.

Audioan entzungo duzue pasarte ezagun bat, 1975eko urriarena: ETAk Arantzazuko bidean 3 guardia zibil erail zituen segada batean. Jesús Martín, Juan Moreno eta Esteban Maldonado ziren, Jesús Valleren lankideak. Egun hartan bertan, Iñaki Etxabe erail zuen Kanpazarren BVE izeneko taldeak. Olatz Etxaberen aita zen, “S(u/a)minetik bakera” obra eszenikoaren protagonistetako bat, Sandra Carrascorekin batera (Isaías-en alaba).

Urriaren 25ean, 19:00etan, obra taularatuko dugu beraz Orion. Heriotzari (elkar)bizitza emateko proposamena. Horra gonbidapena.

Isiltasunaren soinua

Bilboko kale batean topatuta.

1964an kaleratutako abesti famatua da Simon and Garfunkel newyorktarren “The Sound of Silence” (“Kaixo iluntasuna, lagun zaharra; etorri naiz zurekin berriro hitz egitera…”). 1960ko hamarkada hura mugimendu handikoa izan zen arlo kultural eta soziopolitikoan, eta kantu hau ereserki modukoa ere bilakatu zela esan dezakegu.

Izan ere, Askapenaren Teologia urte haietan sortu zen, testuinguru hartan. Eta gogoratzen naiz txikitan entzuten nuela parrokian kantaren bertsioa, gazteleratua, Eliza gorri eta hippy haren otoitz bihurtua. 30 urte inguru zituzten gurasoek orduan, eta saltsa haietan oso sartuta. Oroitzapen onak gordetzen ditut garai hartatik. Oso onak.

Euskal Herritik kanpo bizi ginen orduan, eta udan Lekeitiora etortzen ginen. Isiltasunaren neure lehenengo bizipenak ordukoak izango ziren, adibidez Santimamiñeko kobazuloan. Lurraren azpian sartzea zerbait oso solemnea izateaz gain, isilik egonez, ur tanta horiek erortzean entzun zitekeen bakarra zen. Geroxeago joan nintzen deskubritzen mendian ere isiltasuna antzeman dezakezula, baita itsasoan ere, apur bat hondartzatik urrundu eta barrurantz sartuz gero.

Hain zuzen ere, Lekeitioko abesbatzak “Itxas Soinua” izena dauka. Baina zein(tzuk) d(ir)a itsasoaren soinua(k)? Gutariko gehienok gutxi batzuk baino ez ditugu desberdinduko, baina egon, hor egongo dira.

Gaur amak 81 urte beteko zituen. Eta pasa den abuztuaren 14an, aitak 80. Urtero gogoratzen ditugu eta bizitza ospatzen dugu, Lekeition. Isiltasunaren soinuarekin.

Bidaiak eta berpizkundeak

https://www.strava.com

Euskal Herritik kanpo bizi ginenean, urtero bazeuden bi momentu bereziki desiratuak eta gozatuak denontzat: Bata Gabonak ziren, familiarekin Leioan batzen ginenean. Eta bestea, udako oporraldiak, familiarekin ere igarotzen genituenak. Bidaia luze haietan, soinu-bandan nabarmentzen zen musika mota bat besteen gainetik, loaldiak laguntzen zituena edo leihotik begiratzean paisaiaren beste elementu bat zena: Musika barrokoa.

Gurasoak falta zaizkidanetik, beraiekin konektatzen nauten doinuak dira musika barrokoarenak, baita orokorrean musika klasikoarenak ere. Edozein tokitan nagoela, sarritan propio ipintzen ditut entzungai konekzio hori eragiteko, orain bezala. Udako opor hauetan, momentu horietako bat bakarka bizi izan nuen Pragan (argazkian), josulagunen elizan atenditu nuen kontzertuan. Ordubeteko bidaia hartan, abstraitu ahal izan nintzen jendetzatik, berotik eta beste kontu batzuetatik. Orduko hango errepideetara itzuli nintzen, Burgosera, Leioara eta Lekeitiora.

Musikak hegal eginarazteko gaitasuna ezaguna da, eta Europan badaude musikarekin partikularki lotuta dauden hiriak. Horietako bat bisitau ahal izan dugu aste hauetan, Alemaniako Ekialdean: Leipzig. Johann Sebastian Bach musikagile barrokoa, eta Felix Mendelssohn eta Robert Schumann konpositoreak bertan bizi izan ziren, XVIII. eta XIX. mendeetan.

Leipzig, bestela, XX. mendeko gertakari garrantzitsu batzuekin estekatuta dago. 1989an, Nikolaikirche (bertako musika zuzendaria Bach izan zen berrehun urte lehenago) protestaldi baketsuen erdigune aitzindari bihurtu zen, orduko Alemaniako Errepublika Demokratikoaren (DDR) erregimen komunistaren aurka. Otoitzaldiak eta Asteleheneko Manifestazioak (Montagsdemonstrationen) luzatu ziren 1991a arte. Gerorako “Bakearen Eliza” izena emango zioten.

1989ko azaroan, azkenik, Berlingo Harresia behera bota zuten, hurrengo urtean DDR desagertu zen eta Alemaniako bateratzeari ekin zioten. Paris eta Europako hiriburu guztiak interesgarriak direla esan dezakegu, eta Berlin ere bisitatzeko eta ezagutzeko modukoa da. Gerra Hotzeko orduko gertakariak dira batik bat erakargarriak, baina badaude noski beste hainbat jakingarri. Esate baterako, Alexander Von Humboldt naturalista eta esploratzaile berlindarraren anai gaztea, Wilhelm, hizkuntzalari ospetsua izan zela eta euskara ikertu zuela sakonki XVIII. eta XIX. mendeen artean.

XX. mendera itzulita, beti pentsatzeko eman didan asunto bat da gerra bat irabazteak (eta galtzeak) zein kostua dakarren. Zenbat zibil hiltzen diren, zenbat betirako zaurituta gelditu. Eta horren adibideak izan daitezke Gernika, Hiroshima, Sarajevo edo Dresden. Saxoniako hiria akaso ikur handiena da Alemania osoan, zelan suntsitu zuten aliatuek amorru bereziarekin, berez Bigarren Mundu Gerra naziek galduta zeukatenean ordurako. Gizakiengan eragindakoaz gain, arkitektura ondarean ere sortutako kalteak kontuan hartzekoak dira. Gerra bat irabazteak liburutegi garrantzitsu bat hondatzea ekar dezake, antzinako eraikin batzuk edo orain gogoratzu ditzakezuen horiek guztiak. Dresden, halaber, adibide ona da hondamenditik berpiztutako hiri moduan.

Udazkenean, “S(u/a)minetik bakera” obra eszenikoa ere berpiztuko da. Bakeolaren eskutik, badaukagu lehendabiziko data bat: Urriaren 25ean, Orion. Urte batzuk igaro dira azken emanalditik, hautsa kendu beharko diogu eta apur bat moldatu. Sekulako gogoz berriro martxan ipintzeko.

Uztaila

2016-07-06, Iruñea, 2016 Sanferminak, Txupinazoa. “Naiz”

“Uztaila, sentimendu kontrajarriak agertzen diren hilabetea: poza nire bi alabengatik eta tristura nire aitarengatik”. Maria Jauregiren lehengo eguneko txioa da, Twitterren.

2000. urteko uztaila hondarretan zegoen, eta Zugarramurdiko kobazuloetan kontzertu sorta bat antolatu zuten Euskaldunon Egunkariaren 10. urteurrena zela-eta. Gurasoekin joan nintzen, eta Senperen lo egin genuen. Uste dut igandea zela, ospakizun haiek igaro eta gero, eta Dantxarineako mendatea igotzen ari ginen kotxean. Irratian, Juan Mari Jauregiren erailketaren berri eman zuten.

Nork esango zigun 7 urte geroago, egun haien inguruan, aita hilko zela minbiziak jota, 64 urterekin? Osasunez hain ondo zegoen gizona, 2007ko uztailaren 22an etxean hil zitzaigun, Donostiako euren etxean. Alberto Peña Iturria. Errenteriako Madalena jaien hasiera.

2019ko uztailaren 6a. Hainbat pertsonarendako, Iruñean eta Nafarroan, eta munduan zehar ere, egun seinalatua. Amaitezina den pandemia hau hasi baino lehenagoko azken San Ferminak izan ziren. Egun hartan ere, Jexux Zufiriaren bihotzaren taupadak eten egin ziren. Ehundaka paziente eta familia ezagutu ditut lanean, euren bizitzaren amaieran, bereziki azken 12 urte hauetan. Jexuxena beste zerbait izan zen, ni ez nintzen bere medikua, bizilaguna baizik. Haren bizitzaren amaieran ezagutu nituen bera eta familia. 6 hilabete trinko izan ziren, ahaztezinak. Inoiz egin dudan akonpainamendurik ederrena, lanetik kanpo. Liburu bat idazteko moduko bizipenak izan ziren. Haren ordez, bestela, “Mendian hil. Hirian hil” dokumentala Jexuxi dedikatu nion, epilogoan ikusi dezakezuen moduan.

Gaur, San Ferminak ohiko formatura itzuli dira, koronabirusak ezpatadantza eta arin-arina dantzatzen jarraitzen duen arren, aldaera berri batzuen formatuan. 3 urte dira Jexux hil zela, eta familiarekin oroitzeko eta omentzeko bilduko naiz. Bihotzak eskatzen didana da.

Sentimendu kontrajarriak.

Maitasunean hil

Herrietako jaiak hasi dira nonahi, udan sartu gara eta ikusi nahi ez duguna are ikusezinago bihurtzen da. Errealitatea, alabaina, bestelakoa da. Herioak ez ditu oporrak hartzen, eta bakean hiltzen saiatzeak garrantzi berbera dauka.

Izan ere, Cristina Llagosteraren liburua irakurtzea aringarria izan daiteke udako hilabete hauetan ere. Lehengo egunean irribarre egiteaz hitz egiten bagenuen, gaur maitasunaz egingo dugu berba, kontzeptua modu zabalean hartuta. Zaintzea maitatzea da, alboan egotea. Etxea maitasuna da (edo izan beharko litzateke). Errukia maitasuna da.

Cristinak hasieratik idazten du hiltzeaz meditatzea kontrakulturala dela gure garaian. Izutzen gaituela, baina baita liluratu ere. Beldur existentzialak direla, ezerezari, desagertzeari. Geure beldurrek ez dutela herioa etenarazten, bizitza baizik. Heriotza ez dela bakarrik gertakari biologiko bat, bizitzaren ibilbidea ixtea ere badela. Osasungileok konfort fisikoa gehiago baloratzen dugula, eta familiek nabarmentzen dituztela ezaugarri psikosozialak. Gure biografiak etengabeko bilakaeran daudela jaiotzatik heriotzara, eta aldi berean hiltzen garela izan garen moduan. Barrurantz begiratzea, geure barneko balioak eta nahiak aztertzea. Eta ez itxarotea azken unea arte oinarrizko kontu hauei aurre egiteko.

Heriotza ona dela pertsona bakoitzak nahi duen modukoa. Bakea dela inolako liskarrarekin edo jarrerarekin asaldatuta ez dagoen norbaiten egoera. Amore emateak prentsa txarra duela, borrokatzeari uzteak (hau nik gehitzen dut: Rafa Nadalek sekulako kaltea egin duela). Erresilientziaren garrantziaz. Gauzak datozen moduan onartzearen garrantziaz. Zainketa aringarriak eskubidea direla, bai eta agindu morala ere. Transzendentzia argitsua dela, heriotzan argia pizten dela.

Cristinaren liburuak daukan erakargarritasun zati handi bat hamalau testigantzak dira. Hamalau zortzimilakoak: Odina. Arnau. Mía. María Teresa. Mari Luz. Margarita. Alba. Carles. Gloria. Enric. Antonia. Lluís. Joan.

Ohoratu nahiko nituzke laster urteurrena beteko duen Jexux, ikastolako aita eta auzokidea zen Asier eta ondoko atean bizi zen Miren bizilaguna ere, Zarauzko jai hauetan. Hirurak maitasunean hil ahal izan ziren. Baita Debagoienean alboan izan nauten eta bakean hil diren paziente guztiak. Eta lortu ez dutenak ere.

PD.- Hemen liburuaren aurkezpena Gasteizen martxoan.

Zaraitzu

1988ko Aste Santuan egon nintzen lehenengo aldiz Otsagabian. Gurasoekin, anaia eta arrebarekin eta beste familia batekin izan zen. Ondo gogoratzen naiz urteaz, Errealak egun haietan jokatu (galdu) zuelako Errege Kopako finala Barçaren aurka. Udaberria zen, baina dena elurtuta zegoen. Orreaga ere bisitatu genuen. Hain izan zen zoragarria, non hurrengo Aste Santuan lekua errepikatzeko eskatu baigenien gurasoei, aho batez bi familietan.

Ez ziguten kasurik egin, eta hurrengo urtean León-go probintziara joan ginen. Pasatu ziren urteak, ia 10 urte, eta lagunekin itzuli behar izan nintzen Otsagabiara. Gogoratzen naiz Tafallan Nafarroa Oinez izan zelako, 1997ko urrian, eta asteburu hartan ere Iratiko oihanean ibili eta Orhi mendira igo nintzen lehendabiziko aldiz.

Apur bat geroago Maider izeneko neska bat ezagutu nuen Arrasaten, ospitalean lankideak ginen, elkarrekin ibiltzen hasi ginen eta asteburu batzuk pasatu genituen Otsagabian. Abodiko bazterrak, Muskildako baseliza… Esan zidan ez zela oso ezkontzeko zalea, baina inoiz egitekotan, Muskilda moduko leku batean izan beharko zela.

Esan eta izan (edo ia-ia). Maider izeneko neska eta biok ezkondu ginen Otsagin 2005eko apirilean. Elurrak bazter guztiak estali zituen, baita Muskildarako bidea ere, beraz herrian bertan ospatu genuen dena. Badago dorre itxurako eraikina Urrutia auzoan, horma bat pilotaleku moduan erabili izan zena beste garai batzuetan, eskola izandako beste eraikin haren aurrean, plazaren bestaldean. Ba hortxe.

Urtero itzultzen gara orduz geroztik, eta ezteiaren 10. urteurrenean ere han izan ginen. Eta orduan bai, igo ginen ermitara. Arantzatxoa kendu, eta asteburua aprobetxatu genuen “Aulki Hutsak” herrian aurkezteko. Beste zentzu bat hartu zuen dokumentalak niretzat, 10 urte geroago ama eta aita falta zirelako. Aldi berean, denbora tarte horretan Pello eta Aioraren aulki beteak gehitu ahal izan ditugu, eta beste batzuk ere joan dira iristen geure mahaira. Batzuk xoan, bertze batzuk xin.

Aurreko asteburuan “Mendian hil. Hirian hil”, trilogiako azkena, ekarri genuen Zaraitzura. Elurra zapaldu genuen goizean Orbaizeta aldean Mikel eta biok, Nafarroa Beherea eta Garaia arteko mugetan egindako itzuli ederrean. Eta arratsaldean elurra baino arazo tekniko batzuk inprobisaziora eraman gintuzten, ezkontzako egunean bezala. Han zeuden Mari Carmen, Laura, Ana, Marux, Txepi, Mari Jose eta 34 urte hauetan guztietan modu batean edo bestean ezagututako otsagabiarrak.

Bitxia da, baina egun hartan bertan, Pontevedrako probintzian, 850 kilometrotara, beste pertsona batzuk ari ziren MHHH ere ikus-entzuten Caroi herrian. (Bigarrenez gertatu da horrelakorik trilogia honekin, nik dakidala, aldi berean Euskal Herrian eta hemendik kanpo proiekzio bana). Terra de Montes deitzen da herri hura dagoen eskualdea. Mendietako Lurraldea, Aezkoa eta Zaraitzu bezala.

PD.- “Heriotza eta bizitzaren arteko hari finean bidea egiten” (Irati Irratia).

Txomena

Arrasatera iritsi nintzenean oñatiarrei buruz ohartu ninduten. Badira 21 urte. Mediku lanetan hasi nintzenean Gurutzetan, Bilboko Ezkerraldean, abisatu ninduten Barakaldo, Santurtzi, Sestao eta Portugaleteko galiziarrei buruz ere bai: Bitxiak dira, arauak desberdinak dira, gaixotasunak diferente manifestatzen dira eurengan, kostatuko zaizu komunikatzea eurekin. Kontuz ibili.

Eta zer gertatu zen Gurutzetan? Iman bat bezalakoa izan zela. Erakartzen nindutela eta nituela. Gustura nengoela eurak atenditzen, neu ere oso estandarra ez naizelako sekula izan. Eta Arrasaten? Are okerragoa, hau da, are hobetoago. Are gusturago nengoela eta nagoela. Txantxikuak deitzen zituzten, eta bazegoen zerbait, bai. Zeozer erakargarria.

Badira 18 edo 19 urte, hortik. 31-32 urte inguru izango nituen eta Agustin hasi nintzen ikusten kontsultan, eta berehala baita Enkarna ere. 70-72 urte izango zituzten, sasoian zeuden aitajauna eta amandrea. Garai hartan behiak zituzten ukuiluan, ittuan, dozena erdi bat edo zortzi.

Pello jaio zen (ikusi argazkia), gero Aiora. Amortzuak eta bazkariak Txomenan, afariak Saloian, mendi bueltak, buzkantzak, Olentzero eta Maridomingi. Mirari, Adela, Jaione, Gisane Aitor, Oier (argazkian), Miguel Angel, Mariano. Maiña, Aratzurti, Agerre, Santa Krutz, Ugaztegi, Aizkaiñ, Atxulo, Orkatzategi, Andarto, Usabakotxena, Degurixa. Arantzazu, Duru, Aloña, Urbixa… Gustura egotearena ulertzen hasi zarete?

Zerrendara gehitzen baditugu lankideak eta lagunak, eta bidean ezagututako beste araoztarrak, baita beste paziente oñatiarrak ere, eta horien senideak. Eransten baditugu Zelai Zabal eta Goiko Benta…

Eta zerrendan kontu alaiei eta bizipen zoriontsuei gaineratzen badizkiegu bestelako uneak, lehenengoak bezain garrantzitsuak direnak. Agustinen heriotza, duela ia 5 urte. Eta Enkarnarena, duela 2 egun. Euren oroimena, eta ez dauden guztiena.

Orduan dena ulertuko duzue.