Isiltasuna doitzen

Grande Chartreuse monasterioa elurtuta.

Azkenean, ixiltasunarekin egiten duzu topo. Ixiltasunarekin aurrez aurre jartzen zara. Badira soinu batzuk ixiltasunean baino ezin direnak aditu. Ixiltasuna soinu txiki umezurtzek egiten dute. Batzutan, ixiltasunean, zeure bihotzaren taupadak ere entzun ditzakezu. Batzutan ixiltasuna zulo bat da. Ixiltasuna mihise zuri bat bezala da. Ixiltasuna aukera bat da. Eta orduan berriz hasten da dena”.

Abiapuntu iradokitzailea dauka “Margolaria” dokumentalak, denbora neraman ikus-entzuteko nahian, jakin-mina neukan abeslari eta margolariaren arteko lotura zertan zetzan. Badakizuenez, Mikel Urdangarin zornotzarra da Oier Aranzabal zarauztarrak zuzendutako filmaren protagonista, eta musika ardatza da, baina margoek ere presentzia nabarmena dute. Ez dizuet besterik kontatuko, hemen bereziki isiltasunaren inguruko hausnarketak konpartitu nahi nituen, filmaren hasieran eta amaieran.

Txundituta gelditu nintzen, gai honetaz ari garela, orain dela urte batzuk ikus-entzundako beste dokumental batekin. Kasu honetan, askoz gehiago ikusmenetik entzumenetik baino: Die große Stille / Le Grand Silence, Philip Gröning alemaniarrak 2005ean zuzenduta. 162 minutuko luzapena dauka, 2 ordu eta erditik gora… isiltasunean. Frantziako Alpeetan errodatuta dago, monje kartusiarren monasterio handi batean, Grande Chartreuse izenekoan. Monjeak ikusten ditugu, euren eguneroko bizimoduetan, soinu batzuk entzuten dira, euriaren tantenak, sukaldekoak,… Baina ez dago elkarrizketarik, hitzik ez dago. Bi ordu eta berrogeita bi minutu. Sei hilabeteetan zehar grabatutakoa, argi naturalaz baliatuta, artifizialik ez.

Ez gaude batere ohituta, baina ariketa ona da isiltasunean murgiltzea eta doitzen saiatzea.







Kantu bat gara

Gure biografia guztiek soinu-banda propioa daukate. Musikak ez ezik soinu paisaiek ere lagundu gaituzte jaio ginenetik. Baita lehenagotik ere, umetoki barneko bizitzatik bertatik. Inguruko jendearen ahotsak, doinuak, hizkuntzak, hori guztia joan da osatzen memoria bat. Alzheimerrak berak ere batzuetan ezin duena guztiz suntsitu.

Garai bakoitzean abesti mota desberdinak gustuko izaten ditugu, atzean uzten ditugunak eta urteekin lurperatuta gelditzen direnak hor burmuinean nonbait. Ez dakigu nola, baina gogoratzeko gai gara berriro entzutean, 20, 30 edo 40 urte geroago. Doinua, eta hitz batzuk ere. Garunaren misterioak.

Atzo musika bidaia egin genuen Gaiarre Antzokian. Txangoaren antolatzaileak aholkatzen zigun nostalgian bertan goxo ez gelditzeko, behin eta berriz atzera denboran egiten genuen, baina aitzinera begiratzeko. Etorkizunerantz. Zalantzarik gabe, orainaldia bizitzeko kontzientzia izanez gero, atzokoa gozamen hutseko momentutzar horietakoa izan zen. Kantuen moldaketak musikalki bikainak ziren. Eta abeslariaren gidaritza, irudimena eta umorea ere paregabeak. Zein emankorra izan den bere ekoizpena hamarkada honetan, ikaragarria da, zenbat kantaren hitzak idatzi dituen pentsatzeak bakarrik bertigoa eragiten du.

Maiaren jarraitzailea naiz aspalditik, “Riomundo” iruditzen zait euskal literaturaren mugarri horietako bat. “Miñan” ere izan den moduan, atzo kontzertuan presentea egon zena (bi liburuen artean 10 urteko tarte zehatza dago, kuriositatez). Bizitzaren atzaparkadak ere islatzen dituzte biek ala biek, testuinguru desberdinetan. Biak ala biak migrazio istorioak dira, behin baino gehiagotan landatu-erauzi-landatutako zuhaitzok sustraiak non ditugu? Gora eta behera goaz. Atzo Iruñean beste Jon bat falta izan zen, bizitzaren gora-behera gazi-gozoek eraginda. Musikak goza ditzala bera eta etxekoak ere.

Azken buruan, puzzle bat gara, hainbat bizipenek osatutako bizitza bat. Hamaika kantuk osatutako kanta bat. Musikek elikatutako arima bat. Izan ere, atzoko moduko txuteak maiztasunez hartu beharko genituen. Osasunaren alde.