
#17 “Leviathan” Nick Cavek konposatutako eta Arthur semeari dedikatutako hil eta biziko kantua da. Leviathan itsas munstro biblikoa da, Arthur Cave irentsi zuena 2015ean. Aitak musikarekin bideratu zuen dolua hildako semearengatik. Anakotz Lasartek “Aitatxo” dokumentalaren bidez egin du aldarrikapena, gizonezkoak ere sentimen eta hausnarketa hauetan egon behar garela.
#18 Etor Larrañagak (argazkian eskuman) aukeratutako zerrenda eklektikoan Amustei, Harria, Bap! eta Hellacopsters topatuko ditugu. Ez da ohikoa pazientearen zaintzaile nagusia gizonezkoa izatea, medikuarenera gaixoarekin datorrena emakumezkoa ez izatea ez da sarri gertatzen. Baina Dimas Larrañagarekin kontsultara zetorrena Etor zen.
Ezin dugu bestela esan jendarte honetako ohiko hiritarra denik Etor, mainstream-ean goxo surfeatzen eta korrontearen alde masarekin bidaiatzen duenik eta bazter guztietan entzuten den musikaren zalea denik. Ezin dugu horrelakorik esan Iker Barandiarani buruz, Anakotz edo ni neuri buruz ere. Amankomunean dugu gainera zainketetan eta doluetan ibilitakoak garela. Eta, hala ere, gizonezkoak garela.
Hurrengo igandean ikus-entzun ahal izango dut Mallabian, gauzak ondo, Anakotzen pelikula. Eta txoko honetan bertan komentatuko dugu.
Bitartean, Aitziber Aranburuzabala eta Peru Atxari (argazkian erdian) eskertu nahi diet podkastaren saltsa honetan ibili ahal izatearen aukera. Aurten hasitako erronka berri ederra izaten ari da.





