Aldaparik ez

Kartxelako gailurrean.

Denok daukagu gure bazter kuttuna. Hondartza, baso, herri edo mendi hura. Neurea Anboto da, eta duela 25 urte lehenengo aldiz igo nuen. Denik eta igoerarik ederrena eginez, gainera, Axpe aldetik Larranora iritsita, eta hortik gandor guztia zeharkatuz tontorreraino. Ordutik, beste abiapuntu batzuetatik hasita, beste bide batzuetan zehar eta beste mendilagun batzuekin leku berean amaitu naiz. Bazter kuttunean.

Aurreko barikuan, 25 urte geroago, gandorreko bidea egin dut berriro, kasu honetan Atxartetik Larranora iritsita. Alpino Tabira-ko Humberto Amantegik lagunduta (anfitrioi mundiala!), ibilaldi atsegin eta dotorea egin genuen. Bezperan, haren mendi taldeak antolatuta, MHHH aurkeztu genuen Durangon. Erdi ahaztuta neukan zer zen sentsazio hori, aretoa beteta topatzearena, giza berotasun hura jasotzearena. Bereziki Debagoienean jaso izan ditudan sentipen atsegin horiek. Ba aurkezpenen amaiera honetan ostera ere gertatu da, hasiera hartan bezala. Aurpegi ezagunak eta ezezagunak egon ziren Zugaza zineman pasa den eguenean, astebukaerari ekiteko modurik ezin hobean.

Izan ere, Galeusca-ren XXIV. edizioa zain geneukan. Oraingo honetan, Erronkaribarreko iparraldean, Zuberoako eta Huescako mugetan. Badaude mendi kuttunak, gustukoak, harrigarriak, malkartsuak, leunak, gorriak, zuriak, nabarmenak eta ezkutatuak. Azken kategoria honetan nuen Kartxela pasa den asteburua arte. Orain dela 20 urte saiatu ginen Maider eta biok igotzen Uztarrozetik, baina elurrak, izotzak eta behe-lainoak atzeraka eginarazi gintuzten. Hortik gutxira, Miguel eta Iratxerekin batera itzuli ginen Mintxateko ibar eder hartara, baina behin Kartxelako zirkuan sartuta, beste gailur batera igo ginen. Asteburu honetan, 20 urte geroago, Luis, Franxo eta hirurok lortu dugu ezkutatutako tontor horretara ailegatzea, Mintxateko pista hartatik bertatik. Bide neketsua benetan, baina hura bizipoza!

Badaude bestela mendi madarikatuak. Balaitus izan daiteke, Annapurna, K2, Cho Oyu edo Gasherbrum II. Ez dakit mendi hiltzailetzat har ditzakegun, baina bizitza eta heriotzaren arteko muga hortxe dago, jakin barik askotan. Bizipoza eman ahal digute, baita bizitza bera kendu ere. Zapatuan, Belagoa aldean genbiltzan bitartean, Aretxabaletan “Bizir Eguna” ospatu zuten beste urte batez. Mikel Crespo gogoan izan zuten Kurtzebarri aldean, baita guk ere handik 200 kilometrotara.

Bizitza ospatu eta ez daudenak gogoratu, erabat lotuta dago bata bestearekin. Tristura alaitasunarekin. Eta gustuko lekuan, badakizue…

Viva la vida

Coldplay taldearen arrakastak, asteburu honetan Bartzelonan, geure proiekziora publiko gehiago etortzeko aukerak murriztu zizkigun. Ez dut beste azalpenik topatzen, hori izan beharko da. Barkatuko diegu, baina trukean, euren himnoa baliatuko dugu post honen izenbururako.

Gora bizitza. Horixe da “Mendian hil. Hirian hil”-en mezua, Mònica Algueró antolatzaileak solasaldiaren hasiera-hasieratik adierazi zuen moduan. Mahai-inguru moduan prestatu zuten,  Annalaura Cardella eta Marta Argilés psikologoekin batera. Oso gutxitan egon naiz horrelako formatu batekin bi urte eta erdiko ibilbide honetan, eta atsegina izan da. Arreta banatu zen lau pertsonen artean eta honek kolore gehiago eman zuen. Hizkuntzei dagokienez ere anitza izan zen, erronka nuen katalanarekin eta emaitza nahikoa duina izan zela uste dut.

Emanaldia formatu hibridoan izan zen, on-line jende gehiago zegoen bertan baino. Baina beti dago jendea aurrez aurreko berotasun hori ematen duena, kasu honetan Jordi Martínez, Fred Perers eta Pilar Vidal. Fred aspaldiko laguna da, “Llengües Vives” argitalpenaren arduraduna izandakoa eta katalan irakaslea niretzat. Jordi orain dela denbora gutxiagotik ezagutzen dut, eta oso lotura ederra izan zuen Jexux Zufiriarekin, dokumentala dedikatu nion pertsona maitagarri harekin (egun batean kontatuko dizuet istorio luze osoa). Fred eta Jordi egon dira trilogiako hiru lanen aurkezpen bartzelonarretan, hiruretan presentzia eskergarri horrekin. Pilar lehenengo dokumentalarekin ezagutu nuen, Palau Macaya dotorean egin genuen pasean, eta ordutik ez diogu elkarri pistarik galdu. Duela zehazki 9 urte izan zen, kasualitate bitxi horiek beti lanean. Bigarren dokumentalaren emanaldia, Calàbria 66 gune horretan, Robert Manrique handiari esker izan zen. Robert ezin izan zen etorri, baina presente egon zen. Lehenik eta behin, oraingo emanaldia bere gestioei esker sortu zen (moltes gràcies, COPC, per la vostra hospitalitat i generositat).

Beste bi pertsona ere etortzeko ziren, baina azkenean ez zen posiblea izan: Izaskun Andonegi, dokumentalaren protagonista eta aspaldiko bidelaguna, eta Cristina Llagostera, ezagutu baino lehen jada hor dagoena. Biak ala biak presente egon dira asteburu honetan.

Hirian bizi, herrian bizi. Honi buruz hitz egin genuen bereziki ostiraleko solasaldian, Marta, Annalaura eta hirurok. Bartzelonan bizi ala Sort inguruan, Pirinioetan. Italiako herri batean bizi, ala hiri handian. Egun hauetan Docs dokumentalen jaialdia izan da Kataluniako hiriburuan. Eta nik zinema ikusteko aprobetxatu dut eguraldi beroa. Dokumentalen ordez, fikziozko pelikulak. Eta lehenengoa “Le otto montagne” izan zen (Felix Van Groeningen). Torinon bizi ala Aostako ibarraren herri txiki batean, Alpeetan. Bi gizonen arteko adiskidetasunaren istorio ederra, baita ez dagoen aita baten eta semearen arteko harremanari buruzkoa ere, hil ondoren oso presente bilakatzen den aita. Pietrok eta Brunok ekiten diote hondatutako borda bat zutik ipintzeari, mendi aldean (txabolen asuntoa behin eta berriz agertzen ari da nire bizitzan). Hizkuntza festa hemen ere, italiera eta piemontera. Mendian hiltzea duintasunez? Pelikula honetan ere planteatzen dute. Zeure ametsei jarraitzea eta betetzen zaituenari uko ez egitea ere aldarrikatzen dute, nolabait. “The Fabelmans” (Steven Spielberg) pelikularen mezu nagusia ere badena, bestela, ikus-entzundako bigarrena egun hauetan. Hirugarrena, “Triangle of Sadness”, aparteko bide astintzaile batetik doa, punk xamarra, tarteka hard-core. Oso egokia hauteskunde egun baten bezperan.

Asteburua, hala ere, Zarautzen bertan hasi zen niretzat, etxean. Mendi Tourrak herrian laga zigun harribitxi bat, “Everest Sea to Summit”. Abenturazale australiar baten erresilientzia astonagarria. Indiako kostaldetik oinez Nepalgo eta munduko punturik altueneraino. Azken film honetatik, esaldi borobil batekin geldituko naiz: “Menditarrek munduko arraza bakar bat osatzen dute mundu osoan”.

Arraza menditar horretakoa zen, besteak beste, Xabi Ormazabal, ostiral honetan Urretxun gogoratu dutena. Bizi dira!

Medikuntza narratiboa

Albert Dupontel, Dr Sachs (“La maladie de Sachs”, 1999).

Ziur aski ez zen txiripa izan Psikiatria eta Medikuntzaren Historia karrerako notarik hoberenak atera nituen asignaturak izatea. Diego Gracia bigarren ikasgai horren irakasle eduki izanak ere zerikusi handia dauka, gustu handiz joaten nintzen bere klaseetara, Madrilgo Complutense Unibertsitatean. Bere apunteak irakurtzea eta ikastea betebehar hutsa baino plazerra zen niretzat. Eta iaz Mallorcan bera berriro ikusteko eta entzuteko zoria izan nuen, ez dakit zenbat urte igaro ostean.

Ez zen kasualitatea izan, ezta ere, epidemiologia izatea patologiak ikastean atalik gustukoena niretzat. Gaixotasun bat ikasten duzuenean, epidemiologia hasierako atala da, pertsonaren nondik norakoak azaltzen dituena, gaixotasunarenak deskribatu baino lehen. Hau da, estatistikoki nortzuk daukate probabilitaterik handiena gaitz hori edukitzeko: Emakumeek, gizonek, haurrek, nerabeek, adinekoek, arraza beltz, hori, zuri edo gorrikoek, geografikoki leku zehatz batzuetan bizi direnek…

Istorio kliniko batean, halaber, lehenengo atala horixe izan daiteke: Gaixoaren deskribapen laburra, haren ingurunearena, haren aurrekari familiarrena. Neuk idatzitako istorioetan, behintzat, hortik hasten naiz. Pertsonaren erretratua eta, gero, haren gaixotasun eta tratamenduen eta une hartako gaixoaldiaren aipamena. Medikuntza narratiboa bide horretatik doa, eta baita neu ere aspaldi hartatik, karrerako urte gazte haietatik. Humanitateek gehiago erakartzea zientziak berak baino. Unibertsitatean sartu baino lehen ere, COU egiteko “zientzia mistoak” izan zen nire hautua. Letretako mediku bihurtzeko bidearen lehendabiziko urratsak ziren, orduan horrelakorik bazegoenik ez nekien arren.

Baina, grazia handia daukan arren, hilabete honetan irakurri dut lehenengo aldiz “Medikuntza narratibo” hau zer demontre den. Familia Medikuntzaren Biltzarrean emandako ponentzia batean hitz egin dute honi buruz, tartean Mikel Baza bidelaguna zegoelarik. Eurei esker, jakin dut aspaldian hartu nuen ildoak izena badaukala. Beraz, bagara.

Rifeko istorioak

Tánger (Maroko).

Ama bizirik zegoenean, bidaia berezi bat egiteko gogoekin gelditu nintzen. Bera Marokoko iparraldeko kostaldean jaiotakoa zen, Rif aldean, eta zonaldea berarekin eta anaia-arrebekin batera bisitatu izana amets polita izan zen. Mundu onirikoan gelditu zen asmoa.

Behin bakarrik egon naiz Marokon, urte mordoa dela. Atlas mendikatearen aldean ibili ginen trekking bat egiten, eta Marrakex hiria ere bisitatu genuen, Bilbotik atera eta Penintsula guztia zeharkatu, ferry-az Gibraltargo itsasartea igaro eta Marokoko puxka handi bat korritu ondoren. Bazter ikusgarriak eta jende interesgarria, berbereak. Esan bezala, ama han jaio zen, baina iparraldean, Al Hoceima aldean. Melillatik 130 km-tara kokatuta dago, eta Tetuan hiritik 230 km-tara. Urte batzuk eman zituzten han, amonak kontatzen zizkigun animalia exotikoak agertzen ziren istorioak. Riftarrei buruz hitz egiten zigun, haiek ere berbereak, Atlas aldean bizi direnak bezala. Arabiera ere ikasi zuen amonak, behin tren bidaia luze batean bat egin genuen bagoian magrebtar batzuekin, eta txundituta entzun nuen zelan mintzatzen zen haiekin.

Hango istorioak kontatzen zituen Joseba Sarrionandiak ere liburu mardul hartan, amaitzerik izan ez nuena. Eta hango istorioak kontatzen ditu Iratxe Fresnedak “Tetuán” filmean, aste honetan Giza Eskubideen Zinemaldian ikus-entzun dudana, Donostian. Migrazio istorioak dira funtsean pelikulan jasotakoak, Iratxeren familiarena eta gaur egungo protagonista migratzaileena. Neure amaren istorioa bezala, kontatzea luze hartuko zuena, baita neure istorio propioa ere, neurri txikiago batean.

Migrazio orotan doluak daude atzean, galerak alde batetik, eta irabazteak bestetik. Horien arteko orekaren emaitza gara gu guztiok, horren ondorioa gara. Joan eta etorriena. Naguib Mahfouzek dioen bezala, ihes egiteko gure saiakera guztiak amaitzen diren arte. Hor eta orduan, gure etxea dago.

Suminetik Arpeara

Arpea leizea, Aezkoa eta Garazi aldeko mugetan.

Batzuetan momentu onek itxaronarazten gaituzte. Batzuetan zain egon behar gara urte batzuk, birus hark dena eten zuen tarte iluna barne. Baina azkenik, batzuetan, une gogoangarriak iristen dira.

Akaso ez gara joan sasoirik hoberenean, Aezkoako ibarrean berriz ere sumina piztu duten egun hauetan. Bistan da zauriak behin eta berriz zabaltzen duen jolas makabroa dela hau Zabalzatarrentzat. Behin betiko ixtea behar dutenean, familia honek eta beste hainbestek. Bakerik ez eurentzat, sumina, samina eta beste hainbat gorabehera emozional baizik. Eurentzat, ibarrarentzat, komunitatearentzat.

Aste honetan bertan, jardunaldi erabat interesgarria antolatu zuten Donostian, Mikel Zabalza bizi zen hirian. “Osasun mentala eta motibazio politikoko indarkeriaren biktimak” zuen izenburua saioak, eta bertan Carlos Martin Beristain, Pili Zabala, Sara Buesa eta Alberto Muñagorri egon ziren, besteak beste. «Biktimek identitate positibo bat berreskuratzea da ardatzetako bat». Beste ardatz bat elkarrizketa (orduak eta orduak eta orduak…), hitz egiten eta entzuten. Ematen eta jasotzen. Enpatia da beste gako bat, ezinbestekoa. Eta urrats bat haratago, errukia gehituko nuke, aldarrikatu behar den kontzeptu handia. «Denborak ez baitu dena sendatzen», baizik eta denborarekin egiten duguna.

Asteburuan, Ariben, “Suminetik eta saminetik bakera” aurkeztu dugu. Urte batzuk emanaldiarena planteatu ostean, azkenik iritsi da. Aribetik gertu, Orbaizetako Olan dago Zabalzatarren etxea eta Orbaizetako hilerrian bakean atseden hartu zuen Mikelek. Bakean? Zer da bakea?

Jakinda gizartean orokorrean hausnarketa hauek urrun daudela mainstream guztietatik, eta kontuan hartuta norabide guztietan piztu daitekeela sumina, egun hauetan ere ikusi dugunez, argi izan behar dugu norantz joan nahi dugun. Irribarrea nola edo hala ezin dugula galdu. Beti egongo dela norbait, Ariben konprobatu genuen bezala, gai dena ideologiatik haratago beste pertsona batzuen sufrimenduarekin konektatzeko gai dena. Enpatia deitzen duguna, hain zuzen ere.

Eta bakea, agian, babesa ematen digun leku hori izan daitekeela. Paraje berde ikusgarri haietan dagoen leize hura bezala. Edo mendiko harrizko borda abegikor hura.

Esker mila, Aitziber Olabarrieta.

Ura falta zaigu

Euria iragarri dute arratsalderako – Araba – Alea.eus

Abuelo Salva Peña Burgosko ur biltegiaren arduraduna zen, eta hiriko goialdean bizi ziren, gazteluaren hondakinen inguruetan. Amatxi Pilar Iturriak abizenean zeraman, baita aitak ere, baita nik ere. Ama Mediterraneoaren ertzean jaio zen, Serraten abestian bezala. Bere kasuan, Marokoko iparraldeko hiri batean. Haren ama Ebro ibaiaren ertzetan jaio zen, Zaragozan, eta aita, Gállego eta Aragoi ibaien artean.

Ur jendea, itur jendea, itsas jendea, ibai jendea. Zerrenda osatzeko Arlanzón, Nerbioi-Ibaizabal eta Onin erreka (Bidasoaren adarra) eta Lekeitio eta Zarauzko itsasertzak apuntatu behar ditut. Bai, hidrofiloak izan gara gure familian, eta ni behintzat erabat zalea naiz, edozein ur putzutan sartzekoa, hotza izan ala beroa. Mundua sailkatu daiteke modu honetan ere, eta gaur egun hidrofoboak dabiltza goleatzen nagusitasun osoz. Euriarekiko fobiari dagokionez, behintzat, aldarri ozena da. Oso gutxi gara hidrofiloak, eta geure artean ahapeka egiten dugu berba, klandestinoki.

Eta hau guztia dator “Jende likidoa” liburua irakurri dudalako (Nerea Arrien, 2021). Txunditu nau bere idazteko moduak, haize freskoa izan da. Poesia liburua iruditu zait, prosan idatzia. Istorio solteak ematen dutenak lotuta daude, gainera. Ibai guztiak itsaso berean amaitzen dira. Lekeitiorekin konektatu nau ostera ere, halaber.

Liburuaren mamia eta post honek daukana nahiko desberdinak dira, baina Katixa Agirreren “Sua falta zaigu” gogora etorri zait, eta aldaketatxo bat egin dut, garai idor hauetara egokituta.

Aldarri xuxurlatua izan da hauxe, gogorarazi nahi duena zuhaitzek, loreek eta landareek, argiaz gain, ura behar dutela bizitzeko. Guk jendeak bezala, baina ez esan inori.

Zahartzearen pozak

“Herri txiki, infernu handi” saioko argazkia (ETB1).

Igandeak oso egun aproposak dira egunkaria lasai irakurtzera esertzeko, bizitzaren plazer txiki horietako bat praktikatzeko. Plazer ‘zaharruno’ horietakoa, alegia, are gehiago gaur bezalako domeka euritsu batean. ‘Bizitzaren igandean’ ez nago oraindik, baina gustatuko litzaidake iristea, nola ez. ‘Ostegunean’ egongo naiz, honezkero, eta gustura irakurtzen ditut igandean daudenek idazten dituztenak.

Gaurko egunkarian, Andu Lertxundi herrikideak “Zahartzaroak badu idazten dionik” artikulua argitaratu du, harribitxiz betea: “Egunero ikusten nuen zahar jendea murrizten ari da, batek etxetik irteteari utzi behar izan ziolako; halakok munduari agur esan diolako”. Bizitzaren azaroan edo abenduan egongo da Andu, talaia horretatik mundura begiratzen du: “Iritsia naiz zahartzarora, eta Mari Luz Estebanen hitzekin esateko, «ez diot uko egiten zaharra naizela aitortzeari. Za-ha-rra»”. Neu abuztuaren amaieran edo irailean nago, baina bat egiten dut berarekin hurrengo pasarte honekin: “Pentsatzen hasia nago honezkero ez ote dudan hildako jende gehiago ezagutzen bizirik dagoena baino”. Ez dakit zuek, baina neu puntu horretantxe nago, lanbideagatik izango da seguru, baina horixe bera sentitzen dut.

Aurrera jarraituz, zahartzaroa da “bizitzak emandako azken aukera, beraz. Bizitzaren misterioa ulertu nahian segitzeko pagotxa“. Zortea ez, askoz gehiago, pagotxa. Zoria eta zahartzaroa uztartuta, ongi. Espiritualtasunean bete-betean sartzen, bikain. Eta beste kontzeptu desiragarri bat zahardadearekin lotutakoa, askatasuna. Hau, berriro, Mari Luz Estebanen hitzetan: “Zenbat eta zaharrago libreago. Libreago nahi dudana esateko, libreago nahi dudana egiteko“.

Amaitzeko, pozari buruz idatzi du kazeta berean Onintza Enbeita handiak: “Ez genioke geure buruari ezer bizitzerik ukatu behar: doluan dolu egiten jakin behar da, eta parrandan parranda, eta pozean barre, eta tristuran egon, eta zoriona eskuekin uki dezakegunean heldu. Joango da etorri den moduan; beraz, ez bainarik jarri. Ez gaitu beste munduan inork zigortuko zoriontsuegiak izan garelako“. Andurengana itzulita: “Atxakiak ez dira aitzakia“.

PD.- Adina eta bizipoza.

Behin behintzat

Bizitzan behin musulmanak Mekara edo kristauak Santiagora joateko dauden aginduak bezala, badaude Asturiasen pare bat leku bisitatzeko derrigorrezkoak,  Iberiar penintsulako iparraldean bizi garenontzat behintzat ezinbestekoak.

Lehendabizikoa, Covadonga eta inguruak dira. Nonbaiteko erdigunean egoteko sentsazioa hartzen duzun toki berezi-berezia da, Arantzazuren oso antzekoa. Bigarrena Sella ibaia da, eta zehazki bertan piraguetan egindako jaitsiera, “hil baino lehen nahi dut…” zerrendan apuntatu beharrekoa. Kantauri itsasoko ertzean bizi baldin bazara eta erdi sasoian baldin bazaude, behinik behin.

Duela urte mordo bat zerrendatik kendu nuen kanoen plana, ilea neukanean. Eta pasa den asteburuan bigarren aldiz igo nintzen Cuadongako santutegira eta aintziretara, aurrenekoa txikitan izan zelarik. Zorte handia izan nuen eguraldiarekin eta, euria lagun, ganorazko bisita suertatu zen. Bezperako sargoriaz libratu eta freskura itzuli zen paradisu hartara larunbatean, orbayu azpian ia-ia Vega de Arioko aterpetxeraino iritsi nintzen Ercina lakutik abiatuta, 5 orduko ibilbidean.

Peña Santa mendi-taldeak antolatuta, “Mendian hil. Hirian hil” proiektatu behar genuen Cangues d’Onís-en ostiralean, eta hara abiatu nintzen autokarabanaz. Asturiasen lehenengo aldia zen trilogiako dokumental bat aurkeztu ahal izaten genuela, horren aldetik beraz oso pozgarria. Goiko paragrafoan kontatutakoa ere gertatu zen, bigarren poza. Eta hirugarrena, domekan egindako mendi buelta dotorea, Pongako natura parkean, Peña Santakoek lagunduta eta Picu’l zorru gailurreraino igota. Azeririk ez, baina oreinak, sarrioak eta igaraba moduko bat topatu genituen.

Paradisuarena ez da amu turistiko soila, behin eta berriz familiarekin itzuli naizen lurraldea da hau, eta hiru Galeusca ere antolatu ditugu bertan (Horcaos Roxos, Picu Tesoreru, Peña Ubiña, Fontanes, Picu’l Vientu eta Cantu’l Osu). Hitzez hitzekoa da kontua.

Bestela, bizitzan behin eta berriz bidegurutzeetara iristen gara, eta bide bat edo bestea aukeratu behar dugu. Aurreko asteburuan benetan konplikatua zen hautua, Bilbon lagunekin sekulako musika plantzarra neukalako. Osasunaren alde egin nuen, itxura guztien arabera.

 

PD.- Santiago de Compostela edo Covadonga euririk gabe bisitatu baduzu, hobe duzu bueltatzea zorte klimatiko handiagoa izango duzunean. Eta, jakina, gauza bera aplikatu dakioke Bilbori. Gero eta zailagoa da kontua, baina ez ezinezkoa.

Gu sortu ginen enbor beretik…

…sortuko dira bertzeak.

Gaurko egunez, abuela ekarri gura dut gogora, bizitza erraza ez zuena eduki. Batetik bestera bizitokia aldatzen joan zena. Garai hartan senarrarengandik (abuelorengandik) banatu egin zena, geure ama aurrera atera zuena.

Gaurko egunez, amaz gogoratzen naiz. Gai izan zena gidatzeko baimena ateratzeko, zer eta hiri erraldoi hura gurutzatzeko eta geu txikitan eskolara kotxez eraman ahal izateko, Madrilen.

Gaurko egunez, arrebaz oroitzen naiz. Gai izan zena Albaitaritza ikasketak odolez, izerdiz eta malkoez aurrera ateratzeko. Gaur egun ez dakit albaitari hobeagorik topatu ahal izango duzuen Bizkaia aldean.

Gaurko egunez, amatxi oroimenera erakarri nahi dut, oroimena galdu zuena. Baina hitzak guztiz ahaztu baino lehen, hizkuntza berarengandik niregana iritsi zitzaidan. Opari erraldoi hau egin zidan.

Gaurko egunez, izebaz gogoratu nahi dut. Erizaina izanda, gure etxeko medikua izan zena. Berak hartutako lekukoa orain nik eramaten dut. Oroimena galdu baino lehen, berriro gogorarazi nahi diot.

Gaurko egunez, lehengusina gogoan dut. Bera ere bizilekua aldatzen joan da. Berak ere ikasketak odolez, izerdiz eta malkoez aurrera atera ditu. Zenbat pozten naizen berriro bat egin dugulako.

Eta gaurko egunez, azkenik, alabaz oroitu nahi dut. Enbor haietatik eta Errenteriakoetatik etorritakoa. Geu egongo ez garenean, espero dut mundua oraindik leku bizigarria izatea. Eta berak nahi duena izan ahal izatea.

Sorionegu

Iaz gehien aipatutako hitzen artean egon zen Arangurenen aurkitutako berba fosil zoragarria. Aurtengo negu harrigarri honek ekarritako elurragatik bizitako zorionarekin nahastuta, testu honen izenburua dator. Ekaitz Zilarmendiri irakurri niona, bertzalde. 

Negua, hotza eta euria, hala ere, postmodernitateak saihestu nahi dituen eleak dira. Heriotza eta zahardadea bezala. Ezkutatu beharrekoak, ahoskatuz gero erakarriko bagenituzkeen bezala. Pack berean ikusten ditut aspalditik, bizitzaren kontu itsusien artean sailkatutakoak. 

Jendartearen gehiengoak alde itsusia besterik ez die ikusten kontzeptu hauei. Batzuk, bitartean, beste aldea ere erakusten bagabiltza. Atzo, adibidez, MHHH dokumentala aurkeztu genuen Elizondon. Doluei buruzko trilogia honen dokumental batekin, lehendabiziko aldia izan da Baztanen egon naizela. Dolores Redondo bezala, trilogia eta guzi! 

Mikel Idoate eta Izarra tanatorioarekin batera egindako lehenengo kolaborazioa izan da, eta zorionez azkena ez da izanen. Ba atzo Mikelek, emanaldiaren promoa egitean Xorroxin irratian, “arratsalde polita” pasatzea espero zuela erran zuen. Eta hala izan zen, heriotza eta doluari buruz mintzatzen arrasti hotz-hotz polita igaro genuen. 

Beroa pertsonek ipintzen dugu, geure presentzia eta bihotzarekin. Milesker Mikel, Amaia eta Aizpeari, bakoitzari berea, badakizue zergatik. 

Sorionegu!