Liburuaren azalean, nola ez, mendi bat. Baina ez edozein, baizik eta hiru tontor dituena, argazkian agertzen dena (ezkerretik eskuinera: Hirumugarrieta, Txurrumurru eta Erroilbide). Aitak erreferentziatzat zeukan mendia. Mugalaria, Gipuzkoa eta Nafarroa artean, eta Lapurditik nahiko hurbil.
Hiru tontorrena, izenburuak aipatzen duen trilogiagatik da. Baita liburua hiru hizkuntzetan idatzita dagoelako ere. Hasteko, eta estreinatzeko, euskaraz, noski. Booktegi plataformaren bidez, eta Aritz Brantoni esker. Hementxe duzue irakurgai: “Heriotzak eta doluak. Trilogia dokumental bat“.
Txikitan izan nahi nuena idazlea zen. Eta une hauetan, amaz eta amonaz gogoratzen naiz bereziki, eurek ederto ezagutzen zutenez idazteko neukan grina. Pozik hartuko zuten pasa den ostegunean argitaratu berri dugun liburuaren albistea.
Bestela, abeslaria abesten duena edo idazlea idazten duena dela esatea orokorregia da. Agian “ondo” gehitu beharko genuke (idazlea ondo idazten duena da). Edozein modutan, idaztearena aspalditik praktikatzen dudan zera bat da, eta blogarena entrenamendurik hoberena izan da, astean behin duela… 20 urte! (mila esker, Igor Leturia). Hasi Goienan, Mahatsorriekin jarraitu (ene! haiek garaiak!) eta bueltan Goienan.
“Zinemagilea” hitzarekin ere antzeko zeozer gertatzen zait, are okerragoa da egia esan. Batzuk animatzen dira horrela deitzen, baina urrutiegi gelditzen zait. Suposatzen dut komikiak literaturarako direnak direla dokumentalak zinemarako. Orduan “dokumentalgilea” horrekin bai, ados. Denok pozik.
Teaser moduan, edo amu moduan, hemen lagatzen dizuet beheko sarrera hau. Eta goiko linkean, liburu osoa, soinu-banda eta guzti.
Letren eta zientzien artean aukeratzeko esaten digute gaztetan. Bideak, hala ere, tarteko lurralde bat badagoela erakusten digu, eta batzuk hortik ibiltzen gara gure profesioetan. Liburu honetan, funtsean, medikuntza narratiboa izeneko hibrido baten emaitza da. Zinemaz, literaturaz eta psikologiaz irakurriko duzu, batik bat. Eta atzean, musika.
Bideak, halaber, irakasten digu bizitza hainbat emozio eta bizipenen arteko nahasketa dela: pozak eta tristurak, minak eta osaketak, erorketak eta altxatzeak, haserreak, itxaropenak… Zientziak dena ezin duela azaldu eta konpondu gogorarazten digu liburuak ere. Fantasia eta errealitatea ez nahasteko. Barrukoak partekatzen ikasteko. “Beti beste tontor bat badagoela gure zain”.
Manuela Jaen hiriaren inguruan dagoen herri batean jaio zen, eta txikitan emigratu zen Gipuzkoara, Gerra Zibiletik ihesean. Orain dela urte batzuk ezagutu ginen Arrasaten, eta esan dezaket iltzatuta gelditu zaidan paziente haietako bat izan dela. Prozesua bereziki ondo garatu eta amaitu zen, beti gertatzen ez dena, zoritxarrez.
Kausalitatez, Manuelaren alaba bat ospitalean topatu nuen pasa den astean, eta berriro berataz gogoratu ginen. Noiz eta Jaen aldera abiatu behar nintzen bezperetan. Izan ere, Andaluziarekin azken hilabeteetan hartu eta emana ez zen bukatu 2024ko urrian. Izan ere, azaroan RedPal ekimenaren bidez parte hartu ahal izan nuen saio kliniko birtual batean, “Procesos de morir y duelo a través de una trilogía documental”, asko disfrutatu nuena eta linkaren bidez ikus-entzun dezakezuena (mila esker, María Escudero!).
Urtarrilean, bestela, Joan Carles March-ek Granada Digital telebistan daukan “Salud a todo Twitch” programan “Duelo y cuidados paliativos desde la perspectiva del cine” izeneko saioa partekatu nuen Julio Gómez eta Montse Esquerda handiekin. Eta aprobetxatuko dut bloga hirurei eskertzeko, zinezko ohore handia izan zelako niretzat hor egotea, 8.000ko horretan.
Eta orain, otsailean, azken bidaia egin dut haruntza. Arrazoi nagusia MHHHen emanaldia izan da (ikus goiko kartela), Úbeda hirian aurreko astebukaeran egindakoa. Minbiziaren aurkako elkarteari esker izan da ekimena (Sergio eta Rocío), Ubedako zainketa aringarrietako taldea anfitrioi lanetan (Soledad, Blanca eta Cristina). Emanaldi polita.
Hirian bisita patxadaz egin ahal izan nuen eurekin, euria lagun, eta hainbat txokoren artean, San Lorenzo eliza izandakoarena aipatu nahiko nuke, harrigarria eta interesgarria, Santiagoko ospitalea, Santa Maria, Uraren sinagoga eta El Salvador-ekin batera. Bibliografia onarekin itzuli naiz gainera, irakurtzeko liburu pare batekin.
Eta begira gelditu zaidan mendilerro oso bat, nik berari eta berak niri.
Near Biarritz during a winter storm (REUTERS/Regis Duvignau)
Bizitza guztirako markatuta gelditzen zaizkigun hilabeteak daude egutegian. Urtez urte faltan ditugunak gogoratzekoak, bizi garen bitartean. Mariarentzat uztaila dena, Sararentzat otsaila da. Uztailean Juan Mari erail zuten, eta Fernando (eta Jorge) otsailean. Bihotzeko orbainak seinalatutako hilabete horietan ernatzen dira, hor jarraitzen dutela abisatzeko.
Alberto gure aita ere uztailean hil zen, eta ama otsailean. Hilabete honetako lehenengo egunean, duela 10 urte, minbiziak Irune kolpatu zuen azken aldiz. Gaur gogoan hartu dut, “Aulki hutsak” Mendaron proiektatu dugunean. 10 urte zurztasun bitxi hori sentitzen hasi ginenetik, funtsezko bi aulki huts horiek ditugunetik. Bitxia diot, adin batekin gertatu zelako, gu umeak ez ginelarik. Baina goizegi, edozein modutan. 73 urte berak, 43 nik.
Gaur dokumentala hamaikagarren aldiz ikusi dut, gurasoen Donostiako etxearen irudiak ikusi ditut berriro, erabat aldatuta dauden txokoak. Bertan etxe hartan hil zirenetik gauzak dexente aldatu dira. Lesakako kanposantuko hilarrian, adibidez, amaren izena ez zen agertzen orduan aitarenarekin batera (amatxi eta abuelorekin ere batera). 2013a zen pelikula grabatu genuenean, ordurako minbizia martxan zuen amak, ebakuntza eginda, baina gaixotasuna oraindik bizirik. Diagnostikatu ziotenean, 2012ko abenduan, krisialdi hartan AH egiteko zera hori piztu zitzaidan. Aita omendu nahian, eta amaren bizitza ere kolokan.
Otsailean ere hil zen amaren ama, abuela Mari, harekin lotura handia neukalarik. Hutsune handia laga zidan. Kuriosoa da amona hil zen egun berean anaia Albertoren urtebetetzea izatea, otsailaren 16a. Hilabete honetako bi marka horiek batera datoz, heriotzarena eta bizitzarena.
Zezeil honen amaieran, azkenik, aspaldiko amets bat egia bihurtuko zait, honekin guztiarekin loturik. Bihotzeko orbainak goxatzeko.
Victor Montori eta Fares Alahdab medikuek sinatzen dute artikulua eta, hasierako paragrafoan, deskribatzen dute zein izan beharko zen sendagile batek egin beharreko lana gaixoekin, kalitatez, humanitatez eta, aldi berean, zientzia aurrerakuntzetaz baliatuz. Lehen Munduan egin dezakeguna.
Bigarren paragrafoan, oso bestelako eszenatokian sartzen dira, “iluna, latza eta ankerra” den lekuan. Non teknologia erabiltzen den bizitzak suntsitzeko, sendatzeko edo salbatzeko baino. Horietako asko umeak, “children of the Levant”. Ekialdeko umeak. Errugabeak.
Bitartean, hemen, gure burbuilan, zerbait paradoxikoa gertatzen zaigu: Gure burua jotzen dugu zaintzaile unibertsal moduan (“universal care givers”), baina beste aldetik, gure bizitzetan jarraitu ahal izateko, ez gara arduratu behar munduko beste leku hartan gertatzen ari denarekin.
Baina, arduratzen bagara, konturatuko gara zein desberdintasun erraldoia dagoen “gure bizitzaren eta haien heriotzaren artean”. Eta horrek zalantzatan jarri dezake gure eguneroko lanaren zentzua, zehaztasun guztiekin eta milimetrikoki egiten duguna, pertsona bakar batekin egiten ditugun ahalegin guztiak, jende multzo handi hark pairamen gupidagabeak jasaten dituen bitartean.
Palestinan gaixoak eta osasungileak pairatzen ari diren basakeriak interpelatu behar gaituelako. Zenbakiak izugarriak dira, zenbat ospitale hondatu dituzten hilabete hauetan guztietan, zenbat paziente erail dituzten, zenbat osasungile akabatu eta zauritu dituzten. Eta, zenbakien atzean, izen-abizenak. Errukiagatik. Duintasunagatik. Gutxieneko humanitateagatik. Hangoak ere, nolabait, gure pazienteak direlako.
“Aski da” esateko aspaldian sentitu nuen nik behintzat barneko bulkada. Jendea antolatu da Osakidetzan eta Osasunbidean, “Sanitarioak Palestinarekin”, Nafarroako osasungileak. Ez dakit medikuak ote garen aktiboenak mugimendu hauetan, ezetz esango nuke. Etiketen beldur, erosotasunetik ateratzeko inolako interesik gabe, beste leku batera begiratzeko rictus horrekin. Indiferentzia horrek, kasu askotan, ez du esan nahi izango benetan ez dugula ezer sentitzen. Baina gizarteko sektore guztietan, herrialde guztietan eta historia guztian zehar errepikatzen den axolagabekeria mingarria da. “Nola izan zineten gai ezer ez egiteko?”, galdetuko digute gure bilobek. Jakin barik gauza bera pentsatu genuela geuk, beste parametro batzuekin, akaso geure gurasoetaz, geure aitona-amonetaz. Denok geure lotsak.
Konpromisoa hartzeko, beharbada, itxaron behar izan dugu goiko argazkia ikusi arte. Hossam Abu Safiyaren istorioa jakin arte, edo Khaled Nabhanena (“soul of my soul”). Edo agian hurrengo urtean esnatzeko momentua iritsiko al da? 2025ean izango al da?
Inshallah! אינשאללה / لو شاء الله
PD.- Mila esker Alberto Meléndez lankideari, artikuluaren berri emateagatik.
Erabat lotuta daude zainketa aringarriak eta esker ona. Hauxe da arrazoi nagusietakoa, gure burua erre barik, aurrera jarraitzeko. Motibazioa mantentzeko, ilusioa, errukia. Jasotzen eta ematen dituzun eskerrak. Kontu zirkularra delako beti, ez norabide bakarrekoan. Julio Gómez handiak esaten duen moduan, gaixoak direlako gure maisu-maistra nagusiak.
Are gehiago, hartu eta eman horiek guztiak izango ez bagenitu, nekez aurreratuko genuke. Buruarekin hainbat gauza ikas ditzakegu, lan intelektual hori egin dezakegu, gaur egun dena (edo ia dena) on-line dago. Sare sozialak ere lagungarriak dira artikuluak irakurtzeko, webinarrak, bideoak, grabatutako hitzaldiak edo jardunaldiak ikus-entzuteko. Hori guztia egin dezakegu, maila teorikoa ondo finkatuta izan eta oinarri sendoa.
Horretarako, jakinmin handia pizten zidan liburu honek (ikusi goiko azala), eta azkenean egin dut egin nezakeen hoberena, herriko liburu-dendan erosi eta irakurtzeari ekin. Maria Arantzamendi eta Mariano Crespo dira argitalpenaren koordinatzaileak, eta izenburuaren azpian dagoen beste izenburu txikiagoa ezin iradokitzaileagoa da: “Klinikoen eta filosofoen arteko elkarrizketa”. Momentu honetan liburuan murgilduta nabil, pasarteak azpimarratzen, gustura. Lan intelektuala egiten.
Eta, bitartean, eguneroko praktikarekin jarraitzen: kasu konplikatuak, komunikazio erronkak, arazo administratiboak, harreman gatazkatsuak, gaizki ulertuak. Eta ezohiko egoerak, azalpenik gabeko gertaerak (espiritualak deitu), ezuste atseginak, konpondutako arazoak, harreman estuak, maitasuna, komunikazio naturala, bihotz beteak…
Urtez urte, paziente baten alargunak berak egindako erroskilak ekartzen dizkit Gabonen atarian, nire amak egiten zituenak gogorarazten dizkidatelako. Ospitalera etortzen da, tarte bat egoten gara kontu kontari. Bera ere, senarraren moduan, minbizi batekin ibili da gaixorik, baina bere kasuan zorionez gaindituta. Aurten, patxaran botila bat ekarri dit, berak egindakoa (!). Itzela da konfiantza hori, niretzat behintzat gure lanean izan dezakegun seinalerik hoberena da. Eskerrik asko, A!
Eta 2024an zehar ezagututako maisu-maistra guztiei ere eskerrak, hemen fisikoki jada ez daudenei. Hau irakurtzean akaso identifikatuko duzu aita, ama, arreba, ahizpa edo bestelako senideren bat, jakin ezazu maisu-maistrak direla guretzat, niretzat.
Udazkena sasoi bereziki ederra da Gaztela aldean. Burgosen, Sorian, Palentzian edo Valladoliden, zumar eta makalen hosto horiak, laranjak, gorriak ta marroiak ikuskizun hutsa dira urteko garai honetan. Aurreko astean, bira txikia egin nuen Tierra de Campos aldean MHHH-ekin, azaroaren 14an eta 15ean. Datorren hilabetean 4 urte beteko duen dokumentalarekin.
Palentzian ekin nion txangoari, uste dut orain arte inoiz bisitatu ez dudan hirian. Bertako erdigunean, orain dela gutxi berriztatutako areto dotore batean, proiekzioa egin genuen. Bete-beteta egon zen kulturgunea, eta horretan zerikusi handia izango luke, zalantzarik gabe, Tente Lagunilla alpinista palentziarra solasaldian egoteak, Marta Sánchez erizaina eta antolatzailea, Leandro Maroto medikua (eta laguna) eta hirurokin batera. Palentziako iparraldean dauden Espigüete, Curavacas, Peña Prieta, Pico Murcia eta mendi haiek ondo baino hobeto ezagutzen ditu Tentek, baita Hegoamerikako eta Himalaiako hainbat gailur ere. Bizitza eta heriotzaren arteko marra fin hura ere ondo ezagutzen duen moduan, sorospen lanetan mendian hainbat aldiz egondakoa. Giza instituzio bat, goitik behera, ezagutzea plazerra ematen duena.
Palentziako egonaldia osatzeko, hurrengo egunean ospitale nagusian antolatua zeukaten jardunaldian parte hartu nuen, zainketa aringarrietan dihardugun lanbide desberdinak ordezkatuta zeuden mahai-inguru batean. Ondoren, bildotsa eta lurralde haietako beste plater batzuk zain genituen bazkaltzeko, ondo borobiltzeko.
Palentziatik Valladolidera salto egin nuen. Orain dela urte bat, Salamancatik nentorrenean, kontatu nizuen gertatutako momentutzarra. Bizitzak dituen distira zoragarri horiek. Ba lehengo egunean Laura González Alonso-Lasheras-ekin berriro egon nintzen, egon bakarrik ez eta bere familiarik gertuena ezagutzeko aukera izan nuen: Ahizpa, neba, ama, alabak eta senarra. Eta Miguel (gazte hildako nire ikaskidea eta laguna izandakoa, eta Lauraren neba) oso presente izan genuen. Dokumentala Montañeros Vallisoletanos-en lokalean proiektatu behar genuen eta hori izan zen arrazoia berriro biltzeko. Bezperan Palentzian eta orain dela aste batzuk Andaluzian gertatutakoa berriro errepikatu zen: Aretoa bete egin zen. Toperaino. Nirekin han jesuitekin ikasitako gelakide bat etorri zen, sekulako ilusioa egin zidana, Bilbotik Valladolidera orduan bizitzera joandakoa. Proiekzioa ahalbidetu zuen Roi Arias ere hor egon zen, Granadan jardunaldi bat ezagutu nuena. Gaiarekin interesatuta zegoen onkologo ‘rara avis’ bat ere hurbildu zen. Aurretiazko borondateen dokumentuaren arduraduna Valladoliden. Eta mendizale pilo bat.
Baina benetan kontatzeko modukoa izan zen proiekzioan gertatu zena: Pantaila nahiko baxu zegoen, eta azpitituluak behe-behean. Hainbeste, non ikusle gehien-gehienek ezin izan zituzten ondo irakurri. Eta beraz ezta ulertu ere. Harrigarriena izan zen inor ez zela mugitu, hasieran zurrumurru bat sumatu banuen ere, berehala isiltasuna erabatekoa izan zela. Geroago, gainera, esan zidaten pelikulak transmititu ziela, irudiekin eta musikarekin, hitzekin ulertu ezin izan zutenak. Horrek berresten digu zein garrantzitsuak diren begiak, begirada, jarrera eta, ondorioz, bihotza. Hizkuntza ez da oztopo bat izan behar, ezta aurkako baldintza haietan ere. Chapeau, Valladolideko mendizaleak!
Amaiera dotorea izan zuen topaketak. Laura eta Raulen etxean gelditu nintzen lotan gau hartan. Berandu arte egon ginen kontu-kontari, eta euren lorategitik jade landare bat oparitu zidaten. Bizitzaren zuhaitza deitzen diote. Ez esan, sinbolikoa erabat.
Udazkenean jaioa eta udazken zalea naiz. Klima aldatzen hasi denetik, hala ere, oso tarteka gozatu ahal izaten dugu urtaro honetaz, haize hegoa gainetik ezin astindu. Hondamendiak ez aipatzeagatik.
Nafarroa Beherean, lehengo egunean, mendi txango bat egin nuen Zarauzko lagun batekin. Egun epelegia larrazkena izateko. Baigorri eta Bidarrai artean, bide bat igotzen da oso distantzia laburrean eta desnibel handian Iparlako tontorreraino. Beherako bidean, haritz baten gerizpean jezarri ginen zeozer bazkaltzeko. Animikoki ez zegoen ongi laguna, lankide bati minbizi bat diagnostikatu diotenez. Guri medikuoi ere okerrena egokitzen zaigu lantzean behin. Eta Juanjo San Sebastianen hitzak gogoratu nituen, 1994an, K2 mendian bere sokakide eta laguna galdu baino lehen, pentsatu zuenean okerrena egokitu ahal ziela bere espeziokideren bati, edo hari berari. Bihozkadak dira, edo besterik gabe iristen da momentu bat zure zaurgarritasunaz jabetzen zarenean. “Mendian hil. Hirian hil” proiektatu genuen egun horretan Gernikan, goizean Bidarrai aldean ibili eta gero, eta solasaldira hausnarketa hau ekarri nuen.
Bi egun geroago, Lakuntzan dokumentalaren beste pase bat izan genuen, Sakana aldean. Emanaldi arrunt berezia izan zen. Izan ere, aste batzuk lehenago, hortik oso gertu, Ziordiako mendialdeko horma batetik Ekhi Arroyo gasteiztarra hil zen. Radio Vitoriaren elkarrizketa baten bitartez ezagutu nuen gertatutakoa, bertan gure dokumentala aipatu zuten eta hurrengo emanaldia non izango zen. Hara etorri ziren Ekhiren senideak, sekulako indarra erakusten, hain kolpe gogorra jaso berriak. Euren erresilientziaren gako nagusietakoa aste hauetan jasotako sostengua izan da. Ekhi oso pertsona sozialki aktiboa zen, eta komunitatearen zati handi baten dolu kolektiboa laguntzen ari da familiaren dolua arintzen. Horren lekukoa izan ginen udagoieneko lehengo egunean.
Pasa den asteburuan, azkenik, Bizkaira itzuli nintzen. Arratia aldean antolatu zuten, bigarren urtez jarraian, Denboraren igarotzea nabarmena da, orain dela 11 urte estreinatu genuen dokumentala berriro ikus-entzutean. Nola joan garen zahartzen partaideok, zenbat gauza gertatu zaizkigun 11 urte hauetan. Horietako batzuk gogoratu nituen solasaldian, Igorreko kultura etxean. Izan ere, ariketa ona da lantzean behin horrelako errepasoak egitea gure bizitzei. Zertan hobetu garen eta zertan ez dugun asmatu. Zer daukagun egiteke, kontu garrantzitsuen artean. Zeren zain gauden.
Udazkeneko egun hauetan menditerapian ibili naiz Pagoetan, Iparlan, Altzanian, Gorbeian eta Ireberren, konpainia onean. Zazpietatik bost probintzietan. Bizi garen seinale. Hurrengo udagoienean SB-ren emanaldi bat egiteko gelditu gara Igorreko antolatzaileekin. Kateak ez du eten.
Hilezkortasunaren bila dabil gizakia noiztik, Antzinako Egiptotik , Santimamiñetik? Noiztik haren aurka borrokan? Magiaren bidez, zientziaren bidez. Zahartzearen aurka, Herioaren aurka.
“S(u/a)minetik bakera” obran, indarkeriarekin lotutako heriotzari buruz hausnartu genuen, zehazki. Betiereko desioekin, kontu ilunetatik ikastea, berriro ez gertatzeko. Bakea bortizkeriaren gainetik gailentzea. Heriotzen iturri handi bat ixtea. Hala ere, ematen du indarkeria Santimamiñeko garaietatik datorrela, Antzinako Egiptotik. Kontaezinak dira gudak munduan, mendez mende. Guda zibilak, Karlistaldiak, Munduko Gerra biak. Holokaustoa, Palestina. Itxura guztien arabera ez, ez dugu akatsetatik ikasten. Su bat itzali ostean berriro beste bat pizten da. Txingarrak hor azpian daude, haize egoki batek atzera piztu ditzakeena.
Bakea oso egoera ezegonkorra da. Baita osasuna ere. Ez da erraza gure hauskortasuna onartzea. Daukagun aukera bat da aurreikusitako egoerak edo esperotakoak prebenitzen saiatzea: Gaixotasunak orokorrean, suizidioa bera, istripuak. Edo behin agertuta, sendatzen saiatu, Minbiziaren aurkako borroka adibidez. (Borroka hitza egokia den al ez beste post baterako lagako dugu).
Neuri askotan etortzen zaizkit hondarrezko gazteluak eta hormak, txikitan itsas ertzean egiten ditugunak. Ahalegintzen gara gero eta hondar gehiago eramaten, marea goruntza datorrenean, hormak sendotzeko eta itsasoak haiek ez hondatzeko. Itsasoari irabazteko itxaropenarekin. Bukaeran, ikasten dugu zazpigarren olatuarekin edo hamazazpigarrenean itsasoak beti irabazten duela. Kantaurikoak behintzat.
Ekaina, uztaila eta abuztua klimatikoki dotoreak eta atseginak izan dira gutariko hainbatentzat. Su-etena izan dugu, EHko zonalde batzuetan behintzat. Hala ere, ziurgabetasun garaietan bizi gara, eta ezin jakin uda noiz amaituko den aurten, azken 15-20 urteotan ikusitakoa ikusita. Ezin jakin udazkena izango dugun ala ez, eta nola etorriko zaigun. Berdin neguarekin. Ziurtasun batzuk baditugu, ordea: Elurraren desagerpenarena adibidez.
Klima aldaketak larrimina pizten digu gutariko hainbati. Beste hainbeste hizkuntzaren gorabeherek. Kontu existentzialak dira, identitatearekin lotutakoak, etorkizun lausotuaren aurrean sentitzen ditugunak.
Pasa den hilabetean, niretzat oso izenburu erakargarria zuen uda ikastaro batera joan nintzen: “Arantzazun bizi: iragana, orainaldia eta etorkizuna zer?”. Izan ere, Arantzazu epizentro gutxi horietako bat da, espiritualtasun, kultura eta naturari dagokionez. Oso puntu interesgarri jorratu zituzten jardunaldi hauetan, eta laburpen bat egiten saiatuko naiz. Aspaldiko partez ez nuen ezer idazten blog honetan, eta bazen garaia:
Joxe Mari Arregi frantziskotarrak santutegiaren aportazioa kristau humanismoan ardaztu zuen. Existentzialismoa eta espiritualtasunaren garrantziaz hitz egin zuen, hain zuzen ere.
Aitor Sorreluz, “Arantzazu” aldizkariaren arduraduna, bakardadeari buruz aritu zen. Bi liburu gogoraraziz: Bittoriano Gandiagaren “Hiru gizon bakarka” eta Melania Moscosoren “Soledades habitadas” (bertan Sorreluzek ere parte hartu zuelarik). Bakardadeak poliedrikoak dira, bihurgunean eta tolesdurak ditu, haren hitzetan. Itolarria ekartzen du, eta horren aurrean komunitate moral bat behar dugu, zainketen komunitatea. Ni-tik gu-ra. Eta galdera bi: Zerk egiten du espazio bat sakratu? Eta Salbatore Mitxelenarena: “Zuk zer dezu Arantzazu?”.
Ainhoa Becerra“Adinberri”-koak bide beretik jarraitu zuen: Hariak, bakardadeetatik harremanetarako bidaia. Bakarrik egotea eta bakarrik sentitzea kontzeptu desberdinak direla, azken hau maitasunik ez sentitzearekin uztartuta. Depresioa eta antsietatea ondorio moduan eta, kontrara, zorionaren faktorerik garrantzitsuena: Harremanak. Korale izeneko europar egitasmoa aurkeztu zigun, baita Adinberri-k egindako dekalogoa ere.
Paulo Agirrebalzategi frantziskotarrak lehen aipatutako Gandiagaren liburuaren 50. urteurrena aipatu zuen, 1974an idatzita baitago. Hutsunea – isiltasuna – bakardadea trinomioa, azken biak pairatu ez ezik gozatu ditzakegula azpimarratuz. Arantzazuko santutegiak historian zehar erakutsi duen erresilientzia nabarmendu zuen, izandako suteekin eta oraingo gainbeherarekin. Aportatutako berrikuntzen artean, gaztagintza modernoa, euskara batua bera eta identitate berriak (Euskozenoa egitasmoa). Bestela, Joxe Azurmendik “Azken egunak Gandiagarekin” liburuan (2009), Arantzazu definitzen du pobreen unibertsitate moduan. Fundamentalismoari dagokionez, Paulok gogoratu zuen teista eta ateista izan daitekeela, bietara.
Juan Ignacio Perez Iglesias sailburu berriak lankidetzaren garrantziaz jardun zuen, nitik gura. Ahaidetasuna, elkarrekikotasuna eta altruismoa (errukia). Gizabere kooperatiboa kontzeptua, Azurmendirena. Eta prestigioaren garrantzia, hizkuntza dela-eta.
Arantza Etxeberria EHUko irakasleak komunitate heterogeneoetan bizi garela ohartarazi zigun. Piotr Kropotkinen “Mutual aid: A factor of evolution” liburuaz (1900) solastatu zen. Izaki holobionteak garela, Lynn Margulisen hitzetan, likenak bezala, besteen laguntza behar dugunok. Joxe Azurmendi berriro ekarri zuen: Gizakia abere hutsa da, gizaberearen bakeak eta gerrak eta gizabere kooperatiboa, berriz ere. Muturreko nitasunetatik urrun. Bioaniztasunaren garrantzia. Zientziaren filosofia: Zientzia eta humanitateak (medikuntza narratiboa, adibidez, gehituko nuke).
Lorea Agirrek (Jakin), gure lurreko sinbolo handien artean, Arantzazuko Ama Birjina, Aralarreko San Migel eta Gernikako Arbola zerrendatu zituen. Indar telurikoa kontzeptua Arantzazurekin lotu zuen. Hizkuntzaren transmisioa dela-eta, “politikaren” aurreko garaietatik datorrela gogorarazi zuen. Pertsona bilatzaileak daudela (gaudela), zentzuaren bila daudenak (gaudenok), gose espiritualarekin.
Xabier Euzkitzek lekuaren humanismoa azpimarratu zuen: Isolatutako tokia izan arren, irekia; Frantzisko Asiskoaren balio erakargarriak; Erlijioaren gainbehera orokorra; Balizko susperraldirako gunea etorkizunean, euskalduntasunarena bereziki (Arantzazuko amildegia hegaldatzeko lekua izan daiteke).
Jon Sarasua abiatu zen Herri zatitua eta menperatuaren errealitatetik. Indibidualismoak eta kapitalismoak jota, nahiz eta komunitate bat garen. Orekarik (sosegurik) ez dago espiritualtasunaz hitz egiteko gaur egungo jendartean. Elkargune espirituala (ekumenikoa: Laizismoa, kristautasunaren txingarrak, budismoa, Islama…) + lurraldetasuna + hizkuntza.
Olatz IbarretxeEuskozenoa Aro berrirako ikuspegiak. Mundu globalizatuan euskal nortasuna. Euskal berpizkunde urbanoa, nahasia, garaikidea. Diasporan, zer da nortasun hori? Etorkinak. Ertzetako identitateak, aniztasuna errealitatea da. Periferia (Araba adibidez), hizkuntzaz gain zer? Hizkuntza, sonoritate bereizgarria. Euskara mistoa, nahastuta, kaleko hizkera. Espiritualtasun berriak. Aktibismoa, ekologismoa. Zama kendu nortasunari, biziberritu, helduleku berriak (babeslekuak).
Aspaldiko partez, dokumentalaren emanaldia izan dugu. Garai honetan oso sakabanatuta ditugu, eta batik bat Euskal Herritik kanpo gabiltza. Asteburu honetan hemendik atera gabe izan dugu, Sakanako herriburuan. Izarra tanatorioen eta Altsasuko mendigoizaleen elkartearen eskutik, Mikel Idoateren partez Garbiñe Petriati anfitrioi.
Maiatzaren 23an 16 urte bete dira Iñaki Ochoa de Olza hil zenetik, Annapurnako tontorretik gertu. Hortik abiatu ginen, alpinista nafarra gogoan. Irakurtzekoak dira haren aitak orduan idatzitako testua, egun hauetan berriro argitaratuak.
Gogoan izan genuen Xabi Ormazabal ere, asteburu honetan haren omenezko festa Urretxun egin dutelarik. 20 urte dira Xabi hil zela. Bizitza ospatu, oroimena oso presente edukita. Orainaldia eta iraganaldia uztartuta. Hori da MHHH-en hari nagusietako bat, hain zuzen ere.
Atsegina da solasaldietako bizipenak berritzea, aretoa utzi behar duzulako amaitu behar duzula jakitea, ziur aski publikoak apur bat gehiago geldituko zen arren. Txaro Otxandorena erizaina ikus-entzuleen artean egon zen, mendizalea eta Baltistan fundazioan ibilitakoa. Hango emakumeekin proiektu ugari aurrera atera ditu, eta horretan jarraitzen du.
Laurent Richard espeleologoa ere bertan egon zen, eta opari batekin itzuli nintzen etxera, berak idatzitako “Montañas embarazadas” liburuarekin. Lur azpiko munduak beti txunditu izan nau, kobazuloetan sartzea oso gustukoa izan dut txiki-txikitatik. Santimamiñen lehenengo aldiz sartu ginenean zerbaitek gatibatu ninduen betirako. Sekula ez naiz sartu espeleologoen moduan, neoprenoekin eta horrela, baina jarduera hau erakargarria suertatzen zait.
Lur gainean nabil ni, oraingo honetan Urbasa aldean. Urte hauetan Aralarren bereziki, baina baita Andian eta Entzian ere ibili izan naiz. Urbasa da ezezagunen dudana, eta larunbatean paraje berriak ezagutu ditut, aspaldiko lagun batzuen konpainia bikainean.