Misterioa

Joxefe Diaz de Tuestak oso zuhaitz esanguratsua aukeratu du argitaratu berri duen “Bestaldetik etorriak” liburuaren azalerako: Udalatxen magalean dago, haizeteek erabat makurtuta baina zutik. Sinbolismo handikoa, SB obra eszenikoaren kartelean ere erabili genuena (argazkian).

Estetikari dagokionez, zuhaitzak orokorrean elementu bisual garrantzitsuak lan honetan, eta behe-lainoak, udazkena eta negua. Hilda eta bizirik daudenak elkarren ondoan. Hemengo mundua eta bestaldea beti lotuta. Laneko istripuen, istripu zerebrobaskularren edo bestelako gaixotasunen ondorioz erdi hemen erdi han egon diren 19 oñatiarren bizipenak irakur ditzakegu, filtro eta artifizio barik, natural: Iñaki Igartua, Koldo Zumalde, Serafín Aparicio, Lourdes Azurmendi, Jose Ramon Azkoitia, Miguel Angel Gomez, Juan Carlos Nogueira, Nikolas Etxeberria, Joseba Azkarate, Jose Ramon Olalde, Roberto Moreno, Amaia Villar, Javier Clemente, Reyes Elortza, Algimiro Jiménez, Pedro Berrocal, Migel Angel Aldekoa, Anton Azpiazu eta Josu Egaña.

Kontrazalean, irakurri dezakegu misteriorik ez daukatela liburuan jasotzen diren testigantzek, norberak bilatzen diona baino. Nire kasua da, misterioaren bila ibili naiz liburua irakurtzen. Baita topatu ere. Egia da protagonista bakar batek deskribatzen duela bizitakoa osagai ezagunekin (tunela, argia “ta abar”eta horiek gauza guzti horiek”). Baina espiritualtasuna ardatz handietakoa da, ukatutakoa eta onartutakoa. Protagonista batek baino gehiagok erlijiotik at aurkezten dute euren burua, aldi berean misterioa modu batean edo bestean onartzen: “Ez naiz sinesduna baina…”; “Amak asko lagundu zidan, asko, eta haren animo eta otoitzek ere bai”; “Nik sinesten dut badagoela hor zeozer”; “Sinesten dut gure ondoan egon direnak eta orain ez daudenak nonbait daudela”; “Momentu horretan ez dakik berbetan zinekin habilen, baina, hala ere, esaten dok, itxoin egik pittintto bat, e!”; Edo François Mitterrand-en hitz horiek (“Heriotza intimoa”), liburu honetan islatutakoak: “Badago materia ez den beste zerbait, arima edo izpiritua edo kontzientzia deritzona. Horren betikotasunean sinesten dut”; Eta ondarea lagatzeko beharra edo nahia: “Jendeak oroitzapen ona eukitzea nitaz, horixe da nire azken helburua”.

Heriotzari beldurra galdu izana da beste elementu bat pertsona batek baino gehiagok aitortzen dutena. Eta, iritsiko denean, modu azkarrean eta sufritu barik hel dadila desio dute, James Joyce-ren “Ulises”-en pasarte horretan jasotzen den moduan, Joxefek hautatutako horretan.

Bitartean, Lori Thompson bidelagunak saio mamitsua eta erabat gomendagarria eskaini zigun aurreko astean. Heriotza mugako esperientziak (Experiencias Cercanas a la MuerteECM, Near-Death ExperiencesNDE) hartu zuen gaitzat, lehenik eta behin zehaztapen garrantzitsu bat egiten, gazteleraz “situación vital comprometida” direlakoak eta ECM-ak desberdintzen. Ziur aski, Joxeferen liburuan jasotzen diren gehien-gehienak bizi egoera larri estu haiek izango dira, heriotza mugako esperientzia zehatzak baino.

Lorik Raymond Moody-rekin hasi zuen (“Reflections on Life After Life“…): ehundaka pertsona elkarrizketatu zituen 6 urteetan zehar, ingelesezko NDE kontzeptua zabaldu zuen (edo OBE – Out-of-Body Experiences). Beste sinonimo bat gehitu du Sam Parnia-k: Recalled Experience of Death (RED). Hauen guztien azpian, bihotz geldiketak (haietatik %11-23an deskribatuta dago), bihotz kirurgiak, elektrokuzioak, konorte galerak, koma egoerak, istripu larriak, shock septikoak, buruko traumatismoa, buruko odol-jarioak, itotzeak daude nagusiki.

Amankomuneko faktoreen artean, hauexek identifikatu ditu Lorik: Adierazezina (“inefabilidad”) edo bizitakoa deskribatzeko hitzik ez topatzea; Bake sentsazioa; Muga batera iristeko bizipena; “Hil da”, “hilda dago” eta horrelakoak inguruan entzutea; Tunela eta argitasuna amaieran; Gorputzetatik kanpo egotearen sentsazioa, beste leku batetik (goitik) begiratzearena; Izakiekin topaketak (hildako pertsonekin, ‘argiaren izakiak’); Bizitzaren berrikuspen azkarra; Heriotzari beldur gutxiago (Joxeferen liburuan ere bilduta); Bizitzaren aldaketak esperientzia hauetatik aurrerantzean, espiritualtasun handiagoa; Bizipen oso errealak, ametsak ez direnak.

Lorik Gordon Gatch izeneko gizonaren kasua kontatu zuen, ikaslea zelarik ezagutu zuena 1980 inguruan, Bigarren Mundu Gerran soldadua izan zena. Platon-en “Errepublika”-n jasota dago “Er-en Mitoa” delakoa, soldadu bat esnatu zena bere gorputza erre behar zutena baino lehen.

Tibeten, “delogs” deitzen dira XII. mendetatik idatzita dauden testigantzak, hilda egon direnak ordu edo egun batzuetan eta itzuli direnak mundura (antza denez, badaude beraz horrelakoak). Lorik lehengo egunean komentatu zuen moduan, pasadizo edo bitxikeria hutsak baino gehiago dira, anekdotak baino datu zientifikoak dira, milioika pertsona munduan (besteak beste, Javi Aramendia bidelagun tolosar-donostiarra, edo Martina Novatsky, “Volver aquí”). Kontuan ez hartzea ez litatzeke jarrera zientifiko egokia izango. Umeengan ere deskribatuta daude, eta dirudienez horrelakoak bizi dituztenek heldutasunera lehenago iristen dira eta sormen gaitasun gehiago garatzen dituzte. Pertsona batek baino gehiagok partekatutako bizipenak egon daitezke halaber, lotura emozionalak direla eta. Kontzientzia egoera bereziak dira (burmuina da, ala beste zerbait?). Eta beste galdera bat, zergatik pertsona batzuk eta beste batzuk ez?

Beste ikertzaile batzuen zerrendan, Pim Van Lommel, Bruce Greyson, Susan Blackmore, Jeffrey Long, Kenneth Ring, Peter Fenwick eta P MH Atwater. Eta gehiago irakurtzeko: “El límite” (JM Gaona, 2015), “Transcendet Mind” (I. Baruss & J. Mossbridge, 2016) eta “La superconciencia existe: vida después de la vida” (M. Sans Segarra, 2024).

Mila-mila esker Joxeferi eta Loriri.

(Eta zorionak Goienari, 25 urte zoragarri hauengatik).

Udagoiena eta zinema

Hego haizearekin adiskidetzea ez da lan xamurra, ez gorrotatzea esan nahi dut. Ezagutu genituen urtaroak faltan botatzen ditut, ez natzaio ondo egokitzen ari klima aldaketari. Hala ere, tarteka udazkena azaltzen zaigu, euria egiten du gaur bezala, hegoaldetik baino iparraldetik edo mendebaldetik jotzen du haizeak, errekak errekuperatzen dira, itsasoak indarra erakusten du eta mendi bueltek beste zera bat daukate. Halaber, gelditu eta gure baitara biltzeko aukera izaten dugu.

Urtaro egokia da jaiotzeko. Baita Arantzazun konpainia onean erruki astegoien bat pasatzeko ere, Usurbilen ‘Rupertorioa’ izeneko ekimen ederrean parte hartzeko, Irlandara lagun min batekin bidaian joateko edo Gorka Urbizuren kontzertu batera ondo lagunduta fateko. Eta urteko sasoi dotorea da zineman sartzeko, are gehiago bi pelikulatzar ikus-entzuteko, gaur komentatuko ditugunak. Biak ondo sarituta pasa den Donostiako Zinemaldian. Adibidez, hasiko gara “Los Domingos”-ekin (Alauda Ruiz de Azúa, 2025). Esate baterako, espiritualtasunaren “su-eten” garai honetan hagitz pelikula ausarta iruditu zaidalako. Historiako pendulua beste alderantz joan da azken hamarkada honetan, bereziki gure herrialde txiki honetan, bereziki kristaua eta katolikoa mendeetan eta mendeetan zehar izan den Euskal Herri honetan. Herrikideak ditugu zuzendaria eta aktore nagusi gehienak, eta hain zuzen ere horregatik filma, begian atzamar bat bezala, sartzen zaigu begietan, buruan, bihotzean eta izpirituan.

Erradikaltasuna zer da? Adibidez, gaur egun hemengo neska gazte bat klausurako moja sartzea. Erradikala da errotik gauzak aldatzea edo moztea, beraz bada. Halaber, neska horren izebak erabaki horren aurrean erakusten dituen erreakzioak ere erradikalak dira. Bortitzak ere bai. Maisuki (maistraki) jorratu du gaia egileak, gai konplexu eta poliedrikoari begiratuta epaiketa barik. Horregatik begitantzen zait pelikulatzarra. Musika baldin bada film guztien arima, gainera, hau modu zirraragarrian beteta dator.

Aste honetan Zarautzen beste pelikula bat ikus-entzun dugu, ildo espiritual honetatik, “Hay una puerta ahí” (Facundo Ponce de León eta Juan Ponce de León, 2023) dokumentala, Zarautz Herri Zaintzailea Pia Agirretxe Fundazioarekin batera antolatu dugun proiekzioan. Akonpainamendu espiritual baten testigantza da, Enric Benitok maisuki egindakoa Fernando Suredari, modu birtualean eta oztopo guztiekin, Espainiatik Uruguaira dagoen distantziarekin. Duintasun terapia moduko bat izan zen 9 hilabeteko prozesua.

Bi pelikula komentatu nahi nituen eta hiru izango dira azkenean (udazkenean). “Maspalomas” (Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi, 2025) da bigarrena (hirugarrena), noski. Beste pelikula ausart bat, apurtzailea, muturreko beste egoera bat ekartzen diguna. Erradikala zentzu batean. Homosexualtasuna eta hirugarren adina. Hastapenetako “80 egunean” (Jon Garaño eta JM Goenaga, 2010) eta “Loreak” (J. Garaño eta JM Goenaga, 2014) bi horiek txunditu baninduten, beste hau mailarik gorenean ipiniko nuke. Jose Ramon Soroizek igotako 8.000koa, 74 urterekin. Pelikulak uztartzen ditu zahartzaroa eta sexualtasuna, oso gutxitan plazaratzen dena. Eta filmak Euskarazko Zinema (letra larriz) Himalaiako altueretan kokatzen du, itsas mailan girotutako lana izanda ere, Kanaria Handian eta Gipuzkoan.

Bejondeigula. Jarrai dezala udagoienak, tarteka bada ere. Jarrai dezatela hauek eta bertze batzuk zinema egiten. Eta jarrai dezagun zinema aretoetara joaten. Nik behintzat “Karmele” zain daukat.

Talde-lana

Zainketa Aringarrietan taldean lan egitea izan da aurtengo SECPAL 2025 jardunaldien lema, Zaragozan aurreko astegoienean antolatutakoak. Disziplina arteko lanaren onura nabarmenekin batera zailtasunak daude egunerokoan, egoak, mesfidantzak, gaizki-ulertuak, haserreak eta abar.

Honi buruz hitz egin genuen aurreko astean Arrasateko ospitalean ere. Zainketa Aringarrietako kontsultan Naiara Agiriano erizaina hasi da lanean aurten, eta horrela talde txukuna lortu dugu (azkenik!!), psikologoak eta gizarte langileak lagunduta. Gauzak nabarmen hobetu dira hilabeteotan, eta pentsatu nahi dut pazienteek eta senideek igarriko dutela. Halaber, elkarbizitza profesionala ona dugu, eta horrela jarraitzea!

Espiritualtasuna da beste disziplina hori, jende guztiak aipatzen duena baina hainbestek hain ondo identifikatuta ez daukana. Gurean ere badugu eragile espiritual bat, emakumezko kapilaua, Amaia. Berarengana jotzen dugu tarteka, pazienteren batengatik, normalean azken egunetako egoeretan. Sakramentua hartzeko eskatu dutenean, “azken igurtzia” deitzen zena, edo gaixoen oliadura. Erronka da bestela, alde batetik, gero eta gehiago ikusten ditugun gaixo musulmanak artatzea espiritualki. Eta esango nuke, are gehiago, espiritualtasuna modu laikoan bizi duten gero eta paziente horiek guztiak atenditzea.

Zaragozara itzulita, Francesc Torralbaren hitzaldi bikaina entzuteko aukera izan nuen (“El valor del cuidado a lo largo de la historia”). Baita Harvey Chochinov handiarena ere, jardunaldiak ixteko, duintasunaren terapiaren sortzailea. Hitz egin zigun intensive caring kontzeptuari buruz, besteak beste, pazienteak ez abandonatzeko eta beti pertsona ikusteko gaixotasunaren azpian. Patient Dignity Inventory erramintaren berri eman zigun, 25 item jorratzen duena espiritualtasunaren inguruan, hain zuzen ere. Linkean sartuz gero, zertaz ari garen irakurri ahal izango duzu.

Amaitzeko, Tirso Ventura psikiatra zaragozarrak azaldu zigun zertan datzan beste lanabes espiritual bat: “Psicoterapia centrada en el sentido” izenekoa, William Breitbarten “Meaning-Centered Psychotherapy” hartan oinarritutakoa. (Zirkulua ixteko, Chochinov izan zen Breitbarten mediku egoiliarra, harekin ikasi zuena alegia).

Hauen moduko galderak partekatu zituen Tirsok: “Zer zehazki esan behar diozu familiari zeure bizitzaren amaieran?”. Edo “Zer da heriotza ona edo zentzua daukana?”. Larritasun existentzialaren aurrean, duintasuna, zentzua eta bakea topatu beharreko gakoak ditugu. Beldurrak eta kezkak elkarbanatu: D-z hasten diren sei beldurrak (ingelesez):

  • Disconfort
  • Disability.
  • Dependency.
  • Disfigurement.
  • Disruption of relationships.
  • Death.

Funtsean, bizitzan zehar bizien sentitu garen uneak identifikatu, momentu esanguratsu horiek. Maitasuna, edertasuna, umorea. Bizitako bizitza onartu, heriotza ere onartu ahal izateko. Eta hau guztia saio labur bakarrean egin ahal izatea erakargarria da.

Badaukat zer irakurri eta zer partekatu Naiararekin, espero dut gehiegi ez izutzea…

PD.- Naiara Agirianorekin solasaldia, Mozarten Requiema lagun (“Hamabostean behin” podkastean).