Rifeko istorioak

Tánger (Maroko).

Ama bizirik zegoenean, bidaia berezi bat egiteko gogoekin gelditu nintzen. Bera Marokoko iparraldeko kostaldean jaiotakoa zen, Rif aldean, eta zonaldea berarekin eta anaia-arrebekin batera bisitatu izana amets polita izan zen. Mundu onirikoan gelditu zen asmoa.

Behin bakarrik egon naiz Marokon, urte mordoa dela. Atlas mendikatearen aldean ibili ginen trekking bat egiten, eta Marrakex hiria ere bisitatu genuen, Bilbotik atera eta Penintsula guztia zeharkatu, ferry-az Gibraltargo itsasartea igaro eta Marokoko puxka handi bat korritu ondoren. Bazter ikusgarriak eta jende interesgarria, berbereak. Esan bezala, ama han jaio zen, baina iparraldean, Al Hoceima aldean. Melillatik 130 km-tara kokatuta dago, eta Tetuan hiritik 230 km-tara. Urte batzuk eman zituzten han, amonak kontatzen zizkigun animalia exotikoak agertzen ziren istorioak. Riftarrei buruz hitz egiten zigun, haiek ere berbereak, Atlas aldean bizi direnak bezala. Arabiera ere ikasi zuen amonak, behin tren bidaia luze batean bat egin genuen bagoian magrebtar batzuekin, eta txundituta entzun nuen zelan mintzatzen zen haiekin.

Hango istorioak kontatzen zituen Joseba Sarrionandiak ere liburu mardul hartan, amaitzerik izan ez nuena. Eta hango istorioak kontatzen ditu Iratxe Fresnedak “Tetuán” filmean, aste honetan Giza Eskubideen Zinemaldian ikus-entzun dudana, Donostian. Migrazio istorioak dira funtsean pelikulan jasotakoak, Iratxeren familiarena eta gaur egungo protagonista migratzaileena. Neure amaren istorioa bezala, kontatzea luze hartuko zuena, baita neure istorio propioa ere, neurri txikiago batean.

Migrazio orotan doluak daude atzean, galerak alde batetik, eta irabazteak bestetik. Horien arteko orekaren emaitza gara gu guztiok, horren ondorioa gara. Joan eta etorriena. Naguib Mahfouzek dioen bezala, ihes egiteko gure saiakera guztiak amaitzen diren arte. Hor eta orduan, gure etxea dago.

Suminetik Arpeara

Arpea leizea, Aezkoa eta Garazi aldeko mugetan.

Batzuetan momentu onek itxaronarazten gaituzte. Batzuetan zain egon behar gara urte batzuk, birus hark dena eten zuen tarte iluna barne. Baina azkenik, batzuetan, une gogoangarriak iristen dira.

Akaso ez gara joan sasoirik hoberenean, Aezkoako ibarrean berriz ere sumina piztu duten egun hauetan. Bistan da zauriak behin eta berriz zabaltzen duen jolas makabroa dela hau Zabalzatarrentzat. Behin betiko ixtea behar dutenean, familia honek eta beste hainbestek. Bakerik ez eurentzat, sumina, samina eta beste hainbat gorabehera emozional baizik. Eurentzat, ibarrarentzat, komunitatearentzat.

Aste honetan bertan, jardunaldi erabat interesgarria antolatu zuten Donostian, Mikel Zabalza bizi zen hirian. “Osasun mentala eta motibazio politikoko indarkeriaren biktimak” zuen izenburua saioak, eta bertan Carlos Martin Beristain, Pili Zabala, Sara Buesa eta Alberto Muñagorri egon ziren, besteak beste. «Biktimek identitate positibo bat berreskuratzea da ardatzetako bat». Beste ardatz bat elkarrizketa (orduak eta orduak eta orduak…), hitz egiten eta entzuten. Ematen eta jasotzen. Enpatia da beste gako bat, ezinbestekoa. Eta urrats bat haratago, errukia gehituko nuke, aldarrikatu behar den kontzeptu handia. «Denborak ez baitu dena sendatzen», baizik eta denborarekin egiten duguna.

Asteburuan, Ariben, “Suminetik eta saminetik bakera” aurkeztu dugu. Urte batzuk emanaldiarena planteatu ostean, azkenik iritsi da. Aribetik gertu, Orbaizetako Olan dago Zabalzatarren etxea eta Orbaizetako hilerrian bakean atseden hartu zuen Mikelek. Bakean? Zer da bakea?

Jakinda gizartean orokorrean hausnarketa hauek urrun daudela mainstream guztietatik, eta kontuan hartuta norabide guztietan piztu daitekeela sumina, egun hauetan ere ikusi dugunez, argi izan behar dugu norantz joan nahi dugun. Irribarrea nola edo hala ezin dugula galdu. Beti egongo dela norbait, Ariben konprobatu genuen bezala, gai dena ideologiatik haratago beste pertsona batzuen sufrimenduarekin konektatzeko gai dena. Enpatia deitzen duguna, hain zuzen ere.

Eta bakea, agian, babesa ematen digun leku hori izan daitekeela. Paraje berde ikusgarri haietan dagoen leize hura bezala. Edo mendiko harrizko borda abegikor hura.

Esker mila, Aitziber Olabarrieta.

Ura falta zaigu

Euria iragarri dute arratsalderako – Araba – Alea.eus

Abuelo Salva Peña Burgosko ur biltegiaren arduraduna zen, eta hiriko goialdean bizi ziren, gazteluaren hondakinen inguruetan. Amatxi Pilar Iturriak abizenean zeraman, baita aitak ere, baita nik ere. Ama Mediterraneoaren ertzean jaio zen, Serraten abestian bezala. Bere kasuan, Marokoko iparraldeko hiri batean. Haren ama Ebro ibaiaren ertzetan jaio zen, Zaragozan, eta aita, Gállego eta Aragoi ibaien artean.

Ur jendea, itur jendea, itsas jendea, ibai jendea. Zerrenda osatzeko Arlanzón, Nerbioi-Ibaizabal eta Onin erreka (Bidasoaren adarra) eta Lekeitio eta Zarauzko itsasertzak apuntatu behar ditut. Bai, hidrofiloak izan gara gure familian, eta ni behintzat erabat zalea naiz, edozein ur putzutan sartzekoa, hotza izan ala beroa. Mundua sailkatu daiteke modu honetan ere, eta gaur egun hidrofoboak dabiltza goleatzen nagusitasun osoz. Euriarekiko fobiari dagokionez, behintzat, aldarri ozena da. Oso gutxi gara hidrofiloak, eta geure artean ahapeka egiten dugu berba, klandestinoki.

Eta hau guztia dator “Jende likidoa” liburua irakurri dudalako (Nerea Arrien, 2021). Txunditu nau bere idazteko moduak, haize freskoa izan da. Poesia liburua iruditu zait, prosan idatzia. Istorio solteak ematen dutenak lotuta daude, gainera. Ibai guztiak itsaso berean amaitzen dira. Lekeitiorekin konektatu nau ostera ere, halaber.

Liburuaren mamia eta post honek daukana nahiko desberdinak dira, baina Katixa Agirreren “Sua falta zaigu” gogora etorri zait, eta aldaketatxo bat egin dut, garai idor hauetara egokituta.

Aldarri xuxurlatua izan da hauxe, gogorarazi nahi duena zuhaitzek, loreek eta landareek, argiaz gain, ura behar dutela bizitzeko. Guk jendeak bezala, baina ez esan inori.

Zahartzearen pozak

“Herri txiki, infernu handi” saioko argazkia (ETB1).

Igandeak oso egun aproposak dira egunkaria lasai irakurtzera esertzeko, bizitzaren plazer txiki horietako bat praktikatzeko. Plazer ‘zaharruno’ horietakoa, alegia, are gehiago gaur bezalako domeka euritsu batean. ‘Bizitzaren igandean’ ez nago oraindik, baina gustatuko litzaidake iristea, nola ez. ‘Ostegunean’ egongo naiz, honezkero, eta gustura irakurtzen ditut igandean daudenek idazten dituztenak.

Gaurko egunkarian, Andu Lertxundi herrikideak “Zahartzaroak badu idazten dionik” artikulua argitaratu du, harribitxiz betea: “Egunero ikusten nuen zahar jendea murrizten ari da, batek etxetik irteteari utzi behar izan ziolako; halakok munduari agur esan diolako”. Bizitzaren azaroan edo abenduan egongo da Andu, talaia horretatik mundura begiratzen du: “Iritsia naiz zahartzarora, eta Mari Luz Estebanen hitzekin esateko, «ez diot uko egiten zaharra naizela aitortzeari. Za-ha-rra»”. Neu abuztuaren amaieran edo irailean nago, baina bat egiten dut berarekin hurrengo pasarte honekin: “Pentsatzen hasia nago honezkero ez ote dudan hildako jende gehiago ezagutzen bizirik dagoena baino”. Ez dakit zuek, baina neu puntu horretantxe nago, lanbideagatik izango da seguru, baina horixe bera sentitzen dut.

Aurrera jarraituz, zahartzaroa da “bizitzak emandako azken aukera, beraz. Bizitzaren misterioa ulertu nahian segitzeko pagotxa“. Zortea ez, askoz gehiago, pagotxa. Zoria eta zahartzaroa uztartuta, ongi. Espiritualtasunean bete-betean sartzen, bikain. Eta beste kontzeptu desiragarri bat zahardadearekin lotutakoa, askatasuna. Hau, berriro, Mari Luz Estebanen hitzetan: “Zenbat eta zaharrago libreago. Libreago nahi dudana esateko, libreago nahi dudana egiteko“.

Amaitzeko, pozari buruz idatzi du kazeta berean Onintza Enbeita handiak: “Ez genioke geure buruari ezer bizitzerik ukatu behar: doluan dolu egiten jakin behar da, eta parrandan parranda, eta pozean barre, eta tristuran egon, eta zoriona eskuekin uki dezakegunean heldu. Joango da etorri den moduan; beraz, ez bainarik jarri. Ez gaitu beste munduan inork zigortuko zoriontsuegiak izan garelako“. Andurengana itzulita: “Atxakiak ez dira aitzakia“.

PD.- Adina eta bizipoza.

Ez gaitzatela isildu

Deserosoa da. Eguraldi honekin, kontu alaiagoak aipatzea nahiago duzu. ‘Ez duzue beste gairik?’ ‘Ezta pentsatu ere’. Gainera, honi buruz hitz eginez gero ondorio negatiboak erakarriko ditugula pentsatu ahal duzu.  ‘Egon ixilik’. ‘Bakean laga mesedez’.

Ia 5 urte dira “Zarautz Herri Zaintzailea” (ZHZ) abian ipini genuenetik, 6 urte Death Kafeak herrian antolatzen hasi ginenetik, gai deseroso hauei buruz hizketan: Zaurgarritasuna, bakardadea, zahartzea, larriki gaixotzea,  heriotza, dolua. Hainbat dira denbora honetan egindako hitzaldiak, solasaldiak, tailerrak eta aurkezpenak, eta maiatzean, urteurrena ospatzeko, jarduera hauen guztien errepasoa publikoki partekatu nahi dugu.

Bada atzo, nolabait, kalea zapaldu genuen. Antonianotako aretotik eta Modelo zinematik atera ginen, eta Garoa liburudenda mitikoan ekitaldi bat antolatu genuen. Bertol Arrieta idazlea eta Sandra Garayoa ilustratzailea gonbidatu genituen “Hodeien gaineko aldean” komikia aurkeztera, eta egin genuen: Tabuen artean tabuenari buruz mintzatu ginen. Solasaldi dotorea izan zuten ZHZko  Aizpea Manterolak eta Bertolek, gaiekin lotuta Sandra hiru marrazki egiten aritu zen bitartean. Ondoren, publikotik ere isiltasun kolektibo hau apurtu zuten. Testigantza bat partekatu zuen Izarok lehenengo pertsonan, biziraule moduan, guztiz ongietorria eta eskertzekoa izan zena. Uste dut denok eraman genuela zerbait atzokotik. Bejondeigula.

Ez gaitzatela isildu. Berba egin dezagun suizidioaz. Mila esker aunitz Imanol, Bertol, Sandra, Aizpea, Izaro eta atzo etorritako guztiei, baita etorri ezin izan zinetenei ere.

 

PD.- Atzo ere Getxon suizidioaren prebentzio komunitarioari buruzko kale kanpaina egin zuten Algortako metro geltokian. Halaber, kanpaina handi bat antolatu dute bestela Madril aldean, “Que no nos callen”.

PD’. Buzzin’ in my head: Zure Mina – YouTube (Olaia Inziarte)

Loturak

Lizarra aldekoa izan nuen paziente bat Arrasaten, ahaztezin horietakoa. Lekeition igarotzen zuen uda partea familiarekin, nire moduan, eta behin elkar topatu genuen. Eskolapen zegoen, izkin batean, eskelak ipintzen dituzten lekuan, haiei begira. Amarekin nengoen, eta guztiz espontaneoa eta nafarra izan zen haren erreakzioa ustekabeko topaketagatik: “Me cago en los cojones!”. Hitzez hitz. Irribarre bategaz gogoratzen diren pasadizo haietakoa da.

Aste honetan Lizarran eta Lekeition, batera, eman dugu dokumentala, egun berean. Txikitan eta gaztetan “beraneantiek” izan gara udalerri bizkaitarrik dotoreenean, guretzat hondartza baino askoz gehiago izan den herria, lotura esanguratsuak ditugunez. Besteak beste, hizkuntza neureganatzeko gakoa izan den lekua izan da Lekitto. Desagertu den Aralde liburudendak zerikusi handia dauka honetan, baina lehenik eta behin Juan Jose Barbarias lekittarra izan zen influentziarik nagusietakoa, gurasoen lagun mina eta neuretzat aittitte modukoa. Berari esker hara joaten hasi ginen, eta berari esker naiz naizen bezalakoa, neurri handi batean. Gugan bego.

Egueneko emanaldia Nere Erkiagaren bitartez atera zen aurrera, bera “de cuerpo presente”  bertan egon ezin izan bazen ere. Beste modu batean egon zen Ikusgarri zinema areto txukunean Nere. Koldo Leniz eta Oier Gorosabel egon ziren publiko artean, beste pertsona batzuen artean, bi pertsona oso interesgarri horietakoak biak ala biak. Koldok Benito Ansola handia aurkeztu zidan duela urte mordoa. Erkiaga tabernan egon ginen zinemari buruz berbetan, “Aulki Hutsak” proiektu hutsa zenean, eta dokumentala egiteko nondik norakoetan ederto lagundu zidaten Koldok eta berak. Halaber, On Benitok egin zuen gure aitaren aldeko meza 2007ko uda hartan, Lekeitioko Basilikan. Udatiarren aldeko mezak ere egiten dira, bai horixe, eta niretzat behinik behin oso oroitzapen ona izan da.

Estellan, bitartean, Mikel Idoatek MHHH aurkeztu zuen, elkarrekin egiten dugun bigarren kolaborazioan. Azkena ez dena izango (Inshallah!).

Sorionegu!

 

 

 

Behin behintzat

Bizitzan behin musulmanak Mekara edo kristauak Santiagora joateko dauden aginduak bezala, badaude Asturiasen pare bat leku bisitatzeko derrigorrezkoak,  Iberiar penintsulako iparraldean bizi garenontzat behintzat ezinbestekoak.

Lehendabizikoa, Covadonga eta inguruak dira. Nonbaiteko erdigunean egoteko sentsazioa hartzen duzun toki berezi-berezia da, Arantzazuren oso antzekoa. Bigarrena Sella ibaia da, eta zehazki bertan piraguetan egindako jaitsiera, “hil baino lehen nahi dut…” zerrendan apuntatu beharrekoa. Kantauri itsasoko ertzean bizi baldin bazara eta erdi sasoian baldin bazaude, behinik behin.

Duela urte mordo bat zerrendatik kendu nuen kanoen plana, ilea neukanean. Eta pasa den asteburuan bigarren aldiz igo nintzen Cuadongako santutegira eta aintziretara, aurrenekoa txikitan izan zelarik. Zorte handia izan nuen eguraldiarekin eta, euria lagun, ganorazko bisita suertatu zen. Bezperako sargoriaz libratu eta freskura itzuli zen paradisu hartara larunbatean, orbayu azpian ia-ia Vega de Arioko aterpetxeraino iritsi nintzen Ercina lakutik abiatuta, 5 orduko ibilbidean.

Peña Santa mendi-taldeak antolatuta, “Mendian hil. Hirian hil” proiektatu behar genuen Cangues d’Onís-en ostiralean, eta hara abiatu nintzen autokarabanaz. Asturiasen lehenengo aldia zen trilogiako dokumental bat aurkeztu ahal izaten genuela, horren aldetik beraz oso pozgarria. Goiko paragrafoan kontatutakoa ere gertatu zen, bigarren poza. Eta hirugarrena, domekan egindako mendi buelta dotorea, Pongako natura parkean, Peña Santakoek lagunduta eta Picu’l zorru gailurreraino igota. Azeririk ez, baina oreinak, sarrioak eta igaraba moduko bat topatu genituen.

Paradisuarena ez da amu turistiko soila, behin eta berriz familiarekin itzuli naizen lurraldea da hau, eta hiru Galeusca ere antolatu ditugu bertan (Horcaos Roxos, Picu Tesoreru, Peña Ubiña, Fontanes, Picu’l Vientu eta Cantu’l Osu). Hitzez hitzekoa da kontua.

Bestela, bizitzan behin eta berriz bidegurutzeetara iristen gara, eta bide bat edo bestea aukeratu behar dugu. Aurreko asteburuan benetan konplikatua zen hautua, Bilbon lagunekin sekulako musika plantzarra neukalako. Osasunaren alde egin nuen, itxura guztien arabera.

 

PD.- Santiago de Compostela edo Covadonga euririk gabe bisitatu baduzu, hobe duzu bueltatzea zorte klimatiko handiagoa izango duzunean. Eta, jakina, gauza bera aplikatu dakioke Bilbori. Gero eta zailagoa da kontua, baina ez ezinezkoa.

Gu sortu ginen enbor beretik…

…sortuko dira bertzeak.

Gaurko egunez, abuela ekarri gura dut gogora, bizitza erraza ez zuena eduki. Batetik bestera bizitokia aldatzen joan zena. Garai hartan senarrarengandik (abuelorengandik) banatu egin zena, geure ama aurrera atera zuena.

Gaurko egunez, amaz gogoratzen naiz. Gai izan zena gidatzeko baimena ateratzeko, zer eta hiri erraldoi hura gurutzatzeko eta geu txikitan eskolara kotxez eraman ahal izateko, Madrilen.

Gaurko egunez, arrebaz oroitzen naiz. Gai izan zena Albaitaritza ikasketak odolez, izerdiz eta malkoez aurrera ateratzeko. Gaur egun ez dakit albaitari hobeagorik topatu ahal izango duzuen Bizkaia aldean.

Gaurko egunez, amatxi oroimenera erakarri nahi dut, oroimena galdu zuena. Baina hitzak guztiz ahaztu baino lehen, hizkuntza berarengandik niregana iritsi zitzaidan. Opari erraldoi hau egin zidan.

Gaurko egunez, izebaz gogoratu nahi dut. Erizaina izanda, gure etxeko medikua izan zena. Berak hartutako lekukoa orain nik eramaten dut. Oroimena galdu baino lehen, berriro gogorarazi nahi diot.

Gaurko egunez, lehengusina gogoan dut. Bera ere bizilekua aldatzen joan da. Berak ere ikasketak odolez, izerdiz eta malkoez aurrera atera ditu. Zenbat pozten naizen berriro bat egin dugulako.

Eta gaurko egunez, azkenik, alabaz oroitu nahi dut. Enbor haietatik eta Errenteriakoetatik etorritakoa. Geu egongo ez garenean, espero dut mundua oraindik leku bizigarria izatea. Eta berak nahi duena izan ahal izatea.

Sorionegu

Iaz gehien aipatutako hitzen artean egon zen Arangurenen aurkitutako berba fosil zoragarria. Aurtengo negu harrigarri honek ekarritako elurragatik bizitako zorionarekin nahastuta, testu honen izenburua dator. Ekaitz Zilarmendiri irakurri niona, bertzalde. 

Negua, hotza eta euria, hala ere, postmodernitateak saihestu nahi dituen eleak dira. Heriotza eta zahardadea bezala. Ezkutatu beharrekoak, ahoskatuz gero erakarriko bagenituzkeen bezala. Pack berean ikusten ditut aspalditik, bizitzaren kontu itsusien artean sailkatutakoak. 

Jendartearen gehiengoak alde itsusia besterik ez die ikusten kontzeptu hauei. Batzuk, bitartean, beste aldea ere erakusten bagabiltza. Atzo, adibidez, MHHH dokumentala aurkeztu genuen Elizondon. Doluei buruzko trilogia honen dokumental batekin, lehendabiziko aldia izan da Baztanen egon naizela. Dolores Redondo bezala, trilogia eta guzi! 

Mikel Idoate eta Izarra tanatorioarekin batera egindako lehenengo kolaborazioa izan da, eta zorionez azkena ez da izanen. Ba atzo Mikelek, emanaldiaren promoa egitean Xorroxin irratian, “arratsalde polita” pasatzea espero zuela erran zuen. Eta hala izan zen, heriotza eta doluari buruz mintzatzen arrasti hotz-hotz polita igaro genuen. 

Beroa pertsonek ipintzen dugu, geure presentzia eta bihotzarekin. Milesker Mikel, Amaia eta Aizpeari, bakoitzari berea, badakizue zergatik. 

Sorionegu! 

Ispiluak

Argazkia: Amanda Elwell.

Zer ikusten dugu ispiluan gure burua begiratzen dugunean? Zer ikusten dugu ispiluan beste pertsona baten islada agertzen denean?

Ariketa interesgarria eskaini zigun Sara Buesak aste honetan, Gasteizko Europa jauregian, haren aitaren erailketaren urteurrenean. Gure burua ispilu batean begiratzea eta dena ikusten saiatzea: begirada, zimurrak, ilea, betzuloak, kokotsa… Nola dugu arima, haren ispilua den aurpegian zelan ikusten dugu?

Nola ikusten ditugu besteak? Gure tribukoak ez direnak zelakoak dira? Nolakoak dira munstroak? Hiltzaileak, bahitzaileak, torturatzaileak… Jon Sistiagak gogorarazi zigun psikopatak egon badaudela, gorrotoaren diskurtsoa politikatik, erlijiotik edo arraza kontuetatik garatu daitekeela. Zubiak suntsitzea, zubi pertsonak akabatzea eta ahots errukitsuak isilaraztea suminetik datozen ekintzak dira, gorroto horretatik piztutakoak.

Sarak ahoskatu zuen ahaztutako hitz bat, “erospena”. Berrerospena, erredentzioa. “Su redención pasa por nuestra reparación”. Biktimagileen erospena geure ´pekamenaren bidez dator. “Pekamena”, beste ahaztutako hitz bat. Ordain, konponketa. “Oroit gutaz!”, erranez bezala.

Eta hitz egin zuen komunitate errukitsu integratzaile bati buruz, orain (oraindik) ez garena. Bide horretan gabiltza banakako hankabiko batzuk. Otsailaren 22an Bitorixan bildu ginen batzuk, aringarria izan zen ekitaldian.

Bertan egon nintzen nolabait “S(u/a)minetik bakera” taldearen izenean, ispilu haietara begira. Eta aringarriak izatea nahi ditugun emanaldiak eskainiko ditugu Ariben apirilaren 22an eta Zalduondon maiatzaren 5ean.

Ez ditzagun ispiluak apurtu.