Talde-lana

Zainketa Aringarrietan taldean lan egitea izan da aurtengo SECPAL 2025 jardunaldien lema, Zaragozan aurreko astegoienean antolatutakoak. Disziplina arteko lanaren onura nabarmenekin batera zailtasunak daude egunerokoan, egoak, mesfidantzak, gaizki-ulertuak, haserreak eta abar.

Honi buruz hitz egin genuen aurreko astean Arrasateko ospitalean ere. Zainketa Aringarrietako kontsultan Naiara Agiriano erizaina hasi da lanean aurten, eta horrela talde txukuna lortu dugu (azkenik!!), psikologoak eta gizarte langileak lagunduta. Gauzak nabarmen hobetu dira hilabeteotan, eta pentsatu nahi dut pazienteek eta senideek igarriko dutela. Halaber, elkarbizitza profesionala ona dugu, eta horrela jarraitzea!

Espiritualtasuna da beste disziplina hori, jende guztiak aipatzen duena baina hainbestek hain ondo identifikatuta ez daukana. Gurean ere badugu eragile espiritual bat, emakumezko kapilaua, Amaia. Berarengana jotzen dugu tarteka, pazienteren batengatik, normalean azken egunetako egoeretan. Sakramentua hartzeko eskatu dutenean, “azken igurtzia” deitzen zena, edo gaixoen oliadura. Erronka da bestela, alde batetik, gero eta gehiago ikusten ditugun gaixo musulmanak artatzea espiritualki. Eta esango nuke, are gehiago, espiritualtasuna modu laikoan bizi duten gero eta paziente horiek guztiak atenditzea.

Zaragozara itzulita, Francesc Torralbaren hitzaldi bikaina entzuteko aukera izan nuen (“El valor del cuidado a lo largo de la historia”). Baita Harvey Chochinov handiarena ere, jardunaldiak ixteko, duintasunaren terapiaren sortzailea. Hitz egin zigun intensive caring kontzeptuari buruz, besteak beste, pazienteak ez abandonatzeko eta beti pertsona ikusteko gaixotasunaren azpian. Patient Dignity Inventory erramintaren berri eman zigun, 25 item jorratzen duena espiritualtasunaren inguruan, hain zuzen ere. Linkean sartuz gero, zertaz ari garen irakurri ahal izango duzu.

Amaitzeko, Tirso Ventura psikiatra zaragozarrak azaldu zigun zertan datzan beste lanabes espiritual bat: “Psicoterapia centrada en el sentido” izenekoa, William Breitbarten “Meaning-Centered Psychotherapy” hartan oinarritutakoa. (Zirkulua ixteko, Chochinov izan zen Breitbarten mediku egoiliarra, harekin ikasi zuena alegia).

Hauen moduko galderak partekatu zituen Tirsok: “Zer zehazki esan behar diozu familiari zeure bizitzaren amaieran?”. Edo “Zer da heriotza ona edo zentzua daukana?”. Larritasun existentzialaren aurrean, duintasuna, zentzua eta bakea topatu beharreko gakoak ditugu. Beldurrak eta kezkak elkarbanatu: D-z hasten diren sei beldurrak (ingelesez):

  • Disconfort
  • Disability.
  • Dependency.
  • Disfigurement.
  • Disruption of relationships.
  • Death.

Funtsean, bizitzan zehar bizien sentitu garen uneak identifikatu, momentu esanguratsu horiek. Maitasuna, edertasuna, umorea. Bizitako bizitza onartu, heriotza ere onartu ahal izateko. Eta hau guztia saio labur bakarrean egin ahal izatea erakargarria da.

Badaukat zer irakurri eta zer partekatu Naiararekin, espero dut gehiegi ez izutzea…

PD.- Naiara Agirianorekin solasaldia, Mozarten Requiema lagun (“Hamabostean behin” podkastean).

Hamabostean behin: #10, #11 eta #12

Udako azken bi hil eta biziko kantuak eta udazkeneko lehenengoa dituzue hemen entzungai:

#10 “El ball del vetllatori” María Arnal eta Marcel Bagés-en abestia etorri zitzaidan gogora Juan Laderas hil zen egunean. Bilboko laguna, Valdepeñasetik (Ciudad Real) Figueresera (Girona) eta azkenik gurera bidaia egin zuena. Ana Santorcuatoren bidelaguna eta Leire eta Aneren aita. Bizitza nahiko paraleloak izan ditugu bi familiok, ikastetxe berdinetan egon dira sema-alabak. Eurei dedikatuta doa.

#11 “Min hau”Katamalo‘-ren bertsioa ‘Berri Txarrak’-ena baino leunagoa eta egokiagoa izan zen “Aulki Hutsak” dokumentalaren hasiera emateko. Bata bestearekin lotuta gelditu zaizkigu askori oroimenean. Batzuetan luze dirau minak inguruko baten batentzat, eta berau arintzeko hortxe egotea, alboan, lehenengo pausua dugu.

#12 “Xalbadorren heriotzean” inoiz idatzi den heriotza kantarik ederrenen artean dago. Hemen entzungo duzue Rozalén-en ahots dotorean. Izan ere, emakume dotore honentzat euskara batzen gaituen elementu bat da, zeharkatu nahi izan duen zubi bat. Mota honetako pertsonekin elkarbizitza askoz ere xamurragoa da, bizigarriagoa. Berarekin estreinatu dugu udagoiena.

Batzuetan Jone

Zorte handia dugu herrialde txiki honetan lehen mailako zinemaldia edukita. Aurtengo edizioan bertako ekoizpena bereziki emankorra izaten ari da, Telmo Esnal eta Asier Altunak orain dela 20 urte zabaldutako bideari jarraipen aberatsa ematen.

Sara Fantovak zuzendutako “Jone, batzuetan” Zinemaldiaren harribitxi horietako bat da. Bilbon girotuta, Aste Nagusia hain modu esplizituan eta barrutik islatzen duen pelikularik ez da orain arte egin. Detaile asko bikain jasota daude, hizkuntzena barne: zer den euskalduna izatea gure herrialde txikian, eta zehazki Bizkaiko hiriburuan.

Ikuspegi askotatik begiratu daiteke lan hau, zainketena haietako bat da. Ohikoena da gaixo baten zaintzaile nagusia emakumezkoa izatea, zertxobait aldatu dira gauzak generoari dagokionez azken 20 urteotan, baina nabarmena da egoera. Ez hain ohikoa dena da neska gazte batek rol hori edukitzea, eta hauxe da Jone pertsonaia nabarmena egiten duena. Batera izan zeure adineko pertsona bat, Aste Nagusian gauez atera, abiadura batean bizi, kanpoko mundua deskubritu, barneko munduan zeure aitaren zainketa zeure gainean dagoen bitartean. Aita eta alaba rolak trukatzen joaten diren bitartean: batzuetan alaba, batzuetan ama.

Pelikularen une gakoetako bat da Joneren aitak, Aitorrek, azken edo aurretiazko borondateen auzia plazaratzen duenean. Alabaren lehendabiziko erreakzioa da heriotza ukatzea, “zu aita ez zara hilko!”. Oso “txarto zetorkion” momentu bizkor haietan martxa mantsotzea, baina aitak gaiari ekitea behar zuen, eta azkenik Jone sartzen da hausnarketan. Izan ere, zaintzailearen lanaren puntu nagusietako bat da bizi testamentua deiturikoa.

Bejondeigula eta mila esker Sara eta lantalde guztiari.

PD.- Beste batean sartuko gara desberdintzera ‘zaintza’ eta ‘zaindari’ hitzak ‘zainketa’ eta ‘zaintzaile’-etatik, zaintza barreiatu eta modan jarri den sasoi honetan.

Udan gauden bitartean

Pandemiako lehenengo hilabeteetan, tentsio handipean, hainbat kontu gertatu ziren gure kaleetan. Jendarteko zati bat orduan konturatu zen bizitzaren bi aurpegiez. Alegia, tabernetako jarduera baimendu zutenean, hainbat herritarrek arindua sentitu eta kalera atera zen, terrazak eta tabernak berreskuratuta.

Aldi berean, kontu ilunagoak azaleratu ziren, azken finean gizakiok ditugun bi aurpegiak (edo gehiago) modu gordinean nabarmendu ziren. Epaiketa moralak eraiki genituen tabernetan zeuden bizilagunen inguruan: “Holakorik! Jendea Intentsiboetan hiltzen dagoen bitartean begitu horiek guztiak zurrutean!“. Balkoietako polizien garai tristea izan zen, nolabait norberak ezin zuena egin beste batek egiten ikusiz gero salatzen ibiltzen zirenak.

Hilabete haietan, saiatu nintzen gogorarazten hainbeste asaldatzen ziren horiei bizitzaren gurpila dela, beti martxan egon dena. Pandemia baino lehen ere gertatzen ziren gauzak zirela, modu kolektiboan jabetzen ez ginen arren. Hau da, San Fermin orotan, Aste Nagusi, San Pelaio eta abar guztietan egon direla (eta daude) hiritarrak ondo pasatzen, beste hiritar batzuk ospitaleetan edo etxeetan hiltzen ari ziren bitartean. Eguneroko bizitzan horixe gertatzen dela, geu ohartu ala ez.

Uda urteko sasoi gordina da zentzu hartan. Bizitzaren bi aurpegiak nabarmentzen dira orduan. Oporrak alde batetik, eta bizitzaren gurpil etengabekoa bestetik. Ataka txarretatik igarotzen ari direnentzat, ziur aski, ez ulertuak sentitzeko sasoi latza izan daiteke uda. Gabonak ere badiren moduan.

Oporrak baino lehen eta ondoren, aurten ere bizi-istorio anitzak ezagutu izan ditut. Adibidez, Perutik etorritako gizona, minbiziak jotakoa, etorri bezala haren herrialdera itzuli dena, hango familiarekin haren bizitzaren azkena igaro ahal izateko. Alaba batzuengana etorri zen, eta pentsatu nahi dut kontsultan atakatik sufrimendu gutxiagorekin pasatzeko tresna batzuk jaso zituela.

Esate baterako, minbizia zabalduegia zeukan emakumearen istorioa ere, tratamendu osatzailea hasteko denborarik ez zuena izan. Hala ere onarpena erakutsi zuena, erabateko duintasuna eta esker ona. Bai eta haren semearen istorioa ere, hain modu argian semeak berak kontatu ziguna.

Halaber, baserritar mutilzahar haren kasua, beldurrez zegoena medikuarengana etortzeko, bere gorputzean gauzak asko okertzen ari zirela sentitzen hasi zenean. Hainbeste okertu, non gurean agertu zenerako beranduegi zela. Gogorarazi zidan naturan gertatzen diren gauzetaz: nola artaldetik aldentzen den gaixorik dagoen ardia, zuhaitz baten azpian heriotzaren zain geldirik.

Hil eta biziko istorio hauek eta beste hainbat, udan gauden bitartean jazotzen direnak.

Zelan esan agur ama bati

Zarautzera bueltan oporretatik, egin nituen lehenengo gauzen artean, Garoa liburudendaren gune berria zelan gelditu den ikustera joatea izan zen. Bisita hartatik bi libururekin itzuli nintzen etxera (mila esker Olatz eta Imanol), eta gaurkoan lehendabizikoa komentatuko dut, Uxue Razquinena.

Ikusita neukan egunkaritik eta sareetatik, sekulako izenburu erakargarria zeukan, harrigarria gazteleraz izatea, eta harrigarriagoa fisikoki ikustea, hain txikia. Bai, atal laburrez osatutakoa da, harribitxiz betetakoa. Zati esanguratsuak azpimarratzeko ohitura daukagunok, gero errazagoa dugu topatu, komentatu eta zabaltzeko.

Lehenengoarekin asko identifikatu naiz, horixe bera sentitu nuen anaia-arrebekin gure ama hil zenean: “La pérdida que compartíamos nos alejó de inmediato” (jatorrizkoan mantenduko ditut aipuak, aldatzeagatik). Zorionez, bizitzak beti ekarri ditzake topaguneak eta birtopatzeak, eta gure kasuan berriki topatu genuen oso on bat.

Aukeratutako bigarren aipua, ahaztearen aldeko ihesbidea da: “Los mejores días son aquellos en los que no recuerdo que he tenido madre“.

Hirugarrenarekin, doluaren pasarte baten deskribapen bikaina dator, nire ustez askok zeuen bizipenarekin identifikatuko duzuena: “Recuerdas todo lo que viviste de forma menos nítida cada vez, porque pertenece a otro tiempo, como si fuera la vida de otro, y eso te duele, te entristece“.

Barrearen eta pozaren aldeko aldarria: “El día que me permití reir como no lo había hecho desde que murió mi madre“.

Beldurraren irudi ezin hobea: “El miedo es un balón enorme en una habitación minúscula“.

Jorge Nagoreren aholkuarekin (MHHH) oroitu naiz bertze honekin: “Ahora no soy capaz ni de escuchar de nuevo tu voz, tenía que haberte grabado“.

Hauxe sentitu dut nik bereziki ama hil zenetik, duela 10 urte: “Ahora cada vez que hago algún viaje, por ejemplo, pienso ojalá llegar a casa y poder contártelo o poder llamarte, como hacía antes“.

Aurten ere ezin izan diot amari deitu udako bidaiatik bueltan. Aurten liburu hau topatu dut. Imanolek erran zidan Uxue Garoara ekarri nahi duela honen inguruan solasteko eta Flor Illarramendi (haren ama) modu batean omentzeko.

Inshallah!

PD.- “Ama hil zaigu” (“Hamabostean behin” podcast #7)

Bustitzea

Bittersweet goodbye for Gaza doctor as family leaves enclave | Reuters

Zainketa Aringarrietako Espainiako Elkarteak (SECPAL), pertsonen duintasuna eta oinarrizko eskubideak defendatzeko duen konpromisoari men eginez, ahotsa altxatzen du Gazako biztanleria zibilak bizi duen egoera humanitario larriaren aurrean, batez ere haurrek, gaixoek, adinekoek eta desgaitasunen bat dutenek bizi dutena.

Salatzen dugu:

Gazako Zerrendari 2025eko martxoaren 2tik ezarritako erabateko blokeoak elikagaien, edateko uraren, sendagaien eta erregaiaren sarrera eten du, eta bi milioi pertsona baino gehiago elikagaien segurtasun falta larrira, desnutrizio akutura eta oinarrizko osasun-arretaren faltara kondenatu ditu.

Azpiegitura zibilak eta sanitarioak sistematikoki suntsitzea, ospitaleak eta osasun-zentroak erasotuak eta kolapsatuak izanik, funtsezko zainketak eskuratzea eragotziz eta arreta medikoa profesional eta pazienteentzako amesgaizto bihurtuz.

Haur gazatarren sufrimendua, elikagaiez, urez, babesaz, hezkuntzaz eta segurtasunaz gabetua. Milioi bat haur baino gehiago bizi-laguntzarik gabe daude, desnutrizioaren, gaixotasun saihesgarrien eta trauma konponezinen eraginpean.

Gosea erabiltzea eta oinarrizko baliabideak kentzea gerra-arma gisa, Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren eta giza eskubide oinarrizkoenen urraketa nabarmena dena.

GENOZIDIOA, terrorismoaren mezu faltsuarekin, Israelen ekintzen larritasuna sozialki “desenkusatzen” saiatzen ari dena.

Iradokitzen dugu:

Egoera hori betikotzeak, nazioarteko komunitatearen gelditasunak eta isiltasunak babestuta, Gazako herritarrak sufrimendu jasangaitzera kondenatzeaz gain, zigorgabetasun-aurrekari onartezina ezartzen du gizateriaren aurkako krimenen eta bizitzeko eskubidearen, osasunaren eta ahulenen babesaren aurrean.

Osasun-zerbitzuen kolapsoak eta tratamendu mediko egokia jasotzeko ezintasunak areagotu egiten dute saihets daitezkeen arrazoiengatiko heriotza-tasa, eta larritu egiten dute zainketa aringarriak eta erruki-arreta gehien behar dituztenen sufrimendu fisikoa eta emozionala.

Exijitzen dugu:

Ekintza militar oro berehala etetea eta Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa erabat errespetatzea, biztanleria zibilaren babesa bermatuz, batez ere haurrena, gaixoena eta pertsona kalteberena.

Korridore humanitario seguruak berehala eta etengabe irekitzea, elikagaiak, ura, sendagaiak, erregaia eta oinarrizko hornidurak sartzeko eta egoera kritikoan dauden pertsonak ebakuatzeko.

Osasun-zerbitzuak eta zainketa aringarrietako zerbitzuak berrezarri eta babestea, eta inolako bereizkeriarik eta oztoporik gabe mediku-arreta jasotzeko aukera bermatzea.

Nazioarteko gobernuek eta erakundeek erantzukizuna beren gain hartzea eta irmo jokatzea zigorgabetasunari amaiera emateko, egindako krimenak dokumentatzeko eta arduradunei kontuak emateko eskatzeko.

Deialdia:

Gizarte zibilari, osasun-profesionalei eta pertsona guztiei, beste aldera ez begiratzera, ahotsa altxatzera eta beren gobernu eta ordezkariei tragedia humanitario hori iraultzeko jardun dezatela exijitzera, isiltasunak eta axolagabekeriak sufrimendua eta bidegabekeria betikotzen baitituzte.

Osasun-arloko profesional eta zainketa aringarrien defendatzaile garen aldetik, gogorarazten dugu giza duintasunak ez duela mugarik ezagutzen, eta etapa eta egoera guztietan bizitza lagundu, arindu eta babestea dela gure egitekoa. Ezin dugu onartu ahulenen bizitza eta itxaropena sakrifikatzea munduaren pasibotasunaren aurrean.

Gazako duintasunaren eta giza eskubideen alde.
Saihets daitekeen sufrimenduaren amaieragatik.
Presazko ekintzagatik eta justiziagatik.

Gorria, berdea eta zuriaz haratago

Artikulu honen sarrera buruan izan dut, gezurra badirudi ere, 2004. urtetik. Orduan egin genuen bidaia Argentinara, eta orduan ezagutu genuen Patagoniako iparraldean XIX. mendean gertatu zen istorio harrigarria.

Izan ere, 1865eko udan galestar kolono batzuk iritsi ziren itsasontziz argentinar kostalde hartara. Helburua, lurralde libre bat sortzea ingelesengandik urrun, Y Wladfa deitutakoa, edo “Hegoamerikako Gales Berria”. Haren guztiaren aztarna batzuk topatu genituen orduan, izen galesak dituzten leku batzuk, bai eta honi buruz anitz ikertu duen argentinar bat ezagutu ere.

Dexente irakurri nuen orduan galestarrei buruz, eta herrialdea ezagutzeko gogoa piztuta gelditu zitzaidan. Lehenengo gainbegirada batean, harrigarriak dira antzekotasunak Cymru (Gales) eta Euskal Herriaren artean, datu orokor batzuk kontuan hartuta, bi banderen hiru koloreak berdinak izatetik haratago:

  • Cymru: 20.779 km2, 3.130.000 biztanle, 147.5 biz/km2. 750.000 galesdunak, %29a.
  • EH: 20.947 km2, 3.190.000 biztanle, 153 biz/km2. 750.000 euskal hiztunak, %28.

Paralelismo handiak gora-behera, Eskoziak eta Irlandak eragindako lilura eta erakarpena ez dizkigu berdin transmititzen Galesek, egia esan, eta ezezagutza handia sumatu dut gurean uda honetako bidaia egin baino lehen. Galeuscan apur bat Galiziak duen papera, Katalunia eta Euskadiren ondoan, konparazioa zilegia balitz. Hirugarrenaren papera.

Desberdintasunei buruz hizketan, futbol eta rugby talde nazional propioak izateaz gainera, Zainketa Aringarrien arloan ere aldeak nabarmenak dira gure lurraldeen artean. Nafarroako Unibertsitateak (Eduardo Garralda eta al.) berriki argitaratutako Europako atlasean, Erresuma Batuaren eta Espainiaren datuak oso bestelakoak dira (zehaztu gabe Katalunia, Eskozia, Gales edo Euskal Herriko datuak). Linkean klikatuta, informazio zehatzagoa irakurriko duzue zainketa aringarrietako baliabideei buruz, unibertsitateetan dagoen presentziaz, opioideen kontsumoaz eta abar. Sekulako lana egin dute, orain dela urte batzuk egindakoa gaurkotzen (hauxe da argitaratu duten bigarren europar atlasa).

Nire kabuz ikertzen, topatu dut Cymrun badutela herrialde osoa barne hartzen duen Compassionate Cymru izeneko erakundea, komunitate errukitsu handi baten moduan. Euren webgunean kuxkuxeatzen, ez dut komunitate gupidatsu lokal konkreturik topatu, guk ditugun moduan: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan dozena bat komunitate dugu martxan (Gasteiz, Getxo, Santurtzi, Bidasoa, Donostia, Orio, Zarautz…), eta Nafarroan une honetan komunitate aktiborik ez dago. Hiru probintzien taldeak nolabait koordinatzeko elkartea sortu genuen duela urte batzuk, Euskadiko Konumitate Errukitsuen Sarea (EKES), edo gazteleraz Red de Euskadi de Comunidades Compasivas (RECC).

Beste aldetik, 14 hospice aurkitu ditut Interneten herrialde osoan zehar (gurean bat ere ez dagoen bitartean), hegoaldetik iparraldera:

Jakina, bat bera ere ez dugu ezagutu oporraldi hauetan, gehiago dedikatu garenez hiriak eta herriak bisitatzen, hizkuntza apur bat ikasten (diolch yn fawr, Begotxu!), hondartzetan bainatzen, mendian ibiltzen, izurdeak eta fokak arratsaldez ikusten (guztiz gomendagarria) eta sekulako eguraldi leuna gozatuz, besteak beste. Eisteddfod famatua zer den ere gainetik ikusi ahal izan genuen, halaber.

Opor dotoreak amaituta, bihar itzuliko naiz Arrasateko ospitalera, alde batetik gogoekin jendea berriro ikusteko eta pittin bat eguneratzeko.

Zoriona, edo antzeko zerbait

On Lake Atter (Gustav Klimt)

Goiko izenburua du Karmele Mitxelenak idatzitako liburuak, oraintxe disfrutatu eta amaitu dudana. Udarako irakurketa bikaina, goitik-behera gomendagarria. 60 urte inguruko emakume baten barne-bidaia, Empordà-ko kostaldera egindako kanpo-bidaia ere badena.

Abiapuntua bel-beltza da, ezin beltzagoa: emakume protagonistaren senarrak itsasoan egindako suizidioa. Eta horrek eragindako doluaren deskribapena, zehaztasunez eta edertasunez idatzitakoa. Egia esan, aspaldian ez nuen hain desberdin idatzitako zerbait irakurtzen.

Minaren deskribapena, saminarena, modu honetan egiten du:

“Inoiz ez dut jakin nola den zehazki. Ez dakit ekaitzaren ondoren datorren barealdia edo barealdiaren ondoren ekaitza. Gaur bareago dago dena, ni batez ere.

Zakarrontzian ez dira aterki apurtu gehiago kabitzen. Hondartza makilaz, adarrez, eta algaz beteta dago, eta itsasoa zikin, ohi duen gardentasunik gabe. Tabernetako itzalkinak lurretik altxatu ezinda daude, eta edozein bazterretan plastikozko aulki herrenak abandonatuta.

Antzera irudikatzen dut neure barrua, atzoko indarrarekin txikituta. Bihotz eta birika zatiak erraietan, ixten ez diren zauri zaharrak odoletan, zauri berriak gorri”.

Funtsean, liburua zorionaren aldeko aldarrikapena da, zauritutako zorionarena beti ere. Doluan dauden pertsonek berriz zoriontsuak izateko duten eskubideaz datza liburuak, edo horrela interpretatu dut behintzat: “Batzuetan hondamendia behar da berriz hasteko, zati guztiak bildu eta haiekin zerbait eraikitzeko”.

Aita erailda, ama minbiziak hilda, ahizpak bere buruaz beste eginda, anaia mendi istripu batean hilda, semetxoa edo alabatxoa jaiotzean zenduta… galdu eta gero zoriontsua izateko eskubidea.

(Eskerrik asko, Aizpea, liburua gomendatzeagatik).

Sutan

Mangum Fire. Arizona (AEB), 2020. Wikipedia.

Aurtengo udari sutan ekin diogu, eta hainbat bizilagun klimaren larritasunaz hamaikagarren aldiz konturatu dira. Urtez urte gertatzen den zeozer da, datorren urtean ere berriro gertatuko da, eta hainbat herrikide larrituko dira, atzera ere ahazteko aurreko urtean eta aurrekoan eta aurrekoan (…) jazotakoaz. Zorionez, su-etenean gaude momentu hauetan.

Sutan ekin zioten urteari 2022an Ukraina aldean, Errusiaren aurkako gerrarekin, gaur arte luzatzen ari dena, Eta sutan amaitu zuten 2023. urtea Palestinan, Hamasek piztutako suari gaur arte Israelek etengabean botatako erregaiarekin, eskala handiko atentatu latzari neurririk gabeko genozidio batekin erantzunda. Zoritxarrez, su-etenik ez daude, ez batean ezta bertzean ere.

Azken asteotan pare bat komiki irakurri ditut (milesker Maddi!) indarkeriari buruzkoak. Jérémie Dres komikigile frantziarraren “Le jour où j’ai rencontré Ben Laden” 2 liburuen gaztelerazko itzulpenak izan dira (“El día que conocí a Bin Laden“). Bertan, Mourad Benchellali eta Nizar Sassi arabiar frantziarren istorioak kontatzen ditu marrazkigileak, erradikaltasun islamista ulertzeko saiakeran.

Anna Teixidor kataluniarra antzeko zerbait saiatu zen egiten “Sense por de morir. Els silencis del 17-A”, Ripolleko arabiar katalan haien bilakaera biolentoak ulertu nahian. Nola pizten da sua gazte batzuengan izugarrikeriak egiteko iritsi ahal izateko? Zeintzuk dira faktoreak?

Une hauetan amaitzen ari naiz “Putain de guerre!” komikiaren gaztelaniazko itzulpena (“¡Puta guerra!”), Jacques Tardi eta Jean-Pierre Verney frantziarrek egindakoa, Lehen Mundu Gerraren izugarrikeriak gordinki plazaratzen dituztenak.

Sute guztien artean, gure Troubles propioak (izan) ditugu, klima aldaketa (larrialdia) bezala ahaztu nahi ditugunak. Atzo, baina, ekimen zoragarria burutu zuen Ibai Uribe gazte euskaldunak: 25 aldiz igo zuen Mandubiko mendatea bizikletaz, haren aitaren omenez. Haren aita, Mikel Uribe, ETAk erail zuen duela 24 urte, eta ahanzturan ez gelditzeko balentria ikaragarria aurrera eraman zuen atzo. “Minak ez du ideologiez ulertzen”, haren hitzetan.

Amen.

Zuritasuna

Eusko Ikaskuntzaren webgunetik hartutako argazkia.

Elurtea urte hartan luzatu zen normala baino dezente gehiago. Egia esan, normal hori ezerezetik oso hurbil dago azken hamarkada bi hauetan. Haurrak eta nerabeak ginenean, 4-5 elurte izaten genituen, astebete inguruan irauten zuelarik bakoitzak. Pittin bat gehiago ere inoiz.

Azaroan ekin zion elurra botatzeari 2047 hartan, eta ez zen gelditu martxoa arte. Berbaz berba. García Márquez-en Macondon eurite surrealista harekin bezala jazo zen. Umeek eta txakurrek gozatu zuten egoera bereziki, bakarrak izan zirela ez esatearren. Traumatologoak ere pozik egon ziren, dena esan behar baldin badugu. Sekula ez zuten hainbeste protesi ipini hainbeste aldakatan. Arnas aparatuko espezialistak ere galtzak bete lan ibili ziren, aurreko bi pandemietan legez, gutxi goiti-beheiti. Saramagoren heriotzaren aldizkakotasunak gogora ekarri zituen egoera sinestezinak.

Erraketetan ibiltzea txirringa erabiltzea bezalakoa bihurtu zen bortz hilabete euretan. Bekalarreko marmartienak ere erraz eta gustura ikusten genituen egunerokoan, hasierako purrustadak gainditurik. Eta ez soilik Bekalarren, hiriburuetan be, baita Europako bertze herrialde batzuetan be berdin gertatu zen. Iruñean, aurreko mendeetako elurte eta izotzen oroimen kolektiboan zegoena berpiztu zen, hizkuntza berarekin jazo zenaren moduan. Bilbon, non itsasadarra ixixa lehortu egiten zen azken hamarkadetan, txundituta ikusi zuten zelan izoztu egin zen eta jendea patinatzen ibiltzen zen gainetik. Hartzak ere itzuli ziren, Urkiolara adibidez. Oso hankabiko gutxik ikusi ahal izan zituen, leizeetan sartu zirelako hibernatzeko, kontua luzatzen zela ikusita.

Nehork ez daki errepikatuko den ala ez. Bortz axola. Dakidan bakarra da anitz disfrutatu dugula, zakurrek eta haurrek bezala.