2001eko ekainean bi hilabeteko kontratua neukan aurrean, uda hartan Arrasateko ospitalean lan egiteko. Poz-pozik nengoen, hain gutxirekin, gixajoa ni. Hain pozik, Zorrotzako lagunekin Huescako Pirinioetara joan nintzela, mendikate osoko gailurrik altuenera igotzeko. Zerua ukitu genuen duela 21 urte, Aneton. Bizitzako une goren horietakoa izan zen.
Denboran aurrera, “Aulki Hutsak” dokumentala egin eta lekuz leku ibili ginen 2014. urtean aurkezpenetan. Zaragoza hirian, sekulako areto ederra geneukan prest pase bat egiteko. Handiegia azkenik, oso jende gutxi hurbildu baitzen. Gutxi baina kalitatezkoa, hori bai. “Carreteras Secundarias” erreferentziazko blogaren hiru egileak bertan baitzeuden (2008an martxan ipini zuten, eta oraindik orain aktiboa dago): Marisa de la Rica, Pilar Lázaro eta Mar Ordóñez. Halaber, Zainketa Aringarrietan ezaguna zen mediku bat ere etorri zen, Pilar Torralba uste dut deitzen zela. Eta Marta Sariñena.
“Porrot” horrek ekarri zuena izan zen beste emanaldi-solasaldi bat Aragoiko lurretan, iparralderago, Monzón herrian. 2014ko urrian izan zen, oker ez banago. Martak galdetu zidan ea hurbilduko nintzatekeen euren herrira, doluan laguntzeko elkartea zeukatela, eta baiezkoa eman nion. Jende pila bat etorri zen, “La Vanguardia” egunkarian iragarri zuten eta dena, Lleidako dolu elkarte bati esker. Izan ere, publikoaren artean Robert Manrique zegoen, Bartzelonatik hurbildu zena (!). Orduan ezagutu ginen, Hipercor supermerkatuko atentatu hartatik bizirik atera eta ordutik hainbeste jenderi lagundu dion gizona. (Urte batzuetara, geuri ere lagundu zigun, “S(u/a)minetik bakera” Bartzelonara eraman genuenean, Robert eta Rosa Lluch narratzaile lanetan…).
Arrakasta izan zen beraz Monzón-eko emanaldia. Ordutik 8 urte pasatu dira, eta denbora honetan Martak eta biok harremanetan jarraitu genuen, eta orain dela hilabete batzuk neu izan nintzen haren herrira bueltatzeko proposatu niona, “Mendian hil”-ekin. Esan eta izan.
Aurreko astean Huesca aldera itzuli naiz azken dokumentalarekin. Aurkezpen bat baino hiru antolatu zituen Martak azkenean, Monzón-en hasita eta Boltaña eta Benasque ere bisitatuz. Hiru herri, hiru ibai: Cinca, Ara eta Ésera. Urak indartsu datoz udaberri honetan, izotzak ematen dituen kolore berde-urdin horiekin. Esako urtegitik hasita, ez dakit inoiz ikusi dudan hain beteta. Bigarren mailako errepideetatik, blog haren izenean bezala, autokarabanaz egin nuen Gipuzkoatik Oskarainokoa. Eta horrek aukera ematen dizu patxada handiagoz ibiltzeko, paisaiei eta ibaiei ere kasu egiteko.
Doluaz aritu gara egun hauetan, heriotzaz eta bizitzaz, eta mendiaz, noski. Bakoitzak ditugun grin horiei buruz. Antzinako usadioetaz, almadietaz (Aragoin, navatas), ur kultura eder hartaz. Ibaiak egurra garraiatzeko autopistak zirenean, Zaraitzu edo Erronkaritik Zaragozaraino, eta Huesca aldetik Tortosaraino, Ebro ibaia ardatz. Haiek bizimoduak! Ainielle eta abandonatutako herriak, galdutako hizkerak. Viellas luengas. Bestelako dolu horiek.
Oraingo honetan Anetotik nahiko hurbil egon naiz berriro, Benasquen. Baita Monte Perdido-tik ere, Puyarruego herrixkan. Bertan, adineko 36 pertsona bizitzaren amaieran zaindu dituen emakume adinekoa ezagutu nuen, Jose Luis eta Pacoren ama hain zuzen ere. Liburu edo dokumental batean jaso daitezkeen bizipenak entzuten adi egon nintzen. Herrian hil, hirian hil. Definitiboki, kaletik gehiagotan atera behar gara. Erdi galdutako ohitura batzuk berreskuratuko baldin bagenituen, ez ginateke geu hain galduta egongo.
Eta, definitiboki, jende ederrak ekitaldi ederrak baino ezin ditu antolatu. Marta Sariñena da honen adibide. Bueltako bidaia motxila bizipenez ondo kargatuta egin nuen, eta Biaizpeko haitzartea gurutzatu baino lehen, oraindik gelditzen zen laugarren emanaldi-solasaldia, Irurtzunen. Ez zuten hutsik egin Sakanakoek, Larraun eta Arakil ibaiek bat egiten duten lekuan.
Nabigazio borobila.