Etxe hutsetako penintsula

Ubedatik itzuli nintzen iaz irakurtzeko gomendio pare batekin. Antonio Muñoz Molinaren “El jinete polaco” zen bata, eta bestea David Uclés-en “La península de las casas vacías” (ikusi argazkia). Idazle biak Úbedakoak dira, edo Mágina-koak, fikziozko leku horretakoak. Jándula, Macondo eta Obaba bezain fikziozkoak (eta, aldi berean, errealak).

Liburukotea da iruzkinduko dugun hau, ia 700 orrialdetakoa. Horrelako gutxiri ekin diot orain arte, egia esan (bakarrik gogoratzen dut Joan Mari Irigoienen “Lur bat haratago” mardul eta ederra). Penintsularena, liburu bat baino gehiago bakar batean bildutakoa da. Espainiako Gerra Zibila da ardatza, laster 100 urte beteko duen gatazka orbaindu gabea. Bistan da, oraindik bizirik dago gatazka politiko hau, eta liburua horren isla da: ezkertiarrak eta eskuindarrak, progresistak eta kontserbadoreak, erlijioa bai ala ez, Espainia bai ala ez.

  • No me gusta ninguno de los bandos, ni la política ni la guerra.
  • ¿Y a quién le puede gustar la guerra?
  • Ahora mismo a muchos.

Gustatu zait idazleak egin duen ariketa, ‘Iberia’, ‘iberiarrak’ eta ‘iberiera’ erabiltzen ditu hitz tabuak saihesteko. Geu ‘euskaroak’ gara, eta bestela oso kontutan hartzen ditu Galeuscako lurraldeen berezitasunak. Bestela, lan ikaragarri ederra da hileta errituen deskribapenei dagokienez, galdutako usadioak beti ere, Barandiaranek eta Manterolak deskribatutakoak bezala.

Baina gerra, edo gerrak, daude liburuaren azpian, hor kolpatzen:

La guerra borra el folklore de los enterramientos y banaliza gravemente la muerte.

Había en la guerra oficios que nunca habían existido, inventados por la muerte.

Un cristiano no puede rezar por la victoria, solo puede rezar por la paz.

Gerra Zibila ez nuen bizi izan, ezta gerraostea ere, baina bizirik nagoenetik hainbat gatazka bortitz edo guda egon dira, 1971tik. Ez dakit urteren bat egon den ere gerrarik gabe, 53 urte hauetan: Espainiako diktaduraren amaiera, Argentinako diktadura, Txileko diktadura, Falklandetako Gerra, El Salvadorko gerra zibila, Hegoafrikako Apartheida, Euskal Troubles-ak, Jugoslaviako Gerrak, Sudango Bigarren Gerra Zibila, Golkoko Gerra, Ruandako genozidioa, Kongoko Lehen Gerra, Kongoko Bigarren Gerra, Irakeko Gerra, Lehen Txetxeniako Gerra eta Bigarrena, Ukrainako inbasioa.. eta oraingo Gazako genozidioa.

Ikaragarria da (eta zerrendan faltako dira beste batzuk). Golkoko Gerraren garaian, Diasporako urteetan, soldaduzkarako kontzientzia eragozle bilakatu nintzen. Madrilen ikasten ari nintzen Medikuntza, eta sasoi hartan ere interesatu nintzen Euskal Gatazkaren inguruko bake mugimenduekin. ‘Elkarri’ izan zen geure etxean aukeratutako bidea, eta artikulu pilo bat irakurri nituen urte haietan.

Azken hamarkada honetan, badakizuenez, Aitor Monje, Koldo Rodríguez eta Naia Egiluz lagunekin batera, Sandra Carrasco eta Olatz Etxaberengana hurbildu gara. “S(u/a)minetik bakera” sortu genuen, eta bidean Robert Manrique, Rosa Lluch, Maria Jauregi, Jon Maia eta Sara Buesa moduko pertsona interesgarriak ezagutu ditugu. Linkean obra eszeniko osoa ikus-entzun dezakezue.

Geure Obaba honetan gertatutakoak ulertu eta, errukitik, kolpatutakoengana hurbildu gara. Mágina eta Jándula haietan bezala, geure herri hauetan ere badagoelako zer idatzi eta zer kontatu.

Iñaki Peña

1971ko udagoienean jaio nintzen. Urtaroz urtaro eta mendiz mendi nabil orduz geroztik.

Iñaki Peña

1971ko udagoienean jaio nintzen. Urtaroz urtaro eta mendiz mendi nabil orduz geroztik.
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude