1966an grabatu zuten abestia The Beatles-ek: “All the lonely people, where do they all come from?…”. Linkean kantaren atzean dagoen istorio guztia irakurri dezakezue, zein zen benetako Eleanor Rigby (argazkian), nola abestia izan zen lehenengoa arrakastarekin gai hauek jorratuz, bakardadea eta heriotza.
(Bilatu gabeko) bakardadea da gaur egungo gai potoloen artean handienetakoa, Lehen Munduko gizarte garaikideetan erronka handia, komunitate errukitsuetan aurre egiteko arazoetako bat. Baita Zarautz Herri Zaintzailea geure ekimenerako ere.
“Osatuberri” aldizkariaren azken zenbakiak badakar artikulu interesgarria, gustura irakurri dudana. Eta hemen azpimarratutako esaldi batzuk:
- “Bakardadea, gosea bezala, oinarrizko zerbaiten falta da”.
- “Bakardadeak, osasun mentalari eragiteaz gain, zahartze fisikoa bizkortu eta gaixotasun kronikoen arriskua areagotu dezake (…) Bakarrik sentitzen diren pertsonek gaixotasun mentalak izateko arrisku nabarmen handiagoa dute”.
- “Gizartearen parte hartzea eta giza kontaktua sustatzen duten programak ezinbestekoak dira (…) Adineko pertsonek baloratuta sentitzeko beharra dute”.
- “Laguntza pertsonalak eta komunitarioak eraginkorrak dira, sarea, interakzioa eta truke emozionala”.
- “Bakardadea duintasunez eta epaitu gabe tratatu behar dugu, eta estigmatizazioa alde batera utzi behar da. Ez da porrot pertsonal edo ahultasun-seinalea”.
- Eta azken esaldi borobil hau: “Zahartzaro on baten sekretua bakardadearekin itun on bat egitea besterik ez da”.
Amaitzeko, ez dakit badakizuen Belgika eta Frantziako gazteak direla Europako hiritarrik bakartienak, Itxaro Bordaren testu honetan agertzen den moduan.
PD.- Maddi “buseko lagunak” helarazi zidan beste abesti hau, eta pendiente neukan ipintzeko: “Soledad” (Jorge Drexler & María Rita).