Jaungoikoa hil eta gero, mundu berri batean sartu gara. Denbora gutxian, 30-40 urtetan. Historiako fase garrantzitsua eta interesgarria bizitzen ari garela esan dezakegu. Gure Herri txiki honetan bereziki kontraesankorra da egoera.
Asteroko ariketa gomendagarria da Jose Maria Pastor irakurtzea. Gaurkoan: “Garapen bitxia izan dugu gurean. Elizak gurtzetik elizak erretzera pasatu gara —zentzu metaforikoan ari naiz—. Mutur batetik bestera bi belaunalditan. Horretan ere ez gara normalak. Euskaldun fededun leloa gogorarazi digu Pruden Gartziak bere liburuan. Halaxe da: euskaldun dogmadun, alde batetik edo bestetik. Jon Sarasuak gizartean eta bertsolaritzan izan den bilakaerari buruz hitz egin du. Ba al da bertsolari fededunik? Seguru. Izango ez da, ba!“. Euskaldun dogmadunak, orain dogma berriekin: Kirola, osasuna, hizkuntza bera (gutxitua edo besteak), ideologia, postmodernotasuna bera…
“Arantzazu. 36 zm, 5 mende, herri 1” dokumental bikainean ederto jasotzen dute Kristautasunaren gainbehera, Arantzazuko santutegiaren kasuarekin. Eta, aldi berean, Espiritualtasunaren garrantzia. Hil dugun Jaingoikoak utzitako hutsunearen aurrean egarri eta behar espirituala, gero eta nabarmenagoa dena. Ekialdeko erlijioen elementuak harrera ona daukate, heldulekuen bila gabiltza, fede berrien bila.
Pruden Gartziaren liburuan ere (argazkian) pasarte batzuk irakurri ditzakegu gai honi buruz, ikuspuntu nagusia historiko eta politikoa den arren.
Zerua eta lurraren arteko eremu honetan jarraituko dugu, bitartean. Lurrean etzanda, zerutik urrun, Ruper Ordorikak kantatzen duen moduan. Edo zer dakit nik nola.
Sarri pentsatu izan dot garai bateko dogmatismoa ez dogula ezelan be galdu: bestelakoak hartu ditugu ordez, baina bizkarrezur lana egiten euskuenak albora lagata. Dogmatismo guztiei egin beharko geuntseen muzin, baina nik, behintzat, ez dot ikusten hori egiteko bide argirik. Askotan pentsetan dot umea bota dogula ha garbitzeko urarekin batera…
Horixe bera. Eta umea bizitzeak merezi du. Ezin gara hain itsuak izan.