Albiste itzela jaso dugu duela aste batzuk, izan ere Labayru Fundazioak digitalizatu du Etniker Egitasmoak duela urte batzuk argitaratutako liburu mardula: “Ritos funerarios en Vasconia”. Urtebetetze baterako bi liburu oparitu zizkidaten, hauxe eta beste bat, “Ritos del nacimiento al matrimonio en Vasconia”. Jaiotza eta heriotza. Aita berria nintzen orduan, jaiotzatik askoz gertuago heriotzatik baino, jakin barik bigarren hau oso urruti ez zebilela.
Euskal Herriko heriotz ohiturak jasotzen dituen argitalpenera itzulita, goiko linkean sartzen baldin bazarete jabetuko zarete lan handi horren tamainaz. 25 ataletan banatzen da liburua, material ikaragarri zabala da eta gaiak askotarikoak. Ohikune zaharrak, gehienak desagertuta edo haranzko bidean: Animaliekin erlazionatutako heriotzaren zantzuak, hiltamuan dagoenaren adierazleak, arimaren eta gorputzaren arteko bereizketa, hil-kanpaiak, auzokideen parte-hartzea doluan, belar-erretzeak, hil-oheak, andabideak, segizioa, argizaiola, kadirak, ogien eskaintzea, auroroak, lutoa, kofradiak, arima herratuak…
Baserrietan gordeta hainbat jantzi eta objektu geldituko dira oraindik han eta hemen, museoko pieza etnografikoak legez. Eta gaur egun ere horien guztien oihartzunak iristen dira tantaka ospitaleetara, belarriak erne baldin badituzu eta adi baldin bazaude. Norantza goazen ez dakigu oso ondo, baina behintzat nondik gatozen apur bat ikasi dezakegu. Kontu interesgarriak dira, niretzat behintzat.
Osagarri moduan, Iñaki Olaizolak 2015ean egindako argitalpena ere aipatzekoa da, “Muerte, ritual funerario y luto en Euskal Herria”, azken hamarkadetako ohitura garaikideak jasotzen dituena. Hau ere, oso gomendagarria.