Hamabostean behin: #21 (eta bonus track)

Podkastean egin dugun laugarren elkarrizketa entzungai duzue gaurtik. Mediku egoiliar moduan ezagutu nuen elkarrizketatua aspaldian, eta orain osasun-zentro bateko burua da. Bitarte honetan, komunikazio argia eta zuzena (izan) dudan lankidea da, lanean. Kanpoan, ezkontzaren batean kointziditu gara, azken Korrikaren edizioan lekukoa elkarbanatu genuen, Egunean Behinen gupidarik gabe lehiatzen gara egunero…

#21 Argiñe Ibarguren, Aretxabaletan familia-mediku dabilen bergararra, izan genuen estudioan lehengo egunean. Ekarritako musikaren artean, lehendabiziko aukeraketak harritu ninduen onerako (nortasuna!): Luis Mariano. Idoia berriro entzungo dugu podkast honetan, izan ere berarekin estreinatu genuen “Hamabostean behin” saio hau orain dela ia urtebete. Ken Zazpi eta Sorotan Belerekin borobildu genuen elkarrizketa Argirekin, sumatuko duzue zein atsegina izan zen.

Bonus track-a, orain dela urtebete grabatutako pieza bat da. Egun hartan, Mariví Q izeneko paziente ahaztezinaren eutanasia izan nuen Gasteizen, lehenengoa niretzat. Hortik Iruñera joan nintzen, Mikel Idoaterekin “pilota partida bat jolastera”. Eta eguna Gasteizen amaitu nuen, Baskoniaren partida ikusten Alberto Melendezen konpainian. Mikel Izarra tanatorioaren arduraduna da, MHHH-en proiekzio batzuk eurekin ditugu, eta 2025eko urtarrilean elkarrizketa mamitsua izan genuen, hortaz eta hartaz.

Hiru

Balentin Deunaren bezpera (mila esker Arantza Zufiriari loreengatik!), ostirala eta 13, euria lagun. Baskonian gutxi gelditzen diren liburudenda-aterpetxe horietako batean. Trinitate kalean. Geure amaren izena daraman Zarauzko txoko horretan, atzo bereziki faltan bota nuen ama, Trini, Irune.

Flor Illarramendi ez nuen ezagutu baina, haren bizitzaren azken txanpan zegoelarik, hiru gizon agirretarrekin bildu nintzen lur azpian, Garoaren barrunbeetan, nola lagundu asmatu nahian. Barrunbe haietan bildu ginen hainbat lagun atzo (milesker Jaione, Izaro, Julia, Miren, Lourdes, Juantxo, Ibiltarixa…), dokumental trilogia baten inguruan idatzita dagoen liburu atipiko baten aurkezpen atipiko batean (mila esker baliabide teknikoak erraztu zizkidan aingeruari!). Idazlea izan nahi nuen, Medikuntza ikasi baina Zientziek eta Letrek bat egiten duten gunea azkenean topatu ahal izan nuen.

Medikuntza narratiboaren ariketa bat da, azken finean, “Heriotzak eta doluak”. Hiru tontor ditu Aiako Harriak, azalean agertzen den mendiak. Hiru ataletan bananduta dagoena: heriotza, bera baino lehen eta ostean. Hiru hizkuntzatan idatzitakoa (eu, ca, es). Hiru probintzietan (Nafarroa, Gipuzkoa eta Bizkaia) errodatutako hiru pelikuletan oinarrituta. Bigarrenean, SB-n, narratzaile moduan parte hartu zuten Imanol Epelde eta Ana Galarraga zarauztarrek. Hirugarrenean, MHHH-en, Susanna Llavina eta Felix Zubiak. Ana atzo egon zen aurkezpenean, hain zuzen berari esker Booktegiren arrastoa hartu eta liburua argitaratu genuen iazko otsailean, orain urtebete (thank you pilo bat, Aritz Branton!).

Etxean nengoen beraz atzo (mila esker Imanol, Ibai eta Olatz hirukoteari!), Zarauztik ihes egiteko asmorik ez daukadanez. Zarautz Herri Zaintzailearen beste hiru kideak ere han egon ziren, Aizpea Manterola eta Miriam Mendoza, eta Anjel Irastorzaren proiektorea eta arima. Bidaia errukitsu ederra egiten gabiltza 2018tik.

Amaitzeko, aipatu nahi dut liburu honen ibilbidearen hasiera etxean ere izan zela, Bilbon. Orduan, Zazpi Kaleetako adinekoen elkarteak antolatu zuen. Ostegunean, Donostiako Easo politeknikoan egon naiz, 16-20 urteko ikasleekin. Bi muturretan dauden adin tarteko publikoak izan ditu liburuak, zaharrak eta gazteak, eta tartean gu atzo, hirugarren multzokook, adin ertainekook.

PD.- Jada ez dauden pertsona aunitz egon ziren presente atzo Garoan. Aunitz. Besteak beste, Gaizka Agiriano arrasatearra, paziente izan nuena. Haren proiektorea azkenean ez nuen erabili, baina haren alabak utzi zidan badaezpada ere, ganbararen batetik erreskatatuta. Naiara Agiriano, orain dela urtebetetik, nirekin batera Zainketa Aringarrietako Debagoieneko ospitaleko ekipoan dago lanean, erizain.

PD’.- Zainketa Aringarrietako Masterra egiten ari nintzela, Vic-en (Osona), Amaierako Lanaren aurre-aurkezpen moduko bat egin nuen 2024an, ikaskide eta irakasleen aurrean. Kataluniaraino joan ziren ikus-entzutera Maider eta Itziar Zarauztik, 550-570 km. Atzo ere hor egon ziren, Maider diapositibak pasatzen laguntzen. Ez San Valentín ez esnerik, ez esan.

Hamabostean behin: #19 eta #20 (eta bonus track)

Ezin naiz kexatu aurtengo negu hotzaz, hemen “Quiet Winter Jazz” entzun eta post hau idazten dudan bitartean. Abenduan grabatutako bi saio dakartzat gaurkoan, otsaila estreinatu berritan, gehi opari bat.

#19 “Fairy tale of New York” abestiari O’Hooley & Tidow bikote britainiarraren cover honek ukitu goxo bat ematen dio. John Breen lagunaren heriotzari eman nahi izan diodan ukitu goxoa. John Bilbon bizi zen musikari estatubatuarra zen, zeltiar musikak eta autosuntsiketa prozesu batek lotzen zutena Shane McGowanekin, saio honetan entzungo duzun abestiaren egilearekin.

#20 “Puntos suspensivos” Robe Iniestaren kanta da, gutariko askoren soinu-bandan ondo txertatuta dagoen ahotsa, bizirik jarraituko duena Roberen heriotzaren ostean ere. Arrasateko eta Debagoieneko euskal extremadurar horiei dedikatu nahi diet, hil eta biziko bide luze honetan ezagututako “hezurbeltzei”, Jon Maiak esango lukeen moduan. Bruce Springsteenen hitzetan, this land is your land.

Amaitzeko, goian aipatu dudan oparia da Urtzi Ugaldek egin didana, “Azken Kafea” bere podkastean egindako elkarrizketarekin. Ordutxo bat irauten du, eta amaitasunaz hitz egiten dugu (Maia berriz ere), besteak beste. Halaber, Patxi Lurraren misterioa argitzen dugu, eta abesti argitsu bat partekatzen dugu, inoizko nire kuttunenen artean dagoena.

Azkena

Ooppera Balletti.

CDz eta biniloez betetako egongela bat, itsaso aldera ematen duten leiho handiekin, laugarren solairu batean. Edo txoko bat, supazterrak argiztatuta eta berotuta. Stereo ekipo zaharra, duela hamarkada batzuk erositakoa, orduan berri-berria zena. Aitarena. Orduak eta orduak musikari entzuten, liburu batekin ala barik, olatuei edo suari begira. Azken orduaren zain.

Ordurarte bisitatu gabeko Europako iparraldearen hiriburu bat zen azken helmuga, ziur aski azken bidaia. Musika garaikidearen bertsioekin egindako kontzertua, hango orkestra sinfonikoak eta abeslari ezagunen koadrila batek lagundutakoa. Etxekoekin eta lagunekin lurralde hotz eta urrun haietan. Zu ere agertu zinen. Borobila.

Beste ziklo bat osatuta. Esaten dute musika arima betetzeko botikarik hoberenen artean dagoela. Gorputzaren gora-beherak arintzeko bestela bazeukan bere armategia. Ukitzen ez den guztia ere existitzen da, sentitzen den guztia hor dagoelako. Zirrara horiek, soinu horiek, giro hori, izpiritu hori, definitzen zaila den hori, sutondo hori, azken desio hori.

Ontasunaz

Kindness Isn’t Weakness (Tiny Buddha).

Zutabegile kuttunen artean daukat Goizalde Landabaso, aspalditik gustu-gustura irakurtzen ditut haren testuak, adibidez gaurko egunkarian argitaratu duena: “Onen saldoa”. Bertan, gaur egungo jendartean ona izatea zer ote den galdetzen du. Eta apuntatzen du oso puntu interesgarria, fedearen gainbeherak ekarritako balio mudaketarena. Balioak aldatu dira, bistan da, tarteka erabat alderantzizkoak dira ezagutu eta ikasi genituenak eta oraingoak. Zer dira orain ontasuna eta honen antonimoa, txarkeria?

Zer da bakea? Gerrako gaurko jaunek zer esaten dute bakeari buruz, zer da bakea haien ustez? Zer da terrorismoa gudako maisu hauen arabera, eta zer ezinbesteko indarkeria saihetsezina? Zer dago ongi eta zer gaizki? Jaungoiko eta deabru berriak nolakoak dira?

“S(u/a)minetik bakera” (SB) obra eszenikoaren laugarren eta azken atalean berba egiten dugu higatutako hitzei buruz, hainbeste erabiltzeaz gastatzen eta desitxuratzen diren kontzeptuei buruz (elkarbizitza, bakea, demokrazia…). 8 urte igaro dira estreinatu genuenetik, Irakeko gerraosteko garaia aipatzen dugu obran. Gero etorri ziren Siria, Ukraina… eta Palestina. Eta 8 urte hauetan hitzak are gehiago higatu eta itxuragabetu dira. Azken hilabeteetan abiadura handian gainera, albistegiak jarraitzen baldin badituzue ongi jakingo duzue.

Javier Cercas-en azken liburuari ekin diot egunotan, “El loco de Dios en el fin del mundo”. Idazle ateo baten hurbilketa Francisco Aita Santuarengana, Mongoliara egindako bidaia batean eta horren aurretik. Besteak beste, bere ustez Aita Santua da gaur egun nazioarteko figura bakarra eragin moral bat eduki dezakeena. Bakarra edo bakarrenetarikoa, Dalai Lama ere kontuan hartzen baldin badugu adibidez. Bestela, moraltasunaz gero eta lider gutxiago interesatuta daudela ematen du, edo benetako boterea dutenek behintzat giza eskubideak, etika eta ontasuna erabat baztertuta dituzte. Eta beldurgarria da.

PD.- Igorren egingo dugun SB-ren emanaldia dataz aldatu dugu: Apirilaren 10ean izango da, barikuan.

Amaitasuna

Jon Maia handiaren berba da: amaren maitasuna = amaitasuna. Eta “Ama” artefaktuaren hitzaurrean agertzen da, Urtzi Ugaldek asmatutako sorkuntzan. Mara-Mara liburudendan aurkeztu zuen atzo Gasteizen (argazkian), eta bere hitzetan “poeta, artista, kazetaria eta marrazkilaria ez den” arren, horietatik eta gehiagotik badauka Urtzik. Liburuko hiru pasarte azpimarratuko nituzke: “Hutsa” poeman galdera: “Eguzkirik al da ilargirik gabe?”. “40” poeman, hiru elementu terapeutiko: sorkuntza, kirola eta musika. Eta “Astekaria”-n, 12. astean duintasun terapiaren elementu garrantzitsuak: argazki albumak ikustea eta agurraz eta amaieraren antolaketaz hitz egiten hastea.

Bestela, Naiz Irratian abiatu du “Azken kafea” podkasta, heriotzari, doluari eta lotutako gaiei buruzkoa. Lehenengo kafea Pili Kaltzada kazetariarekin izan da, linkaren bidez entzun dezakezuena. Amaren heriotzak lotzen ditu Pili eta Urtzi, eta solasaldi atsegina sortu dute.

Uxue Razquinek ere amaren heriotzari buruz idatzi zuen (“Cómo se le dice adiós a una madre”), eta bere galderari erantzutea ez da hain erraza. Zaila den moduan amaitasun horrek amairik ote duen ala ez jakitea. Ama hilda egon arren.

Izan Iñurri elkartekide bat ere egon zen atzoko aurkezpenean (podkastean hurrengo asteetan agertuko da Julene Illarramendi beste elkartekidearekin egindako saioa). Ekimen interesgarria, astintzailea eta ezinbestekoa, “Ama” artefaktu zazpikaletar honetan parte hartzailea. Liburua izateaz gain, QR baten bidez abestien playlist luze batean sartzeko aukera dago, Urtzik prestatutakoa. Kanta horien artean, oso gustukoa daukadan “Hau dena” (Fermin Muguruza) dator.

Amaitzeko, zorionekoa ni proiektu honetan parte hartu dudala, “Azken kafea” Urtzirekin hartu nuelarik (laster argitaratuko da gure saioa, uste dut). Eta zorionekoa ni, despiste baten ondorioz, bi aldiz dedikatuta daukadala “Ama” liburua. Bizi gara!

Entzuteko: “Ama hil zaigu” (Amorante). Hamabostean behin podkastean.

Edertasuna

Zein izango da lagako dugun ondarea hil ostean? Hilgo direnean, zer esango du munduak donald j. trump edo benjamin netanyahuren aztarnei buruz? (Aipatzen ditut, letra txikiz, XXI. mende hasiera honetako Satan guztien artean zital-zitalenak aukeraturik, letra handiz).

Baina berba egin dezagun edertasunaz. Naturaz maitemindutako Joseba Alberdik lagatako ondareaz. Zabortegi handia den Twitter (X) sare asozialean jarraitzeko motiboak, hala ere, egon badaudelako. Loreak alegia. Besteak beste, @smithymujika @joxeanjel123456 @gorkaurbizubat @MaiteLpezLasHe1 @egaroa @literlandweb1 @JuanJoseMillas @impression_ists @ignacio_arakis @InmaLizaso @returntobasque @andonimendoz @ekaitzmekola @MJauregiLasa @iratigoikoetxea @Rafael_Narbona @mirenlarrion @daniInnerarity @inakigaldosira @PoliticayModa @FranceskAlbs @AneIrazabal @mikelayestaran @gerardotc @umoreaskea @MarisaBarr31103 @FonsiLoaiza @ideiazabaldub @PalianNavarra @AdorezArinduz @elillemartinez @RealSociedadEUS @Baskonia Mendia, literatura, itsasoa, musika, errukia, maitasuna, kirola, mundua, umorea.

Eta @basafauna Joseba Alberdi naturan murgildu zen, eta argazkietan jaso zuen ikusi, entzun, usaindu eta ukitutako guztia. 2025eko maiatzean hil zen, gazteegi. Mendian bizi, hirian hil. Eta, gure zorionerako, edertasuna oparitu digu liburu batean, “Basafauna argitan”, eskuratu daitekeena bide hauetatik: info@basafauna.eus / 653012011 Ainhoa / 655719437 Amaia.

“Edertasuna bilatu, protestatzeko modurik hoberena da mundu nazkagarri honetan” R. Trecet.

PD.- Edertasunaz hizketan, argazkia Xoxote mendian aterata dago eta Maider da erdian agertzen den ibiltaria.

PD’.- Dardarak.

Obedientziaren idiologoak

Behobia aldean autopista laga eta N-121-A hartzea da azken urte luzeotan, Zarautzen bizi garenetik, maiz egiten dudan ibilbidea. Bera, Lesaka, Etxalar, Igantzi, Arantza, Sunbilla, Narbarte, Doneztebe, Amaiur eta Elizondo dira behin eta berriz bisitatzen ditudan herriak, bertako mendietan gora eta behera ibiltzeko.

Txikitan, Euskal Herritik kanpo bizi ginenean, Lesakarako bidea hartzen genuen urtean behin edo, N-121 zaharretik, aitaren familia bisitatzeko. Orain aita, ama, amatxi eta abuelo Lesakako kanposantuan bisitatzen ditut, baina garai urrun haietan, jakinmin handia zeukan mutiko baten begiekin begiratzen nuen paisaia kotxetik. Bereziki Bidasoako tarte hori, bertzaldean Biriatu eta inguruneak ikusten direna. “Frantzia” alegia. Jakinmin handiko neure begiek ikusten zutena zen gure aldean ikusten ziren oso antzeko ingurune berdeak, oso antzeko etxeekin eta ardiekin. Euskal (Eskual) Herriko armarriak ikusten nituen Lesakako senideen etxeetan, aitaren giltzatakoan eta gure etxean bertan. Kontzeptua fite harrapatu nuen.

Bidasoan gora egindako txango hauetan guzietan, bitxia bada ere, nehoiz ez naiz iritsi Xorroxinerat, iturbururat. “Bidasoan gora” liburuan, Eneko Aizpuruarena, azken atala da “Xorroxin” izenekoa. Liburuaren erdialdean, bitartean, “Endarlatsako tunelean” atala irakurri dut. Mikel Zabalza da lehendabiziko protagonista, 1985ean Guardia Zibilak atxilotutako, torturatutako eta eraildako orbaizetarra. “Non dago Mikel?” dokumentalean ederki dago jasota nola izan zen atal ilun eta aitortu gabeko hura. Eta “Intxaurrondo. Intxaurraren hostopeko itzala” liburuan irakurri dezakezue nolakoak ziren aitortu gabeko torturak komisaldegi ilun hartan, Ion Arretxeren testigantzatik. Ionek eta Mikelek bat egin zuten 1985eko egun haietan kaserna hartan. Bata bizirik ateri zen, bertzea ez.

Bigarren protagonista Eduardo López da, 10 urte geroago ETAk eraildako kordobarra, 1995ean. Endarlatsako ingurune haietan, Mikelen gorpua topatu zuten berdinetan. Eduardo polizia nazionala zen, eta Beran bizi zen. Gertaera honen berri ez neukan, zuetariko anitzek bezala, edo gogoan behintzat ez nuen. Oroimena arras selektiboa da, isiltasuna jazoera batzuetan hedatzen da eta ez bertzeetan, non zauden arabera. Eneko Aizpurua oso modu zuzenean mintzatzen da “gehiengo isil” horiei buruz, “pazifista beligerante” eta herri-salbatzaileei buruz: “Gure artean badira aberriaren izenean torturatu eta erail zutenak, torturak eta erailketak txalotu edo haien aurrean isilik egon zirenak, bai eta iragan beltza ahantzi eta kontakizunaren bidez zuritu nahi dutenak ere. Baina hemen askatasunari hilotz usaina dario. Askatasunaren izenean eraildakoen zauri itxigabeek odolusten gaituzte”. Bat nator Enekorekin: “Kontzientzia lasai dutenek urduri jartzen naute”. “Obedientziaren idiologo”-ez ari da, “dena herriaren alde, baina herririk gabe” egin nahi zuten (duten) uztarripeko idi otzanez.

1995 hura ere, bertzeak bertze, Jose Maria Aldaiaren bahiketaren urtea izan zen. Lazo urdinen urtea, azkena EHtik at igaro nuena. 1996tik hemen nago, gorputz eta arima, aurreko urteetan arima baino ez neukan hemen, gorputza Diaspora hartan zegoenez. 1996tik, eta oraindik ez naiz Xorroxingo ur-jauzian egon.

PD.- Honen guztiaren haritik, “S(u/a)minetik bakera” obra eszenikoa berriro itzuliko da eszenatokietara. Igorreko zineman aurkeztuko dugu datorren otsailaren 27an. Gonbidatuta zaude Arratiara etortzera. Edo, nahi duzunean, etxean lasai ikus-entzun dezakezu obra osoa hementxe goian dagoen linkean klikaturik (56 minutu).

Gabonak Gabon

Erraza da goiko marrazkian bezalako paralelismoak egitea data hauetan. Txikitan Bibliatik ezagutu genituen izen horiek guztiek (Judea, Galilea, Samaria, Nazaret, Betleem…) konektatzen gaituzte gaur egungo lurralde berdinekin, beste izen batzuk dituztelarik. Orduko ihesaldia Egiptora eta gaur egungo ihesaldiak, garai hartako enperadoreak eta gaurkoak, errugabeko umeak erailda Herodesek eta Netanyahuk aginduta.

Mikel Ayestaranen “Gazako istorioak” irakurri beharreko liburu horietakoa da. Besteak beste, Gazako suntsipena ez dela XXI. mendeko kontu esklusiboa jakiteko. Israeldar sionistak baino mende askoz ere lehenago, asiriarrak, babiloniarrak, greziarrak, erromatarrak, kristauak, mongoliarrak edo otomandarrak bazter hauen konkistan aritu ziren.

Atal batean, informatzaileei buruz idazten du Ayestaranek. Hau da, traidoreak, txibatoak. Diruagatik, behar gorriagatik, mendekuagatik edo dena delakoagatik mugitzen diren pertsona horiek, sarritan oso gaizki amaitzen direnak, batzuk eta besteek mespretxatuta. Herrialde eta gatazka guztietan dauden elementu horiek.

Beste pasarte bat bereziki gustatu zaidana da nola deskribatzen duen zer den aita eta mota honetako kazetaria izatea aldi berean. Ez da pasarte zehatz bat liburuan, baizik eta behin eta berriz agertzen den hausnarketa. Zer den Jerusalemen edo Istanbulen seme-alabak haztea, Ekialde Hurbileko intentsitate handiko indarkeria horretatik hain hurbil egotea kazetari moduan. Kontraesanak, etxean egon nahi, baina betetzen zaituen horretara behin eta berriz itzuli behar eta nahi izatea.

Urteko azken testua Gazako genozidioari buruzkoa izan behar zen ezinbestean. Are gehiago Gabonetan. Aste hauetan, Euskal Herrian behintzat, hainbat saio egin dituzte (ditugu) Gabonak eta aulki hutsak direla eta. Ariketa latza da imajinatzen saiatzea zer izango litzatekeen zeure inguruan aulki hutsak baino ez ikustea. Hilabete honetan MSF erakundeak txosten bat argitaratu du genozidioaren ondorio psikologikoei buruz, Zisjordanian egindakoa: “Beldurra leku guztietan dago (…) Palestinarrak ez daude soilik kezkatuta: haien burua prestatzen ari dira galerarako”. Gordina da erabat: “Haien seme-alaben etorkizuna planeatzen egon ordez, asko ari dira kontzentratzen hiltzeko modurik hoberena (edo ez okerrena) imajinatu nahian“.

Merezi dugu oporrak hartzea, bidaiatu edo etxean gelditu, mendira igo, itsasoa harroturik ikusi, sua piztu, kandela bat piztu eta beste bat itzali, ez daudenak gogoratu eta ohoratu, daudenekin bizitza partekatu, Gabonetako film erromantiko txotxolo bat ikusi, mahai inguruan gozatu, barre egin gogoz, kontzertu bat ikusi, saskibaloi partida bat ikusi, liburu on bat irakurri, elurra zapaldu, euri azpian ibili aterki batekin. Eta aldi berean kontzientzia mantendu.

Entzuteko: “Jerusalem (Hubert Parry)” (03’43”).

Gizonezkoak ere

Urtea amaitzen ari zen, orain bezala, 2012ko abenduan piztu zitzaidan lanparatxoa eta besapean proiektu batekin jo nuen Gorka Espiauren atean Bilbon, dokumental bat nola egiten den galdetzeko. Naomi Hasson aspaldiko bidelagunaren bidez iritsi nintzen berarengana. Urte bat geroxeago “Aulki Hutsak” jaio zen eta, protagonisten artean, Iker Barandiaran eta Eider Otxoa izateko zortea izan nuen, Izaskun Andonegirekin batera. Dolu perinatala zer zen ikasi nuen, guretxikixak.org bloga ezagutu eta, koadrila horretan, Kristina Pavo antzuolarra topatu nuen.

Urte batzuk geroxeago, zehazki ez dut gogoratzen zenbat, Bidegin elkarteko ekitaldi batean, Okendo Kultur Etxean, Anakotz Lasarte eta Iratxe Uribelarrea entzun nituen lehenengo aldiz. Bi dolu perinatalen ibilbidea egin behar izan zuten, eta euren testigantza iritsi zitzaidala ondo daukat gogoan. Beste urte batzuk pasatu ziren, eta Anakotzekin lehendabiziko aldiz egon nintzen aurrez aurre. Mallabian antolatu zuten ekitaldi bat, Gabonak eta aulki hutsen inguruan, eta bertan egon nintzen, Anakotz, Iratxe eta Inhar semearekin batera. Azkenik, orain dela pare bat urte, nik Gorkaren atean jo nuen moduan, Anakotzek neurea jo zuen Zarautzen, besapean proiektu batekin, dokumental bihurtzeko asmoarekin.

“Aitatxo” dokumentala munduratu da hilabete honetan, Gasteizen lehenik eta Mallabian bigarrenik (ikus argazkia). Besteak beste, lehen aipatutako Kristina topatu nuen bigarren honetan, baita Aitor Monje laguna eta Karmen Amezua, Izan Iñaki eta Asier Ibaibarriaga bidelagunak ere. Aurkezpen lanak egitea eskatu zidan Anakotzek, eta berarengan antzeman nituen dokumental bat estreinatzean sentitzen diren emozio horiek guztiak. Bertan zeuden Fernando Alonso, Mikel Perez eta Igor Aldazabal, filmeko beste hiru protagonistak. Gizontasunez, barnekoa erakusten, ahuldadea eta indarra, tristezia, poza, bakardadea, elkartasuna, bihozmina, itxaropena. Izan ere, oso gizona izan behar da norbera gogortasunaz gain horiek guztiak adierazteko.

Lehen aipatutako Izanek ondo daki bide latz hauetan ibiltzeaz, gizontasunez. Anakotzek, Fernandok, Mikelek, Igorrek, Aitorrek, Ikerrek, beste hainbatek eta nik neuk legez. Izan ere, gizonezkoak ere esparru honetan egon behar gara, gure bikotekide, seme-alaba eta etxeko besteen alboan. Sendo eta bigun. Eredu. Hortxe. Ihes egin barik. Ondare moduan ez da gutxi hau lagatzen baldin badugu.

Zorionak gizonezkoen isiltasuneko ahotsak entzunarazi dituzuenoi. Bihotzez. Eta Eguberri on.