Etiketaren artxiboa: zintia

Ekaitzaren ostean


Aste bukaera hau askok
gogoratuko dugu larunbatean egin zuen haizetearengatik. Zintia
delakoak, ekaitz perfektua batailatutako izenez ezagutua, estatu
espainiarreko probintzia ugari alerta gorrian utzi zituen. 140
km/h-ko haizeteak neurtu ziren gure lurraldean.

Aste bukaerako plan ugari
bertan behera gelditu zitzaizkidan Eusko Jaurlaritzak ezarritako
neurriengatik ostiral eguerdian. Larunbatean Mungian Euskadiko
duatloiko zirkuituko
lehenengo proba ospatu behar zen, herri honetako
II. duatloia, baina bertan behera gelditu zen eta epaile lanak egin
behar nituen. Beraz etxean gelditzea tokatu zitzaidan.

Ostiral gauen, larunbatean ez
nintzenez goiz jaiki behar lagunen lokalera hurbildu nintzen. Han
ordu pare batean eguneratu eta barre itzelak egin genituen.
Larunbatean egun pasa Bizkaira joan beharrean Oñatin gelditu
nintzen. Goizean kafea hartu eta egunkaria irakurri nuen, aspaldiko
ohitura bat berreskuratuz. Arratsaldean familiarekin egoteko
aprobetxatu nuen eta unibertsitateko etxeko lan gisa artikulu pare
bat irakurri eta analizatu nituen. Egun honetako bigarren zatian izan
zen haizearen indarra nabaritu genuenean. Gauean etxean argi gabe
geratu ginen eta zorionez aitak irrati bat dauka pilekin doana.
Bartzelonako partidua entzuteko erabili nuen (oraindik puntako
teknologiak ez diren gailuak bizitzan aurrera egiteko balio digute).

Gaur goizean jarduna izan dut
Bergarako igerilekuan Gipuzkoako igeriketa txapelketako epaile gisa.
Baretuta zegoen jada haizearen indarra eta egun gozagarriaz gozatzeko
aukera izan dugu kalera irten garenok. Zorionez igerilekuan goiz
amaitu dut eta udatiar giro honetaz gozatzeko aukera izan dut.

Esaera zaharrak dio
ekaitzaren ostean datorrela barealdia. Agintariek burututako
prebentzio lanak nahiko onak izan dira haizeteak eragindako kalteak
ikusita (ziur asko kasuren bat edo beste egongo da salbuespena izango
dena, baina orokorrean lan ona egin dute oraingoan). Orain balantzea
egiteko garaia da. Komunikabide digitaletan ikus daitezke balantze
batzuk, ez dizkiet kasu askorik egin ez dudalako orain arte astirik
izan baina ziurrenik bihar Asteleheneko Goienkaria hartuko dut eta
bertan irakurriko dut gurean haizete honek eragindako kalteak.