Etiketaren artxiboa: euskadi

Elurretan korrika

Pasa den astearte arratsalde-gabean Gasteizeko taldekideekin entrenatzera irten nintzen. Elurra bazegoen, baina gutxi. Egunean zehar elurra jausten egon zen, baina korrika egin genuenerako gelditu zen. Gaur ostera arratsaldean berriro hurbilduko naiz Mendizorrotza ingurura korrikan irteteko.

Elur gehiago dago kalean eta gusturago joango gara, seguruago ere ziur asko. Aldapa goran ez dago arazorik, baina aldapa beheran elurra ez dagoen tokitik zapaldu behar dugu eta gogor gainera. Horrek arrisku txiki bat ekarri dezake, baina berdin du.

Lehengo egunean ordu erdi eskas egin genuen lasai-lasai, baina sentsazioa 50 minutu egin genuena izan zen. Alde on bat du horrek, entrenamendu “mamu” bezala hartu dezakegu eta ondorio zuzenak izango ditu iganderako 10 kilometroko Idiazabaleko lasterketarako.

Ostegunak gasteizen

Atzo goizean unibertsitateko kanpus osoan zehar Euskal Herriko unibertsitateen gida 07 banatu zuten. Nik ale bat hartu nuen eta testu grazioso eta sinpatiko bat idatzita zegoen Gasteizeko ostegunei buruz.

“Astelehena, eskola egunetan lehena. Askorentzat herritik ikasle pisura bueltatzeko eguna izan ohi da. Gehienetan asteburuko parrandatik indar berritu gabe, unibertsitatera bueltatzeko eguna, herriko abenturen berri kontatzeko eguna. Klasetik piper egiteko arrazoi sendoen eguna. Lo gura, nagia, alferkeria, azken finean astelehen galanta.

Asteartea, erritmoa hartzen hasi beharrak, eskolek, praktikek, bazkalosteko kafe tertuliak,… ez dute nagikerietako tarterik uzten. Atzo egin gabe utzi genituenak egiteko garaia iritsi da, gaur ez baitago balio duen aitzakiarik.

Asteazkena, gaur ez da ba zineman ikuslearen eguna? Aizu, begira zenezake egunkarian zein filma botatzen duten? Interesgarririk egonez gero, gure pisuan afaritxoren bat presta genezake eta ondoren filma ikustera joan. Zer iruditzen zaizu?

Osteguna, dagoeneko osteguna al da? Zer esango dugu ba: osteguna ikasleon gaua dela. Gaurkoak mila kontutarako parada eman ohi digu: Gasteizko zein Euskal Gerriko txoko ezberdinetako jendea ezagutzeko aukera ematen digu, sekula ahaztu ez ditugun lagunak egin, hiriko ikasle pisuetako menu ezberdinak dastatu, Gasteizko neguko gau hotzak berotzen lagunduko digun parranda egin, dantzatu, salto egin, besarkatu, musu eman, barre, negar, erori, altxatu,… azken finean GOZATU!

Ostirala……… bufh! Egun latza gero!… Eskerrak arratsaldean herrira bueltatzen naizen.”

Liburuen ehizan

Igande eguerdian Gasteizeko Boulevard merkatal gunean bazkaldu nuen nire gurasoekin. Horren ostean kafe bat hartu genuen eta ondoren dendetako erakuslehioak ikusten bira pare bat egin genion eraikinari.

Beheko pisuan geundela informazio gunean liburu batzuk zeudela ohartu nintzen. Orain dela hilabete batzuk idatzi nuen blog honetan bookcrossing-ari buruz. Ba nazioarteko mugimendu horren barruan jarri behar ditugu igandean ikusi nituen liburu horiek.

Azkenean ehizatu dut aske dagoen liburu bat. Orain interneten erregistratu behar dut eta irakurri ondoren berriro aske uzteko. Lau zeudenez nire aitak beste bat harrapatu zuen.

Sustatu.com: bost urte sarean

Atzo arratsaldean sustatu.com-eko arduradunek jai bat antolatu zuten oraindik inauguratu ez den Arrasateko kultur etxe berrian. Bere bost urteak sarean ospatzeko.

Horretarako hitzaldi ziklo oso labur bat antolatu zuten. Ed Freyfogle eta Iban Zaldua (2006ko Euskadi literatur saria) gonbidatu zituzten teknologia berriei buruz beraien pertzepzioa emateko. Ondoren Sustaturen sortzaileetako batek, Luistxo Fernandez, eta Goienako irudiko zuzendariak, Iban Arantzabal, beren ikuspuntua eman zuten blogosferari buruz eta Sustatuk izan duen paperari buruz mintzatu ziren. Bukatzeko bideo interesgarri bat prestatu zuten sustatuko bost urteak errepasatuz (Egunkariaren itxiera, Joxe Aranzabalen gaixotasunari buruzko artikuluen agerpena…) eta zer nolako eragina izan zuen ondoren sortuko zen Euskal globosferan.

Amaitzeko ekitaldia webguneak sortutako lehiaketako sariak eman zituzten. Blog ugari aurkeztu ziren eta irabazlea (…) izan zen. Ondoren zozketa bidez bi ipod nano eman zituzten eta hori guztiaren ondoren pintxoak jatera pasatu ginen han geunden denok.

Jende ugari ezagutzeko aukera izan nuen (Joxe Aranzabal, Imanos Soriano, Inaxio Arregi…), beraien blogak sarrituan irakurtzen ditut baina pertsonalki agurtzeko ez dut aukerarik izan. Eta harrigarria badirudi ere etorkizun hurbil baterako proiektu bat atera zen: Blog + Beers +… (kar, kar, kar).

Izugarri gustatu zitzaidan ekitaldia. Gustura egon nintzen, hitzaldiak entrentenigarriak izan ziren eta pintxoak eta ardoa oso onak zeuden. Besterik gabe Zorionak sustatu eta ea hemendik bost urtera horrelako beste festa bat antolatzen duzuen.

Durangoko Azoka 2006

Ostegun arratsaldean Durangoko azokan izan
nintzen. Bigarren urtez joan nahiz eta aurten ere primeran pasatu dut.
Lehenengo aldiz kotxez joateko aukera izan dut, eta esan beharra daukat herrira
gerturatu alazbat, nabaria dela azokaren eragina.

Sarreran trafikoa handia zegoen eta edozein
lekutan aparkatzearekin konformatu behar izan nuen. Ez nuenez dirurik aske gune
urdinetik aldentzea erabaki nuen eta hilerrian aparkatzeko erabakia hartu nuen.
Ordu batzuetara nire lasaitua hartu nuen jakinda herriko poliziak isunak jarri zizkiela
gaizki aparkatu zutenei eta ez zutela infrakzio bat bera ere barkatu.

Azoka urtero haziz baino, egonkortzen doala
esan daiteke. Sentsazio ez da jendea denbora pasa doala azokara, euskal kultura
ikustera baizik: nobedadeak, idatzi dena, gehien entzuten dena…

Erosketa helburu batzuekin joan nintzen, baina
argi dagoen bakarra da liluratuta bukatzen duzula hainbeste eskaintzaren
aurrean eta dirua oso azkar joaten dela eskuetatik. Berria-ko estilo liburua,
Iban Zalduaren Etorkizuna eta Boltxe aldizkariko zenbaki batzuk erosi nituen.

Gainera Durangora hurbiltzen ari nintzela
Euskadi Gaztea entzuten Ibaizabal ikastolakoek egutegi bereziak saltzen zutela
aditu nuen (azken aldian modan dauden egutegi biluzi horietako bat),eta
badirudi ez zutela zorte handirik izan salmentekin. Horregatik eta badakidalako
zer den gaizki pasatzea proiektu bat aurrera ateratzeko, nire laguntza eman
nien halako bat erosiz.

Datorren urtean berriro itzuliko naiz, uste
dut ohitura hartuko dudala urteko zubi honetan kanpora joan beharrean Durangora
hurbiltzeko.