Hitzek laguntzen dute baina ez salbatzen

 

Eragin diezaiogun burmuinari pixka bat… Esaldi dotorea. Hitz gutxirekin sakontasun handia lortua. Zer esan nahi du? Lagun on batekin esan dit hori solasean.


Zeren testuinguruan? Agian hitzak lagungarriak dira gure bizitzan. Burmuinean ditugun ideiak azaltzen laguntzen dizkigute. Baina soilik horrekin ez dugu bizitzan aurrera egiten. Gorputza erabili behar dugu. Ekintzak gauzatu.


Lehen sorospen liburu bat etorri zait burura esaldi hori entzutean. Lehen sorospen liburu bat hitzez dago beteta. Hitz asko ditu. Baina norbaiti eztarrian zerbait trabatzen bazaio eta itotzen hasten bada… ez badugu ekintzarik gauzatzen arazo hori ez da konponduko liburuan agertzen diren hitzek.


Hitzek laguntzen dute, baina gorputza beharrezkoa da hitzek lortzen ez duten hori gauzatzeko.


 

Hasieratara itzuli

 

Noizean behin, batez ere saturatuta sentitzen naizenean, gustura joaten naiz hasieratara. Gogoratu nondik natorren agian daramadan bidea zuzentzeko. Indarberritzeko ere balio izaten dit.


Igande goiz honetan Nafarroan esnatu naiz, uda garaia igarotzeko familiak daukan etxean.


Blog hau bere hasieratik jarraitu izan baduzue jakingo duzue uda ugari, han igaro ditudala lanean sorosle bezala. 18 urtetatik 24 urtera oker ez banago. Alde horretatik esan dezakegu nahiko berezia dela inguru hau pertsona bezala hasten ikusi bainau.


Nire lehen bi triatloiak Nafarroan egin nituen. Lehena Noainen (super sprint distantzia bereziko bat. 25 metroko igerileku batean igeri egin genuen) eta 2007ko abuztuan distantzia Olinpikoko triatloia burutu nuen Leraten, Aritzalekuko kanpinean.


Gaur berriro hartu dut nire Pinarello gris zaharra. Aitak oparitu zidana 14 urterekin. Primeran etortzen zait Nafarroako lurretan kilometro batzuk egiteko. Eta hasieratara itzuli naiz. Nire distantzia olinpikoko lehen triatloia gauzatu nuen lekura joan naiz. Urte hartan egin nuenean triatloia bizikletako zatiak 13 kilometroko ibilbide bati hiru bira eman behar zitzaizkion. Hurrengo urtean ere, 2008an, parte hartu nuen.


Nafarroako antolakuntza taldeen ohiturari jarraituz meta ondorengo anoa gune primerakoa antolatu zuten. Sari banaketa ostean bazkari herrikoia triatleta eta ingurukoentzat eguna borobiltzeko.


2009an Aritzalekuko triatloia aldatu egin zen. Aurreko urteetan proba igandean ospatzen zen. Urte horretan igandean Espainiako Komunitate arteko txapelketa antolatu zuten eta bezperan sprint distantziako. Bizikletako zatia joan-etorriko zirkuitu bat zen. Aritzaleku ordutik ezberdina izan da…


Harrezkero 2010an oker ez banago bueltatu ziren distantzia olinpikora eta zirkuitu zaharretara. Baina 2011ean distantzia erdiko triatloi bat antolatu zuten, larunbat eguerdian ospatua. Hori aprobetxatuz berriro sprint distantzia antolatu zuten egun berean ordu batzuk lehenago. Aurten gauza bere egingo omen dute, gauerako erromeria eta guzti antolatu dute. Hara hurbiltzen bagara ekainaren 30ean triatloiaren inguruan egun polit bat bizitzeko parada izan dezakegu.


Bost urtean Aritzaleku asko aldatu da. Han egon zen nire hasieratako bat (ofizialki triatloi munduan 18 urterekin murgildu nintzen Oñatiko duatloian, 2006ko martxoa – lehenagotik laguntzen nuen antolakuntza lanetan). Asko aldatu da, baina errepideak hor jarraitzen dute. Eguzkia irteten bada gerizpe gutxi dagoen tokia hor jarraitzen du. Gora beherak hor jarraitzen dute. Eta nondik natorren ikusteko nora noan, memorian hor jarraituko du. Berriro hori bizitzea, oroitzapenak itzultzea atzo izan balitz bezala… Polita izan da gaurko goiza.


Post escritum. Ez litzaidake gustatuko gaurko post hau amaitzea elkartasun dei bat egin gabe egun hauetan BEC-etik pasa diren milaka eta milaka pertsonei. Elkartasun dei bat Osakidetzan zein Hezkuntzan aritzeko oposizioetan parte hartu dutenentzat. Patxi Lopezen gobernua eta beraien kontseilariak pozik egon daitezke EAEn postu publiko gehien atera dituztelako beste erkidego batzuekin konparatuz gero, baina herriak badakigu ez dela nahikoa izan. Horregatik blogosferako leku txiki honetatik animoak milaka eta milaka herritar horiei ikusi dutenak ordu ugari liburuen aurrean pasa izan arren ez duela ezertarako balio izan.

Beti aurrera

 

Kirola egitea gustatzen bazait bizitzaren zati garrantzitsu bat bezala ulertzen dudalako da. Ahal dudan gehienetan korrika, bizikleta edo igerian egiten dut. Bizitzak eta kirolak paralelismo asko daukate. Zerbait nahi bada borrokatu egin behar da. Zerbait nahi bada amets ezinbestekoa da amets egitea.


Pasa den larunbatean korrika egitera irten nintzen. Udaberria zoratuta dago (teorian ez zen oraindik udaberria baina…). Egia da zerua beltz zegoela. Ez zuen pinta onik. Edozein momentutan ekaitza egon ahal zitekeen. Eta ahal izan zen. Etxera iristeko ordu laurden inguru falta zitzaidan eta han hasi zen euria goitik behera indar handiarekin. Momentu horretan oinez hastea edo gelditzea ez zitzaidan burutik pasatu, nire helburua etxera iristea zen eta aurrera jarraitu nuen. Zenbaitek esan lezake zergatik atera nintzen eguraldiaren iragarpena ez bazen ona. Ados. Edo zergatik ez nintzen ezkutatu txokoren batean ekaitza hasi zenean. Errespetatzen dut iritzi horiek guztiak… baina ez datoz bat nire pentsamoldearekin. (kalera atera ez banintz orduan nire garunetan dauden ideiak bor-bor egongo lirateke. Ziurrenik orduak eta orduak pasako nituzke galdetzen zergatik ez nintzen kalera irten).


Beti aurrera eta etorkizuna ilun egon arren, egun hartan zerua zegoen bezala… ez gaitzate inork gure ametsak zapuztu!!! Ekaitza ari arren, beti aurrera!!!

Urtea amaitzeko/hasteko irakurketak

 

Gaur urteko azken eguna. Askok ohitura dute korrika egiten amaitzeko gure lurraldean ospatuko diren San Silbestre lasterketa desberdinetan (Hego Euskal Herriko datuak: 1 Araban, 9 Bizkaian, 19 Gipuzkoan eta 9 Nafarroan). Gaur ez dut parte hartuko inongo San Silbestretan medikuak aholkatua. Kontuan izanda ez daukadala gauza handirik irabazteko kasu egingo diot. Hori bai, 1ean goizean-goiz eta txintxo-txintxo entrenatzera aterako naiz kalera 🙂


Kontuak horrela gaur mesanotxean ditudan liburuak aipatuko dizkizuet. Eta aldi berean gomendatu. Urtea amaitzeko edo hasteko era ona izan daiteke liburu bat irakurtzearena.


Euskal literaturari dagokionez eskuartean Joseba Sarrionandiaren Narrazio Guztiak (1979-1990) eta Harkaitz Canoren Twist. Biak 2011. urtean argitaratuak. Lehena liburuaren izenburuak aipatzen duen bezala erbestean dagoen autorearen lanen bilduma bat da, egokitua edo berritua garai berrietarako. Hasiera eman diot eta pinta ona dauka. Canori buruz ze esan dezakegu? Orain dela bi urte baino gehiago istoriorik argitaratu gabe eta badakigu kalitate handiko lanak egiten dituela. Beraz sumatzen dut argitaratutako azken lana ere ona izan daitekeela.


Gaztelaniazko literaturan Adiós, Hemingway daukat, Leonardo Padurarena. El hombre que amaba a los perros liburua hartu nahi nuen baina ikusita autore orain eskuartean dudan liburua argitaratu zuela urte batzuk lehenago eta leku geografikoa berdina dela, erabaki dut idazlearen inguruko istorioa irakurtzea lehenago.


Irakurketa politiko bezala, eta Durangon ikusi ondoren, James Conellyren Klase Zapalduak Irlandaren Historian, Euskal Herria Sozialista eta Federico Engels Fundazioaren eskutik argitaratua. Alderdi Laborista fundatu zuena sindikatuen eta langile klasearen oinarriaren bermearekin eta XX. mendeko bigarren hamarkadako Irlandako uholde iraultzaileak hasi baino lehenago idatzia.


Hori da daukadana nire mesanotxean. Ze iruditzen zaizue? Espero irakurketa horiek interesgarriak izatea. Esan bezala, adibidez Sarrionandiaren liburuarekin, hasiera eman diot eta momentuz baikor sentitzen naiz nire iritzian.


Urte amaiera on bat izan eta hasiera ea hobeagoa izaten duzuen!


**BTR**

MEME bat urtea amaitzeko

 

Testu prozesatzailea irekitzea eta orria txuri amaitzea hau ixten duzunean… edozein idazleren amesgaizto da. Zorionez beti egoten dira komodinak diren gaiak. Blogetan idazteko gogo handirik edo inspirazio momenturik ez badugu MEMEak existitzen dira (artxibora jo dut eta soilik blog honen hasierako momentutan erabili nuen errekurtso hori – eta ez nintzen izan bakarra).


The Indezents-eri irakurri diot MEMEa. Bertan aipatzen du bere aurpegi-liburuko horman lagun batek idatzi ziola jartzeko bera jaio zen asteko arrasatzen zuen kanta amerikar listetan (nire aurpegi-liburuan lagun batek ere hori egin dit). Instrukzioak honakoak dira:


1) Bilatu ezazu estekea honetan jaio zinen egunean number one-an zegoen kantua zein zen.


2) Bilatu ezazu youtuben


3) Jarri ezazu zure horman inongo lotsarik gabe


Operazio hori gauzatu ostean nire kanta Princes & The Revolution taldearen Kiss kanta. Harrigarria badirudi ere, eta gaur egun youtuben dena egon arren, ez dut aurkitu!! (Bertsio modernoak omen daude…). En fin, batenbat atsegina izango balitz eta kanta hori lortu asko eskertuko nioke 😉


Besterik gabe kontatuko didazue zein den zuen kantua. Ondo amaitu urtea eta hobeto hasi!

Eguberria igarotzeko beste erak

 

Gaurko eguna berezia da. Egunkaria erosi ezin duzun eguna derrigorrean berezia izan behar du. Nola igaroko dugun galdetzen digute askok gure inguruan (eta ez soilik inguruan, aurpegi-liburuan izena emanda baduzue ikus dezakezue komunikabide ezberdinek galdera hori egingo dutela).


Zorionez anormaltzat* diren egoera ugari egoten dira egun honen inguruan. Urteak aurrera egin ahal zantzu erlijiosoa galtzen doa Gabonetako festen inguruan (urtetik urtera sinestun kopurua jaitsiz doa eta hori nabaritu egiten da). Baditut lagun batzuk horrela pentsatzen dutenak eta hala ere aipatzen dute ondo pasatzen dutela.


Beste egoera anormalak gaurko egunean lan egin behar dutenak izaten dira. Ezin dugu ukatu. Hamaika zerbitzu daude eguneroko bizitza normaltasunarekin jarraitzeko: ospitaleetan, autopistetako ordainsarietan, komunikabideetan, anbulantzietan, suhiltzaileetan eta abar luze batean lan egiten duten gizon emakumeak. Gainera zenbait tokitan sorpresa pozgarriak aurki ditzakezu eta adibidez gaur goizean Oñatin herriko irratia entzuteko aukera izan dugu. Ohitura bilakatu da eta oñatiarrok badakigu urtero abenduko herriko aldizkaria jasotzean programa honen berri emango digutela. Bi ordu oñatiarren egun honen gorabeherak entzuten: etxe desberdinetara joan eta Olentzerok zer utzi duen aipatuz, herriko farmaziara joan jakiteko ea zer nolako jende mugimendu egon den, eta beste hainbeste gauza egin dituzte.


Gustatuko litzaidake aipatzea azken egoera edo zeregin anormal bat egun honetan: kirola egitea. Aurten ez naiz animatu goizean jaiki eta ariketa fisiko pixka bat egitera (baina beste gauza batzuk egin ditut horren ordainez). Orain dela bi urte Kontxako hondartzara hurbildu nintzen igeri egitera eta badakit aurten txapelketa txiki bat ere antolatu dutela. Eta igeriketatik aparte, korrika lasterketaren bat ere egon da.(Getxon eta Iparraldean). Beraz, datorren urtera begira, espero dut etxean ez gelditzea eta kalera irtetea.


Besterik gabe, gogoeta txiki hauen ostean, oporrak dituzuenok igaro egun on batzuk. Ondo amaitu urtea eta ea hobeto hasten duzuen.


**BTR**


*Anormal hitza aipatu dut egun hauetan zehar komunikabide handiek saldu digutena da eguberriak familian ospatu behar dela, mahai baten inguruan, izugarrizko afaria eta janaria montatuz, derrigorrean Olentzerok zerbait jaitsi behar du menditik horrek suposatzen duen kontsumismo mugagabearen defentsa sustatuz… Baina aipatu bezala gauzak aldatuz doaz 😉

Larunbat gogorra Donostian

 

Atzo Donostiara gerturatu nintzen hainbat arrazoiengatik. Arrazoi nagusia: Igeriketa Entrenatzaile Nazional I maila titulua lortzeko azterketa. Gero arratsaldean Kontxako hondartzan Atletico San Sebastian taldeak orain dela urte gutxi errekuperatutako krossean parte hartuko nuen.


Udazken amaiera / Negu hasiera Euskal Herrian badakigu zer dakarren (hala ere izan urte honetako udazkena ez da “normala” izan). Txingorra, euria, haizea, mendi gailurretan elurra… horiek izan ziren atzoko eguneko osagaiak. Donostiak gainera baditu kanpotarrentzat hainbat faktore eguna gogortu dezakeena. Garrantzitsuena: aparkatzeko arazoak izatea Gune Urdina ordaindu nahi ez bada. Atzo Donostiako Ospitalean aparkatu behar izan nuen (bai, Anoeta goian – beste aukera Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Kanpusean) eta azterketa Grosen nuen. Bi aukerek eragiten zidaten ordu erdiko bidaia zentroraino, ospitaletik Boulevarreruntz autobusean joan nintzen zorionez.


Ikastaroak balio izan zait gauza berriak ikasteko eta nekizkien ezagutzak berritzeko. Azterketatik zapore gazi gozoa atera nuen baina badakit ez dudala suspenditu. 2012 urtean zehar praktikak egitea tokatuko zait azkenean eta ofizialki I mailako Igeriketa Entrenatzaile titulua lortzeko (bide ia erdia eginda daukat).


Han bazkaltzen gelditu behar nuen arratsaldean, goian aipatu bezala, Kontxako XXI. Hondartzako Krossean partu hartuko nuelako. Orain dela bi urte part hartu nuen eta lasterketa kuriosoa iruditu zitzaidan. Hondartzan lehen aldiz lasterketa bat egiten nuen. Oraingoan parte hartzeko arrazoi nagusia ditxosozko txip horia zen. Lasterketan parte hartzearekin bat, txip horia oparitzen zuten. Guztira 20 euro, kontuan izanda dendan 18 edo 20 euro balio duela, uste dut pena merezi izan zuela Kontxara hurbiltzea. Gainera berotan aldatzeko aukera eta lasterketa amaitzean dutxa beroa + salda + txistorra + anoa + sari ezberdinen zozketa (Loreak Mendiakeko arropak, kafetera bat, afari bat eta Andaluziara bi pertsonentzako bidaia). Zoritxarrez ez zitzaidan ezer tokatu. Horrek bi gauza adierazi dezake: gaztelaniaz esaten den bezala “Afortunado en el juego…” -honaino irakur dezaket- edo hemendik 4 egunetara zorte hobeago izan dezakedala.


Eguraldi aldetik aitortu behar dut hasieran zeuden osagaiak egon arren nahiko ona egin zigun korrikan aritzeko hondartzan. Gu hasi baino ordu laurden lehenago umeen txanda izan zen. Momentu horretan nagusiok Atletico San Sebastianeko egoitzaren barruan geunden. Handik atera ginenean Concha zurituta zegoen erori zen txingorrarengatik!!! Pentsa zenbat sufritu behar izan zuten umeek. Beraz, horregatik diot zortea izan genuela eguraldiarekin.


Oro har, atzoko egunarekin, gogorra izan arren, pozik amaitu nuen. Azterketak goizean eta lasterketa arratsaldean. Gauean afaria etxean goxo-goxo eta berotan eta gauerdirako ohera. Egun borobila 🙂

Eztarria-motorra berotzen


Bi urte pasa dira azken kontzertua egin zutenetik Katamaloko lagunek. Bihar Jimmy Jazz aretoan izango dira (Gasteiz). Bitartean motorra berotzen myspace-n daukaten tokian beraien kantak entzun behar.


Zehatz mehatz Gotzon Barandiaranen poema musikatuak dira Bihotz Bakartien Klubeko egiten dutena. Plazer bat horrelako ekimenak aurrera eramaten direla ikustea eta, noski, zuzenean bizitzea. Gainera jendeak eskatzen zion zerbait zen. Eta publikoak ez dio defraudatuko taldeari. Dagoeneko Donostia eta Bilboko emanaldiko sarrerak agortuta daude.


Jimmy Jazz aretoa


Ez da lehen aldia Jimmy Jazz-en egongo naizena. Harrigarria badirudi ere eta ikasturte asko eman ditudan arren Gasteizen (5 uste dut, oker ez banago) Jimmy Jazz-era behin soilik joan naiz. Uste dut Gasteizera iritsi nintzen garaian (2005eko irailean???) Azkena deitzen zela.


Bizardunak talde nafarra egon nintzen ikusten. Saio polita egin zuten. Bigarren diskoaren aurkezpenaren biran sartuta zeuden. Kontzertu entretenigarri batean lehen eta bigarren diskoko kantak entzuteko parada izan genuen.


Aretoa saio familiarrak egiteko egokia iruditu zitzaidan. Eszenatokia ondo kokatua, audio ona… Bihar uste dut berriro musikaz eta literaturaz eta poema musikatuez eta… gozatzeko aukera izango dudala.

Oñatiko jaixak 2011

Hasi dira. Urte bat gehiago,
urte bat gutxiago. Pasa dira ia 365 egun azkeneko San Migeletako jai
egunetik. Atzo eman zitzaion hasiera Oñatiko 2011ko jaiei.
Txantxikuaren jaitsierak eta Nagusien Danborradak hartu zuten
protagonismoa atzo.

Iaz ez nintzen egon herrian
(arrazoi pertsonal batzuk medio). Aurten hasieran egon naiz eta
onartu beharra daukat pixka bat ahaztua nuela nolakoa zen herriko
giroa. Atzoko anbientea oso polita iruditu zitzaidan. Txantxikuaren
jaitsieran jende asko zegoen. Gainera, edade guztietakoa. Lekua jende
guztiak duen ezaugarrietako bat. Aldarrikapenez beteta, gauza bat
erabat zuzena. Jaia eta aldarrikapena uztartu daitezkeelako, eta
horrek ez duena usten atzo, adibidez ez zen egon Txantxikuaren
jaitsieran. Ez litzateke arrotza edo probokazio bezala hartu behar
horrelako gauza bat.

Ondoren, gauean, plazara
hurbildu nintzen Danborradaren amaiera ikustera. Irudi politaz
gozatzeko aukera izan genuen: plaza jendez inguraturik, berriro edade
guztietako pertsonekin, danborradaren azken minutuak ikusi eta
entzun.

Programa konpletoa deritzot.
Faltan bota dezakegu gauz bat edo beste (adibidez Mendi Bizikleta
ibilaldia), baina Oñatiarroi eta kanpotik etortzen direnentzat
ondo pasatzeko aukerarik ez zaigu faltako.

Zorionak Oñatiar
guztioi! Ongietorri kanpotar guztiak! Ondo pasau Oñatiko
jaixak!


Emakumezkoen Txirrindularitza, Munduko Txapelketa

Kopenhagen
Txirrindularitzako Munduko Txapelketa errepidean ospatzen ari
egunotan. Bihar izango da plater nagusia, gizonezkoen elite
probarekin. Bitartean astean zehar kategoria txikiagoak eta emakumeak
aritu dira erlojuz kontrako eta iraupen probetan, baita eliteko
gizonezkoak asteazkenean erlojuz kontrako proban.

Gaur emakumezko
eliteak aritu dira. 140 kilometro izan dute aurretik helmugara iritsi
aurretik (14 kilometroko zirkuitu bati 10 itzuli). 13:30etan ekin
zaio probari eta hiru ordu eta 20 minutu eta gero Bronzini italiarrak
irabazi du urrezko domina, Vos holandarrak zilarrezkoa eta
Teuntenberg alemaniarrak brontzezkoa. Hauek ziren proba irabazteko
hautagai nagusiak. Aipatu behar da Eneritz Iturriaga euskalduna 25.
postuan iritsi dela. Guztira 40 txirrindulari baino gehiago iritsi
dira lehen multzoan, seinale zirkuitua ez dela batere gogorra.

Junior mailan,
70 kilometroko proban, Garner Britainiarra gailendu da. Bere atzetik
Druyts belgikarra eta Siggaard danimarkarra. Irene Usabiagak 13.
postua lortu zuen. Erlojupeko probetan berriz, elite mailan Arn
alemaniarrak gailendu zen. Zeelanda Berriko Villumsen izan zen
bigarren eta Pooley britainiarra hirugarren. Leire Olaberriak 26.
postua eskuratu zuen, eta horrekin datorren urteko olinpiadetan parte
hartzeko aukera, eta Eneritz Iturriagaetxebrriak 35. amaitu zuen.
Junior mailan espezialitate berean garaipena Allen
australiarrarentzat izan zen. Bigarren Barker britainiarra eta
hirugarren Kröger alemaniarra. Irene Usabiagak 16. tokian amaitu
zuen.

P.d.
Lotsagarria Teledeporteren jarrera. Munduko Txapelketa bateko probari
baino ATP250eko partida bati eman diote lehentasuna. Lotsagarria!!!
(gero esaten dute kalitateko telebista gauzatzen dutela).