Hileko artxiboak: uztaila 2009

Led Zeppelin, urrezko domina

Erroman ospatzen ari
diren munduko igeriketako txapelketan Espainiako selekzioak urrezko
domina lortu zuen igeriketa sinkronizatuan konbo modalitatean. Txanda
iritsi zitzaienean Led Zeppelin musika taldearen Stairway
to heaven
dantzatu zuten uretan.

Behin aditu bati entzun nion
igeriketa sinkronizatuan notaren erdia baino gehiago musika estudioan
lortzen dela kanta aukeratzerakoan. Hona hemen talde ingelesaren kantua.

Jarraian talde espainiarrak
egindako dantza.

Zerbaitengatik esaten
dute kanta hau historiako onenetarikoa dela. Zortzi minutu zoragarri
belarrien entzumenerako. Kasu honetan Espainiako selekzioari balio
izan zion eskailerak hartu, zerura igotzeko eta urrezko domina
lortzeko
.

2009ko tourra

Amaitu da jada 2009ko Frantziako
Tourra. Hiru astez munduko txirrindularitzarik onenarekin gozatzeko
aukera izan dugu beste urte batez zaleok. Azpimarratu behar dira
momentu eta pertsonai ugari. Horra ba laburpen txiki bat.

Alberto Contador

Tourreko erregea. Bigarren garaipena
lortu du Pintokoak. Berak aipatu bezala bi lasterketa izan dira, bata
errepidean (erraz eta nagusitasun osoz irabazi duena) eta bestea
hotelean (gogorragoa eta psikologikoki prestatuta joan zena).

Adituek diote Contador urte askotarako
izango dugula Tourrean. Nire ustez dena ongi joaten baldin bada
adierazpen horiek zuzenak dira baina esan beharra dago urte batean
euri asko egiten duela eta edozer gerta daitekeela. Hala ere gauzak
ongi badoaz ikuskizuna ziurtatuta dugu txirrindulari honekin eta
etorkizunean arerioak ere izango ditu gauzak zail jarriko dizkiotenak
(Andy Schleck gaztea eta datorren urtean Lance Armstrong amerikarra).

Euskaldunak

Atal honetan dudarik gabe aurtengo
Tourrean etapak irabazi duten bi txirrindulari euskaldunak aipatu
behar dira: Mikel Astarloza pasaitarra eta Juanma Garate irundarra.
Bost urte ziren euskaldun batek etaparik ez zuela irabazten Tourrean
(azkena Aitor Gonzalez-ek 2004ean) eta berriro gure herrialdeko bat
podiumaren goian ikustea zirraragarria izan da.

Bi garaipenak izan ziren ikusgarriak.
Biak ihesaldi batean ostean eta lan asko egin ostean. Biek zituzten
aukera gutxi helmugara lehenak iristeko baina azkenean errepideak
bakoitzari dagokion tokian uzten dio eta merezitako garaipenak lortu
zituzten. Pena Mikelek ezin eutsi izana sailkapen nagusian lehenengo
hamarren artean egoteari, baina etapa garaipenarekin gustura izango
da ziur gipuzkoarra.

Ikusgarritasuna

Aurtengo Tourrak gora behera asko izan
ditu ikusgarritasunari dagokionean. Lehenengo bi asteak aspertzekoak
izan ziren. Etapa batzuk salbu (Monakoko erlojuz kontrakoa, taldekako
erlojuz kontrakoa eta Pirinioetako lehenengo etapa) beste guztia
aspergarria izan da.

Tourmaletari ezin zaio egin aurten egin
zaiona. Etapako azken mendatea izatea eta helmuga 70 kilometrotara
kokatzea. Alde batetik txirrindulariek gero eta ausardia gutxiago
erakusten dute (salbuespenak beti egongo dira) eta beste alde batetik
pertsonak dira eta erronka zail eta gogorren aurrean patxadan
jokatzen dute.

Azkeneko astean kontzentratu zuten
antolatzaileek zailtasun handienak Alpeekin eta Mont Ventoux-arekin.
Izugarria izan zen azken honetako aldapak jendez lepo ikustea
telebistatik larunbatean. Portu bat horrela igotzea inoiz bizi izan
den bizipenik politenetakoa izan behar da.

Azpimarratu hemendik Juanjo Orozen
hitzak. Radio Euskadiko mikrofonoen aurrean aipatu zuen taldeak lan
handia egin zuela lehenengo bi asteetan etapa baten bila eta
beraiengatik ez balitz Tourra oso aspergarria izango litzatekeela.
Gaineratu zuen Euskaltel-Euskadi taldea izan zela ihesaldietan gehien
sartu zen taldea. Agian, nire ustez, hitz gogorrak dira horiek eta
txirrindulari batek egin behar ez dituenak oraindik ezer lortu ez
duen momentuan eta gainera guztiok jakinda Tourra ez zela ari izaten
ikusgarria inorentzat.

2010eko edizioa

Faborito nagusia dudarik gabe Alberto
Contador. Nork kenduko dion erregearen tronua batek daki. Hautagaiak
hamaika izando dira: Schleck anaiak, Armstrong, Sastre, Evans,
Menchov, Wiggins… Baina oraindik asko falta da eta txirrindularitza
denboraldia oraindik ez da amaitu. Aurretik proba garrantzitsu eta
politak izango ditugu: Donostiako klasikoa larunbatean, Espainiako
itzulia irailean eta munduko txapelketa besteak beste.

Segi gozatzen kirol eder honekin!!!

EHUko udako ikastaroetan

Egun hauetan Donostian nago. Euskal
Herriko Unibertsitateak antolatutako udako ikastaro batean parte
hartzen ari naiz. Aukeratu dudan ikastaroa Gerra zibila euskal
literaturari buruzkoa da. Alde batetik gure historian egon den
gertakaririk nagusiena eta beste alde batetik literatura, gustuko
ditudan bi mundu.

Egia esateko asko disfrutatzen ari naiz
nire egonaldiaz Gipuzkoako hiriburuan. Aitortu behar dut hiria oso
turistikoa iruditzen zaidala baina urtean egun batzuk etortzeko eta
inguratzen didan munduaz deskonektatu nahi badut toki egokia da.

Atzo izan genuen lehenengo jardunaldia.
Aurreneko hitzaldian Jon Kortazar izan genuen 1937tik 2007ra arte
Gerra zibila ardatz bezala hartuz idatzitakoari buruz azalpen bat
ematen. Garai ezberdinak eta estilo ezberdinei buruz hitz egin digu.
Hurrengoa hizketan Ana Toledo izan zen eta bertan sakon jorratu zuen
1964ra arte gerra ostean euskal literaturak emandako guztia. Noski
urte askotan hutsune nabaria egon zela azpimarratu zuen. Eta
amaitzeko Jean Haritschelhar egon zen Iparraldean euskal literaturan
gertatu zenari buruz hitz egiten.

Gaur beste hiru hitzaldi izango ditugu
eta jardunaldiak bihar amaituko ditugu eguerdi aldera. Aukera izaten
ari naiz twitter bidez behin edo beste nire inpresioak jardunaldi
hauei buruz eta ongi pasatzen ari naizela azpimarratu behar dut. Alde
batetik dinamikoagoa egiten ari naiz nire egonaldia eta aisialdi
ugari izan arren ez daukat betarik aspertzeko: goizetan Miramarreko
jauregian jardunaldian, eguerdian hondartzara eguraldiak laguntzen
badu (astelehen arratsaldean iritsi nintzen eta Donostian ez zegoen
batere girorik, ordubete lehenago Lizarra inguruan egon nintzen
lanean eta han kiskali egiten ginen eguzkipean 30 gradutara),
lagunekin bildu, Donostiatik paseatu…

Bihar amaitzen dela aipatu dut goian.
Pena emango dit pixka bat eta faltan botako dut ikasturtean zehar
egun hauek baina nire naturara itzultzeko ordua iritsiko zait. Hala
ere azpimarratu behar dut uztail honetan asko gozatzen ari naizela
nagoen tokian egonda ere. San Ferminetan egon nintzen eta izugarri
ongi pasa nuen, Donostian ere ez nago batere gaizki (eta hori
hondartzak ez didala grazia askorik egiten) eta eguraldi ona egin
arren beroak ez dit kalte asko eragiten.

Disfrutatzen jarraituko dut beraz udara
honetan eta twitter bidez horren berri izango duzue. Tamalez blogean
egoteak lan gehiago eskatzen didalako eta askotan ez naiz heltzen hau
eguneratzea, baina saiatzen naiz ahal dudana egiten.