Lau kilometroa

Aste gogorra

Aste luzea izan
da. Bost saio egin ditut eta luzea egin zait, baina ondorioak oso positiboak
izan dira eta maratoiari begira ondo nagoela esan dezaket eta morala oso goian
daukadala esan dezaket.

Astelehenean
deskantsatu egin nuen, igandean Amurrion izan nintzen 15 kilometrotako
lasterketa batean eta ez zitzaidan astelehenean entrenatzea komeni
(Laudio-Amurrio, ordubete eta bederatzi minututan egin nuen. Ibilbidearen
gehiengoa aldapa gora azken 1500 metroak izan ezik). Asteartean Gasteizko Prado
parkean izan nintzen eta bi serie luze egin nituen, lehena 12 minutukoa (2950 metro) eta
bigarrena hamar minutu eta erdikoa (2700 metro). Hurrengo egunean oraindik aurreko
entrenamendutik nekatuta 500eko hamar serie burutu nituen Mendizorrotzako
atletismoko pistan. Guztiak minutu eta berrogeita hamabost segundotik behera
eta hazkena 1:36ean. Beste entrenamendu gogor bat. Ostegunean korrika egitera
joan nintzen eta ordu eta laurdeneko entrenamendu bat burutu nuen, asko
nabaritu nituen aurreko egunetako saoiak baina ez zitzaidan asko axola. Ostiralean
oso nekatua nengoen eta agenda arazoengatik ez nintzen entrenatzera irten. Ondo
egin nuen. Larunbatean Oñatira bueltatu nintzen eta arratsaldean bira luze bat
egin nuen korrika.

Oñatiko
korrikalarientzako Olateko zentral elektrikoa meka bezalakoa da musulman
batentzat. Korrika egiten dugunok horra joaten garenean zerbait berezia
sentitzen dugu eta joan eta etorri hamaika bider egin arren urtean beti pozten
gaitu hara joatea. Horrek esan nahi duelako korrika egiteko gai garela. Ba
larunbatean Olatera joan, Lamiategi igo, Usakora jaitsi eta bueltan bariantetik
Zahorreko errotondaraino joan nintzen. Ordu eta hogei minutu gutxi gora behera.
Igandean berriz Arantzazura igo nintzen eta ama joan zen nire bila nire autoan.

Astea gogor hasi nuen eta astebukaera ere gogor entrenatu ostean oso
pozik itzuli naiz Gasteizera. Gauzak ondo egiten ari naizela uste dut eta
azaroa 30 iristeko gogoa daukat. Egun horretan demostratuko dut gai naizela amaitzeko
maratoi bat. Hori bai gogor entrenatu beharra dagoela ikusten dut.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude