Aloñako II. igoera

Gaur goizean “Aloñako bigarren igoera”:http://aloinakoigoera.webcindario.com/ jokatu da. 254 korrikalari elkartu gara Oñatiko plazan. Hamar eta erdietan minutuko isilune bat egin ondoren lasterketari hasiera eman zaio. Irabazlea, lehengo urteko berbera, Ionut Zinca gizonezkoetan, nesketan uste dut baita ere, Alicia Olazabal.

Lasterketa oso polita izan da. Ibilbide guztia jendez gainezka zegoen. Lau leku aipatzeko, Urtiagain, Belar, Aloñako gaina eta plaza. Gainera edari eta janari horniketa nahikoa zegoen eta antolatzaileek beraien lana txukun egin dute.

Txalotzekoa da animuak ematera hurbildu diren guztiei eta proba egin ahal izateko mugitu diren jende guztia. Eta masaje zerbitzua lasterketaren ondoren dohainik izatea ideia paregabea iruditzen zait antolatzaileen aldetik.

Nire partetik zorionik beroenak eta eskerrak hain proba ederra, zailtasun handiak ematen dituena hainbeste jenderekin, hain ongi antolatzeagatik.
Beste aldetik, esan beharra daukat ia bi ordu behar izan ditudala proba amaitzeko. Helburua bete dut eta pozik nago. Oso gogorra izan da, bai igoera baita jaitsiera ere. Baina jaitsiera gutxiago kostatu zait, ez baitago indarrik egin behar.

Igotzerakoan Urtiagaineraino beroarengatik nahiko gogorra egin zait, baina ibilbide osoko zatirik errazena zenez erraz egin dugu.

Hortik aurrera hasten zen benetako igoera. Belarreraino igotzea asko kosta zait, baina lortu dut eta atseden txiki baten ondorioz seigarren kilometrotik gaineraino berriro sufritzea tokatu izan zait. Baina ez zen hain gogorra.

Jaitsierak esfortzua eskatzen zuen. Baina lasterketa erdia igarota, burua amaieran izan dut. Pentsamendu positiboz josita nuen burua. Eta tipi tapa, tipi tapa Oñatiraino jaitsi naiz. Poz pozik gurutzatu dut helmuga.

Eguraldiak lagundu digu. Agian urtiagainera iritsi arte ez da batere ona izan bero zapa, baina metroak igotzen joan ahala haizea gero eta bortitzago zebilen eta horrek lagundu egin digu hainbeste bero ez edukitzeko.

Aurtengoz hori izan da guztia. Datorren urtean animu berdinarekin irtengo naiz lasterketa txiki baina handi onetara. Eskerrik asko alboan izan zareten guztioi. Zuen laguntzarik gabe amets txiki hau ez zen posible izango.

2 iruzkin “Aloñako II. igoera” bidalketan

  1. J & O

    Aupa, gu han egon ginen animatzen: Urtiagain baino goraxeagoko malda gogor-gogor horretan lehenengo, eta Belarren gero. Behin baino gehiagotan komentatu genuen ze hunkigarria izan behar den zuentzat hainbeste jende ikustea alboetan, txaloka eta animoka.
    Portzierto, ez duzu esan, baina ze postutan sailkatu zinen?

    Erantzun

Utzi erantzuna J & O(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude