Tarbes gogoan

Orain dela urte batzuk Aloña Mendiko igeriketa taldean nengoela txapelketa ugari genituen han eta hemen. Urtean bat nahiko berezia zen, Tarbesekoa alegia. Alde batetik atzerrira irteten ginelako, Frantziara, eta beste alde batetik igerileku olinpiko baten ospatzen zelako.

Egun hauetan bueltaka nabil egun horiek gogoratzen. Atzo joan zen berriro delegazio txiki bat gure herriaren izena jakitera ematera. Iragan urtean, oraindik kirol hau praktikatzen nuenean, joateko aukera ez nuen izan azterketen kontuagatik.

Oso giro onean pasatzen genuen astebukaera. Talde bezala hotel baten igarotzea hiru egun guretako gauza berri bat zen. Bizitzan gutxitan pasatzen direnen gauzen artean sartuko nuke esperientzia hau.
Nire garaian gainera Bergarako taldearekin batera joaten ginen. Horretarako beraz autobus handi bat alokatzen genuen. Ez badut gaizki gogoratzen lauzpabost ordu irauten zuen bidaiak, hamaika gauza bururatzen zitzaizkigun ez aspertzeko. Denetarik egiten genuen: xakean jokatu, aldizkariak irakurri, pelikulak ikusi…

Momenturik onena nire ustez larunbat arratsaldea zen. Larunbat jardunaldia bukatu ondoren hotelera joaten ginen eta afaldu baino lehenago bagenituen ordu batzuk libre nahi genuena egiteko.

Frantziako telebistan soilik gure intereserako Eurosport katea zegoen. Eta hor berriro agertzen ziren gure burutazioak monotonian ez jauzteko.

Gainera talde nahiko kosmopolita ginen edadearen aldetik. Generazio desberdinak elkartzen ginen. Kepa Aranbururekin joanda nago (nire baino 4 urte zaharragoa), adibide bat jartzearren.

Txapelketari dagokionez, igerileku olinpiko baten izatean emaitzak ez ziren gure onenak. Baina gogo guztiak uretan uzten genituen.

Nire modalitatea distantzia luzea zen, lehenengo urtean 1500 eta 400 krol egin nuen, 200 bizkar erako proban ere aritu nintzen. Eta bigarrengoz 1500, 400 eta 200 krol egin nuen.

Esan dezaket oroitzapen onak ekartzen dizkidala hiri hori. Eta tourreko etaparen bat hortik igarotzen baldin bada, begiminez ikusten dut egun hori.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude