Katuaren begiak

Bart gauean, Antzuolatik Bergarara bidean nindoala autoan, iluntasunean, bat-batean, katu baten begiekin egin nuen topo. Katua geldi-geldi zegoen errepidearen erdian, larru zuria, orban marroiekin. Autoarekin bere gainetik pasatzera nindoala katuaren begiek egin zidaten argi. Nire autoko faroek baino argi handiagoa egin zuten bere begiek, autoko gurpilak ikusi zituenean. Begietara begiratu nion, berak niri (edo autoari) ere bai eta justu-justu saihestu nuen. Eskerrak beste autorik ez zegoen inguruan, bestela joko nuen hura katua ez zapaltzeagatik.

Gaur, bart gauean katuarekin topo egin nuen leku beretik pasa naiz. Ez zegoen katurik. Bere larru zuria bakarrik zegoen, orban marroiekin.

Auto-gidari tontoak

Gaur haserre etorri naiz lanera. Irratian entzun dut Gipuzkoako Diputazioak egindako azken azterketaren emaitza: “Merkeagoa bada ere %18k erabiltzen dute garraio publikoa Gipuzkoan”. Zuek zarete tontoak, gipuzkoarrak, dirua galtzen ari zarete egunero autoa hartzen…

Antzuolan bizi naiz eta Arrasatera etorri behar izaten dut egunero. Ordu erdi baino gehiago (batzutan ordubete ere bai) behar izaten dut 11 kilometro egiteko. Goizeko 8etarako Arrasatera etortzea odisea moduko bat da eta orain arte entzunda nuen arren, ez nuen horrelakoa zenik uste. Duela bi aste-edo hasi nintzen Arrasaten lanean eta ondo ikusi dut gertatzen dena.

Bueno, ba goizeroko auto-ilaran nengoela entzun dut irratian Diputazioaren ikerketaren berri. Sutan jarri naiz, berriz ere gu (gidariok) baikara errudun eta tonto.

Nabarmena da gure ibarrean garraio publikoa oso eskasa dela, baina hobetzeko nik ez dut mugimendu handirik ikusi. Lurraldebus izeneko ekimen bat sortu da; tranbia ere egiten hasiko dira… Baina, hala ere jendeak autoa hartzen jarraitzen du. Ez duzue uste autobus zerbitzu egokia egongo balitz jende askok autoa etxean utziko lukeela? Nik bai behintzat eta inguruko beste askok ere bai. Orduan, zertarako itxoin tranbia egin arte? Zergatik ez da orain hobetzen garraio publikoa, autobus gehiago jarri? Eta ikusten bada geroago tranbia beharrezkoa dela, bada egin. Baina ez itxoin horrenbeste.

Bitartean, egunero autoa hartu behar dugunok gara tontoak.

Deskarga pasa eta dena Bizkaia da

Goizean entzun dut irratian, Euskadi Irratian. Asteburuan Astigarragako sagardotegietatik tourra egin omen dute, sagardotegiak-eta ezagutzeko. Talde batekin egon dira irratikoak. Aipagarri jo dute gipuzkoarrekin batera bazeudela pare bat bilbotar, baita Elorrio eta Bergarakoak ere. Ez nago seguru hori kazetariak edo sagardotegikoak esan duen, baina belarriko mina egin dit.

Nire lehengusu batek (Goierrikoa bera) adarra jotzeko-edo, zera esaten dit: “Deskargatik aurrera dena Bizkaia da”. Eta batzuek horrela pentsatzen dute.

Hamar-hamabi urterekin ez nekien oso ondo nongoa nintzen. Mendebaldeko euskalkian (bizkaitarrez) berba egiten dugu, baina ez gara bizkaitarrak. Bizkaitarrentzat giputxiak eta giputxientzat bizkaitarrak ginen (edo gara?). Udalekuetan, jaietan… ezagutzen genituen lagun guztiei azaldu egin behar gipuzkoarrak izanik zergatik berba egiten dugun horrela.

Euskalkiaz

Batzuk lotsatu egiten ziren hain euskara garbia zutenen aurrean gure euskalkian berba egiteaz. Nik gainditu nuen lotsa hori eta gustura egiten dut berba antzuolarrez Goierri edo Tolosaldekoekin.

Itzulera

Bueno, berandu bada ere, urte berri on denoi! Lotsa pixka bat ere ematen dit, bertso finaleko biharamuna ezkero ez dut ezer idatzi… Baina, ze demonio! Bi astez jai izan dut eta ez dut ordenagailua piztu ere egin, beste gauza asko izan ditut egiteko… (lo, jan, opariak erosi(?¿), lanera zihoazenei nik jai nuela esan…).

Atzo bueltatu nintzen lanera, hau da hau gogo falta! Hainbeste egun jai izateak kalte besterik ez du egiten, itzulera zaila izaten da benetan! Denak berdin jarraitzen du lanean, urtez aldatu dugu baina ez da beste ezer aldatu. Domekan histeria momentuak izan nituen, asteleheneko itzulerarekin pentsatzen: zenbat mezu! Zenbat lan atzeratuta! Zenbat ez-dakit-zer izango ditugun! Baina, pasa da ekaitza (hala uste dut behintzat) eta ez da hainbesterako izan. Badakizue, emakumeok gauzak direnak baino larriagoak eta handiagoak ikusteko zera hori dugu genetan.

Ez dira telebistako iragarkietan bezain Gabon zoriontsuak izan nireak, baina bueno, bestetan egin ohi ez dudan zerbait egiteko aukera izan dut: familiakoekin bazkaldu, afaldu, kartetan egin, edan eta eztabaidatu; amonaren ondoan lo egin; lagunekin mozkortu; eta, sala margotu.

Gabonen errepasoa

Badakit, jai hartu aurretik ekintza pila bat jarri nituen zerrendan egiteko, baina ezin. Aste Santuan egingo ditut (agian).

A! Eta opari bat egin dut! Lagun ezkutuko oparia bakarrik egingo nuela esan nuen, baina beste bat ere egin dut. Izugarri maite dudan bati Lisboako puzzle bat eta poltsikoko telefonoarendako neuk egindako zorro bat oparitu dizkiot, bihotz-bihotzez.

Eta zuek? Nola pasa dituzue Gabonak?

Bertso biharamuna

Atzoko bertso mozkorraldiaren ondoren izugarrizko biharamuna daukat gaur. Kanpoan zer giro ote zegoen inporta ere egin gabe egun ederra pasa genuen atzo BECen. Andoni Egaña bikain ari zen eta ondo erakutsi zuen bera dela txapeldun. Egaña eta Iturriaga edo Egaña eta Arzallus bikoteen alde egin genuen buruz burukoa jokatzeko; eta lehenengoarekin asmatu.

Egaña, Iturriaga eta Arzallus ibili ziren nire ustez ondoen, eta nire ingurukoek ere hala uste zuten. Eta harritu egin gintuen Lujanbiori emandako hirugarren postuak. Anaia Amets zalea (eta ameslaria) dut eta minduta zegoen laugarren postua eman ziotelako, tongoa egon zela zioen. Ez nuke hainbeste esango, baina Lujanbiori puntu gehiegi ziotelakoan nago. Lujanbiok berak ere aitortu zuen azken agurrean ez zela fin aritu.

Baina, sailkapenak sailkapen, bertsolaritzak eta bertsozaleek irabazi zuten atzo.

Goizeko kartzelako gaiarekin bat egin genuen askok eta aspaldiko partez busti zitzaizkigun begiak bertso batzuk entzunda. Ametsen kartzelakoarekin hunkitu nintzen ni eta Mendiluzerenarekin hunkitu ziren nire ondoko beste asko. Guztiak hunkitzeko moduko bertsoak bota zituzten, baina barre egiteko tarterik ere izan zen; ofiziotako lanean umoretsu aritu ziren gehienak.

Atzoko kronika bikaina egin du Irati Agirreazaldegi lankideak Asteleheneko Goienkaria-rako. Goiena.net-en dago, oso-osorik.

Andoni Egaña bakarka (Bertsozale Elkarteak bidalitako argazkia)

Andoni Egaña bakarka (Bertsozale Elkarteak bidalitako argazkia)

Bartzelonatik bueltan

Pasa den zubi honetan Bartzelonan izan gara lagun batzuk beste lagun bat bisitatzen. Anfitrioi lanak egin ditu gure Eneik, eta ederki asko, gainera!

Zazpi lagun egon gara lau egunetan bi logelako bere pisuan lotan. Sei neska eta mutil bat. Oso ondo moldatu gara.

Ez dugu ezer berezirik egin. Bisitatu ditugu Sagrada familia , Santa Maria del Mar eliza, Bartzelonako katedrala andamio eta guzti, “Gaudíren eraikinak”:http://www.bcn.es/turisme/catala/turisme/llocs/14_0.htm eta passeig de Gràcia, “Palau de la Música Catalana”:http://www.bcn.es/cgi-bin/veure_eq.pl?id=92086009102 , La Rambla eta “barri Gòtic.”:http://www.bcn.es/turisme/catala/turisme/llocs/13_0.htm

Sagrada familiaren aurrean

Horiekin batera beste hainbat txoko interesgarri aurkitu ditugu. El Rabaleko dendak eta giroa, katedralaren atze aldeko kaleak, jatetxe eta taberna interesgarriak… Bapo jan eta edan dugu eta jende berria ere ezagutu dugu, guztiak interesgarriak.

Baina, gure eskursioa hitzez azaltzea baino, hobe argazki batzuk ikustea, ezta? Flickerren jarri ditut Eneidak bidali dizkidan batzuk, ea gehiago iristen zaizkidan!

Gabonetako argi eta ilunak

Jarri dituzte Antzuolan Gabonetako argiak. Ikusi ditudanean pentsatu dut, “joe, segituan Gabonak”. Izan ere, geroz eta gutxiago gustatzen zaizkit egun horiek. Txikitan ez nuen ulertzen jendeari zergatik ez zitzaizkion gustatzen Gabonak, moda kontua izango zela uste nuen, baina zenbat eta urte gehiago egin, orduan eta gutxiago gustatzen zaizkit.

Txikia zarenean, Olentzero Leireren aita* dela jakin arren ere, ilusioz itxoiten diezu egun horiei. Gabon gauean lo egin barik egoten zara Leireren aitaren hanka pausuak noiz entzungo eta hurrengo egunean korrika joaten zara zapatan dauden opariak irekitzera. Polita da umea izatea.

Baina, orain badakit Olentzerorik ez dagoela eta konturatu naiz gure gizarteko kontsumismoaren puntu gorena direla Gabonak. Erosi, erosi eta erosi. Beste ezer ez dute buruan batzuek eta beste ezer ez digute saldu nahi. Kaleetan gora eta behera jendea, zer erosi pentsatzen. Entzun dut denda batzuetara jendea joaten dela eta zer eskatuko eta “edozer gauza emadazu erregalo paperean bilduta. Gero aldatzeko aukera egongo da, ezta?”

Duela pare bat urte-edo erabaki nuen Gabonetan inori oparirik ez erostea (koadrilako lagun ezkutuari bai, lasai). Egingo diot oparia nahi dudan horri nik nahi dudanean. Hori bai, ni beti nago opariak jasotzeko prest! ;-))

*Bospasei urte genituela eskolara etorri zen Leire esanez bere anaiek esan ziotela aita zela Olentzero. Halaxe sinistu genuen guk, Leireren aita zela Gabon gauean opariak ekartzen zizkiguna.

Zorionak musikariok!

Gaur Santa Zezilia eguna da, musikarien eguna. Urteko ia egun guztiak dira norbaiten, zerbaiten aldeko edo kontrako egunak, eta gaurkoan musikariona.

Goizean lantokian ospatu dugu eguna pastel eta guzti. “Ezer ez eta festa” esan dute batzuek, baina gu gustura pastelak jaten.

Arratsaldean urteroko kalejira egingo dugu txistulariok herrian, Santa Zezilia martxa joaz. Eta ondoren afari-merienda. Nik ezingo dut joan, baina ondo pasatu besteok!

Zorionak musikari guztioi!

Beteranoak pilotan

Pilota partidu garrantzitsuak izan ditugu aste bukaeran. Patxi Ruiz, Xala, Titin eta Olaizolari begira egon dira asko zapatu eta domekan. Ni, ordea, beste partidu bat ikusten egon nintzen zapatuan.

Herriko Pilota Txapelketa jokatzen ari dira asteotan Antzuolan. Normalean pilotan eskuz aritzen ez direnak jokatzen ikusteko aukera paregabea da eta baita herrian giro berezia sortzeko ere (apustuak, adar jotzeak… ).

Zapatuan nire aitak egin zuen debuta. Gaztetan pilotan ibilitakoa da eta orain Olaldeko gazteak entrenatzen ibiltzen da, baina horrelako txapelketetan parte hartzeari aspaldi utzi zion gerriko minez bukatzen zuela-eta. Nire aita da txapelketako zaharrena, baina ez beterano bakarra.

Txapelketako lehenengo partidua jokatu zuten Irutxeta eta biak Wiki eta Azkarateren aurka. Badaezpada ere, gaztea aukeratu du aitak bikote modura! Eta lehenengo partidua irabazi, 18 eta 7. “Izerdirik atera gabe, gainera!” zioen aitak partidu amaieran, hori apaltasuna! Hurrengo partiduan izerdi pixka bat atera beharko dute!

Banaiz

Irakurri dut Joxe Aranzabalen gaurko kapitulua, Idaztea bizitzea da dio izenburuan eta lerrotxo hauek idaztera animatu nau. Aspaldian ez dut ezer idatzi nire blog honetan eta inguruko batzuen kexak ere jaso ditut. Pentsatu bai, asko pentsatu dut blogean zer idatzi, nola… baina idazteko pausu hori ematea izugarri kostatu zait azken aldian.

Gaur bai, gaur lurraz haratago dagoen indarren batek eraginda-edo idatzi dut blogean, beraz banaiz. Ea aurrerantzean ere Indarra lagun izaten dudan.