Hileko artxiboak: azaroa 2005

Gabonetako argi eta ilunak

Jarri dituzte Antzuolan Gabonetako argiak. Ikusi ditudanean pentsatu dut, “joe, segituan Gabonak”. Izan ere, geroz eta gutxiago gustatzen zaizkit egun horiek. Txikitan ez nuen ulertzen jendeari zergatik ez zitzaizkion gustatzen Gabonak, moda kontua izango zela uste nuen, baina zenbat eta urte gehiago egin, orduan eta gutxiago gustatzen zaizkit.

Txikia zarenean, Olentzero Leireren aita* dela jakin arren ere, ilusioz itxoiten diezu egun horiei. Gabon gauean lo egin barik egoten zara Leireren aitaren hanka pausuak noiz entzungo eta hurrengo egunean korrika joaten zara zapatan dauden opariak irekitzera. Polita da umea izatea.

Baina, orain badakit Olentzerorik ez dagoela eta konturatu naiz gure gizarteko kontsumismoaren puntu gorena direla Gabonak. Erosi, erosi eta erosi. Beste ezer ez dute buruan batzuek eta beste ezer ez digute saldu nahi. Kaleetan gora eta behera jendea, zer erosi pentsatzen. Entzun dut denda batzuetara jendea joaten dela eta zer eskatuko eta “edozer gauza emadazu erregalo paperean bilduta. Gero aldatzeko aukera egongo da, ezta?”

Duela pare bat urte-edo erabaki nuen Gabonetan inori oparirik ez erostea (koadrilako lagun ezkutuari bai, lasai). Egingo diot oparia nahi dudan horri nik nahi dudanean. Hori bai, ni beti nago opariak jasotzeko prest! ;-))

*Bospasei urte genituela eskolara etorri zen Leire esanez bere anaiek esan ziotela aita zela Olentzero. Halaxe sinistu genuen guk, Leireren aita zela Gabon gauean opariak ekartzen zizkiguna.

Zorionak musikariok!

Gaur Santa Zezilia eguna da, musikarien eguna. Urteko ia egun guztiak dira norbaiten, zerbaiten aldeko edo kontrako egunak, eta gaurkoan musikariona.

Goizean lantokian ospatu dugu eguna pastel eta guzti. “Ezer ez eta festa” esan dute batzuek, baina gu gustura pastelak jaten.

Arratsaldean urteroko kalejira egingo dugu txistulariok herrian, Santa Zezilia martxa joaz. Eta ondoren afari-merienda. Nik ezingo dut joan, baina ondo pasatu besteok!

Zorionak musikari guztioi!

Beteranoak pilotan

Pilota partidu garrantzitsuak izan ditugu aste bukaeran. Patxi Ruiz, Xala, Titin eta Olaizolari begira egon dira asko zapatu eta domekan. Ni, ordea, beste partidu bat ikusten egon nintzen zapatuan.

Herriko Pilota Txapelketa jokatzen ari dira asteotan Antzuolan. Normalean pilotan eskuz aritzen ez direnak jokatzen ikusteko aukera paregabea da eta baita herrian giro berezia sortzeko ere (apustuak, adar jotzeak… ).

Zapatuan nire aitak egin zuen debuta. Gaztetan pilotan ibilitakoa da eta orain Olaldeko gazteak entrenatzen ibiltzen da, baina horrelako txapelketetan parte hartzeari aspaldi utzi zion gerriko minez bukatzen zuela-eta. Nire aita da txapelketako zaharrena, baina ez beterano bakarra.

Txapelketako lehenengo partidua jokatu zuten Irutxeta eta biak Wiki eta Azkarateren aurka. Badaezpada ere, gaztea aukeratu du aitak bikote modura! Eta lehenengo partidua irabazi, 18 eta 7. “Izerdirik atera gabe, gainera!” zioen aitak partidu amaieran, hori apaltasuna! Hurrengo partiduan izerdi pixka bat atera beharko dute!

Banaiz

Irakurri dut Joxe Aranzabalen gaurko kapitulua, Idaztea bizitzea da dio izenburuan eta lerrotxo hauek idaztera animatu nau. Aspaldian ez dut ezer idatzi nire blog honetan eta inguruko batzuen kexak ere jaso ditut. Pentsatu bai, asko pentsatu dut blogean zer idatzi, nola… baina idazteko pausu hori ematea izugarri kostatu zait azken aldian.

Gaur bai, gaur lurraz haratago dagoen indarren batek eraginda-edo idatzi dut blogean, beraz banaiz. Ea aurrerantzean ere Indarra lagun izaten dudan.

Zubiak eta bisitak

Azken urteotan ohitura gertatu den moduan, azken zubi honetan ere jende asko joan da kanpora. Hiru lau egun jai ditugunean norabait joateko ohitura hartu dugu eta batzuek norabait joate hori derrigorrezko dutela dirudi. Ez bazara inora joaten ez duzu ondo pasatzen. Hori da batzuen filosofia. Etxean geratu kanpora joateko aukera edukita? Nola ba?

Jakina, ni ere gustura joango nintzateke kanpora, leku ezberdinak ezagutzera, baina ez hemendik alde egiteagatik bakarrik. Izan ere, ondo pasa baitaiteke inora joan gabe (ez duzue horrelakorik inoiz pentsatu, ezta? Ni etorri behar hori esatera…).

Kontua da egoera ekonomikoak eta ingurukoen animuek hala aginduta hemen gelditu naizela azaroko zubi honetan eta lehen esan ditudan horietaz guztietaz pentsatzen egon naiz. Askotan, herrian geratuta ere aspaldian ikusi ez duzun jendea ikusten duzu, ikustea espero ez zenuena edo ezagutzen ez zenuena.

Bartzelonatik bueltan

Joan den aste bukaera luze honetan gure Eneida etorri da Bartzelonatik eta konturatu naiz nahikoa dela pare bat lagun on biltzea ondo pasatzeko.

Baina, abenduko zubian Bartzelonara joango gara! Eneidari bisita bueltatu beharko diogu.

Muxu potolo bat, Enei! Mmmuuuaaa!