Hileko artxiboak: urtarrila 2007

Herritarron neurriko ekipamenduak behar ditugu

Azken 15 urteotako ohiturari jarraituz, txistu kontzertua egin genuen atzo. Badira urte batzuk udaletxeko osoko bilkuren aretoan egiten duguna; Maristetako zinema aretoan egiten genuen lehen, baina hura bota zutenetik udaletxean egin dugu urtero. Osoko bilkuren aretoa ez da lekurik aproposena, baina Antzuolan dauden beste aukerak ikusita txarrena ere ez. Leku txikia da, baina soinuari dagokionez herrian orain dugun onena.

Aurten ere bete egin da aretoa. Esango nuke jarrita baino jende gehiago zegoela zutik. Horrelako kontzertu baterako txiki gelditzen da udaletxea eta txistulariok bakarrik ez, herriko jende asko deseatzen egongo da kultur jardueretarako areto eroso, moderno eta erabilera anitzekoa edukitzeko.

Ai… inbidiaz begiratzen diot Elgetako Espaloia Kafe Antzokiari. Herri txiki batendako irtenbide bikaina iruditzen zait. Kultur ekintzak eskaintzeaz gain herritarren topagune ere bada eta herrian kultura bultzatzeko elkartzeko guneak egotea da onena.

Baina, Antzuolan, irudipena daukat, askotan uste dugula hiri handi batean bizi garela eta gauza handiak egitea gustatzen zaigu. Eraikin handi bat egingo dugu gauza pila batekin, benetan herritarrek zer nahi duten ondo aztertu barik. Seguru ekipamendu horietako asko behar direla herrian, ez dut hori ukatuko. Baina, hobe izaten da batzutan handikerietan ibili beharrean umiltasun pixka batekin jokatu eta herriari entzutea.

Bikote bila

Egun batzuk jai ditudanean egitekoen zerrenda luze bat osatzen dut.
Noski, zerrenda horretako guztiak egiteko behar diren orduak eta jai
ditudanak ez datoz bat, eta bat ez datozenez zerrendako pare bat gauza
bakarrik egiten ditut. Aitzakia ona, ezta?

Gabonetan egun batzuk jai izan ditut eta nire logelako kaxoiak
txukuntzea izan da lanetako bat. Hasteak pereza handia ematen dit,
baina behin hasita oso gustura egiten dut. Ia-ia arropa erostera joatea
bezala da: ze praka dira hauek? Niki hau, noiztik dago hemen? Ai… txamarra honen bila ibili nintzen, ba! Orduan konturatzen zara hurrengoan zerbait erostera joan baino lehen hobe dela armairua txukuntzea…

Baina, pena ere sentitu dut. Izan ere, 11 galtzetin topatu ditut
bikoterik gabe. Seguru nago ez direla denak nireak, baina, aizue, laguntza mereziko dute ba?

Txuriak eta beltzak dira gehienak, baina bada tartean
koloretako bat. Norbaitek hauendako moduko bikoterik baldin badu, jar
dadila nirekin harremanetan eta egingo dugu zerbait hauei eguna
alaitzeko:

Galtzetinak, bikote bila