Bertso biharamuna

Atzoko bertso mozkorraldiaren ondoren izugarrizko biharamuna daukat gaur. Kanpoan zer giro ote zegoen inporta ere egin gabe egun ederra pasa genuen atzo BECen. Andoni Egaña bikain ari zen eta ondo erakutsi zuen bera dela txapeldun. Egaña eta Iturriaga edo Egaña eta Arzallus bikoteen alde egin genuen buruz burukoa jokatzeko; eta lehenengoarekin asmatu.

Egaña, Iturriaga eta Arzallus ibili ziren nire ustez ondoen, eta nire ingurukoek ere hala uste zuten. Eta harritu egin gintuen Lujanbiori emandako hirugarren postuak. Anaia Amets zalea (eta ameslaria) dut eta minduta zegoen laugarren postua eman ziotelako, tongoa egon zela zioen. Ez nuke hainbeste esango, baina Lujanbiori puntu gehiegi ziotelakoan nago. Lujanbiok berak ere aitortu zuen azken agurrean ez zela fin aritu.

Baina, sailkapenak sailkapen, bertsolaritzak eta bertsozaleek irabazi zuten atzo.

Goizeko kartzelako gaiarekin bat egin genuen askok eta aspaldiko partez busti zitzaizkigun begiak bertso batzuk entzunda. Ametsen kartzelakoarekin hunkitu nintzen ni eta Mendiluzerenarekin hunkitu ziren nire ondoko beste asko. Guztiak hunkitzeko moduko bertsoak bota zituzten, baina barre egiteko tarterik ere izan zen; ofiziotako lanean umoretsu aritu ziren gehienak.

Atzoko kronika bikaina egin du Irati Agirreazaldegi lankideak Asteleheneko Goienkaria-rako. Goiena.net-en dago, oso-osorik.

Andoni Egaña bakarka (Bertsozale Elkarteak bidalitako argazkia)

Andoni Egaña bakarka (Bertsozale Elkarteak bidalitako argazkia)

2 iruzkin “Bertso biharamuna” bidalketan

  1. Irati

    Aupa Uxo
    Eskerrik asko.
    Bikaina be gehitxo esatia da igual. Saiatu ginan, hori bai. Baina ez ni bakarrik. Aintzanek be ein zeban bere lana eta Ibanek be bai. Eta zuk lagatako kamara barik be argazki batzuk ez zian urtengo. Beraz, argi geratu deila talde lana izan zala.
    A ta gakopa dalakuak prentsan jardun ginanok aittatzen dittu. Ba nik txapelketako komunikazio taldian ibili dianak be ezin dittut laga aittatu barik. Euren laguntza eta ahalegin barik gure lana zailaua izango zan. Eta noski Bertsozale elkartian lana be sekulakua.
    Zorionak txapeldunari, klaro; baina lanian jardun deben daneri ere.

    Erantzun
  2. Uxo

    Arrazoia daukazu, Irati. Antolakuntzan aritu diran danak be ezin alde batera laga. Nik uste domekako txalo asko izan zirala beraiendako. Zorionak danoi!

    Erantzun

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude