Hileko artxiboak: urria 2005

Zure izena Flickr-eko argazkiekin

Orain ez dut gogoan zein blogetan aurkitu dudan erreminta hau, baina hementxe duzue: http://metaatem.net/words

Zuk nahi duzun izena Flickr-en topatutako hizkiekin sortzen du.

Hemen nire izena:

Gainera, ez bazaizkizu hizkiak gustatzen aldatu egin ditzakezu gainean klik eginda.

Ez dakit norbaitek erabiliko duen erreminta hau, baina denborapasa modura balio du.

Gerriko minez

Atzo gerriko minez jaiki nintzen, zuzen jarri ezinda. Ez dakit sekula izan duzue gerriko minik, esplikatuko dizuet nire kasua (orain ez dezala inork pentsa denak horrelakoak direnik):

  • Batez ere gerriaren eskuma aldean dut mina. Ezkerrera okertuta nabil. 5 minutu ibiltzeko 10 behar ditut.
  • Janzteko lehen 5 minutu behar banituen orain 15 edo 20.
  • Ohean ezin posturaz aldatu. Aldatzen hasiz gero izarrak ikusten ditut.
  • Denbora luzez eserita egon eta jaikitakoan pare bat minutu behar ditu gorputzak erreakzionatzeko.

Horrela pasa nuen atzo eguna eta gaur hobetoxeago nago, baina hala ere sintoma horiek guztiekin.

Atzo asko larritu nintzen, gerriak bere horretan edo okerrago jarraitzen zuela ikusita. Hala, larrialdietara joan nintzen aitarekin.

Larrialdietan

Aspaldian egon barik nengoen Debagoieneko Ospitaleko larrialdietan eta harrituta geratu nintzen. Zein azkar irten genuen! 18:45ak aldean iritsi ginen larrialdietara eta kanpoan ginen 19:20ean.

Beste gauza batek ere harritu ninduen. Medikua euskalduna zen! Ez zirudien hark beti ezagutu dudan ospitalea: orduak pasa behar zain, erizain eta mediku desatseginak, guztia gaztelania hutsean…
Lehenengo aldiz, bibrazio onekin irten nintzen ospitaletik.

Medikuak ez zidan gauza handirik esan. Mina besterik ez zela eta ez larritzeko. Ibuprofeno pixka bat eman zidan eta lasai egoteko. Pentsatzen dut horrekin asko ez mugitzeko esan nahi zidala.

Gure Yogako irakasleak esaten duen moduan, asteburuan relaksssssss…

“El monte es de todos”

Ez dituzte ondasun handiak lapurtzen, baina baserri inguruan ditugun zuhaitzetako fruituak eramaten dituzte, gupidarik gabe.

Goizez egiten dute gehienetan lapurreta, besteok lanean gaudenean. Txaketako poltsikoan plastikozko poltsa batzuk hartu eta “mendira” doazen planta egiten dute. Inor bizi ez den baserri batera hurbildu eta ahal duten guztia hartzen dute. Ez badute nahi adina hartzen hurrengo egunean bueltatzen dira. (Badira batzuk jendea bizi den baserrietara hurbiltzen direnak, baina hori gure kasua ez denez, ez dut aipatuko).

Estrategia

Horrelakoak ugari ibiltzen dira gure baserrian. Gaztainak, sagarrak, mahatsa… denetarik hartzen dute. Aita lanetik irten eta arratsaldean baserrira joaten denerako sakeoa eginda izaten dute. Lurrean dauden gaztainak eta sagarrak hartzea, bueno, noizean behin baldin bada onargarria da. Baina, baserriaren fatxadan dagoen mahatsa hartzea! Hori lapurreta baino lotsagabekeria galanta da!

Gaztainak, sagarrak, mahatsa…

Okerrena hala ere, ez da lapurretak nozitzea. Okerragoa da lapurra harrapatu eta “el monte es de todos” entzutea. Hori da hori muturra! Hurrengoan gonbidatuko dugu baserri inguruko sasiak garbitzera, mendia denona baldin bada…

Maritxu Kajoi

Goizeko 8etan hasi dute Maritxu Kajoi egun handia etxafleroekin. Txikiteoa, koadrilen bazkariak, musika, kaleko animazioa, erraldoiak eta dantzariak izango dira gaur Arrasten eta iluntzeko 20:30ak aldera miraria egingo du Maritxuk.

Maritxu Kajoi eguna ospatzen hasi dira batzuk goizean goizetik. Eta inon mondragoetarrik baldin bada, hori gure Klik Bikoitza dugu. Begira nola etorri den lanera:

Hau bai mondragoetar petoa!

Egun ferpektoa

Izan duzue inoiz dena zuen aurka dagoen sentsazioa? Ez naiz pertsona bat edo batzuk kontra egoteaz ari; guregandik haratago dagoen zerbaitetaz ari naiz, kontrolatu ezin dugun zerbaitetaz. Bai? Ba halaxe sentitu nintzen ni atzo.

Goizeko zortzietako lanera joan nintzen atzo. Bezero bat blog ikastarora etortzekoa zen eta ordenagailua piztu baino lehen, nire laneko mahai gainetik hartu eta ikastaroa eman beharreko lekuan jarri nuen.

Goiza

Egia esan, lan handia ez da, baina goizeko zortzietan ez dakit zuek, baina ni esnatu gabe egoten naiz eta izugarrizko malaletxearekin. Ba horixe. Ordenagailua ikastarorako prestatu, piztu, posta jaisten hasi eta… hara non abisatzen didaten ez dagoela ikastarorik!

Berriz ere ordenagailua itzali, kableak atera eta nire mahaiaren gainean jarri behar. Horrela hasita eguna ezin ondo amaitu.

14:00etan Arrasaten egon behar nuen medikuarenean. Lanetik irten eta bertara joan nintzen. Zerbait jan nahi eta ezin; tripazorriak nituela egin nuen Arrasatetik buelta.

Eguerdia

Etxera iristerako 15:30ak. Kaka! Labadora izorratu da. Bi argi intermitente pizten zaizkio, emergentziakoak edo. Otsailean erosi genuen labadora berria eta dagoeneko bigarren aldia da izorratzen dena (badaezpada ere ez dut esango zein marka den, baina nire medikuarenetik gertu jaioko zen).

Arratsaldea

Hasi naiz labadoraren instrukzioak hartu eta irakurtzen. Intermitenteak pizten zaizkionean filtroa garbitu behar omen zaio. Filtroa topatu, irekitzen hasi eta… sukaldea inundatuta! Instrukzioetan ez zuen holakorik jartzen! Horrelako zerbait zioen: “ponerle un platillo debajo del desagüe para que salga el agua que sobre”. Platiloa ez, palankana handi bat jarri behar zitzaion behean! Eta bazkaldu gabe, tripazorriak nituela, inundazioa konpontzen hasi nintzen. Bazkaldu, dutxatu eta lehengusinaren seme jaioberria bisitatzera joateko asmoa nuen eta idatzi dudan honen ordez Iñaki txikiri buruzko posta osatu nahi nuen. Baina horrelakotxea da patua!

Sukaldeko ura lehortu eta filtroa garbitu nuen. Labadora berriro martxan jarri eta keba! Ez duela nahi.

Iñaki txikia bisitatzera joan, ikastaro batera gero eta 21:30ean iritsi nintzen etxera. Aita eta anaia zeuden sukaldean.

Gaua

  • Uxo, badakizu labadoria ez dabilela? – aitak.

Zer erantzungo zenukete zuek? Ze tonurekin? Niri momentu horretan malaostia tonua irten zitzaidan.

Afaldu genuen, bakean eta iritsi zen Goenkale ikusteko ordua (aitak ez du kapitulu bat galtzen). Salara joan, telebista piztu eta hara non telebista ez dabilela! Ibili ibili bazebilen, baina antenarekin arazoren bat zegoen. Gaueko 22:30ak, aita kabreatuta Goenkale ezingo zuelako ikusi, anaia adarra jotzen eta egoera hori ikusita ohera joan nintzen, egun zoragarri hori betirako burutik ezabatzeko asmoz.

Gaur, zorionez, eguna zoragarri joan zait. Errutinarik errutinarena ere zoragarria baita atzokoaren ondoan.

Biharamuna

Estreinaldia

Goiena.net-eko blogak sortu eta zazpi hilabetera ausartu naiz bloga martxan jartzera. Beti izan dut gogoa nik neure kasa idatzitakoak besteei erakustekoa, eta blogak horretarako erreminta paregabeak dira.

Hala bada, txoko honetan idazten ditudanak edozeinek irakurri ahal izango ditu. Baldintza bakarra dago: euskaraz irakurtzen jakitea. Hortik aurrera, bakoitzak erabakiko du nik idazten ditudanak irakurri edo ez.

Baina, blog hau ez da besteek irakurtzeko bakarrik. Batez ere nik idazteko da; nik sentitzen ditudanak, gertatzen zaizkidanak eta ikusten ditudanak botatzeko txokoa.

Ondo etorri, beraz, Uxon txokora. On egin dagizuela!