Gabonetako argi eta ilunak

Jarri dituzte Antzuolan Gabonetako argiak. Ikusi ditudanean pentsatu dut, “joe, segituan Gabonak”. Izan ere, geroz eta gutxiago gustatzen zaizkit egun horiek. Txikitan ez nuen ulertzen jendeari zergatik ez zitzaizkion gustatzen Gabonak, moda kontua izango zela uste nuen, baina zenbat eta urte gehiago egin, orduan eta gutxiago gustatzen zaizkit.

Txikia zarenean, Olentzero Leireren aita* dela jakin arren ere, ilusioz itxoiten diezu egun horiei. Gabon gauean lo egin barik egoten zara Leireren aitaren hanka pausuak noiz entzungo eta hurrengo egunean korrika joaten zara zapatan dauden opariak irekitzera. Polita da umea izatea.

Baina, orain badakit Olentzerorik ez dagoela eta konturatu naiz gure gizarteko kontsumismoaren puntu gorena direla Gabonak. Erosi, erosi eta erosi. Beste ezer ez dute buruan batzuek eta beste ezer ez digute saldu nahi. Kaleetan gora eta behera jendea, zer erosi pentsatzen. Entzun dut denda batzuetara jendea joaten dela eta zer eskatuko eta “edozer gauza emadazu erregalo paperean bilduta. Gero aldatzeko aukera egongo da, ezta?”

Duela pare bat urte-edo erabaki nuen Gabonetan inori oparirik ez erostea (koadrilako lagun ezkutuari bai, lasai). Egingo diot oparia nahi dudan horri nik nahi dudanean. Hori bai, ni beti nago opariak jasotzeko prest! ;-))

*Bospasei urte genituela eskolara etorri zen Leire esanez bere anaiek esan ziotela aita zela Olentzero. Halaxe sinistu genuen guk, Leireren aita zela Gabon gauean opariak ekartzen zizkiguna.

4 iruzkin “Gabonetako argi eta ilunak” bidalketan

  1. Oihana

    Erantzun moduan datorkizu lehen oparia, Uxo. Atzo goizean ile apaindegian nengoela entzun nuen ez dakit zein irratitan loterian gehiago gastatuko duela, Gabonetan, biztanle bakoitzak janaritan baino. Gabonen definizioaren barruan sartzen da egun loteria ere. Zergatik ez dute banatzen “potoloa” irailaren 22an, adibidez?

    Erantzun
  2. Manex

    Ba neuk erregalue barik, anaien urreratzea gurako neuke baia antza, olentzero Euskal Herrira mugatzen da, eta bestetik ez naiz errege zalea. Zeldetako gure anaiek olentzerorengan sinesterik ba ote?
    Itzela zure bloga, asko gustau jat. Segi idazten neuk irakurriko zaitut eta.
    Mille mosu

    Erantzun
  3. iparre

    Egia esan kartera erraz ustutzen da gabonetan, konpromiso ugari izaten baitira, opariekin hasi gabe ere. Baten boletoak, bestearen kalendarioak, polboroi kaxa bukaeziƱak, afariak. Ez da aitzekia txarra:
    -Bai, aurten oparirik ez egitea pentsatu dut, konsumismo mugagabe horretan ez dut erori nahi.

    Norbaitek kalendario polit-polit bat nahi 4 euroren truke???

    Erantzun

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude