Hileko artxiboak: abendua 2006

Ez dut moderno izan nahi

Ez. Ez behintzat moderno izateak mendiak zulatzea badakar. Ez moderno
izateak herriak eta mendiak asfaltoz betetzea badakar. Modernitatea
dute aitzakia AHTa eraiki nahi dutenek. “Ez dugu modernitatearen trena
galdu behar”. Aspertuta nago horrelako arrazoi hutsalak entzuteaz.
Galdetu digu norbaitek horrelako modernoak izan nahi dugun? Ez, eta ez
digute galdetuko, guk ez dugu dirurik-eta.

Ama Lurra

Gero iragarki ederrak sortuko dituzte, Ama Lurra zaindu behar dugula
esanez, irudi bukoliko eta guzti. Beraien mezua: “Zuek herritarrok
zarete Ama Lurra xahutzen ari zaretenok. Ez duzue birziklatzen, ur
gehiegi gastatzen duzue, argi gehiegi”. Ados. Baina, ez gara bakarrak
eta ez begiratu beste alde batera. Galdetu diozue Ama Lurrari tren
azkarra nahi ote duen? Bere mendiak zulatu nahi dituen? Benetan Ama
Lurrari begira ari zarete “herria eraikitzen”?

Galderak airera botatzen ari naiz, badakit. Eta  horrek ematen dit
amorrua; kasurik ere ez digute egiten. Esan zuen baten batek gutxi
batzuk ginela, baina badaezpada ere ez dute galdeketarik egiten eta
lanak lehenbailehen hasi nahi dituzte, behin hasitakoan kritikak
isilduko direlakoan. Ea Ama Lurra eta bere seme-alabak esnatu eta
txikizioa geldiarazten dugun.