udako erronka: zarautz, askizu, getari, zarautz

Ikasturte bukaerako erronka kostaldean egitea proposatu dugu. Mendi ibilaldia, mahasti artean eta itsas aldea begi-bistatik galdu gabe; aukera erakargarria zalantza barik. Lagun talde ederra osatu dugu eta Zarautza autobusez hurbildu gara. Eguna lainotua egon arren, ibiltzeko giro ederra gaurkoa. Abia gaitezen ba!

Santa Barbara baselizaren eraikuntza 1703an hasi zen Zarauzko arrantzaleen ekimenez. Eraikuntza ordaintzeko, arrantzaleek dohaintzak ematen zituzten, limosna bat harrapatzen zuten bale bakoitzeko. Urtero, abenduaren 4an, Santa Barbara egunean, elizkoiak ermitako kanpaia jotzera joaten dira, urte osoan zehar buruko minak modu horretan konjuratzen direlako usteak eraginda. Sistersandthecity.com. Gaur egun meza bakarra abenduaren 4an ospatzen da. Turismozarautz.eus

Kostaldeko gune honek ibilbide eta paisaia ederrak eskaintzen ditu. Edonora zoazela ere, Hondarrabi Zuri eta Hondarrabi Beltza landatuta dauden mahastiak topatuko dituzu, Getariako Txakolina egiteko erabiltzen diren bertako mahats-barietateak. Antzinatik egon dira nolabait ere babestuak ardoa, eta, beraz, mahastiak. Izan ere, 1397. urtean Getarian egin zen Gipuzkoako Ermandadearen Batzar Orokorrean onartu ziren Gipuzkoako lehendabiziko ordenantzak, eta 18. puntuan xedatu zen heriotza-zigorra izango zuela mahastiak suntsitzen zituenak. XVI. eta XVII. mendeetan mahastigintza garatu egin zen eta 1509. urteaz geroztik, gutxienez, bazen Donostian mahatsondoak inausten zituen gremio bat (Podavineak), 400 gizonez osatutakoa. www.getariakotxakolina.eus

Zumaia eta Getaria batzen dituen kostaldeko Santiago bidearen erdian dago Askizu, Getariako auzoa. San Martin eliza, XIII-XVI mendeen artean eraikitakoa, gotikoa da. Eraikinean egindako esku-hartze arkeologikoetan nekropoli bat aurkitu dute. Hala ere, aurkikuntza nagusiena lurreko harearrian moldatutako hilobi antropomorfoak zituen hil kapera baten arrastoak dira. Horiek VI mendean dute data jarria. Aurkikuntza horiek Gipuzkoan dauden lehen tenplu batean ehorzketa kristauko aztarnak dira. Getariaturismo.eus

Getaria kostaldeko herria da, batez ere, Juan Sebastian Elkano itsasgizonaren jaioterria izateagatik ezaguna. Baita Getariako Txakolina jatorrizko deitura duen ardo txuriarengatik ere. Getariako alde zaharra lur irmoa eta San Anton mendia lotzen dituen tonboloan dago, XVI. mendera arte uhartea izan zena. San Anton mendiaren silueta sagu baten antzekoa da, tonboloak eta Getariak osatzen dute buztana. Horregatik da ezagunagoa San Anton mendia Getariako Arratoia ezizenarekin, Gipuzkoako postalik arruntenetako bat osatzen duena. Getariaturismoa.eus

Getariatik Zarautza, 4,5km distantzia, itsas ertzetik dagoen ibilbide ederretik arin egiteko modukoa da. Atsegina, paisaia ederrak, itsas ondoko sartu-irten ugariak, eremu arrokatsuak eta badia politak. Zarautzeko portura heltzean, hango animazioa ikustean, harrituta gelditu gara. Zenbat gazte! Uretara salto, murgiltzen, kukañan norberak bere abilidadea frogatzen, oreka mantendu nahian, ertzeraino heldu aurretik, uretara… Enborraren bukaeraraino heldu den gazte bakar bat ikusi dugu. Harentzako gure txaloak. Bejondeikela, mutil!!

Zarauzko portua oso txikia da eta, horregatik, txalupak soilik egoten dira. XIX. mendean eraiki zen Zarauzko portua. Udalak Gipuzkoako Batzar Orokorrei laguntza eskatu zien eraikuntza lanetarako. Deban, 1857 urtean egindako bileran, 6.000 dukat-ez laguntzea hitzartu zuten. 1857 eta 1859 urte bitartean eraiki zen, baina, 1863an berriro laguntza eskatu zuen Udalak portua hegoalderantz handitzeko. Zingira gunerik ez dagoelako eta marearen gora beherak direla-eta ontziek amarradura bereziak erabiltzen dituzte: brankan ainguratuak eta txopan portuaren alde banatan dauden muturrei lotuta.

Sakonera gutxi duenez, ohikoa da txalupak eta gilek hondarraren gainean egon behar izatea. Aisialdirako portua da, baina, ez du egungo kirol portuen antzik. Portua bitan banatua dago. Lehenengoa hasieran aipatutakoa da. Bigarrena, berriz, itsasoko igerileku baten antzekoa da. Hortik gertu dago portuaren sarrera eta udan jendea bainatzen da. horretarako tranpolina, eskailerak eta horizontalean jarritako enbor bat daude. www.ingeba.org

Moila juten ginan asko, han ikasten zan igeriyan Zarautzen. Zarauztar batek igerian ikasteko egin behar zun aurrena txalupa txikitan ibili, aillatu zure kausa, lagun batekin… ta ikutzen ziñunian ta kubritzen zizunian, pixkat txalupai heldu, sokai heldu eta… hola pixkanaka igerian ikasi arte. 16-17 urtekin, hor moilan maria goian zegonian, ba espektakulo bat montatzen gendun denon arten, kukaia zala, edo tranpolina ziala edo amabirjinatikan salto egin behar genula edo Allapuntatikan salto egin behar genula… Jatorrizko lekukotasuna. www.gurezarautz.net

INFORMAZIO OSAGARRIA

https://www.turismozarautz.eus/eu/eskultura-ibilbidea

https://www.argia.eus/albistea/jorge-oteiza-eskultore-oriotarrak-bere-azken-obra-bertsolaritzari

http://www.gurezarautz.net/zarautz_historikoa/santa_barbara

https://www.turismozarautz.eus/eu/txakolindegiak

https://eu.wikipedia.org/wiki/Askizu

https://getariaturismo.eus/parroquia-de-san-martin-de-askizu/

http://www.gurezarautz.net/zarautz_historikoa/zarauzko_portua

https://www.ingeba.org/gipuzkoa/portuak/zarautz/zarautz.htm

https://eu.wikiloc.com/ibilbide-senderismo/zarautz-getaria-zarautz-20478524

https://sitioshistoricos.com/que-ver-en-getaria-la-cuna-de-juan-sebastian-elkano/gipuzkoa/

https://www.getariakotxakolina.eus/jatorrizko-deitura/

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *