Bero-zapa gaurkoan, beraz, paseo lasaia komeni; horrela, Mekolalde aldera abiatu gara. Gure lagun bergararra, Mila, gure zain. Berehala ezagunak, lagunak, familiakoak… aspaldi ikusi gabeak agurtzeko aukera izan dugu.
Gaurko bidean, jauregi dotore baten aurrean pasatu gara, Moiua dorrea edo jauregia deritzona. Eraikin sendoa, badirudi XVI. mendearen hasierakoa; Juan Moiua-Barrena Argaratek erosi eta birmoldatu egin zuen, XVII. mendearen erdi aldera… (bergaraturismo.eus).
Arbola artean gorantz, eta Bergarako panoramikaz gozatzeko aukera. Handik aurrera, vasco-navarro tren-bideko pista hartu dugu. Aspaldiko tren geltokiaren ondotik, bide lasaia, akaziak loratuta eta haien lurrin atsegina nabarmentzen da; tarteka, baserri ederrak, ganadua lasai etzanda, nekazaria belar lanetan…
Eguraldi beroaz garrantzitsua da hidratazioa, beraz, gure motxiletako ur botilak hustu samar eta iturrian ur freskoaz betetzeko aprobetxatu dugu. Mekolaldera heltzerakoan, gure harridura, ez dago geltokiaren arrasto txikiena ere, aipurik ere ez!
Deba ibaiak hemen hartzen duen zabaleraz ohartuta, harrizko zubi zaharra, brisa… txoko atsegina. Bergararantz bueltatu gara. Baserri etxe zainduen ondotik, industrialdera hurbiltzen ari garela adierazten digute parean ikusten ditugun lantegiek, horien kanpoko itxura ere zaindua.
Haurrentzako parke polita, moldatu berria. Bergarako txoko erakargarriak ezagutzeko aukera izan dugu gaurkoan ere. Eta jarraian, sarritan sortzen ari zaigun hausnarketa, urrutiko bazterrak gertukoak baino hobeto ezagutzea ez ote da osatu beharreko hutsunea? Etxekoa, ingurukoa baloratzeko ezagutu egin behar da, eta horrela, apreziatuz, zaindu egingo ditugu gureak diren altxorrak, gure ondarea. Gaurko paseoa horretarako ere lagungarria izan da. Eskerrik asko gaurko Milari!
INFORMAZIO OSAGARRIA
https://www.bergaraturismo.eus/eu/monumentu/tour-moiua
https://eu.wikipedia.org/wiki/Anglo-Vasco-Navarro_trenbidea
https://viaverdevasconavarro.com/eu/vias-verdes/vasco-navarro/