ABENDUA, 2025

sasoibide+: PORTASOL – URKULU – ARETXABALETA (2025-12-3)

Hodeien mehatxuei iskin egin, eta abiatu gara; arratsalde atsegina gaurkoa ere. Urkuluren ur maila gora, nabarmen! Inguruko mendien presentzia dotorea, gozagarri. Arnas sendoa hartu eta, indarberrituta norberaren txokora.

SANTAMAS KROSA badator, eta gu parte hartzeko prest!

Bazatoz gurekin?

SANTAGEDATX (Agingain, 416 m.); (2025-12-04)

Guretzako toki kuttuna Mariren ispilua deritzotena, Santagedatx gaina. Anbototik zuzenean etortzen omen da Mari ispiluan begiratzera; egunen baten hor bertan aurkituko bagenu, Ataunen entzundakoa gogoan izango al dugu? Hori komeni, bai. Gaur Palestinako banderak Nafarroakoari lekua hartu dio, hunkigarria mendietan ere Herri Palestinarraren egoera latza ahazten ez dugularen lekukoa.

Itziarren begirada jarraian dauden argazkietan islatzen da. Gustura ibili dela ageri agerian!

Udazken jantziak aukeran! Santagedatxen, Garagartzan, Santa Barbaran, Seberon… Okre koloreak nonahi, tonalitate anitzetan. Naturaren oparia!

BIXI BIZI TAILERRA: PILATES, K-STRETCH (2025-12-10)

Pilates egokitzapen fisikorako metodo ezaguna da, eta gorputza eta adimena unitate gisa lantzea du helburu. Joseph H. Pilates alemaniarrak sortu zuen 20ko hamarkadan, eta gorputz osoaren mugimendu asketik abiatuta pertsona bakoitzaren energia zentroa indartzea posible dela iradokitzen duen teoria defendatzen zuen. Pilates metodoak gorputzaren kontrola, indarra eta malgutasuna areagotzen laguntzen digu ariketa fisiko konbinatuak eginez eta toraxeko arnasketa kontrolatuz. https://mejorconsalud.as.com/lifestyle/curiosidades/consiste-metodo-pilates/

K-Stretch-a posturak luzatzeko teknika globala da, eta posturak berrezitzean eta malgutasuna hobetzean oinarritzen da. Danilo Barzio Italiako fisioterapeuta ospetsuak garatu du metodo hau, eta hainbat diziplinatako printzipioak konbinatzen ditu desoreka muskularrei aurre egiteko eta jarrera hobetzeko. K-Stretch-ak hamaka espezifiko bat erabiltzen du, gorputza bermatzeko eta luzatze-ariketetan lerrokatze egokia ahalbidetzeko diseinatua. https://www.benestarfisioterapia.com/blog/descubre-el-metodo-k-stretch-estiramiento-para-tu-bienestar

Gaurko tailerra bi gela ezberdinetan egin dugu. Pilates gidatzen Asier, Koldo, Diego eta Kepa izan ditugu. K-Stretch hamaka berezietan egin dugu, eta Alba, Elaia eta Alaitzek gidatu gaituzte. Hogei minutuko saioaren ostean, gure gorputzek malgutasunean nabaritu dute aldea. Beraz, metodoa eraginkorra dela dirudi.

Gaurkoan ere, gure eskerrik beroenak BIXI BIZI tailerrak guretzako antolatzen dituen GIKAIko ikasle eta irakasleei, guztiak Arizmendi Ikastolakoak. Sasoibideko lagunentzat esperientzi berriak izateko aukera pare gabea da.

sasoibide+: BILBO (2025-12-10)

Gaur, zapatilak etxean utzita, hiriko ibilbideari ekingo diogu. Hemen ere, egun bategatik, ederto moldatu gara. Hiri parajeek, gabonetako apainduriaz josita, ilunkeran beste irudia sortzen dute. Jarraian, IU.ren irudiak.

SANTAMAS KROSA, ENTRENAMENDUA (2025-12-11)

Igandean, Santamas Krosean berritzailea den froga gauzatuko da, 4,2 km oinez edo nordiko martxa edozein adineko pertsonentzat, hain zuzen. Sasoibiden jakin ala, galdera sortu, parte hartuko al dugu? Eta, bapateko erantzuna, zergatik ez? Esan eta ekin: elkarri animatu, izena eman, entrenamendu berezia antolatu… Martxan jarri da taldea. Aurretik, 2021ean, sasoibiden lehen Lilaton egin, pandemia garaia zen hartan; gerora, herrian Lilabide antolatu eta hurrengo pausua emateko prest, 2025ean Santamas Krosean parte hartu.

Gogoz, ibilbidea frogatzeko beroketa egiten ari garela, hara non ETBko Maite Eskarmendi eta berarekin kamaraduna Biterin agertu dira. Egun On programarako irudiak eta sasoibideren berri jakitera datozela, zuzenekoa egitera. Horrela, oinezkoa eta elkarrizketa tartekatuta ederto moldatu gara. Agurtu aurretik, nola ez, taldeko argazkia. Hor ba, gaurko berezia! Salda hartu ondoren, etxera eta nahieran bitartez, gaurko Egun On programa ikustera. Norbere burua pantailan azaltzea ez baita eguneroko aukera, halajaina!

XLVII SANTAMAS KROSA (2025-12-14)

Giro ederra, goizean goiz hotz baina ateri, beraz krosa egiteko egokiena. Jantzi zapatilak eta elkargunera, Biterira, dortsala hartzera. Iturbide egoitzaren aurrean arku galanta, azpian kokatu, eta han dator hasera emango duen epailea, pistola eta guzti! Ene, hau ezustea, atletismoko froga ofizialetan bezalaxe. Tiro hotsa entzun eta ibilbideari ekin diogu. Bizi bizi hasi ere, batzuk oinez, besteak nordiko makilaz; bakarka batzuk, lagunarekin besteak, eta gehienak taldean parte hartzera hurbildu direnak. Arrasate Atletiko Taldeak antolatu froga berriari erantzun anitza, pozgarria. Izan ere, XLVII Santamas Krosaren lorpen aipagarria, horrelako frogetan parte hartzea sekulan pentsatu ez duten lagunak hemen dira eta. Orain arte, urtetan, ikusle soilak izan direnak, gaur protagonista.

Froga amaitu, eta oroigarria jaso dugu. Hunkigarria Arrasateko Atletismo Taldeak gurekin izan duen detailea. Bejondeizuela! Eta orain, gustura asko hartuko dugun salda bero eta goxoaren bila; ahal dela, eguzkitan, eta Portaloian. Lortu dugu, beraz, ezin gehiago eskatu. Kuadrilen arteko karrera hasi bitartean, kontu kontari atsegina. Datorren urtean, ondo bagaz, berriz ere Santamas Krosera, zalantza barik!

sasoibide+: USAKO (2025-12-17)

SAN MARTZIAL (Bergara) 2025-12-18

Paseo ederra Bergarako San Martzialera egin duguna. Giro eder horrekin, gozamena izan da inguru horietan ibiltzea. Mila eta Idoiaren gidari esker txoko honetako bazterrak ongi ikusi ditugu. Bejondeizuela, lagunok!

INFORMAZIO OSAGARRIA

https://blogak.goiena.eus/sasoibide/2024/02/23/bergaran-san-martzial/

https://blogak.goiena.eus/sasoibide/2023/05/16/bergara-san-martzial-bira/

https://blogak.goiena.eus/sasoibide/2023/05/16/bergara-san-martzial-bira/

HARIAK KANTUZ: GABONETAKO IV ABESBATZA-KONTZERTUA. ADIN BERRI (2025-12-20)

Hariak Kantuz, kontzertura joateko aukerari baiezkoa, eta Donostiara hurbildu gara. Aurtengo Gabonetan bakardadeek inoiz baino soinu hobea izan dezaten lortu nahi dugu HARIAK Kantuz-ekin, ADINBERRIren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenarekin, Gipuzkoako Abesbatzen Federazioarekin eta nahi ez den bakardadearen prebentzioan eta eskuhartzean lan egiten duten elkarteekin batera.  17:00etan: Hirugarren Sektore Sozialeko Elkarteen III. Topaketa. Bakardadeen inguruan garatzen duten jarduera eta eskaintzen dituzten boluntariotza aukerak ezagutu ahal izango dira. Aubixa, Helduen Hitza, Nagusilan, Bizitza Betea… 18:00etan: Gabonetako Abesbatzen IV. kontzertua. Abesbatzak: Andoaingo Udal Musika Eskolako Haur Abesbatza (zuz: Katrin Iturralde); CUM JUBILO Abesbatza (zuz: Sergio Pedrouso); Alaia Abesbatza (zuz: Iñaki Cárcamo). Dokumentala: ADOS Teatroa 55 HZ. Metraje laburreko filma nahi ez den bakardadeari buruzkoa (zuz: José Antonio Vitoria) (Adinberri)

Atsegina suertatu zaigu arratsaldea: arlo soziala lantzen duten zenbait elkarte ezagutu ditugu; kontzertu bereziaz gozatu dugu, eta hunkituta ikusi Idoiaren dokumentala. Aberasgarria izan den guzti honi bukaera berezia, gabonetako Donostian murgildu, argiak, noria… Etxerakoan, aurpegi irribartsu, guztiak. Zein gustura ibili garen… Errepikatzeko modukoa!

INFORMAZIO OSAGARRIA

https://blogak.goiena.eus/sasoibide/2023/12/17/adinberri-hariak-kantuz-ii/

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *