URRIA, 2025

Argazkiak: I.U., sasoibide

sasoibie+: IKURRIÑATIK, IKURRIÑARA (2025-10-15)

Ikasturte berria, eta talde gidaria ere, berria. Sasoibideko lagunak, oraingoan ere, prest aurrera egiteko, lagunarte atseginean. Asteroko irteerei ekingo diogu, asteazken eta ostegunetako pasierak; Bixi Bizi tailerrak aldiz, asteazken goizean izango dira, hilean behin, Ferixalekuan, Arizmendi Ikastolan hain zuzen. Horrela ba, gustu baduzu, zatoz gurekin!

Gaurkoan ibilbide samurra eta ederra egin dugu. Zigarrolako Balkoiko ikurriñatik, Kurtzetxiki bidetik ikusten den ikurriñara, eta handik, Arrasateko balkoira. Herriko ikusmira ederra bi balkoietatik. Ez litzateke lan erraza izango bietatik bakarra aukeratu behar izatea, alajaina. Ikusgarriak, biak ere. Gaurko ibilbidea bukatzeko, ospitalerantz jarraitu dugu.

Udazken fruituak ere, bidean ikusteko aukera izan dugu, hala nola pikuak, gaztainak, perretxikoak, sagarrak, ezkurrak… Mendiko bideetan, orbelaz osatutako alfonbrak, kolore biziko hostoak zuhaitzetan, zeru garbiak, giro goxoa, epela… Eta lagunez inguratuta. Ba ahal dago arratsalderako plan hoberik? Eskertzekoa gaurko ibilbidea prestatzeko lana hartu duen taldeari. Bejondeizuela!

ATXABALPE (2025-10-16)

Ikasturte honetako lehen osteguneko deialdiak hogeita lau lagun bildu gaitu. Hau poza!! Giro aparta, fisikoa zein emozionala; lagunarteko alai eta goxoa osatu dugun horretaz, harro.

Biteritik Monterronera, eta Gernika ibilbidetik aurrera, Garagartzara. Bertako lamia Palestinako banderan bilduta. Azken asteetako errealitate latzaren lekuko, zalantzarik gabe. Eguzkia goxoa, baina hala ere, gerizpearen babesean gustura gehienak. Lagun baten urtebetetzea ospatzeko kantua, irrintziak, bizkotxoa… Eta Elik bere azalpena egiteko aukerari heldu dio, argi asko. Eibar Kirol Elkarteak entrenamendurako erabili izan duen Atxabalperi buruz zenbait datu bitxi kontatu dizkigu. Txukun txukun idatzita ere ekarri, eta guztion eskura utzi du. Eskerrak berriz ere gure lagun Eliri.

Atxabalpera hurbildu eta gero, Arrasaterantz itzuli gara; eta gure herrian turista izango baikinen, hor Eguzki dorrearen ondoan, bizikleten garbileku berri-berria, dotorea, deskubritu dugu. Mendiko buelta egin eta gero erabiltzeko, primerako zerbitzua. Mugikortasunaren aldeko instalazioa nonbait.

Garagartzan mintegiaren ondoko txabolan, hormetan, hunkitzen gaituzten irudiak. Palestina, Gazako sarraskia gogorarazten dituztenak. Bihotza uzkurtuta uzten digutenak.

sasoibide+: ARETXABALETA-URKULU-BEDOÑA (2025-10-22)

Autobusean Aretxabaletaraino, eta handik, bainuetxetik gora Urkulurantz. Udazken paisaia, hego haizea eta umore onean aurrera. Arratsalde pasa atsegina, gaurkoa ere.

SAN PRUDENTZIO (2025-10-23)

Bart haizete handia eta zaparradak, gau mugitua izan arren, egoki hornituta, San Prudentziorantz abiatu gara. Talde mardula gaurkoa, 27 lagun elkartu gara. Bidean aurrera, erritmo onean, helmugaraino heldu eta han sorpresa, urtebetetze ospakizuna. ZORIONAK eta urte askotarako!

Argazkiak I.U.

BIXI BIZI tailerra: ZUNBA, INDARRA (2025-10-29)

Ikasturte honetako berrikuntza, BIXI BIZI tailerra asteazken goizean egitea da. Ferixalekuko Arizmendi Ikastolan, GIKAI (Gizarte eta Kirol Animazioa) formakuntza jasotzen duten ikasleek bideratuko duten jarduera fisiko espezifikoa da. Gaur Zunba eta Indarra lantzeko talde ederra bildu gara.

Zortzi irakasle izan ditugu, horietako lauk zunba egiten lagundu digute: Olatz, Naroa, Izar eta Irati. Han ibili gara koreografiak ikasten… mugimenduan eta bitartean barre batzuk botaz. Indarra lantzeko aldiz, beste lau monitore: Unax, Xabat, Igor eta Gorka. Arbelean idatzita aurkeztu digute zer ariketa egin behar ditugun, maiztasuna, jarraibideak, intentsitatea, arnasketa… Eta horretan ere saiatu gara: gomak erabili, aulkiaren inguruan, esterilan, eta norbera kontziente izan da zein aspektu hobetu behar duen. Saioa bukatzean, honelako saioak astero ere gustura egingo genuke ba, esanez agurtu eta eskertuta alde egin dugu. Bejondeizuela, gazte!

sasoibide+: ULLIBARRI – GANBOA (2025-10-29)

Goizeko tailerrean gorputza tonifikatu eta gero, zer hobe pasiera eder bat egitea baino? Goazen ba, lagunarte atseginean Ullibarri – Ganboara abiatu gara. Arratsalde goxo, haizetsu eta hodeitza galanta zeru goietan. Ea busti gabe libratzen garen…

Idoiaren argazkiok islatzen dute paseo horren edertasuna. Bejondeizula, lagun!

MEATZERREKA – ETXALDEBARRI (2025-10-30)

Gauden garairako, giro epela, atsegina; ehiztarien pin-pan ozen entzuten da egunotan. Eta gu, pasieran, gustura.

Idoia eta Begoñaren irudi horietan pasieraren une esanguratsuak. Eskerrak argazkilariei.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *