ANDRA MARI ZURI ARRASATEN (2025-08-05)
Abuztuko egun berezia gaurkoa. Lagun gehienak herritik kanpora izan arren, Andra Mari Zurira joateko, hamahiruko taldea elkartu gara. Urteroko zita, hain maitea dugun txoko polit horretara hurbiltzeko. Izan ere, maiz ibiltzen gara inguru horietan, baina gaurkoa da ermitan sar gaitezkeen egun bakarra.


Eguraldi goxoa lagun, bero handirik gabe, ospitaletik gora abiatu gara Asuelaraino. Horrainoko aldapa gaindituta, aise egin dugu aurrean geneukan bidea. Ur apur bat edanez, gurekin zetorren Joanesi jarraika, konturatu orduko Andra Mari Zurin!


Eta hemen, aurpegi ezagunak, giro atsegina, etxean bezala sentituarazi gaituzte. Zuriñe eta Benito, urtero lez, ongi etorri goxoa egiten… Aurtengo berria, Goienako kazetariak bertan, erreportaia egiteko kamera hartuta elkarrizketak egiten eta irudiak hartzen. Gaurko ospakizun honek merezi du bai, gure herriak ezagutzea, aitzinako ohitura baita. Eta guk, datorren urtera arte esanez elkar agurtu dugu!


Gogora ditzagun zenbait datu: Andra Mari Zuri eliza-etxea, ia-ia Zubillagako mugan, Urkulu ibaiaren arroan, dagoen eliza da. Izen bereko baserriarekin batera osatzen da. Dirudienez, inguruko elizarik zaharrenetakoa da, XIV. mendekoa. Andra Mari debozio handiko irudia izan da, beraz, lehorte garaietan Bedoñako fededunek kontuan hartzen dute eta baita emakumeek ere beren haurdunaldietan. Antzina, Zubillaga eta Arrasate lotzen zituen “Erregebide” edo galtzada harriztatua pasatzen zen handik, 1.347. urtean eraikia, Enrike II.a erregea Oñatitik Arrasatera joan zedin. (www.baserrisarea.com)



INFORMAZIO OSAGARRIA
https://www.baserrisarea.com/es/natura-bizia/7023/432-andra-mari-zuri-eliza-etxea
https://goiena.eus/arrasate/1754479035258-gurean-ere-ospatu-dute-andra-mari-zuri-eguna

