sasoibide+: URIBARRI GANBOA (2024-11-6)
Arratsalde goxo honetan bisita berezia daukagu, Uribarri Ganboako elizara, eta han zain gure gida izango den Jose Mª Velez de Mendizabal. Aramaioarra da, eta aurten kontzeju honetako seme kutuna izendatua; agerian dago bere lotura eta ezagutza sakona dela. San Andres eliza ederra da, tamainaz gain elementu aipagarriak: arkitektonikoak, gotikoak, erretaula, San Andres taila, pulpitua, sakristian ikusitakoa… Hori guztia zenbait datu historiko tartekatuta azalpenean.
Agerian gelditu zaigu Uribarri Ganboa kontzejuaren sorrera ez dagoela urtegiaren eraikuntzari lotuta (1947), historia luzea du eta Jose Marik aipatuak: Parrokiaren oinarrizko ermita X. mendekoa, jada XIII.eko dokumentuetan Uribarriko erreferentziak azaldu dira, Parrokia XVIn mendean… Elizatik irten eta urtegiaren eraikuntzaren ingurukoak ere adi entzun ditugu; garai hartako tratuak, joko zikinak, urpean gelditu ziren herrietako jabeek jasan zuten abandonua… Datu horiek guztiak gure memorian gorde nahian, etxekoei kontatzeko; kontzentrazio aurpegiak azalpenak entzutean. Horretan lagungarri izango da Velez de Mendizabalek oparitu digun liburua. Bagoaz ba etxeko lanekin, alajaina!
Eta amaitzean, ikuspegi liluragarria duen terrazan eseri gara, eta gozatu ilunabarrak eskaini digun espektakuluaz. Eskerrik asko Jose Mariri eta bisita antolatu duen gure lagun Marijeri.
INFORMAZIO OSAGARRIA
https://es.wikipedia.org/wiki/Ull%C3%ADvarri-Gamboa
https://ullibarri-gamboa.araba.eus/eu/
MAZMELA, Eskoriatza (2024-11-7)
Eskoriatzako zazpi elizateetako bat da Mazmela, denontzako ezaguna baina gutariko askok inoiz bertaratu gabeak. Giro argia, mendialdeko bidean gora egitean ikusmira ederraz gozatzeko lagungarri izan da. Gure lagun Lorearen azalpenak gustura jaso ditugu: egun baserri handia, Isasbiribil, garai baten burdinola izan omen zen; San Bartolome ermitaren berezitasunak entzutean hurrengo baten baseliza ikusteko gogoa piztu zaigu: Erdi Aroko sarkofagoa, eremu arkeologikoa izendatuta, XVI mendeko dokumentuetan agertzen da…
Mazmelan komunikabidez ongi hornituta dagoela esatea txantxa dirudi: autopista eta abiadura handiko trenbidea eskura. Baina, argazkiak baieztapen horren testigu. Zuk zer diozu?
Udazken koloreak agertzen hasi dira, gure begientzat opari. Pasiera ederra gaurkoa eta aberasgarria gure lagun Lorearen azalpenei esker. Bejondeizula!
INFORMAZIO OSAGARRIA
https://eu.wikipedia.org/wiki/Mazmela
https://eskoriatza.eus/eskoriatza-herria/eskoriatza-ezagutu/zer-ikusi/elizateak-
sasoibide+: ZUBILLAGA: HARRI LANDUA (2024-11-13)
Zubillaga hitza eta auzoko armarria landuta dituen 3.500 bat kiloko harria aurkitu dute Zizur Nagusiko (Nafarroa) lokal batean, Zubillagara ekarri dutela jakin eta gaur bertatik bertara ezagutzera hurbildu gara. Bitxia Oñatiko auzora heldu den harri puska honen historia. Dohaintzan jaso dute eta auzolanean ekarri, jarri eta jai polit batekin harrera egin: herriko trikitilarien musikarekin eta ondoren, Aitor Tatiegi bertsolariak harriari buruzko bi bertso botaz. Ikusgarria monolitoa, zutik, dotore; inguratzen diren bisitari guztiei ongi etorria emanez.
Egunotan, bat-batean eguraldia freskatu edo zeharo hoztu egin duela nabarmena da, eta hor mendi tontorrak zurituta.
Zeharo ilundu aurretik, Arrasatera. Hor gure lagun Eloisak prestatu digun sorpresa, Salamancatik ekarritako hornazoa zain. Enbutitu iberikoarekin egiten da, eta produktu horien nahasketaren emaitza aparta da. Itxura ederra du, baina itxura bakarrik ez: zelako mokadu ona eta gustagarria. Eta horren ingurukoak ere kontatu dizkigu Eloisak. Salamancarrak «Uren Astelehenean» ibaiaren ertzera joaten jarraitzen dute, lagunekin eta familiarekin askari on bat ospatzera, hornazoa hain zuzen. Baina, ez da soilik Salamancan labekada egiten, Berpizkunde Igandean, beste probintzia batzuetan ere jaten dute, haragi-abstinentzia konpentsatzeko. Bejondeizula Eloisa, eta salamancarrak halako errezeta gordetzeagatik.
INFORMAZIO OSAGARRIA
https://goiena.eus/oinati/1729241531151-zizurtik-zubillagara-heldutako-harri-landua
https://panycebolla.es/hornazo-salamanca
EPELEKO ARAZTEGIRA BISITA (2024-11-14)
Adi entzun ditugu Gipuzkoako Ur Kontsortzioko langileek eman dituzten azalpenak. Epeleko araztegira egin dugun bisitan jakin ahal izan dugu nola kudeatzen den herritarrok gure etxeetan sortzen dugun ur zikina. Alegia, zein prozesu pasatu behar duen urak, guk isurtzen dugunetik eta araztegitik pasatu ondoren, errekara isurtzen denerako tarte horretan.
Deba-Garaiko hondakin-uren tratamendua egiten dute Epelen; tratamendu lan hori ia guztiz automatizatuta dago. Kontrol-sistemari esker ura garbitzeko prozesuari buruzko informazio asko jasotzen dute. Epele araztegia Deba ibaia garbitzeko azpiegitura garrantzitsuenetako bat da. Kontrol- sistema horri esker ura garbitzeko prozesuari buruzko informazio asko jasotzen dute, araztegiko lanak optimizatzeko erabili daitekeena. Helburu horrekin elkarlanean ari dira Gipuzkoako Urak, MSI Grupo eta Mondragon Unibertsitateko ikertzaileak.
Azpiegitura horren funtzionamenduaz harrituta gelditu gara. Eta jasotako azalpenen ondorio gisa, mezu zehatz batzuekin irten dugu: ur kontsumoa murriztu, dutxa laburragoak; zaborren sailkapena egin; komuna ez da zaborrontzia; paper-zapi higienikoak (toallitas) kaltegarriak dira. Eta azken mezua, birziklapena garrantzitsua bada ere, are gehiago hondakinak murriztea. Eskertzekoak Arantza eta Zikuñagaren azalpen argiak eta zehatzak. Bejondeizuela!
INFORMAZIO OSAGARRIA
https://goiena.eus/debagoiena/1386609310026-epeleko-ur-araztegia-ia-bete-betean-dabil-lanean
sasoibide+: UDALA AUZOA (2024-11-20)
Udazkena begi aurrean, udazkena giroan, hau gozamena. Udalako bidea hartzean, euria azaldu zaigu eta arratsalde osoan bidelagun izan dugu. Bidelagun astuna, deseroso. Gurekin tenkatuta, atsedenik ere eman ez. Auzora heldu, aterpe txiki baten taldeko argazkia atera, eta aldapan behera abiatu gara, bizi-bizi. Arratsaldea asko laburtu da eta Garaia Teknologi Parkera ilunduta heldu gara.
Zein gustura hartu dugun gaurko kafetxo eta infusioak!! Lagunarteko umela gaurkoa eta aldi berean, betiko lez, atsegina. Bejondeigula!
BIXI-BIZI TAILERRA: INDARRA LANTZEN (2024-11-21)
Gure osasunean indarrak duen garrantzia gero eta ezagunagoa da, eta baita ere, erorketak ekiditeko guztiz eraginkorra dela. Ondorioz, Arizmendi ikastolako Gikaiko ikasleek guretzat prestatu duten saioa indarra lantzeko ariketez osatua izan da. Horrela elementu bereziak erabili ditugu: hala nola, goma elastikoak eta pisu ezberdinetako mankuernak. Ariketak jolas giroan planteatu dira, guk erraz eta gustura egin ditugu. Saio atsegina eta dibertigarria izan da. Eskertzekoa Iker, Beñat, Jon, Urki eta Markelek gurekin egin duzuen lana, guretzat irakasle finak izan zarete.
Ferialekuko saioa amaitu eta gero, Erguinerantz abiatu gara. Gernikako pasealekutik auzoraino, eta han hiru igogailuak erabili ditugu, batzuentzat estrenaldikoz izan da, beraz, turismoa egin dugu, turismoa gure herrian. Gaurko aukera izan da!
INFORMAZIO OSAGARRIA
sasoibide+: ANTZUOLA (2024-11-27)
Paregabeko eguraldiaz, Bergaratik Antzuolarako bidea aukeratu dugu, aspaldiko trenbidetik. Bide erosoaz gain, ikuspegi ederrekoa da, atsegina. Zenbait tuneletik pasa gara, azken biak denbora luzez itxita egon direnak, lur jauzigatik nonbait. Lan bikaina egin ziren garaietarako, egun dagoen makineria gabe eginak. Baserri ingurua, toki baketsuak, udazkeneko koloreak, eguzkiaren azken izpiek… eta lagunarte giro ederrean. Ezin gehiago eskatu!
Bergarako lagunak izan ditugu lagun, bejondeizuela Julia, Agurtzane eta Mila.
INFORMAZIO OSAGARRIA
https://www.bergaraturismo.eus/eu/monumentu/tour-moiua
https://turismoa.euskadi.eus/eu/kultur-ondarea/bergarako-erdigune-historikoa/webtur00-content/eu/https://irinmodo.blogspot.com/2015/04/ugartetorre.html
- Ugartetorre
XVII. mendeko etxe honek ikusgarria dauka teilatuaren barruko egitura. Zer esanik ez bertako armarri handi eta polita. (https://eu.wikipedia.org/wiki/Antzuola)
A. IBILBIDEA: MUko FAKULTATEA; B: MIRABALLES BASERRIA (2024-11-28)
Egun ederra pasieran irteteko, eta horrela bi ibilbideak egingo dituztenek aukera egin dute eta abiatu.
Olandioko aldapa obratan, hango zarata eta hautsa!! Eskailerak ere berriztu behar dituzte… txukunketa integrala dihardute nonbait. Goi aldea bukatuta dago eta hobekuntza nabarmena da, beraz, pazientzia!
Ibilbide ezaguna dugu gaurkoa, eta atsegina.