2023-2204 ikasturte bukaera

Ikasturte honetako azken egunean eguraldi bustia, beraz ibilbidea egokitu dugu, motzagoa egin eta San Isidron elkartu gara ikasturteari errepaso bat egiteko, eta hurrengorako egitasmoak aurkezteko.

Atzera begira, aipatu 2023-2024 sasoibideren seigarren ikasturtea izan dela, eta jarraian, egindakoak zerrendatu, hala nola: Saio eta Irteera bereziak, mendiko erronkak eta ekintza bereziak. Azken erronka uztailaren 4an izango dugu: Zarautz-Askizu-Zarautz mendi ibilbide ederra. Egindako guztiak jada blogean dauzkagu eskuragai.

Datuak: asteazkenetan sasoibide+k, 31 irteera egin ditu eta 406 partaide; ostegunetan aldiz, sasoibidek 37 irteera 712 partaiderekin. Beraz, 68 irteeretan gurekin 1.118 lagun ibili dira. Kopuru pozgarriak eta ekimena osasuntsu dagoenaren adierazle.

Eskerrak, irteerak antolatze lan dotore egin duten gure lagun horiei: Marije, Miren Argi, Idoia, Edurne, Angelines, Mila, Laura eta Javi.

Gure beteranoei eskertu zuen animo, umorea, prestutasuna, irteeretan parte hartzea, Lilabiden… guretzat eredugarriak zarete, Angelines eta Feli. Bejondeizuela!

Martxoak 8a, emakumearen eguna dela eta. Aurten, herriko emakumeentzat sortu dugun ekimen berezia LILABIDE da. Hori gauzatzea askoren ideiak, laguntza eta lanen metaketari esker izan da, hala nola: Hirune, Loli, Kike, Goiena, Batukada, Udalzainak, Eroski, Zinegotzia, Alkatea… Eskertzekoa guztion izenean!

Eta Lilabide antolatzen buru-belarri ibili den laukoteari aitortza egitea legezkoa da. Nekerik ez, ilusioa, aurpegi argiak, gestioak zuzen eta egoki egiteaz gain, sormen iturri emankorra. Txalogarria, zalantzarik gabe! Hor gure urrezko taldea: Idoia, Itsaso, Miren Argi eta Marije.

Eta ezin ahaztu Udalaren laguntza eskertzea!!

Amaiera emateko, sasoibideko partaide guztion izenean Miren Argi eta Marijek adierazpen bat egiteko zutitu dira. Ekimen honetan aurrera egiteko, hitz politak, goxoak esan dituzte Lorea eta Margarirentzat. Horrekin batera, opari polita eskaini ere bai. Hunkituta guztiak!

Azken adierazpena: sasoibidek aurrera egiten badu, guztion indar, gogo, ilusio, elkarlana, umore eta goxotasunaren metaketari esker da. Jarrai dezagun ba, denok batera. Bejondeigula!!

2024-2025 ikasturtea sasoibideren zazpigarrena izango den horretan, orain arteko oinarrizko antolaketaz jarraitzeko asmoa dugu. Horrez gain, erronkak ere planteatzen ditugu. Hala nola: Ekimen berrietan parte-hartzea; lan esparruak zabaltzea; arlo fisikoa, indarra zein oreka bereziki lantzea; paseo berritzaileak egitea; beste herrietako ekimenekin harremanetan jarri; partaide berriak erakartzea… Hori guztia gauzatu ahal izateko, Arizmendi Ikastolako laguntza, Udalarena eta gu guztion ahalegina eta partaidetza ezinbestekoak izango dira. Ilusioz eta gogoz ekingo diogu datorrenari. Aupa sasoibide!

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *